"Behiak ematen duen dirua, behiarentzat da"

  • Abeltzaina da eta Lizaranda elkarteko burua Zigoitian (Araba). Gorbeialdeko mendi mazela zoragarri zaizkigunetan ditu behiak udaberritik udazkenera, eta bertara bidean mintzatu zaigu, gordin, segidarik gabeko lanbideaz.

(Arg: Zaldi Ero)
1957, Urretxu
Koldo Murua Lopez de Muniain

Zumarragako Orbegozo fundizioak eraman zituen Urretxura bizitzera Koldoren gurasoak. Gero, atzera Agurainera ekarri zituen, alderantzizko bidean. Fundizioan jardun zuen, baina hein batean. Hainbat lanetan ibilia da –Hertzainak musika taldearen laguntzaile ere izan zen hainbat urtez–, harik eta Ondategira (Araba) ezkondu eta abeltzain hasi zen arte. Bizitzeko modu bat du, berak dioenez.

Usteko nuen abeltzaina abeltzain dela etxetik, baina ez da zure kasua.

Ez da nire kasua, ez. Abeltzaina naiz, baina ez betikoa. Aita Agurain ondoko herri txiki batekoa zen, San Roman de San Millangoa. Garai hartan maiorazkoa geratzen zen etxean, premua, eta gainerakoek etxetik alde egin behar izaten zuten. Horixe egin zuen gure aitak. Amarekin ezkonduta, Zumarragara jo zuten gurasoek, Orbegozo fundiziora lanean aita. Horrela, Urretxun jaio nintzen ni. Hantxe izan ginen nik hamasei urte bete arte. Orduan, fabrikaren zati bat Agurainera ekarri zuen Orbegozok, eta bertara etorri ginen. Hamazazpi urte nituela Aguraingo Orbegozon –edo Atusa-n, nahi baduzu–, ari nintzen lanean, doitzaile. Urteak igarota, Ondategira ezkondu eta, astiro-astiro, saltsa honetan sartu nintzen.

Saltsa duzu abeltzaintza.

Izango ez dut, bada! Saltsa galanta! Joan den aspaldian hemen etxe guztietan izan dituzte hiruzpalau abelburu pinto, esnetarakoak –gero, mestizoak ere sartu izan dituzte–, eta nik amaginarrebari erosi nizkion lau buru. Haiek bazkatzeko lurrak ere erosi nituen, eta abian nintzen, txahalak gizentzen, haragitarako. Horrela hasi nintzen, harik eta 2001ean buru-belarri sartu nintzen arte lanean, bolumen handi xamarrean.

Zer esan nahi duzu?

Nik bi aro izan ditut lanbidean. Lehenengoan, 40 buru izatera heldu nintzen. Bigarrenean, lagun batekin batu nintzen: buru gehiago erosi genituen, ukuiluak handitu… baina lagunak bakarrik utzi ninduen, honek ez baitu dirurik ematen, abeltzaintza bizitzeko modua delako, eta ez diru iturri. Behitik datorren dirua behiarentzat da, ez dago besterik. Hau ez da errentagarri. Lagunak utzi egin zuen, baina nik aurrera segitu nuen, eta aurrera segitzen dut.

Zenbat buru dituzu orain?

117 abere. 56ren bat behi; gainerakoak txekorrak ditut, gizentzekoak, edo egunotan jaiotzen ari diren txahalak dira. Urtean zehar halako gailur bi izaten ditut: batean, oraintxe, udaberrian, dozena bat txahal jaio ohi zait; bestean, udazken-neguan, orduantxe erditzen dira behi gehienak. Nik ez dut behia besterik, kolore bakarrera jokatzen dut. Sasoi batean zela-zaldiak ere izan nituen, baina hura jolas hutsa zen.

Lizaranda elkartea osatzea ez da jolasa izan.

Abeltzaintza eta mendi publikoa defenditzeko sortu genuen inguruko abeltzainok Lizaranda. Zortziren bat gara elkartekoak Zigoitian. Alabaina, bertako San Pedron du abeltzaintzak indarrik handiena: bi esnetegi dituzte, eta diruz eta aberez –behi eta ardi–, hantxe dira nagusi. Elkartea sortu genuen Zigoitiko Udalaren eta Arabako Diputazioaren aurrean nola-halako nortasuna izateko. Bakarka ezin da, elkartzea beste erarik ez dago. Dena dela, esango dizut: ez dugu gauza handirik behar Administrazioaren aldetik.

Lizaranda elkarteko buru, berba egin izan duzunean kexu izan zara lege-araudiez.

Oso murriztaileak direlako. Gorbeialde honetan bertan dena da neurri murriztailea: sasitza kentzeko, mugak; simaurtzeko, mugak… Mugak, gauza guztietarako. Mendialde hau, berriz, oso da gogorra, larre motxa da, gutxi irauten du, eta Administrazioak neurri murriztaileak baino ez ditu jartzen, eta horrela guk ezin dugu onik atera. Mendia garbitu beharra dago, sasia kendu… horretan ez dago gorabehera handirik. Baina mendian goragoko larreetara igo nahi izanez gero, larre guriagoetara, ez dute uzten.

Mendia babestu beharra dagoela diote.

Mendia babestu beharra? Zaindu egin behar da mendia, zaindu, eta aldiz, guztiz utzia dago, narras. Administrazioak natural-natural nahi du mendia, baina gauza bat da natural egotea, eta bestea, berriz, mendialde hau narras, zikin eta sasitzaz betea egotea. Animaliek eta landareek, denek bizi behar dute, baina guk ere bai, ez oteak bakarrik! Hainbeste lege-babes, hainbeste murrizketa, ez da moda besterik. Kontserbazionismo hutsa da, erradikala, ezin da ezer ukitu, baina parke natural izendatuak dituzten guztietan egon da mugimendua, giza jarduera. Parkeok gizakiak lagunduta heldu dira parke izatera, ez da zerutik jausitako gauza. Lege, arau eta babes, oraintxe asmatzen ari dira denak. Ematen du abeltzain edo nekazari izatea salbaia izatea dela.

“Animaliek eta landareek, denek bizi behar dute, baina guk ere bai, ez oteak bakarrik!”

Bistan da salbaia ez zaretena.

Nekazari eta abeltzainok ingurune jakin batean bizi gara, orden jakin baten barruan, ez dago besterik. Niretzat oso gauza sinplea da, guztiz arrazionala, ez dago zoratu beharrik. Sen on apur bat, ez da besterik behar, bizitzan bertan bezala: sen ona. Ez dugu mendirik eraitsi nahi, ez arbolarik bota, ez zerua lurrarekin berdindu, mendia egoera onean mantendu nahi dugu. Basurdeak egiten duen txikizioa ikusiko bazenu, esaterako. Gero eta gehiago dago basurdea, gero eta gehiago laguntzen dio eguraldi epelak, negu goxoak erraztu egiten die bizimodua, ez dute predatzaile naturalik ezagutzen, eta gero eta oker handiagoak egiten dituzte mendian. Izorramendi galanta!

Uste duzu Administrazioa neurriz gain ari dela…

Bai, zalantzarik gabe. Teknikariek ez dute errealitatea bizi, besterik bizi dute, baina ez errealitatea. Hitz egin ere ez dute gurekin egiten. Zertarako? Udalak egiten duen indarraren eta Diputazioaren harreraren arabera dago auzia. Oraintxe, esaterako, inoiz izan dugun udalik harkorrena daukagu Zigoitian. Ez dakigu zenbat iraungo duen egoera honek, baina aspaldian egin diguten kasurik handiena egin digute udaletxean.

Lizarandan baduzue lanik.

Gurea ez da zaila: sasia kentzea, simaur lanak artez betetzea, perimetro-itxiturak zaintzea abereak eskapatu edo besteren lursailetan sar ez daitezen, istripurik eta kalterik eragin ez dezaten...

Arestian esan duzu abeltzaintza bizitzeko modu bat duzula, lanbidea ez dela errentagarri. Aldiz, leku guztietan da haragia.

Eta nongoa da haragi hori? Nongoa? Hemen haragi gutxi ekoizten da, eta saltzeko zailtasunak ditugu. Sekula entendituko ez dudan gauza da: bertan haragi gutxi produzitu, saldu ezin guk, eta bazter guztiak –harategi txiki nahiz saltoki handi–, denak okelez beteak! Esplikatuko didazu zuk?

Ederrari galdetu diozu! Nik ez dakit Eusko Labela dagoela besterik.

Eusko Labela Jaurlaritzaren asmazioa da. Marka sortu zuten, marketin hutsa. Horrek ez du baliorik produzitzen. Saltoki handi jakin batek asmatu du izena. Izena asmatzen jakin du, baina ez du jakin, edo ez du batere asmatu, harategiak eta abeltzainak zaintzen. Pentsatu ere ez! Jaten duzun haragia munduan handik eta hemendik dator, hemen ez da hainbeste haragi!

Haragia ez da negozio.

Nola izango da, bada, negozio. Haragitarako laguntzak zaharrak dira, laguntza historikoak: batak diru asko jasoko du, besteak gutxi. Ez da produkziorako laguntza. Laguntzarik gabe, ezinezkoa da haragia produzitzea. Eta laguntzak izanda ere, nahiko lan! Kontua ez da, bakarrik, abereari jaten eman behar zaiola, gainerako guztia baizik: instalazioak, makineria, seguruak, hau da, gastu finkoak. Besterik da elikadura. Txahalak ez dira belarrez hazten, kontzentratuz baizik, zerealaz, eta zerealak dirua balio du. Kilo bat haragi egiteak dirua balio du.

Zertan da esnea?

Esnea aspaldi izorratu zuten. Eta haragiak bide horixe darama. Esnearen ustiapena pikutara bota zuten. Kostuek ez dute ematen. Zigoitia inguru hau –Elosu eta gainerako–, oso inguru egokia da esne-behietarako, baina ez dago erraz. Kaiku eta gisako konpainia handiekin akordioa aspaldi egina dutenak aurrera ari dira –nolabait aurrera–, baina gainerakoak oso estu eta larri ari dira.

Merezi du neke eta pena hauetan bizitzea?

Esan dizut, nirea behiekin egiten dudan bizimodua da. Baina bizimodua, gero! Neure gisa eta bakarrik lan egiten dut. Uztailaren hasieran hamar egun hartzen ditut opor, belar lanak amaitu eta lasto egiten hasi baino lehen. Gainerakoan, hemen behar duzu, behiak gora, behiak behera. Egun batzuetan, orduak libre dituzu, beste batzuetan, 24 eta gehiago beharko zenituzke. Beti hemen, ezin behia utzi eta alde egin. Abere biziek urte osoko lana ematen dute. Egia da lan egiteko moduak badirela, eta ni behien oso esklabo bizi naizela. Esan nahi dut, gehiegi zaintzen ditudala: San Prudentziotan mendira ekartzen ditut; irailaren erdialderako, berriz, etxean ditut, Ondategiko ukuiluetan.

Zergatik?

Irailarekin batera larrea eskasten hasten da mendian, eta behiak gorago igo beharrean, etxera ekartzen ditut, txahal egiten hasten zaizkit eta. Etxean ez dut larre handirik, lur gutxitxo dut aukeran, baina txahal jaio berria bertatik bertara zaindu behar da. Gero, berriz, txahalak amaren errapetik esnea ondo hartzen duen, ez duen, ikusi behar da. Tamainan jaten eman behar diot txahal txikiari… Gauza asko. Hemen inguruan neu izango naiz behia mendian denbora gutxien edukitzen duena; hain zuzen, laster hasten zaidalako txahal egiten: irailean hasita, urrian eta azaroan, hortxe egiten dizkidate txahal gehienak. Oso erditze onak dira, garai horretan ez du-eta hotz handirik egiten eta txahalak ondo eusten dio.

Administrazioak nekazaritza-abeltzaintza aintzatestea nahiko zenukete. “Sektore estrategikotzat hartzea”, orain esaten denez.

Horretan naiz ni. Beste zenbait herrialdetan ez da gertatzen hemen gertatzen ari dena. Hemen ere bada alderik, hala ere. Ez da gauza bera abeltzaina Araban, edo abeltzaina Gipuzkoan eta Bizkaian. Bizkaiak sektore txikia du, baina kutxa handia. Araban, sektore handiagoa da, baina kutxa txikiagoa.

Diputazioen laguntzaz ari zara.

Bai, Diputazioaren diru-laguntzak, Europa bidez datozenak. Baina Gipuzkoan 5.000 euroko laguntza bada, Araban 2.500ekoa da. Non da aldea? Gipuzkoak berak gehiago jartzen duela laguntzetan. Araban ez, hemen, urte batetik bestera, gero eta gehiago estutzen zaituzte diru-laguntzetara heltzeko modurik izan ez dezazun. Arabako Diputazioak ez dio abeltzainari behar beste laguntzen. Bizkaian, makineria erosi nahi duenari %40ko laguntza ematen diote. Araban, %10. BEZaren erdia ordaintzeko ere ez duzu.

Laguntzak nekez du inor konformatzen.

Begira, oraintxe egin digute diru-laguntzetako plana Jaurlaritzan. Guztizko intentzioan egin dute, baina aurrekonturik gabe. Diputazioen diru-laguntza txikiak, abereak gizentzeko laguntzak… hau, hori eta hura, eta aurrekonturik ez. Gu horretaz hitz egiten batzarrean, eta garai berean prentsaurrekoa ematen ari ziren Jaurlaritzako agintariak, ados ginelakoan, eta artean abeltzainok erabakitzeke genuen auzia. Arraroa, benetan!

Herdoilik ez duzu mingainean: saltoki handiak, Diputazioa, Jaurlaritza, Eusko Labela…

Oker egon ninteke, ez naiz jainkoa… Beste ohar bat: behi eroen garaian harakinek atera zizkieten abeltzainei babak eltzetik. 150 harategi dira Eusko Labelean, Araban ez dira asko. Oraindik orain, saltsa izan da hor ere, Administrazioaren araudi berri bat tarteko: labelduntzat eman nahi zituzten edozein lekutan jaiotako txahalak, berdin Caceres, Kantabria nahiz Burgosen (Espainia), edo berdin Frantzian. Baldintza bat izango zen, ordea: erkidego honetan labelaren barruan dagoen abeltzainak gizentzea kanpoan jaiotako txahal horiek. Baldintza hori betez gero, labelduntzat emango zuten kanpoko txahala. Eztabaidak izan dira, eta kanpoko txahalaren sarrera murriztu dute.

Eusko Label harategiak abiaraziko dituztela irakurri dut.

Bai, Basque Country izena jarriko diete horiei ere orain.

Kar, kar…

Horixe, bada!

Barrez ari gara, baina hauxe panorama! Ez dakit, bada, zer pentsatu.

Pentsatu? Ezer ez pentsatu! Goazen behiak ikustera mendian gora, Gongara. Alaiagoa izango da eguna. Eta gogoan hartu: behiak ematen duen dirua, behiarentzat da. Ez dago irabazirik. Emazteak etxetik kanpora lan egingo ez balu, pentsatu ere ez nik abeltzain aurrera egitea. Edo beste modu batera beharko luke. Ez dago etorkizunik. Seme-alabekin, adibidez, hitz egin ere ez dugu egiten behiekin segitzeari buruz. Hitzik ere ez gai hauetaz.

Azken hitza:
‘Txolin!, txolin!’

Gonga muinoan barrena, urruti ikusi ditugu behiak. Hurreratu gara, Koldoren atzetik ni, argazki ateratzen. Sakabanaturik behiak, han hasi da gure abeltzaina “txolin!, txolin!”, eta hantxe etorri zaizkio mantso baldar behiak ondora. “Txolin!, txolin!”, Koldok azken hitza bere.

Handi, txiki

“Problema handia dugu haragiarekin. Kontsumoa ere asko jaitsi da. Harakin gutxi ari dira behar bezala lanean. Saltoki handiek, berriz, borroka handia dute elkarren artean, min handia egiten diote batak besteari, eta haien borrokak, berriz, peko erreka jotzera eramango ditu harategi txikiak berandu baino lehen”.

Serengeti

“Akabo Afrikako Serengeti gure Administrazioko teknikarien esku balego. Zoratu egingo lirateke. Tanzaniako iparraldeko ekosistemaz arduratu beharko balira, fin gaizto egingo lukete beren lege, araudi eta gainerako. Ezinezkoa izango lukete hartaz Gorbeialdeaz arduratzen diren moduan arduratzea!”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lehen sektorea
Laborantza lurrak babesteko barazki landaketa herrikoia antolatu dute Marienean

Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-04 | Euskal Irratiak
Beñat Molimos: “Herritarren babesari esker du Laborantza Ganbarak iraun hogei urte hauetan”

Euskal Herriko Laborantza Ganberak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez.


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


ANALISIA
EH ez da salgai, legedia ere ez

Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]


2025-03-17 | Garazi Zabaleta
Giberri gazta
“Gaztetatik ditugu ahuntzak, honetatik bizitzeko apustua egin nahi dugu orain”

Ubidekoak (Bizkaia) dira Imanol Iturriotz eta Aritz Bengoa gazteak. “Lagunak gara txikitatik, eta beti izan dugu buruan abeltzaintza proiektu bat martxan jartzeko ideia”, azaldu du Iturriotzek. Nekazaritzari lotutako ikasketak izan ez arren, baserri munduarekin eta... [+]


Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?

Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen sektoreak nozituko du gehien norgehiagoka... [+]


Laborantza lurren zaintzeko Peio Dufau abertzaleak aurkeztu legearen alde egin du Frantziako Legebiltzarrak

203 diputatu alde eta hiru aurka agertu dira martxoaren 11 gauean egin bozketan. Higiezinen agentziak haserre agertu dira, eta bi salaketa aurkeztu ditu FAIN Frantziako Higiezinen Federazio Nazionalak Europako Batzordean. Bata, lege-proposamenari esker botere gehiago jasoko... [+]


2025-03-10 | Garazi Zabaleta
Bordaxaki
Euskal txerriak hazteko eta eraldatzeko proiektu txikia Nafarroako Pirinioan

Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]


2025-02-25 | Euskal Irratiak
Laborantzaren orientazio legea: garaipena eskuinarentzat, porrota ingurumenarentzat

Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Frantziako Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen... [+]


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


Eguneraketa berriak daude