Maiatzaren 7an egin zuten MEFSST (Musika Errebolta Feminista) jaialdia Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, laugarren aldiz. Antolatzaile-taldeko Miren Aranguren eta Gurutze Ostolazarekin bildu ginen jaialdiaren ataritan, eta ondorio argi bat atera: XXI. mendean, punkak feminista behar du izan, punka izango bada.
Aurrez ere aipatzen omen zuten, tartean-tartean, kontzerturen batean edo bestean topo egiten zutenean, baina hiru sugarrek piztu zuten zerbait egiteko ahalegin espontaneoa, Miren Arangurenen arabera: lehenik, garaitsuan estreinatu zela Zuloak dokumentala, emakumeez eta musikaz ari, eta ez zirela lan horretan islatzen zenarekin identifikatu; bigarren, Putzuzulo gaztetxean bertan, bertsio-gau batean, emakume pila batek parte hartu zuela; hirugarren, Pottors ta Klito sortu zela –musika-talde horretako gitarra-jolea da Gurutze Ostolaza–, ingurukoak ere ahaldunduz.
Besteak beste, plazer hutsa delako ere antolatzen dute MEFSST. Arangurenen hitzetan, lehenengo jaialdian, gustuko zerbait egitea zuten helburu. Ostolaza: “Klabea da hori. MEFSSTek lana dakar, baina sekulako plazera ere bai. Kontzertuak antolatu izan ditugunean ere, garrantzia eman diegu gure nahiei. Askotan, antolatzen zabiltzanean, ez duzu kontzertua ikusten, eta igual izugarri gustatzen zaizu talde hori. Sekulako lana egin, eta gozamenik ez. Gure kasuan, adibidez, norbaitek talde bat ikusi nahi badu, bada, besteok egiten ditugu txandak, edo behar den moduan moldatzen gara”.
Lehenengo MEFSST jaialdiak izugarrizko arrakasta izan zuen. Ia 100 lagun bildu ziren mahai-ingurua aditzera. Ostolaza: “Putzuzuloko aulki guztiak erabili genituen, eta ez dira gutxi!”. Horren ondoren, gauza asko ekarri zituzten argitara. Arangurenen esanetan: “Taularatzeaz hasi ginen hizketan, oholtza gainekoaz, baina gero konturatu ginen horren bueltan gauza pila bat zeudela landu beharrekoak. Hori dela eta hurrengo edizioetan, adibidez, soinu-teknikari ikastaroak antolatu genituen, eta aurten DJ tailerra. Horrez gainera, konturatu ginen ezin genuela emakumeez bakarrik hitz egin, beste gorputz eta ahots batzuei buruz baizik”.
Tokian aritzea izan dute beti jomuga. Ostolaza: “Gure eskura eta gure ezagutzara iristen diren lekuetan eragin nahi izan dugu, eta beste norbait animatzen bada gu prest gaude, jendeak nahi izatera, laguntza eskaintzeko, baina ez daukagu inongo asmorik ez predikuka ibiltzeko, ezta nekatzeko ere”.
Gainera, Bilgune Feministako kideak ziren antolatzaileetako asko, eta ez zuten, antolakunde horretan bezala, ikuspegi nazionaletik aritu nahi. Aranguren: “Punk-hardcorea da guk Putzuzulon gertuen bizi dugun musika-eremua, eta eremu hori oso politizatuta dago, baina juxtu feminismoa ez da oso modu kontzientean hartu, anti-espezismoa eta autogestioa hartu diren bezala. Erronka da, rockean ere, orokorrean. Euskal Herrian rockak sekulako eragina dauka eta, zentzu horretan, iruditzen zait gogoeta zabaldu beharko litzatekeela, baina ez dut uste soluzioa denik zerbait nazionala sortzea, baizik eta hausnarketa hauek zabaltzen joatea, tokian toki”.
Afizio-mailako musika taldeez ari garela eta, argi dio Ostolazak: “Emakumeoi ziria sartu digute, eta utzi egin diegu ziria sartzen, gainera. Etxean geunden, etxetik atera egin behar zen, garaipen bat izan zen, eta emakumeek beren dirua edukitzea sekulako pausoa izan da, baina etxekoak egiten jarraitu dugu, kalekoak egiten jarraitu dugu... Ez daukagu aisialdirik”. Eta lehentasunik ere ez diogu ematen. Aranguren: “Onena izan behar duzu, gainera. Ez dugu espero gizon batek izugarri berezi kantatu behar duenik, hura entzun eta disfrutatzeko. Emakumeon kasuan, aldiz, kantatzen duzu Aiora Renteriak bezala, edo...”.
Biek ala biek uste dute ukabil-kolpea eman behar dugula mahai gainean. Aranguren: “Pribilegioen inguruan beti esaten dugun moduan: ez dizute ezer emango, zuk zeuk hartu behar duzu”.
Eta MEFSSTeko kideek hartu dute zerbait, ezin uka. Jaialdiaz hitz egiten hasita, ilusioa, poza eta maitasuna dira nagusi. Zergatik ote den hain berezia, horra galdera. Aranguren: “Zaintzari sekulako garrantzia ematen zaio. Iaz, adibidez, talde bat etorri zen eta neska bati paniko eszenikoa sartu zitzaion. Oso gaizki pasatu zuen eta igual beste leku batean sekulako presioa igarriko zuen; guk, ordea, esan genion lasai asko ez jotzeko, ez zela ezer gertatzen. Segurtasun-espazio izugarri bat da, badakizu egun horretan ez zaizula ezer txarrik gertatuko, eta hori asko da”.
Asko da, bai. Ostolaza: “Iaz, Resurrection Fest-en, dantzan ari nintzela, ikaragarri ondo pasatzen, eraso egin zidaten. Erantzun egin nion tipoari, eta denek ikusi zuten gertatutakoa, baina zuk uste duzu norbaitek zerbait esan zuela? Jakina, Resurrection Fest, gero, sekulakoa da: umeentzako eta familientzako txokoak dauzka... Baina hori gertatu zen, egunez, eta denak isilik”.
Beste eremu batzuetan sor ote daitekeen MEFSSTeko segurtasun bera, horra zalantza. Aranguren: “Zein dagoen antolatzen, zein dagoen soinua jartzen... Emakumeak baldin badaude eremu horietan guztietan, berme handiagoak daude. Eta, oholtza gainean, gizon-eredu oso zehatz bat bakarrik ikusi ordez, bestelako gorputzak ikusten badira, horrek nahitaez eragiten du giroan”.
Taldean ahalduntzearen indarra, horixe ekarri die, besteak beste, MEFSSTek Arangureni eta Ostolazari. Eta baita beren buruak berrasmatzeko aukera ere.
Aranguren: “Hemezortzi urterekin ez nintzen animatu, baina hogeita hamar urterekin sor dezaket talde bat”. Ostolaza: “Horri tiraka, gurasotasuna eta musika uztartu ahal izatea, adibidez, garrantzitsua izan da niretzat. Ume bat ekarri arren, joango naiz biran Pottors ta Klitorekin. Beste erritmo batekin egin beharko ditugu gauzak... eta zer? Ez da ezer gertatzen! Uste dut hori dela, benetan, punk jarrera. Dena planifikatu behar al dut? Etorriko dena etorriko da”.
Taldearen babesari eskerrak, aiseago eusten zaio. Ostolaza: “Aurreneko kontzertuetan, ez zaio mundu guztiari gertatuko, baina, oro har, ez da ondo pasatzen: lotsak, segurtasun falta... Ez da zaila amore ematea, baina inguruak xaxatzen eta animatzen bazaitu...”. Besteak beste, horregatik antolatu zituzten iaz rock-udalekuak. Aurten ez dituzte egingo, baina bide emankortzat dute: “Txikitatik aritzeak sekulako eragina du. Musika-eskolak neskaz leporaino beteta daude, eta etxean entseatu daiteke, baina oholtzarako pausoa eman egin behar da. Apustu ona da umetatik estimulu positiboak eta erreferentziak edukitzea”.
Ostolaza eta Arangurenen iritziz, punka ez da hil, baina testuingurua aldatu egin da, musika-generoak berak arau berriak sortu ditu, eta, hala, transgresioa ere ezinbestean aldatu behar da. Ostolaza: “Niretzat punkaren oinarrietako batzuk inoiz bezain baliagarriak dira: zuk zeuk egitearen filosofia, gauzak di-da egitea, konplexurik gabe... gauza magikoak dira, eta esentzia hori bizirik dago”. Aranguren: “Punkak oinarrian dauzkan gauza pila bat mantendu daitezke, baina gaur egun punkak esan nahi duen hori ez da lehengo gauza bera. Xabier Montoiak bere garaian esan zuen Euskal Herriko punkak euskarazkoa izan behar zuela, benetan punka izateko; bada niretzat, gaur egun, punkak, punka izateko, feminismoa hartu behar du bidelagun, intersekzionala, jakina, eta arraza eta beste hainbat ardatz kontuan hartu”.
Aurrera eta musika-panoramari oro har begiratuta, baldintza berriak sortzeko beharra azpimarratu du Arangurenek: “Biran ezin da edozein joan: talde batean aritzeko diru pixka bat eduki behar duzu, bestela, ezin badituzu sokak erosi, zail samar. Hego Euskal Herrian oso baldintza eskasak dauzkagu eta talde batean egotea dirua galtzea da”. Taldeen artean sekulako aldea dago, gainera: ordaintzen zaienei 25.000 euro ordaintzen zaizkie, eta besteei ez zaizkie 50 euro ere bermatzen. “Landu egin behar dugu hori. Beti edukiko duzu aukera dirua gastatu eta jotzeko, baina beste gorputz eta ahots batzuez hitz egiten ari bagara, baldintzak ere hobetu behar ditugu, eremuak uztartu, bai azpiegituren aldetik, baita baldintza ekonomikoen aldetik ere”.
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]
Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025
--------------------------------------------------------
Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.
Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]
'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena
---------------------------------------------------------
Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]
Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]
Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024
--------------------------------------------------------------
Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.