Gogoeta garaiak bizi ditugu Euskal Herriko panorama politikoan. Ezker Abertzalea bere burua berpentsatzeko prozesu ugaritan sartuta dago. Horrez gain, hainbat herri mugimendu aurrera begira egin beharreko bidea oinarritik planteatzen ari dira, barneko botere harremanak aztertzen eta antolaketa ereduak aldatzen.
Kide gazteak pixkanaka protagonismoa irabazten ari dira, baina zeri ematen diote garrantzia hauek? Zerk mugitzen ditu politikan? Zein dira erronkak beren ustez? Zein gaik kezkatzen ditu?
Elkarrizketatuetako batek mahai gainean ongi jarri bezala, “ezker abertzalea” terminoak ere gaizki-ulertuak eragin ditzake, bi errealitate ezberdin izendatzeko erabiltzen baita. Batetik, Ezker Abertzalea hiru antolakunderekin (Sortu, LAB, Ernai) osatutako egitura bat da, eta honi erreferentzia egitean maiuskulaz idatziko dugu; bestetik, egitura horretatik harago, zabalagoa den mugimendu ezkertiar eta abertzalea izendatzeko ere erabiltzen da. Kasu honetan letra xehez idatziko dugu.
Erreportajea bigarren ulerkera honetatik planteatu dugu. Beren burua ezker abertzaleko kide gisa identifikatzen duten Euskal Herri zabaleko hamaika kideren gogoetak jaso ditugu: Amaia Agirretxe, Kimetz Arana, Elorri Arin, Jone Etxeberria, Izar Mendiguren, Aiora Mujika, Ortzi Murua, Markel Ormazabal, Endika Perez, Irati Sienra eta Amaia Zufia. Bakoitzarekin ordubetez aurrez aurre egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta osatu dugu erreportajea. Ez da noski gazteriaren argazki oso bat, baina egungo egoera ulertzeko gako batzuk, galdera berriak eta aurrera egiteko proposamenak topatuko ditu irakurleak.
“Oso desmobilizatuta ikusten dut egoera, Euskal Herrian dugun borroka tradizioa izateko oso hotz”. Irati Sienraren hitzak dira (1990, Deustu). 15-16 urterekin hasi zen ikasle mugimenduan. Militantzia gehiena gazte antolakundean eta mugimendu feministan egin du, eta egun Ernaiko kidea da. “Batetik, gatazka politikoaren erroetara joateko aukera eta bestetik ikaragarrizko ofentsiba neoliberala bizi dugun garaiotan, beste herri batzuei begira gaudela sentitzen dut, Katalunia, Eskozia, Grezia edo Latinoamerika kasu, gu ia ezer egiten jarri gabe”.
“Jendeak ez du ezker abertzalea bertan antolatzeko alternatiba bat bezala ikusten”. Sienraren aburuz, eragileek 80ko hamarkadako antolaketekin jarraitzen dute, beren jardun nagusia bileretan edo espazio txikietan eginez, eta gauza asko egiten ari diren sentsazioa izan dezaketen arren, kalean ezer gutxi egiten ari direla uste du.
Abian prozesuarekin berriz sartu da Sortun Elorri Arin. 1991n Baionan sortua, Donibane Lohitzunen bizi da. 15 urterekin hasi zen Segin, eta geroztik hainbat herri mugimendutan ere ibilia da: Altxa Neskatxa, gaztetxea, EHZ eta Joxemi Zumalabe Fundazioa besteak beste. Borroka armatuarekiko estrategia aldaketa egin zenean, desadostasunak medio kide batzuek militantzia utzi zutela gogoratzen du. “Abian prozesua, bere hutsuneak hutsune, arnaste berri bat iruditu zait”.
Jendearen pasibitatea du kezka nagusi. Garai batean gehiago erreakzionatzen zela iruditzen zaio. “Erasoen aurrean atxematen dut indibidualtasunean sartuta gaudela, ez dela bortxaz erreakzionatzen. Etorkinekin gertatzen ari den guztiaren aurrean, adibide bat jartzearren, hemen ez da ezer gertatzen ari”.
“Euskal Herria orokorrean lasaitu otzan batean ikusten dut”. Endika Perez (1988, Larrabetzu) 14-15 urterekin hasi zen gazte asanbladan eta gaztetxean, ondoren Ikasle Abertzaleaken eta ondoren Segin. Egun Ernaiko kidea da. Iruditzen zaio Zutik Euskal Herriarekin estrategia moldeetan bakarrik aldatu zela, baina diskurtsoan, antolaketa ereduan eta kultura politikoan ezker abertzaleak ez zuela bere burua egokitu aldaketa horri aurre egiteko. Aukera berriak sortu ditu, baina gatazka bisibilizatzeari uzteko arriskua ikusten du Perezek.
“Gatazka politikoa desitxuratuta dago, orain badirudi ETAren jardunean kokatzen zela gatazka. Ez gara pultsu politikoa mantentzeko gai izan, gatazka beste molde batzuetan kokatzeko, konfrontazio politikoa indarrean mantentzeko”. Batzuetan etsaiaren arabera pausoak ematen ibili dela iruditzen zaio Perezi. Lehen urteetan aldaketa ezartzeko eta atzera bueltarik ez emateko zentzua izan zezaketen hainbat ekimenek bere ustez, baina gehiegi luzatu dira. “Azken urteetan zentzurik ez duten adierazpen politiko batzuek ere egiten ari gara”. Adibidez galdetuta, 2014ko martxoan Troikako ordezkariak Bilbora joan zirenekoa berreskuratu du. “Hauek datoz eta beldur inperatiboa dugu ea zer gertatuko den. Ez dugu nahi inolako biolentzia politiko adierazpenik, hori atzean utzi nahi dugun fase bateko elementua delako, kontuan hartu gabe, Troika Greziara, Alemaniara edo Europan barrena joatean hiriek sutan amaitzen dutela, Euskal Herria ez dela burbuila bat eta erreferentzia batzuk oso pedagogikoak direla mundu mailan”.
“Ilusio eta inplikazio falta ikusten dut, jendeak bere buruarengan eta komunitatean gauzak aldatzeko sinismen faltarekin lotua”. Izar Mendiguren (1988, Laudio) ikasle mugimenduan hasi zen 16 urterekin. Egun ez dabil inongo egituratan eta herri mugimenduetan batez ere komunikazioaren ikuspegia lantzen du. “Hala ere, badauzkagu ilusioa pizten duten proiektuak buruan eta esku artean, kontua da ahalduntze bat behar dugula”. Oinarri soziala atzeko planoan ez geratzeko zaintzari arreta jarri behar zaiola uste du, “herritarrak politikaz interesa ez daitezen sistemak aisialdian mila baliabide eskaintzen baititu”.
“Ezker abertzaleak badu joera aldaketa baten bidez nonbaitera iritsi eta bertan egokitzeko. Egun ezin da hori egin ordea, aldaketak oso bizkorrak direlako”. Markel Ormazabal (1982, Donostia) ikasle mugimenduan hasi zen 14-15 urterekin eta ordutik saltsa ugaritan ibili da: gaztetxe eta okupazio mugimenduan, Donostiako Piraten sorrera urteetan, eta Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetan. Egun Ezker Abertzalean eta herri mugimenduetan ibiltzen da. “Kezkatuta nago uste dudalako Ezker Abertzalea ez dela erantzuten ari bere osotasunean gizartean ematen ari diren aldaketei”.
“Geroz eta gehiago dira diotenak azken 30 urteetako zikloaren aldaketa industrializazio garaian eman zenaren tamainakoa izan daitekeela. Orain arte ohikoak ziren zutabeak aldatuko dira eta ezin asmatuzkoa da datorkiguna, horregatik eskatzen du etengabeko gogoeta, etengabeko kokatu beharra eta gerri politikoa”, defendatzen du Ormazabalek.
Jendartea berraktibatzen asmatzea da gakoa Jone Etxeberriaren ustez (1979, Ordizia). Itoizko kableak moztu zituzten garaian hasi zen, 16-17 urterekin AHTren aurkako asanbladan. Zazpi urtez kanpoan ibili ostean, EAE-ANVko zerrendetan joan zen eta bere lekua ezker abertzalea zela ikusi zuen. Egun Sortuko kidea da.
Neoliberalismoari aurre egingo dion alternatiba badagoela erakustea lehentasunezko jotzen du, nahiz eta garbi dioen: “Ideien borroka galtzen ari gara”. Hainbat faktoreren artean, hispanozentrismoaren indarra nabarmentzen du. “Hego Euskal Herriko hedabide gehienetan, ETBn kasu, hemengo datuak Espainiako Estatuko datuen ondoan ematen dituzte beti, osasuna, langabezia, hezkuntza, industria, zerbitzuak... ez gaude hain gaizki pentsamendua sustatuz, hemen ere aberatsak aberasten eta pobreok txirotzen ari garen bitartean”. Status quoa horrela ere defendatzen dutela iruditzen zaio. “Beti egon gintezkeela okerrago, eta beraz, zertarako altxa?”, galdetzen du.
“Aniztasunaren izenean erradikaltasuna galtzeko saiakerak kezkatzen nau”. Amaia Agirretxe (1991, Azpeitia) mugitzen 16-17 urterekin hasi zen, eta unibertsitatean ikasle mugimenduan sartu zen. Egun gazte mugimenduko eta mugimendu feministako kide da. Bere ustez aniztasuna eta erradikaltasuna bateragarriak dira, eta jendeak bere kasa pentsatzea bultzatu behar da. “Zurruntasunak kezkatzen nau, eta zatiketak, disidentziak... nola kudeatzen ari garen. Gertatzen ari dena ukatzea, bestearen iritzia deslegitimatzea... Egia esan kohesio falta ikusten dut”. Bere ustez ezker abertzaleak anitza izan behar du, “hala garelako”.
“Asko kostatzen zaigu aurrera egitea kontraesanei eta kritikei beldurra diegulako. Aurrera egiteko korapilo hau askatu behar dugu, izan ere orain erresistentzia jarreretatik ofentsibara pasa nahi dugu, euskal estatu hori gaurdanik eraikitzera”. Irati Sienrak uste du borroka bera askatzailea dela eta kontraesanak kudeatu behar direnean blokeatu egiten direla ezker abertzaleko kideak. “Arazo handia da hau”.
“Etxea txukundu behar dugu lehenik, ezin aurrera egin gabiltzala dirudi, ez dugula amaitzen”. Aiora Mujika (1987, Anoeta). 15 urterekin gaztetxean hasia, gero Ikasle Abertzaleaken eta unibertsitate garaian hainbat antolakundetan ibilia. Egun komunikazio alorrean aritzen da.
Estrategia aldaketa trasatlantikoaren biraketarekin lotu izan dela baliatuta, iruditzen zaio aldaketa horretan arrakalak izan zirela itsasontziaren hondoan, izen eta abizenak dituzten tentsioak, eta hauek konpontzen lana egin beharra dagoela, arrakalak sakontzen joan aurretik.
“Iruditzen zait iraganeko gauza batzuk ez ditugula guztiz askatu, eta aurrera begira gauza batzuk ez ditugula oraindik erditu”. Amaia Zufia (1990, Iruñea). Gazte mugimenduan hasi zen, eta 15-16 urterekin ikasle mugimenduan sartu zen. Egun Bilgune Feministako kidea. “Gu izaera galtzeko beldurra dugu eta horrek ikuspegiak zabaltzeko eta beste eremuetan elkarlanak abiatzeko aukera kentzen digu, independentzia prozesu baten parte izan daitekeen jendearekin”. Feminismotik interdependentziaren kontzeptua landu dutela baliatuz, sakoneko eraldaketarako subjektuak ere elkarren arteko beharrekin ikusten ditu eta egun mesfidantza ugari dagoela dio.
“Batzuetan uste dut formak ez direla gehiegi zaintzen. Prozedurak eta formalitateek, zilegitzea ematen diote prozesu bati. Nola zilegitu? Egiteko modutik. Askotan aldarrikatzen dugunaren aurkakoa transmititzen dugu. Adibide bat jartzearren, Euskal Bidea. Aurrez egindako hausnarketa asko biltzen zituen arren, ez zen gehiegi zabaldu mugimenduan, hauteskunde kanpainako testuinguru batean aurkeztu zen. Erre egiten du horrek”. Ortzi Murua (1995, Azkaine) Segiren disoluzioaren ostean hasi zen gazte mugimenduan, 16-17 urterekin, nahiz eta aurretik gaztetxean ibiltzen zen. Egun Aitzinako kide da, besteren artean.
“Militatzen dugun momentuan, gure harremanak zaintzeari garrantzia emango nioke. Batzuetan bilkura hotzak ditugu, aio aio eta lixto. Hurbiltasun hori faltan botatzen dut”, dio Elorri Arinek. Azpeitian ere Amaia Agirretxek antzeko gogoeta partekatu du: “Ikusten dira saiakera politak ere, batzarretan sekula egin ez denean errondak proposatuz denok hitz egin dezagun, bilera beharrean beste formatu batzuk proposatuz eta abar, baina oraindik lan dexente dugu egiteko. Adibidez, batzarrak amaitzean, bertan parte hartu duen jendea ez bada gai elkarrekin egunerokotasunaz hitz egiteko, zaila da hortik zerbait oso ongi ateratzea”.
Jone Etxeberriak garbi hitz egiten du militantzia ereduari buruz. “Estrategia independentista gure herrietara ekartzeko zer egin behar dugu? Zer borrokari eutsi? Eta nola borrokatu? Azken honetan gabezia handia dugu. Batez ere erresistentzian gaudelako, eta gure oinarri sozialaren eta militantziaren perfila ez datorrelako bat erronkarekin. Oso perfil erresistentea dugu, ez eraikitzailea. Normala da eta ez da militanteen ardura. Kontua da garbi izatea trantsizioa egin behar dugula, baina dagoeneko sei urte pasa ditugula horretan, eta aldaketa garrantzitsuak emateko unea da”. Kide batzuk birziklatu egin beharko dira bere ustez, eta beste batzuek beste gauza batzuetan jardun beharko dute. Sortuko kidearen hitzetan, orain arte zentroan egon diren militante asko periferiara pasa beharko dira, eta alderantziz. “Aldaketa eta ardura handia da ezker abertzalearen historiaren motxila hartu eta aurrera egitea. Nola egiten dugu gatazkaren konponbidean aditua den militantzia bat LOMCE, Fiare, TTIP eta nazio eraikuntzan aktibo bilakatzeko?”.
“Zer lortu nahi dugun eztabaidatuta planteatu behar genituzke mobilizazioak ere –dio Amaia Agirretxek–. Atzoko mobilizazio batzuk mantentzen ditugu, beste batzuk biharko egunaren izenean baztertzen ditugu, baina bitartean ez gara pentsatzen jartzen egiten ari garen horretatik zer atera nahi dugun”. Herri mugimenduetako kideek elkar ezagutu eta formatu behar dutela uste du, hortik etorriko direla etorkizuneko aliantzak, eta horregatik, Joxemi Zumalabe Fundazioaren Bor Bor (k) ikastaroan parte hartu izanagatik oso pozik dago.
“Trintxeran egotetik, herrian murgildu eta proposamenak egiteko izugarrizko aukera zabaldu da egoera berriarekin. Norabidea definitu beharrean gaudela uste dudan arren, iruditzen zait Euskal Herrian badagoela saltsa potentea”. Kimetz Arana Trapagarangoa da, Ezker Abertzaleko egituretan dabil 14 urte zituenetik, beti ere herri mailan. Ikasle mugimenduan, gazte mugimenduan eta egitura politikoan. Egun Trapagarango Sortuko taldean eta EH Bilduko sarean ibiltzen da gehienbat udal dinamikak eta kalea lotzen, ekimen eta protesta batetik bestera. “Aldaketa hain handia izan da, gure egiturak eta jendea ez zeudela prest”. Bere ustez gakoa da ezker abertzaleak bere proposamen politikoa nori zuzentzen dion argitzea.
“Ez badakizu zer nolako herria nahi duzun, nekez egin dezakezu aurrera”. Proiektuaren definizio faltak berau ahultzen duela uste du Markel Ormazabalek. “Irudikatu behar dugu zer nolako herria nahi dugun. Sektore askok egin dute, feminismotik, antidesarollismotik eta abar, baina orokorrean irudikapen horiei guztiei zentzu kolektiboa ematea falta zaigu”.
Estrategia independentista eraldatzailea abian jartzea da Jone Etxeberriaren ustez erronka nagusietako bat. Hau zehaztea eta lur hartzea herrietan. “Eraldatzaile” hitzari garrantzia ematen dio eta gustura da Abian dokumentuan hala jaso delako. “Ezker abertzaleko jende asko dago borroka mordotan, egituratuta egon gabe, periferian lanean. Ezker abertzaleak ez du hori elikatu azken urteetan, eta elikatzen hasteko, zein izango da aterkia? Estrategia independentista eraldatzailea”, dio.
Arana kezkatzen du ezker abertzaleak aldaketa sozialaren gakoetan sortuko ote duen euskal estatua eraikitzera doan independentismoa ala ez. “Horrelako proiektu batek Euskal Herriko jendearen gehiengoaren adostasuna lor dezake”. Euskal herritarrei erakundeetan gardentasun gehiago, parte hartzeko aukerak, demokrazian sakontzeko bideak, justizia sozialean eta berdintasunean aurrera egiteko balio behar diela defendatzen du. “Gauza da ea hori gure herrietan artikulatzeko gai garen, ez soilik gure proposamenarekin, baizik eta loturak eginez proiektu hori konparti dezaketen sektoreekin, antolatuak eta antolatu gabeak”.
“Langabetuak, etorkinak, zapalduak... onar ditzagun haien identitateak eta adierazi hau beren herria dela, beren historia Euskal Herriko historia dela”. Kimetz Aranak ikusten duenez, “azpikoen identitatea” partekatzen du sektore zabal batek, jatorriak jatorri eta identitateak identitate, eta aldaketaren gakoetan ematen dute bozka hauek. Aranaren ustetan, Ezkerraldea ezezagutzatik gutxietsi egiten da abertzaletasuna ahul delako, baina bere ustez paradoxikoki Bizkaian noizbait EAJri irabazi nahi badio ezker abertzaleak, sektore herrikoi horiek guztiak elkartzean dituen proposamena egin beharko du, “horrekin gehiengoa garelako”. Gauza bera uste du beste lurraldeekin ere. “Behar dugu proposamen bat eroso sentiaraziko dituena azpiko sektoreak, elkartuko dituena. Epe ertain batean Euskal Herria askatasunera eraman dezake horrek”.
Periferiako borrokak zentrora ekarri behar direla uste du Jone Etxeberriak, nahiz eta ez den erraza izango. “Nola sartu independentziaren ardatza borroka feminista konkretu batean? Edo ekonomia sozial eraldatzailean? Euskal estatua tresna gisa erabili behar dugu egungo egoera hau eraldatzeko. Egun harremanik ez dugun mugimendu sozial askotan lan egin beharko dugu, pertsona zintzo, umil eta langileak izanez, barrutik “Aquí en España” ateratzen zaien kideekin”.
“Jendartean dagoen indibidualizaziorako joera, gure militantzian eta espazio politikoetan ere sartzen ari da; horren aurrean prozesuak kolektiboki egitearen aldarrikapena zabaldu behar dugu”, dio Amaia Zufia iruindarrak. “Gutasun batean askatuko gara edo hemen ez dago aske izaterik. Zaintza ezinbestekoa da gure jendartean, baina zaintzaren hipertrofia bat ikusten dut. Asko lotzen ari da auto-zaintzarekin eta horren izenean gauza asko egiten dira, kolektiboan gauza asko egiteari utziz”. Hor korapilo bat dagoela uste du. Norbanakoarekin batera, taldea eta proiektua ere zaindu behar direla uste du.
Bere ustez, proiektuak hezurmamitzen dituzten kontzeptu batzuk birdefinitu egin behar dira ikuspegi anitzetatik, hala nola, bakea, nazioa, herria, demokrazia eta gatazka. “Oso oinarrizkoak diren arren, oso modu aldebakarrekoan definitu izan dira, eta zergatik ez esan, batzuetan oso modu patriarkalean. “Bakea, adibidez. Argi diogu hemen ezin dela bakeaz hitz egin urtean hildako mordoa daukagunean, sistematikoki erasotuak eta bortxatuak garenean gizartearen erdia. Zer da bakea?”, galdetzen du. Zufiak ikusten du nazioarekiko atxikimendua subjektu gehiagok bere egitea nahi bada, ulerkerak zabaldu behar direla eta hau bazterretatik definitu. “Bakea, esaterako, prozesu konplexua izango da, giza eskubideekin du zerikusia, botere harremanen eraldaketarekin eta elementu asko barnebilduko ditu”.
“Ezinbesteko ez da inor, baina beharrezkoak denak gara –dio Izar Mendigurenek–. Konpromiso maila ezberdinak kudeatzen finago ibili behar dugu, konpromiso izateari utz ez diezaioten”. Horrekin batera, harreman askoren potentzialtasuna ez dela baliatzen ari uste du. “Non biltzen dira 55 urte eta 18 urteko kideak batera? Bada espaziorik elkarlan horiek sustatuz? Hor jakituria asko galtzen ari gara”.
Kimetz Aranaren ustez, Telesforo Monzonen garaietatik datorren EAJrekiko konplexu handi bat dago ezker abertzalean: “Abertzaleok elkarrekin joan behar dugu Maltzagaraino, eta hamarkadak eman ditugu momentu hori itxaroten. EAJri eskua luzatzen, pentsatuz noizbait estatuarekin konfrontazio batera joaten bagara, derrigor elkarrekin behar duela”.
“Nire iritzia da ezin garela EAJren zain egon etengabe, eta egungo indar galtzearen arrazoietako bat hori dela. Beti pausoak neurtzen, ekintzak bideratzen EAJrekin elkarlan batera”. Kataluniako prozesua ikusita, eskema hori indartu dela iruditzen zaio. “Oso ezkorra naiz gai horrekin, gehiago ikusita EAJ inoiz baino erosoago, egitura instituzionalaren kudeatzaile nagusi EAE eta Nafarroan. Zail egiten zait hori aldatu nahiko dutela pentsatzea”. Bere ustez ezkerreko terminoetatik indarrak herrigintzan jartzeko unea da, alternatiba soberanista ezkertiarra landuz, EAJren posizioa ahulduko lukeena eta alderdi hori elkarlanera eramango lukeena, bere burua kolokan ikusten badu.
Irati Sienraren ustez, EAJk ez du euskal estatu bat nahi, beren interes ekonomikoak Espainiako Estatuan dauzkatelako. “Eta nahi balute, aberastasuna biderkatzeko nahiko lukete, justu guk kontrakoa nahi dugunean, herritarrontzat justizia soziala; beraz, gaur gaurkoz EAJ ez da batuko prozesu independentistara”.
“Gure artean egon gara, ez gara gure herrietan murgildu. Praktika militantea aldatu behar dugu. Eroso ibili behar dugu gure herrietan. Gure sentitu ez ditugun beharrak ere ezagutu behar ditugu. Kalean etxeko zapatilekin ibili behar dugu”. Kimetz Aranak dio Meatzaldean eta Ezkerraldean gai honi buelta asko eman dizkiotela azken urteetan; baita emaitzak jaso ere.
“Goitik behera zetozen kanpainekin funtzionatzen ohitu gara. Herriak eraiki nahi baditugu, militantzia eredu autonomoa behar dugu, bere baliabideak garatuko dituena, ildo adostuen barnean erabakiak hartzeko gaitasuna duena. Militantzian indarra eta baliabideak jartzea eskatzen du honek, formakuntza eta indartze pertsonala praktiketan. Egitura guztiak egokitu beharko lirateke hori egoki ikusten bada”.
Aranak liberatuen figura hartu du adibide. “Orain arte gehienbat informazioaren transmisore funtzioa izan badute, hemendik aurrera eskualdeen dinamizazio figura hartu behar dute, herrietako jendeari baliabideak ematen dizkion pertsona izan”. Horretarako eskualdeak goitik behera ezagutzen dituzten kideak behar direla uste du.
Erabakiak kolektiboan hartuz asanblearismoan sakondu behar dela uste du, ez estrategia handiei buruz aritzeko, baizik eta gertuko beste galdera batzuei erantzuteko: “Gure herrian hurrengo urtean zer egingo dugu? Barakaldon zer? Sestaon zer? Noraino heldu nahi dugu? Zer indar ditugu? Zein dira eraginguneak? Zer esparruk sortzen du ideologia? Non eman dezakegu urrats bat gehiago?”. Bere ustez ezker abertzaleko militantzia esparruak hori behar du izan.
Azpeitian martxoaren 8aren harira, “emakume anitz, errealitate anitz” izenburupean, feminismoa modu ezberdinetan lantzen duten elkarte ugarik mahai ingurua antolatu zuten, ardurak banatuta. Elkarren lanaren berri izan eta sareak josteko balio izan ziela gogoratzen du Amaia Agirretxek. “Badago borondatea auzoetako jendearekin lan egiteko, gaizki pasatzen ari den jendearengana hurbiltzeko”.
“Erronka gisa, masa kritikoa indartu, elkartu, berriz ere borrokara ilusionatu, sinetsi norbere gaitasunetan, hitza eta erabakia guk dugula”, dio Elorri Arin donibandarrak. “Borrokan jarraitu behar dugu, ez soilik gatazka politikoan, beste arloetan ere lan handia da egiteko: feminismoan, euskalgintzan edo ekologismoan, batzuk aipatzearren”.
“Orain ezin da eztabaidatu, ez dago baldintzarik, hau da erabakia eta gero eztabaidatuko dugu. Klandestinitatetik gatoz eta urte askoan hori onartu dugu, baina egoera aldatu den honetan, asko zaindu behar dira formak. Eztabaidarako espazioak eraikitzen badira, gai bati buruz iritzi ezberdina badut ere, ikusiz gero gehiengoak ez duela hori pentsatzen, onartu eta defendatuko dut. Baina ez badago non hitz egin gai bat, horrek asko zailtzen du kohesioa”. Alor honetan asko dagoela hobetzeko iruditzen zaio Aiora Mujikari.
Parte hartzeko modu mugatuek kezkatzen dute Izar Mendiguren. “Jende asko kanpoan geratzen da, ekimenetan parte hartzeko planteatzen diren moldeak egungo bizi ereduan ez direlako ongi txertatzen, adibidez, herri batzarrak”. Ordutegiaren arabera, batzuk ala besteek ezin izaten dutela bertaratu dio, eta galdetzen du ea kide horien ekarpenak jasotzeko indarra egiten den. Bitartekoak jartzen al dira horretarako? Hausnartu al da taldeetan horren inguruan? Nola egin daiteke erakargarriago parte hartzea?”, galdetzen du amurrioarrak. Hainbat lekutan bideoekin eta formatu berriekin esperimentatzen ari direla txalogarri zaio.
“Kezkatzen nau jendeak zentzurik ez ikustea ezker abertzalean militatzeari. Egun zer da ezker abertzaleko militante izatea? Zer lan dakar horrek? Erantzunik ez baduzu edo “ezer ez” bada, jendeak beste bide batzuk bilatzen ditu, inguruan ikusten dugu jendea ez dela zain egongo”, dio Markel Ormazabal donostiarrak.
Gaur egungo ezker abertzaleko belaunaldi gazteek transmisioan etena izan dutela iruditzen zaio Ormazabali. “Badakigu ezker abertzalea zer izan den? Zer den? Nondik datorren? Zein oinarri eduki dituen? Badakigu bere historia? Zalantza handiak ditut eta transmisiorik gabe geratzen garenean, proiekturik gabe geratu gara”.
“Indartu behar da proiektu politikoaren definizioa eta kultura politikoa, iniziatiba politikoa berreskuratu behar da, aldaketarako egoerak sortu behar dira, baina bereziki barneratu behar dugu aldaketak ematen ari direla eta aldaketa horiek ondo ulertu eta ongi eragiten asmatu behar dugula”. Markel Ormazabalen aburuz, eraldaketaren alde lanean ari direnen elkarlana da bidea. “Ez gara eraldaketarako subjektu bakarra, gehiago daude, eta hauen elkarlanetik etorriko dira fruituak, baina hauetan eragin behar dugu, eta horretarako iniziatiba behar da”.
“Norberak bere baloreekin itxura bat eraman dezake, baina praktikan ez badu egiten, itxurakeria handia ikusten dut”. Elorri Arinek uste du militantzia eguneroko konpromisoetara ere ekarri behar dela. “Uste dut kontzientzia hau ez dela zabaldua”. Alde honetatik, sortze prozesuan den Lurralde Askea mugimendua esperientzia interesgarria iruditzen zaio.
“Instituzioek dituzten mugez gain, hauteskundeetan ez dugu gehiengorik lortzen. Aldi berean, alternatibek mikroan ez dute gaitasunik gizarte osoaren beharrei erantzuteko. Eztabaida hori beste urrats batera eramateko moduan garela uste dut. Ez ote gara aldaketa berriak orain arteko hitz zaharrekin interpretatzen ari?”. L'art de la revolte liburuak ideia hori jasotzen duela aipatu du Ortzi Muruak. “Nik uste badirela baldintzak esperientzia mikroak saretzeko eta mundu mailako ezkerraren askapen prozesu batean kokatzeko”.
Nazioarteko erreferenteei garrantzia ematen die, eta bere aburuz, independentismo eraldatzaileak ez luke atzerrira begiratzean Eskozia eta Kataluniako kasuetara mugatu behar, mundu mailan herritarren burujabetzaren alde ari direnak ere nabarmendu behar lituzke, Bretainian aireportu baten aurka aurrera daramaten ZAD proiektua kasu. “Erreferente horiek gure sentitu behar ditugu, hausnarketa interesgarriak direlako”. Bere buruari dagozkion erabakiak norberak hartzea mundu mailan ezkerraren ideia orokorretako bat bilakatzen ari den honetan, indartsu ikusten ditu abertzaleak, ideia hori DNAn daramatelako. “Diskurtso orokor horrekin lerrokatu behar dugu geure burua”.
Bere ustez, jendearekin hitz egitean, sistema kapitalistaz aritzean, ezin da esan kapitalismoak guda irabazi duela, indar harremanean hain urrun egonik beste bide bat hautatzen dela, amore eman balitz bezala. Bere aburuz, argi utzi behar da sistema gisa ez dela bideragarria, krisia muturrera doala eta gizarteei ez diela ongi egituratzen uzten. “Ez da bakarrik esatea ez gaudela ados, bortxaz behar da beste eredu bat, goazen elkarrekin egitera”.
Horretarako pauso zehatzak eman behar direla ikusten du, aukerak baliatu, eta adibidez, Kutxabanken pribatizazioaren gaian, Muruak ez du ulertzen nola ez den baliatu banku etikoen gaia mahai gaineratzeko. Koop57 kasu, Euskal Herri mailako banku etiko indartsu bat, webgunean erraz adieraziko duena nola igorri dirua bertara.
“Besteak bezalakoak bihurtzen ari gara, hori ezin da gertatu”, dio argi Kimetz Aranak. “Hauteskunde kanpainak auzolanean oinarrituta egon behar da eta herriko jendeak hitz egin behar du. Lantaldeak baditugu herrian, horiek azaldu behar dute proiektua, eta ez kanpotik kamioiak ekarri gure logoarekin, edo tranbian gure hautagaiaren argazkia jarri”. Mikrofonoa herritarrei eman behar zaiela defendatzen du, eta horrek taldeak indartzea ekartzen duela.
“Euskal Herrian PSOEtik ezkerrera gauden pertsonak soziologikoki jende bera garela uste dugu Ezkerraldean askok”, dio Kimetz Aranak. Oroitzen du orain zortzi urte politikoki hazi nahi zutela eta borroka nazionala indartzeko, auzoetako borroka sozialetan sartu behar zirela ondorioztatu zutela Trapagaranen. “PSOE sortu zen lekuan, La Arboleda auzoan, nahiz eta jakin harresi asko eraitsi behar genituela, gure ekimenetan hurbiltze bat izan da urte hauetan, lantaldeak sortu dira bertako kideekin, proposamenak eginez, kezkak bideratuz. Lau urteren ostean, hauteskundeetan Bildu hirugarren indarra izatetik lehen indar nabarmena izatera igaro da meatzari auzoetan, hain justu oso euskaldunak ez diren guneetan”.
“Kezkatzen nau estrategia berrian zer apustu egingo den feminismoarekiko. Orain arte borroken hierarkizazioa egin dela sentitzen dut ezker abertzalean, eta borroka batzuek besteak irentsi dituztela”. Amaia Zufiak nahi du Euskal Herrian dauden erroko gatazken aurrean borroka egingo duen subjektua osatzea, hauek mailakatu beharrean. “Genero zapalkuntza eta zapalkuntza anitzak errotzen ditu eta hori iraultzeko feminismoa proposamen politikoaren erdian jarri behar da, barnerako eta kanporako tresnak eskatzen ditu honek”.
“Feminismoak indar handia du gazte mugimenduan, ia herri guztietan daude talde feministak”. Irati Sienraren ustez horrek erakusten du feminismoaren inguruan ezinegon handia dagoela, eta horrek aurrerantzean herri mugimenduetan eragina izango duela.
“Ilegalizazioa aitzakia gisa erabili da eztabaida batzuk ez irekitzeko”. Sienra zorrotz mintzo da Ezker Abertzale barneko botere harremanei buruz. “Errepresioak ere horra eraman du, baina oso militantzia maskulinizatua izan dute espazioek, gizonez beteriko zuzendaritzekin, gizonek erabakitzen zer egin, adinean aurrera egin ahala, emakumeak militantzia eremuetatik kanporatzen”.
Azken urteotan aldaketa handia nabari du, gehien bat alderdi diskurtsiboan. Bere ustez antolakunde bakoitzak barne mailan landu behar du, horretarako guneak sortuz. “Jende baten partetik erresistentziak daude gai hau lantzeko”.
Sienraren ustez ezker abertzaleko emakumeek espazio propioen beharra dute, eta mugimendu feministan antolatutako abertzaleekin egin behar dituzte aliantzak, batez ere Bilgune Feministarekin. “Urte askotan lan handia egin du ezker abertzalea feminizatzeko, eta hori aitortu egin behar zaio”. Horrez gain, gizonek beren pribilegioez eta hauei nola uko egin hausnartzeko espazioak sortu behar dituzte, feminismoan gizontasuna lantzeko.
Amaia Zufiaren ustez, ezker abertzaleko gizonek prest egon behar dute boterea konpartitzeko –“bestela kendu egin beharko zaie”–, eta subjektu feminista izateko barne prozesu kolektibo bat behar dela ikusten du. “Sistema patriarkalak zenbaterainoko eragina duen aztertu behar da, feminismoak zer proposamen politiko egiten duen ezagutu, eta harremanei buruz azterketa kontziente bat egin behar dugu, zer birproduzitzen dugun ikusteko”.
Trapagarandik Kimetz Aranak oso lotura gutxi ikusten du Euskal Herria deitzen dugun lurraldearekin. “Banatuta gaude, euskal kulturaren eragina txikia da gure hirietan, lurraldetasuna mapa batetik harago ez dugu eraikitzen. Independentista garenok hori uztartu behar dugu: Saretu baztertuta dagoen jende guztia proiektu batean eta Euskal Herriarekiko hurbiltasuna transmititu, eta euskara, baldintza beharrean, proiektua uztartzen duen zerbait bezala planteatu”. Euskaldun batek Ezkerraldean bere minorian sentitzen duena senti dezake galiziar batek edo senegaldar batek Bilbon bere ustez.
“Nahiko haserre naiz Ipar Euskal Herriak duen trataerarekin. Bere garaian Segin militatzen genuen, klandestinoki, eta bilerak egiten genituenean Hegoaldeko kideekin. Egoera oso zaila zen eta hilean behin biltzen ginen, erakunde nazionala ginela esanez”. Egun, legaltasunean, ez du harremanik ikusten ia. “Ez da nik espero dudan harremana, orain hamar urte bezala gabiltza”. Diskurtso politikoetan Espainiaz bakarrik hitz egiten dela ikusten du, Arnaldo Otegiren azkenak kasu. “Eta Frantzian zer dugu? Ez al dugu gatazkarik? Berotzen nau gai honek”.
“Badira kasu politak, EHZn adibidez, zubiak ditugu Donostiako Piratekin eta beste eragileekin, baina nola da posible Ezker Abertzaleko erakundeen artean ez harreman gertukorik izatea?”.
Aldi berean, Ipar Euskal Herrian Ezker Abertzalea egituratzen ari da, Sorturen eratzea eman zenean, Iparraldean une txarra zela gogoetatuta. Ortzi Muruaren pentsamendua asko doa horra: Nola saretu elkar modu eraginkor batean?
“Nola egiten da iraultza Euskal Herrian XXI. mendean?”, galdetzen du Endika Perezek. Indar metaketa eta konfrontazioa uztartu behar ditu ezker abertzaleak bere aburuz. “Harreman ereduak, kontsumo ohiturak, konpromiso militantea beste espazio batzuetara eramatea... ezker abertzaleak identitate iraultzaile berri bat sortu behar du erantzunak emateko egunero sistemaren aurka egin nahi dutenei”.
“Talka irudikatu behar dugu”, dio larrabetzuarrak. “Irabazteko aldatu genuen estrategia, ez sisteman integratzeko. Beste jendarte eredu bat nahi dugu, eta horrek derrigor konfrontazioa eskatzen du. Ezin gara denen lagunak izan, hemen proiektu ezberdinak daudelako”. Bere ustez konfrontazioa kalera atera behar da, desobedientzia ekintzak ugaritu ados ez diren gaietan.
“Ezker abertzaleari ekintza falta zaio”, dio Markel Ormazabalek. “Ekintza da aldaketarako egoerak sortzen dituena”. Norabide honetan herri harresien arrakasta aipatzen du, une batean atxiloketak eten zitezkeela irudikatzera heldu zirela gogoratuz. “Zientoka gorputz pilatu ziren atxilotuak izango zirenak babestera, horietako asko atxiloketak eten genitzakeela sinestera iritsi ginelako; hori irudikatzeari utzi diogun unean indarra galtzen joan da”. Irudikatzeak errealitatea gainditzeko indarra ematen du Ormazabalen ustez. “Ertzaintzak Donostiako Askegunea desegin zuenean, kideen sentsazioa zen: 800 geunden, baina hurrengoan 3.000 bagaude, eta herri honetan egon gaitezke 3.000, ez dituzte atxilotuko”.
“Euskal Herriak badu urte askotako ibilbidea, herri mugimenduek auto antolatzeko gaitasuna sobera dute, eta herri txikia garenez, sinergiak sortzea errazagoa da. Apalduta badago ere, jendeak badu prestutasuna. Ezker Abertzalea ahul egon da, baina ingurua? Kanpoan baldintzak badaude, agian etxe barruan dugu apatia puntu hori –dio Endika Perezek–. Dinamika politak planteatzean jendeak erantzuten du, tekla egokiak jo behar. Baldintza subjektiboak landu behar ditugu, ezin dugu amets egiteari utzi”.
“Euskal Herria oso aberatsa da proiektuetan, herri mugimenduak ikaragarrizko erronkak atera ditu aurrera”, dio Izar Mendigurenek. “Herri baten izaera da, eta hor indarra egin behar dugu. Gogoratu behar dugu oinarrizko proiektu asko auzolanean atera direla aurrera, ikastolen mugimendua kasu”.
“Agian belaunaldi aldaketa leku batzuetan ongi etorriko litzateke, nik komunikazioaren esparruan ikusten dut”, dio Aiora Mujikak. “Bizi osoa esparru honetan daramanak ohitura batzuk dauzka eta formatu batzuetara jotzen du nahi gabe. Agian bere lanean oso ona da, baina norberaren gabeziak ikusten ere jakin egin behar dugu. Kode berriekin hazi diren belaunaldi digitalek beste gako batzuetan pentsatzen dute, eta ideien transmisioan jarri behar da indarra”.
“Asmatu behar dugu subjektu anitz bat osatzen, eta ez da batere erraza”, dio Amaia Zufiak. “Independentzia prozesu baten parte izan nahi duten subjektu guztiek izan behar dute leku bat honen oinarriak jartzeko, eragiteko, hau martxan jartzeko eta erabakiak hartzeko”. Konfluentzia guneak sortu behar direla uste du, agenda bateratuekin batera. "Herri honetan eraldaketa emateko lanean ari garen guztiok aitortza eta mintzakidetza behar dugu. Agian eremu guztiak batuko dituen konfluentzia gune bakarra sortzea ezinezkoa izango da, baina gune gehiago behar dira eta subjektu anitzak aitortu”.
“Nola irabazten du ezker abertzaleak sinesgarritasun politikoa berriz ere eraldaketarako ari diren eragileetan? Batetik, ahaztuz iniziatiba duen bakarra dela, eta bestetik, urte hauek guztietan metatu dugun kapitala eraldaketarako prest dauden indarren mesedetan jarriz”, dio Ormazabalek.
“Akademiko gehiegi eta akzio gutxiegi dugu –dio Irati Sienrak–, kalera atera behar dugu eta gauzak egin; ezker abertzaleak badaki hori egiten”.
“Azken urteetan mugimendua ahul egon da, eta gazte mugimenduan ere erasoei erantzuten indar handia jarri dugu. Hala ere, gazte mugimendua berpizteko lanean ari gara eta nahiko prozesu emankorra izaten ari da”, dio Irati Sienrak. Bere hitzetan, gazteak ez direla borrokara lotzen saltzen dute hedabideek, baina hori ez da horrela. “Euskal Herriko gazteria oso anitza da, korronte ideologiko askotakoak eta eragile asko antolatzen ari dira, pixkana elkarrekin konfluentziak egiteko; adibidez, gazte asanbladak eta gaztetxeak oso gogoeta interesgarrietan ari dira beren funtzioei buruz. Alternatibak eraikiz goaz”.
“Indarrak berriz hartu eta gure artean zintzoki egon behar dugu, itxura gutxiagorekin, gauzak egin nahi ditugulako. Egin den guztiagatik zor dugu borrokan jarraitzea, eta sinetsi behar dugu berriro borrokan”, dio Elorri Arinek.
“Estrategia aldatu dugu, itxaron da estatuen partetik pauso batzuk egitea, ez dute egin guk nahi heinean, eta hor ezker abertzaleak indar asko galdu du. Orain ilusioa ikusten dut hainbat konturekin –dio Arinek–: Ados, borroka ez da eten, parentesi bat izan da”.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.
Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.
Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]
CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.
1970eko hamarkadaren erdialdean sigla dantza itzela zegoen euskal panorama soziopolitikoan, eta horien artean mordoxka bat ezker abertzalekoak. Mende erdi geroago, denboraren higaduraren edo errepresioaren ondorioz, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, arbola bakarra... [+]
Martxoan aurkeztu zuen Olatz Dañobeitiak azken zortzi urteotan garatu duen lana, Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua tesia. Horren aitzakian, horretan sakontzeko, bildu gara Lekeition berarekin... [+]
«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]
L5 lineak Euskotrenen ibilbidea aldatuko du, eta geltoki batzuk eraitsiko dituzte, tartean Usansolokoa. Trenaren ibilbidea lurperatuko dute eta beste geltoki batzuk gehituko dituzte. 2022an, Eusko Jaurlaritzak linea horren jatorrizko proiektua aldatu zuen Usansoloko geltokia... [+]
Giro onean burutu da astelehenean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren eta Euskal Herria Bilduko bozeramaile Pello Otxandianoren arteko bilera. Hala esan du Otxandianok berak ordu bat eta 40 minutu inguru luzatu den bilera bukatzerakoan. Pradalesek oposizioko... [+]
Iruñeko alkateak balorazio positiboa egin badu ere, nabarmendu du 24 eraso erregistratu eta 23 pertsona atxilotu dituztela. Baionan ere, bestetan hamaika eraso salatu dituzte.
2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]
Astearte goizean egitekoa zen epaiketa, baina akordioa egin dute aurretik fiskaltzak, akusazio partikularrak eta akusatuaren defentsak. Akusatuak onartu du 2019an tiro egin ziola Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriari. Espetxeratzea ekiditeko indultua eskatuko... [+]
Iruñean egin dituzte adierazpenak EH Bilduko ordezkariek, emaitzak jakin eta gutxira. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mezu bat igorri nahi izan dio “Euskal Herria osoari: kanpainaren azken zatian, amets bat eta erronka bat nuela plazaratu nuen, Hego... [+]