75 urte bete dituen egunean (maiatzaren 3an) iragarri du Xabier Amuriza Sarrionandiak bertsotatik erretiroa hartu duela. 1980an, txapela buruan, bertsogintza irauli eta bertso eskolak martxan jarri zituen eta geroztik etengabe aritu da bideak urratzen.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan eman zuen albistea: “Nire gazia eta gozoa gaur da. Gaur egiten ditut 75 urte eta entzule guztiei jakinarazi nahi diet, gaur hartu dudala bertsolaritza uzteko erabakia. Jendaurreko ibilera uztera noa. Gaurko egunez, 7 urte egin nituen egunean, tabernan kantatu nuen jendaurreko lehen bertsoa, aitarekin. Beste sasi bertsolari batek txapela pasa zuen eta garai hartarako dirutza batu zuen. Geroztik, hemen gaude. Gaur amaitu dut ibilbide hori”. Azken hiru saioak aipatu zituen, ingurukoek azkenak izango zirela jakinik antolatu zituztenak: apirilaren 22an Legazpin; Bilboko San Anton plaza atzeko tabernetan; eta gehien “hunkitu” duena, apirilaren 29an Altzon. Altzon egin zuen hura, “azken” jendaurreko bertso-afaria, alaba Mirenekin egin zuen. Erreleboa emanda utziko du, beraz, plaza. (bertsoa.com-en dago ikusgai Altzon egindako elkarrizketa eta kantatu zuen azken agurra).
1965ean apaiz egin zen, eta 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan. 1976an utzi zuen apaizgintza eta bertso ibilbideari ekin zion. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980 eta 1982an. Bertsozale Elkarteko Datu Baseak aitortzen duenez: “1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen”. Atzetik etorri diren puntako hainbat bertsolarik aitortu dute Amurizak eurengan izandako eragina, besteak beste, Andoni Egañak.
Bertsolari jaio egiten zela esaten zen garai hartan (80ko hamarkadan) Amurizak “Hori bada baldintza, zuek jada betetzen duzue! jaio zarete!” egiten zuen aldarri, ondoren, bertsotan ikasi egiten zela azaltzeko. Bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako ikastaro horietatik sortu ziren. Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen.
Bertsolari Txapelketa Nagusian Txapelduna izan zen 1980an eta 1982an eta hirugarren 1986an.
Bertsozale Elkarteko Datu Baseak dioenez, 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen, berak “Saio integral” deituak): Lazkao Txiki bat-bateko sorgina, haren pasarte eta bertsoekin emanaldia; Mende baten aldarriak XX.ean jarriak, hautatutako bertso politiko eta sozialen bidez historian ibilbidea egiten zuten Jon Maiak eta biek; Harri eta herri, Arestiren poesia hautatuekin emaniko hitzaldi-errezitaldia.
Aurrerantzean sormena erabat idaztera bideratzea erabaki du Amurizak. Lehendik ere obra aberatsa du, argitaratuak ditu bai bertso liburuak, nola biografia, itzulpen, eleberri, poesia eta saiakerak.
Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria jaso zuen martxoan Xabier Amurizak Olaso Dorrea Fundazioaren eskutik, lau urtean eman dioten hirugarrena –Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria dira besteak–. Horren aitzakian bildu, eta... [+]
Entzule guztiak adi-adi, ikusminez, zain eta halako batean agertu da Xabier Amuriza taula gainera. Beltzez jantzita, solemnitate ukitu bat ere nabari zaio. “Bat-batean konturatu nintzen Ulises nintzela”, ekin dio errezitaldiari. Hala, munduko gorabeherak ikusten,... [+]