Baigorri, 1958. Bi urte auzapeza dela, Aintzina Baigorri hautagaitzaren izenean. Ez dago ezein alderdi politikori atxikia. Sukaldaritza Eskolako irakaslea da Donibane Garazin. Baigorri –herria eta eskualdea– ezaguna da, eta aurten are gehiago ezagutzera eman da: errefuxiatuen krisia dela eta, etorkinak aterpetu ditu duintasunez. Postetxea zabalik atxiki du gartsu. Nafarroaren Eguna arrakastatsua izan da berriz ere. Etxauzia Jauregia erosi nahi dute Nafartarren Etxea antolatzeko: “Proiektu hori erreusitzen badugu, Baigorrin zerbait handia abiatu dela erakutsiko dugu” , erran digu auzapezak.
Jean-Michel Coscarat abertzalea al da? Zergatik Aintzina Baigorriko zerrendaburu?
Lehenbizi, ez nuen zerrendaburu izan nahi. Antton Kurutxarri abertzalea zen buru, baina, naski, bera buru izan balitz ez zen hautatua aterako. Auzapez gisa aurkeztu nintzelarik, ez nuen hastetik “abertzale naizen edo ez” erran nahi. Hautatua izanik zenbaitzuk gaitzitu dira: “Orain auzapeza abertzalea da”, entzun da. Ene nahikaria da Euskal Herriarendako zerbaiten egitea, abertzale naizela erran gabe ere. Azken 40 urteetako egoera politikoak herriaren elkarbizitza larritu du, anitz jende abertzaleen aurka agertu da. Aintzina Baigorri taldea abertzaleekin muntatua da, ez da dudarik.
Bi urte egin duzu auzapez karguan. Zer-nolako esperientzia bizi izan duzu?
Sei urtez kontseilari aritu nintzen, oposizioan. Iruditu zitzaidan gauzak ez zirela behar bezala joaten. Jean-Baptiste Lambertek –14 urtez auzapez izandakoak– eta bere taldekoek ez zuten ongi hartu ni auzapez izatea. 19 hautetsi gara, lau oposizioan dira. Ordura arte gobernatu zuen taldeari buru egiteko, ideia eta alderdi guztietako jendea bildu behar izan genuen. Hastapenean zaila atzeman nuen taldea kudeatzea, beti ez bainaiz ados denekin, ez denetan ere. Baina, borrokak izanki ere, akort jartzen gara. Pazientziak laguntzen dit horretan.
Zein dira herriaren behin-behineko beharrak?
Lehen-lenehik: Baigorriko biztanleria adinetako jendea da nagusiki. Hori makur handia da, gazteak ez dira herrian gelditzen. Azken lau urteetan 100 biztanle galdu dugu. Paradoxa da, elkarte franko dago –Basaizea da horietako bat–, herria biziarazten dute, baina gazte horietako anitz ez da herrian bizi. Herria hiltzen ari da, komertzioak ixten. Orain gutxira arte zazpi hotel ziren eta orain hiru dira. Iaz 20 etxe inguru baziren saltzeko, ez badugu deus egiten etxe horiek hutsak geratuko dira. Joera hori aldatzeko enplegua sortu behar dugu. Banka herrira doan bidean lantoki-gunerako proiektua abiatu dugu. Herriaren erdigunean komertzioak plantatu nahi dugu.
Oinarrizko zerbitzuak nola daude? Osasun zerbitzua, adibidez?
Lambertek abiatu zuen Osasun Etxea ongi ezartzea izan da lehen zeregina. Proiektua medikurik gabe abiatu zen. Mediku gazte bat izateko xantza ukan dugu. Paristik hona jiteko prest zegoen, baina bere emaztearendako lana eskatzen zuen. Urte bat pasa zen, proiektua afera politikoa bilakaturik. Nekez, baina azkenean medikua jin da. Proiektua abiatu zenean, oposizioan ginenok ez genuen herriak bere gain hartzea nahi, Herri Elkargoak baizik, ibarreko osasun-gunea baita. Azkenik martxan da. 25 langile dira denetara. Osasun zerbitzua ontsa finkatzea funtsezkoa da edozein herritan.
“Jean-René Etchegarayk eta bere ondokoek erraztu dute bidea. Berak egin duen lanik gabe, Elkargoa ez zen aitzina joanen. Enbeia eta ausardia behar dira”
Postaren afera entzutetsua izan da. Mobilizazioei esker Baigorri eskualdeak zerbitzu hori atxiki ahal izan du.
Guretzat inportantea zen ibar osoa kontuan hartzea. Banka, Aldude eta Urepele barnean izatea. Gazteak sartu dira herriko etxe horietan, ibarra administratzeko moldea aldatu nahi dute. Denok elkarrekin ari izanez, posta-etxea salbatu dugu. Postarik gabe ez zen eskualdearen bizimoldea amesterik. Manifestazioak egin ditugu, Pauen izan gara, denon artean erreusitu dugu. Hamar bat langile ari dira orain. Arazoa da postariek ez dutela lehen bezainbat gutun banatzen, alta, ibilbide bera egin behar dute. Beraz, haiendako lan osagarriak xerkatu nahi ditugu: hala farmazia nola laborantza inguruko enpresen pusken garraiatzeko. Baigorri ibarreko arazo handietako bat bideko komunikazioa da, trena ez iristea Garazira bezala. Baionatik Garaziraino trena ezarri dute berriz ere. Arrosatik Baigorrira bazen ere lehenago, 2009 urtetik autobusa zebilen. Kendu zuten. Adineko jendeek eta gazteek trena hartu behar badute, Arrosaraino joan behar dute. Beraz, hori konpontzeko, ondoko hilabetetan Banka, Urepele, Aldude eta Baigorrin gaindi ibiliko den autobusa ezarriko dugu martxan.
Laborantza funtsezkoa duzue. Alta, zuena mendiko eskualdea da.
Baigorriko Herri Kontseiluan zazpi laborari ditugu. Laborari gehienek kalitateko mozkinak nahi dituzte erdietsi, ez dute handitu nahi. Orain arte behiak edo ardiak izan dira etxalde tipietako hazkuntza nagusiak, orain mahastiak ere ezarri dira. Laborari etxaldeak galdu badira ere, anitz gazte plantatzen ari da, oraino bada nahikaria. Baina horien laguntzeko komertzioa behar dugu plantatu, horretarako aterabideak atzeman: dela ostatuen laguntzaz dela turismoaren bitartez. Denon artean salbatuko dugu laborantza, eta laborariek ere lagunduko dute beste sektoreak biziarazten. Ez da bertze molderik.
Baigorri herria, Baigorri-Garazi Herri Elkargoan dago. Zer iritzi duzu elkargoaren lanaz?
Nik Urbanismo komisioan lan egin dut. Herri elkargoetan Tokiko Hirigintza Plana (PLU delakoa) lantzen da, baina gurean, 30 herrietatik bakar batek baino ez zuen ahalbide hori. Edozein desmartxa Donapaleutik [Amikuze eskualdean] bideratu behar izan dugu. Komisio horretan ohartu naiz bazela nahikaria Euskal Herri oso gisan pentsatzeko, denen artean biharko Euskal Herriaz aritzeko. Lana eskasa denez, gazte asko egunero joaten da Baigorritik itsasertzeko herrietara. Beste batzuk han gelditzen dira bizitzen. Herri Elkargo bakarraren bitartez gazteek xantza ukan behar lukete hemen aritzeko. Hasteko, Baionara egunero joan-jina egiten dutenen arazoak kontuan hartu behar ditugu. Asteburuan, hiritik mendira aisialdian jiten direnek beren ibilmoldea aldatu behar dute. Guk 80 kilometro bide daukagu entretenitzeko eta ez dugu aise egiten ahal. Herri Elkargo bakarrean ontasunak partekatu beharko genituzke. Badira kontrakoak, fite ari garelakoan, baina nik badut esperantza. Jendeak nahikaria baldin badu, erreusitzen ahal dugu.
Herri Elkargo bakarra aipatu duzu: biztanleriaren erdiak eta herrien erdiak baino gehiagok alde bozkatu dute.
Alabaina, biztanleriak ez du gaia usu aipatzen. Hautetsiek gaiari buruz gehiago mintzatu behar diegu herritarrei. Baigorriko Kontseiluan, iragan larrazkenean, lehen bozketan, 17 alde eta bi kontra izan ziren. Berriz ere bozkatu dugu, eta 17 alde eta bi zuri izan dira. Gutxi aldatu da, baina orain nehor ez da kontra, ezta oposizioko hautetsiak ere, auzapez izandako Lambert barne. Izugarria izan da, Baigorrin aitzina ari gara. Garazi-Baigorri Herri Elkargoko herri denak ez daude alde, baina gehiengoa bai. Gure ibarreko herri guztietan aldeko jarrera nagusi da.
Zer onura ikusten diozu Herri Elkargo bakarrari?
Hasteko, oraingo Herri Elkargoan ez dago manerarik Baigorrin landu nahi dugun herri proiektua plantan ezartzeko. Hain ziur ere, lehen eskasia dirua da. Elkargo bakarrean gauzak ez dira errazak izanen, baina gauzak ez dira makurragoak izaten ahal. Printzipioz, ahalmen gehiago duten herriekin ezkontzea ez da okerragoa. Konparazione, Baionan eta Baigorrin ez ditugu behar berak. Urbanismoan gauzak arras ezberdinak dira. Hirigintzari buruz egin ditugun bilkuretan, Maulen, Hazparnen edo Garazin izan, bakoitzak bere arrangurak agertu ditu, ulergarriak. Zuberoan, konparazione, lanean plantatzeko languneak badaude, baina jendeak ez du han egon nahi. Zerendako? Ez direlako hiriko zerbitzu aski: ez garraio egokirik, ez etxebizitza ukaiteko aukera errazik, ez aisialdirako gunerik. Baigorrin bezala funtsean. Beraz, inteligenteak izan behar dugu eta elkarren beharrak partekatu. Hiriko jendeak nahi badu barnealdera jin asteburuan edo bakantzetan, bide eta zerbitzu onak ezarri behar ditugu, dirua elkarrekin partekatu behar dugu horiek eraikitzeko.
Herriko Etxe handiak zergen aferaz arranguratuta daude. Elkargo bakarraren aurka daudenak, alegia.Normala da.
Proiektua ez da erraza. Alabaina, Nizako Herri Elkargoaren herri tipi bateko auzapez batek haien proiektua eraikitzea nola erreusitu duten erakutsi digu. Hastapenean nehor gutxi omen zen alde, orain aldiz gehiengoa alde dago. Enbeia behar da. Bakoitzak bere jarrera pixka bat moldatzen badu, besteek onar dezakete. Baionako Herriko Etxeak alde egin badu, zergatik ez du Miarritzek egin ahalko. Eman dezagun, Bidart herri tipiak ez du onartu Herri Elkargo bakarra, alabaina, ez du Miarritzetik berezi nahi, haren beharra baitu. Denok denen beharra dugu. Jean-René Etchegarayk eta bere ondokoek erraztu dute bidea. Berak egin duen lanik gabe, Elkargoa ez zen aitzina joanen. Enbeia eta ausardia behar dira.
Eskualdeen arteko oreka behar omen da.
Haatik, ez itsasaldekoek ez barnealdekoek ez diogu elkarri beldurrik ukan behar. Konparazione: laborarien mozkinen sor-markak atxiki nahi baditugu, hirikoek absolutuki lagundu behar digute. Hala berean, Miarritzek Euskal Herria marka baliatzen du turismoa ekarrarazteko, baina laborarien mundua hiltzen bada, Euskal Herriak ez du berezko markarik atxikiko.
Lüküzeko Barthelemy Aguerre eta Armendaritzeko Lucien Delgue auzapezek helegite hierarkikoa ezarri dute Herri Elkargo bakarraren aurka.
Aguerrek haste-hastetik nahi izan du Amikuze eta Bearnoko Salbaterra lotu Elkargo batean. Bere lekua galtzeko beldur dea? Delguek eta Aguerrek ez dute berea ez den bertze proiekturik ontsa kausitzen. Ez dute beren aulkia galdu nahi, naski. Helegite hori ezartzea kontrako politika egiteko manera bat da. Departamendua desagerturik, anitz konpetentzia galduko dira hain ziur. Herri Elkargo bakarra izanik, konpetentziak aldatuko dira. Departamenduko dirua apaldu da azken urteetan. Sistema aldatu behar da eta aldaketek zalantzak sorrarazten dituzte. Aguerrek eta Delguek horren inguruan beldurra zabaltzen dute, beren joko politikoa egiten dute.
Aldiz, Miarritzeko Michel Veunac eta Angeluko Claude Olive auzapezek ez dute bide hori hartu, ezta Irulegiko Jakes Irume auzapezak ere.
Kontra direnek ere Herri Elkargo bakarraren desmartxan parte hartu dute. Batzuk proiektuan ari izanez, ohartu dira elkargo bakarra hoberako baizik ez dela izaten ahal. Elkar ezagutzeak hori erakutsi digu denoi. Nik Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko auzapezekin elkarlanean asko ikasi dut.
Elkargo bakarraren beldur direnek Euskal Herriaren berezko nortasuna azkartzearen beldur dira nonbait. Euskal Herri osoaren barnean irudikatzen dute Iparraldea.
Abertzaleek Euskal Herri bat nahi dutela erran dute betidanik. Azken 40 urteetan ohartu gara, Iruñea ondo-ondoan dugula. Baigorri eskualdea bestealdeari buruz gero eta gehiago emana bizi da. Nafarroaren Egunean zenbat jende biltzen den ikusi besterik ez da. Historia elkarrekin egin dezakegu berriz ere. Muga gaindituz gero harremanak errazagoak izanen dira. Baigorriko azken urteetako historia zaila izan da, baina oraingo gazteak elkarrekiko harreman moldeak aldarazten ari dira, hautetsiak horri buruz ari gara lanean. Ekonomiaren eta kultur ekimenen bidean eguneroko bizimoldea ere aldatuko da, esperantza hori daukat.
Elkargoa ukanik ere, euskara ez da ziurtatua. Zein da euskararen egoera Baigorrin?
Baigorrin beste eskualdeetatik diferentea dela, eta euskara biziago dela erraiten da, baina hemen ere euskara galtzen ari gara. Euskararen egoera ez da erraza. Gurasoengandik euskara ukan dugunok ohartzen gara gure seme-alabek ez dutela berdin ematen. Ez badute mintzatzen emeki-emeki galduko dute. Batzuek euskara gure burua bereizteko dela uste dute, eta juxtu kontrakoa da. Konparazione: kanpotik heldu den anitz jenderen nahikaria euskara ikastea da. Haientzat euskara aberastasun izugarria da.
Herriko Etxeko funtzionamenduan edota Herri Kontseiluan euskarak badu tokirik?
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eskaini zuen kontratua onartu zuen Herriko Etxeak. Langileek ere onartu dute nolabait, alta, bakoitzak bere hautu egin du. Batzuk euskarazko kurtsoetan hasi dira. Eni, hasteko, nahikari horrek plazera eman dit. Idazkaritzan batek baino ez du euskara arduraz hartu. Egia erran, EEPren plangintzan ez dugu arras parte hartzen. Bilkuretan ez dugu euskaraz egiten, ezta gutxiagorik ere. Euskaraz hasita ere, frantsesera lerratzen gara. Nik Kontseiluko kideen arteko e-mailetan hitz batzuk euskaraz sartzen ditut. Uf! Ez da aise.
Etxauzia Jauregia erosteko proiektua nola doa?
Urte bat dugu lehen xedea bururatzeko. Jabeek urrirako arrapostua ukan nahi lukete. Baiezkoa emateko xantza ukanen dugun? Ez da errana, ezta nagusiek bertze erosleren bat ukan ez dezaketenik ere. Proiektua erreusitzen badugu, horrek erakutsiko du Baigorri zerbait handiaren bila abiatu dela. Baigorriar generazio anitz joan dira Jauregi hori herriarendako bildu nahiz, baina ez dute lortu. Oraingoak erdietsiko balu abiapuntu ederra liteke. Etxauzia kudeatzen duen elkarteak euskararen aldeko proiektua bere gain hartu nahi luke. Diasporari begirako proiektua izan liteke, euskaldun ororena, geure familiaren xerka joateko, kanpoari eta barneari begiratzeko, egin ahalaz euskaraz mintzatzeko. Baigorrin, zorionez, harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera. Nehor ez da euskararen kontra, ez gaude duela bi urte ginen bezala.
Beraz, Jean-Michel Coscarat auzapeza izatea hautu ona izan da.
Auzapez izendatua izan nintzelarik, batzuek “tronpatu gaituzu, abertzalea zara, baina ez duzu zure zerrenda hala presentatu”, erran zidaten. Erran nien ez dakidala zer den abertzalea izatea edo ez izatea. Gauza frankoari buruz, zerendako ez erran, hala naiz, gure kultura eta hizkuntza atxikitzeko hala naiz. Baigorriar anitzek abertzale izatea gauza itsusia bezala ikusi izan dute, orain hori aldatzen ari da nolabait. Nik Betti Bidart kontseilaria laudatzen dut, izugarria da berak egiten duen lana. Herriko Etxeko langileek eta herritarrek Bidartek egindako lana zinez preziatzen dute, herriarendako abantailak baino ez ditu ekarri. Funtsean, abertzale baten lana da.
“Gure aberastasuna mendia da. Baigorrin zazpi hotel izan dira eta orain hiru dira, eta hiru horiek ez dute etorkizun handirik. Inbertsio handiak egin dituzte, baina gero urte osoan ez dute behar bezainbat jende. Lana sortzeko, gure proiektuen artean Euskal Trails sartzen da. Ekainaz geroztik Trails Estazioa izanen da hemen. Duela 20 urte, lehen ekitaldian, 300 parte-hartzaile izan ziren. Aurten, Trails delakoan 3.000 jendek parte hartu dute lasterka. Jendeak ekitaldia udaldira zabaltzea galdatu du. Orain arte, bideak ez ziren aski zabalik, hemendik aitzina Urepeleraino markatuak izanen dira. Egia erran, ekologistek ez dute onartu proiektua. 30 lagun ari gara, denetarikoak, proiektu hori defendatzeko. Mendian ibiltzen direnek errespetu handia diote inguruneari, ez datoz motorrez, ez dira motorzaleak, oinez heldu dira. Mintzatu gara laborariekin eta ehiztariekin, mendian ibiltzen diren guztiekin, eta ez dute begi txarrez ikusi. Baztango herriei buruz bidexkak prestatzen badira, horretan ere ekonomia bultzatzen ahalko dugu bi aldeetan. Badugu hala berean, artisautzari buruzko proiektu bat ere. Ibarreko enpresa berrietan eta eskoletan garatu nahi du arlo hori, elkarlanean. Herri Elkargoan inteligenteki jokatu behar dugu, baita Baztango herriekin lanean aritu ere. Baztango Herriko Etxeak galdatu du bilera bat egitea. Lanean elkarrekin abiatu gara. Lan harreman horrek asko ekartzen ahal du ekonomian hasteko, eta zer esanik ez, gure nortasuna finkatzen lagundu ere. Jean-Baptiste Lambert aurreko auzapezak eta bere taldekoek ez zuten holakorik inoiz planteatu izan”.
“Nafarroaren Eguna kari, orain arteko Herriko Etxeko ordezkariek harreman gutxi izan dute bestaldeko herri ordezkariekin. Uroski erraiten dut, nire aita-amen denboran jende anitz joaten zen bestaldera, Baztango herriekin harreman franko ziren. Denbora pasa ahala ohartu gara harremanak galdu ditugula. Domaia da. Guk aurten hango hautetsiak gomitatu ditugu eta erantzunak baikorrak izan dira. Uxue Barkos berriz ere jin da. Nafarroako presidentea gurekin izatea ohorea izan da. Bi aldeetako bizilagunak harremanetan sartzea handia da. Iruditzen zait Baigorri herriak osoki onartzen duela egun hori. Politikoki lehenago ez zen onartzen, orain bai”.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]
Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.
2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]
Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]
Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.