M15

Plazetan hasi, agenda politikoa aldatzen bukatu

  • 2011ko maiatzaren 15ekoak jokoz kanpo harrapatu zituen Euskal Herriko zenbait eragile politiko. Benetako demokrazia eskatuz plazak okupatu zituzten herritarrek klase politikoa ordezkaritza-krisian murgildu zuten eta hemen ere sumatu dira ondorioak, Podemos alderdiak jaso dituen botu forman. Bost urte atzera egin dugu tarte honetan gertatu dena ulertzen saiatzeko.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

John Reed kazetariak idatzitako errusiar iraultzari buruzko Mundua asaldatu zuten hamar egunak liburukoa da pasartea: alderdi Sozial-Iraultzaileko kide bat haserre ari da hizketan boltxebikeen kontra. Esaten du nekazariek ez dutela bat egingo iraultzarekin. Kazetariak galdetzen dio ea zergatik, zein den problema. Boltxebikeek aurkeztu berri duten lurrari buruzko dekretua da desadostasunak sortzen dituena?

–Ah, lurrari buruzko dekretua! –oihukatu zuen sutan–. Ba begira, ba al dakizu zer den dekretu hori? Gure dekretua da, oso-osorik Sozial-Iraultzaileon programa da! Nire alderdiak zedarritu zuen politika hori, lagun nekazarien desioak xehe-xehe aztertu ondoren. Lotsagarrikeria da haiek aurkeztea…

“Baina zuen politika hori bada” erantzun zion Reedek, “ez ditut ulertzen zure eragozpenak”. Anekdotak erakusten du alderdi politikoen funtzionatzeko modua zein paradoxikoa izatera ailegatu daitekeen: proiektu politiko bat defendatzeko sortuak izan arren, ordezkaritza-tresna ere badirenez, badirudi batzuetan garrantzitsuagoa bihurtzen dela nork egin dituen gauzak, egiten diren gauzak eurak baino.

Bazirudien 1978ko Trantsizioaren kontra borrokan urteak pasa zituen gizarte sektoreak interesez baino mesfidantzaz begiratzen ziola Sol plazari

Anekdotak balio du ia mende bat geroago Euskal Herrian gertatu zena esplikatzeko ere: 2011ko maiatzaren 15ean, Udal eta Foru hauteskundeak baino astebete lehenago, “Benetako demokrazia orain” lemapean antolatutako manifestazio baten ondoren milaka herritarrek Madrilgo Sol plaza okupatu zutenean, ezker independentistan nagusitu ziren erreakzioek Sozial-Iraultzaileen alderdiko kidearen haserrearen antza dute. Espainiako demokrazia falta salatzen zutenen aurrean ezker abertzalearen zentzumen araknidoak “guk hori aspalditik esaten genuen” esanez erantzun zuen. Bazirudien, 1978ko Trantsizioaren kontra borrokan urteak pasa zituen gizarte sektoreko zenbait bozeramailek, interesez baino, mesfidantzaz begiratzen zietela Espainiako gauzen ordenaren kontra agertzen hasi ziren herritarrei.

Eta irakurketa horren arabera, pixkanaka Espainiako Estatu osoan hedatzen ari ziren kanpaldiak hemengoa ez zen agenda politikoari erantzuten zioten –nahiz eta hori neurri batean bakarrik zen egia–. Urte askotako ilegalizazioaren ondoren hauteskundeetara aurkezteko aukera eskura izanda, boto-lehiara bideratu ziren indarrak.

Lau hankako mahai zahar hura

Une hartan zaila zen antzematea M15 mugimenduak ekar zezakeena. Bilboko Arriagan, Donostiako Boulevardean, Iruñeko Gazteluko Plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan ere egin ziren kanpaldiak, baina nork uka, Espainiako zenbait hirirekin konparatuz gero, mugimendua ahulagoa izan zen. Epe laburreko ikuspegiak esaten zuen diferenteak zirela testuinguruak, funtzionatzen zuela EAJtik ezkerrera kokatzen ziren abertzaleen indar-metaketak, sekulako giharrarekin sartu zela Bildu instituzioetan. Probintzia hauetako tertulia mediatikoetan Trending Topic bihurtu zen lau hankako mahaiaren kontzeptua: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk osatutako taulak urte askorako garantia zeukan. Ezker Batuko lau boto-emaileak hiru aukera diferentetan sakabanatuta, nork pentsatu behar zuen bosgarren espazio politikoan momentu hartan?

Hortaz, bakegintzarekin eta burujabetzarekin loturiko gaiak izango ziren, aurreikuspen ia guztien arabera, hurrengo urteetako joko-zelaia marraztuko zutenak eta ez gai “sektorialak”. Alegia, ordura arteko tematika berdina, baina hilketa, atxiloketa, tortura, mehatxu eta beste hainbat gertakari beldurgarririk gabeko markoan. Oso testuinguru diferentea ezkerreko abertzaleentzat, zerumugan EAEn indar nagusi bihurtzeko benetako aukerekin –2012ko hauteskundeetan hortxe-hortxe ibili ziren–.

Plazetara jaitsi ez zen jendearen M15 bat ere izan zen. Eta horrek bai, eragina izan zuen Euskal Herrian (argazkia: Olmo Calvo)

Baina itzul gaitezen Sol plazara. Urtebete geroago, 2012ko maiatzaren 12tik 15era bitartean antolatutako mobilizazioetan, argiago dago M15a hartzen ari den bidea: gizarte-mugimendu ugari biltzen duen fenomeno izatera pasa da, aldarrikapenak konkretuagoak dira; egoera sozialaren aurrean “zerbait” egin nahi duten askorentzat, lehenbiziko esperientzia politikoa edukitzeko plataforma bihurtu da, politika gizarte antolamenduan eragiteko ekintza gisa ulertuta, noski; ez alderdi politikoek egiten dutena bakarrik.

Hori baino gehiago da gainera, badago M15 bat plazetan baino, herritar askoren kontzientzian gertatzen ari dena. Eta hori Euskal Herrian ere sumatzen da, ordurako badaude seinale nahiko argiak: Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten berri eman zuten egunkariek 2012ko maiatzaren 15ean bertan. EAEn, 15 urtetik 29ra bitartean daudenen artean %50ek begi onez ikusten du momentu hartan M15 mugimendua, mobilizazioetan %14ak bakarrik parte hartu duen arren. “Irratietako eta telebistetako M15a da, inoiz asanblada batera edo plaza batera jaitsi ez zen jendearena, M15arekin enpatia sentitzen duen gehiengo sozialarena. Eta horren itzulpena ez zen izan errepresentazioaren kritika orokor bat, indarrean zegoen ordezkaritzarena baizik”, azaldu du Eduardo Maura EAEko Ahal Duguko idazkari politikoak Rebelion webgunean hil honen hasieran egin dioten elkarrizketan. “Beste M15 hori, imaginarioena, kantuena, esloganena, telebistarena, indartsu sartu zen Euskadin eta ezker abertzalea zaharren aldean utziz egin zuen”.

Bi momentu politiko teilakatuta

Beste era batera ere esplika daiteke: garai politiko berri bat beharrean, bi ari ziren sortzen Hego Euskal Herrian 2011-2012 inguru horretan, bata bestearen gainean teilakatuta. Lehena Euskal Herriko fenomenoa zen nagusiki, euskal gatazka hemen fokalizatuta baitzegoen, Espainian eragina zeukan arren. Bigarrena berriz, denborak gainean kokatu duena, Espainiako Estatu osoan gertatu zen eta hemengo alderdien agendan leku handirik izan ez zuen arren, gizarteak arretaz jarraitu zuen, egoera sozial zailari erantzun positiboa ematen ziolako.

Erritmo diferenteak izan dituzte bi garaiok: euskal gatazkaren amaiera lokatzetatik atera ezinda geratu da. Plazetan hasi zen mugimendua berriz, kapituluz kapitulu Espainiako eta Hego Euskal Herriko politika ulertzeko moduan eragin sakona izaten ari da.

Bi momentu politiko teilakatzen hasi ziren 2011. urtean: euskal gatazkaren amaiera eta Espainiako Trantsizioaren Kulturaren krisia

M15a baino lehen, politikak problema narratibo handiak zeuzkan Espainian, bi aktore nagusik elkartrukatzen zuten tronu-jokoa besterik ez zelako. Baina telesailak ez zeukan sekulako arrakastarik, are gutxiago estatua modernitatean sartu izanaren banderarekin paseatzen zen PSOEk 2010eko maiatzaren 12an Nazioarteko Diru Funtsari eta Europar Batasunari men egin eta murrizketa plan gogor bat onartu zuenetik: 15.000 milioiko artazi-kolpea. Hasiera besterik ez zen: atzetik etorriko ziren 2010eko lan erreforma, aurrezki kutxetan kapital pribatuak sartzeko legedia aldatzea eta, batez ere, ia bost milioi langabetu. Katastrofe bat, estatuari berniz soziala ematen zion alderdiaren eskutik. PSOE maila horretaraino botere finantzarioen menpe ikusteak espainiar askoren txipa aldatu zuen: bere burua klase ertain gisa irudikatzen zutenek ulertu zuten ongizate estatua bukatua zela, oihanaren legea zetorrela eta bizi mailan atzera egiteko arriskua edozein kale bazterretan zain zeukatela –hipoteken ezpata buru gainean, sektore publikoaren kontrako neurriak…–.

Ohiko agente sozialen erantzunak ere izango zuen zerikusirik plazak okupatzearekin: Zapateroren Gobernuak hartutako neurrien kontra 2010ean UGTk eta CCOOk deitu zuten greba orokorraren lehen lerroan agertu eta hilabete eskasera, Valeriano Gomez sindikalistak Enplegu ministro kargua hartu zuen Espainiako Gobernuan. Erabaki obszeno horrek erakusten zuen langileen eskubideak defendatzeko sorturiko erakundeak gizartetik zein deskonektatuta zeuden; inolako eragilek ez zuen bere gain hartzen Espainiako herritar askoren ezinegona kanalizatzeko lana. “Ez gaituzte ordezkatzen” ez zen kasualitatez bihurtu M15aren lema nagusietako bat. 

Benetako demokrazia eskatzen zuten aldarrien eraginez, klase politikoa ordezkaritza-krisian sartu zen 2011tik aurrera Espainian. Hemen aldiz, prozesu hori konplexuagoa izan da (argazkia: Olmo Calvo).

Non ari dira gauzak gertatzen?

Aldiz, euskal gizartea “ordezkatzen gaituzue” esaten ari zitzaien ezker independentistari eta euskal sindikatuei. Edo itxura hori ematen zuen behintzat ilegalizazio osteko hauteskundeen emaitzak ikusita. Hemengo sindikatuak ere eskubide sozialen murrizketari erantzuten askoz aktiboago aritu ziren: 2009tik 2013ra bitartean zortzi greba orokor izan ziren Euskal Herrian, horietatik bost ELAk eta LABek deituta, beste bat UGTk eta CCOOk ere babestua eta bi baino ez egoitza Espainian duten sindikatuen deialdiari jarraituz.

Mobilizazioak ez ziren nolanahikoak izan eta mota horretako ekintza sindikalaren mugak agerian geratu ziren arren –ez zetorren ezer berririk egun bateko geldialdien ondoren, EAEko erakundeek beti argudiatu ahalko zuten egoera Espainiakoarekin konparatuz ez zela hain larria–, askoren imaginarioan oraindik Euskal Herria zen kolpe finantzarioaren aurkako borrokaren abangoardia. Narratiba horren arabera, “benetako politika”, pertsonen eguneroko bizitzan eragiten duen hori, nagusiki Euskal Herrian kokatutako fenomenoa zen. Gatazka armatuak intentsitate berezia –eta dramatikoa– ematen zion hemengo alderdien lehiari, administrazioa kudeatzeko norgehiagoka arrunta baino askoz indartsuagoa zen, eta gizartearen esparru ia denak ukitzen zituen.

Euskal Herriko ezkerrak bazeukan sinesgarritasun nahikorik kolpe finantzarioari erantzuteko; ez ordea gatazka soziala termino diferentetan planteatzeko

Euskal Herriko ezkerrak testuinguru horretan ordezkaritza-mekanismo sendoak zeuzkan, baina 2011ko maiatzeko momentuak paradoxa bat erakusten du: agenda soziala guztiz aldatu eta subjektu berriek –etxegabetua, prekarioa, lan bila emigratu behar duen gaztea…– protagonismo handiagoa hartu zutenean, erantzun klasikoak nagusitu ziren hemen, ohiko eragileek hori egiteko adina indar eta sinesgarritasun bazeukatelako. Ez ordea botere ekonomikoen aurkako gatazka termino diferentetan planteatzeko. Eta zerbait berriaren bila ari zirenek Dolby Surround kalitatean entzun zuten nobedadeak, orain, beste nonbaitetik zetozela. Hortik aurrera kontua jada ez da mugatuko Euskal Herria ala Espainia dikotomia politiko-sozialera, imaginario berri eta zaharren arteko talka kulturalak ere izango du zeresanik. Terreno horretan, puntu batetik aurrera, gauzak beste nonbait gertatzen ari dira eta ez hainbeste Euskal Herrian.

EAJk ere ulertu duen zerbait

Bi alderdik irakurri dituzte egokien duela bost urtetik nabaritzen diren gertakari horiek denak. Bat Podemos-Ahal Dugu da, noski. Zenbaitek Pablo Iglesiasen alderdia M15aren itzulpen elektoral gisa ulertu badu ere, operazioak konplexuagoa dirudi, besteak beste ez delako batere erraza alderdi politiko bat sortzea ordezkaritza instituzionala errotik kritikatzen hasi zen mugimendu batetik –beste batzuk saiatu ziren, Partido X delakoa kasu, eta emaitza oso eskasak izan dituzte–. Iglesiasek 2014ko Europako hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuenean mugimendutik kritikak jaso zituen, baina geroztik lortutako emaitzekin moreek asmatu dute alderdikrazia gehien kritikatzen zutenetako batzuk ere euren zirkuluetara erakartzen.

Lortu dute, era berean, M15ean parte hartu ez zuten herritarren M15a izaten ere, iritzi publikoaren balorazio ona zeukan mugimenduaren unibertso sinbolikoa baliatuz. Eta batez ere, asmatu dute euren eskaintzarentzat marko aproposa sortzen: “politika zaharra vs. politika berria” edo “kasta vs. jendea”, M15aren interpretazioak dira klabe hegemonikoan. Hori bai, interpretazio horiek nekez funtzionatuko zuten hautesle kopuru handi batentzat, lehenago gizarte-mugimenduek sakoneko aldaketarik ekarri izan ez balute. Komeni da puntu hori azpimarratzea, ezker independentistatik Podemosi buruz egiten diren zenbait irakurketak alderdiaren ingeniaritza politikoa azpimarratzen baitute, hura posible egin duten fenomeno sozialez eta kulturalez ahaztuta.

EAJk jakin du bere burua berrasmatzen azken bost urteetako ezinegon sozialari erantzun kontserbadore egokia emateko. "Hemen hobeto kudeatzen da" estiloko diskurtsoek ezinegon soziala estali dute

EAEn M15aren esanahia irakurtzen jakin duen beste alderdia EAJ izan da. Krisi egoera baten aurrean gizarteek erantzun diferenteak eman ditzakete eta horien arabera, aldaketa-dinamikak bultzatu edo ez. Espainian klase ertainaren ameskeria amaitu dela onartzen lagundu zuen suminduen mugimenduak. Ongizatea “berreskuratu” beharreko zerbait izango zen aurrerantzean eta promesa hori sinesgarritasunez egiteko aukera ez zegoen alderdi gehienen esku.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berriz, imaginario kolektiboan ez da hain ondo txertatu ongizate-estatua zenbat kaltetu duten azken urteetako neurriek. EAEn lan erreformek, murrizketek eta prekarizazio giroak begi-bistako ondorioak dituzten arren, “hemen hobeto kudeatzen da” estiloko diskurtsoek gogor jo dute arrakasten zerrendetan eta EAJri ez zaio gaizki etorri Espainiako klima, argazki horren ondoan jarrita planta oneko ageri delako.

Nazionalismo tradizionalak bere burua berrasmatu du azken bost urteetan. Lehen euskal herritar “normalaren” alderdia baldin bazen, efektu hori biderkatu egin da krisi urteetan: beraiek dira enplegua sortzeaz hitz egiten dutenak, enpresez, familiaz. Ondo ulertu dute egoera sozial konplikatuek herritar askorengan sortzen duten babesgabetasun sentsazioa eta erantzun kontserbadore eraginkorra prestatu dute, marko konparatibo bat non, zenbaki guztiek dioten Espainian baino hobeto bizi garela.

Inork ez du aldaketarik eskatuko gauzak hain gaizki ez doazela pentsatzen badu. Eta egoera beste lekuetan baino hobexeago egotearen arduraduna EAJ dela uste badu, botoa emango dio berriz ere, asaldura handirik gabe. M15aren antitesia da, plazetako mugimendua bezain anonimoa eta jendetsua, baina esloganik, asanbladarik eta eraldaketarik gabea. Bizirautearekin konformatzen den pertsona arruntaren aukera. Grisa, euskal politika hartzen ari den kolorea bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M15
Maskara hau ezagutzen? Haren sortzailea Gasteizen izango da laster

David Lloyd, V for Vendetta komiki ezagunaren sortzaileetako bat, Gasteizen izango da otsail hasieran. Ignacio Aldecoa kultur etxeak eta Caracola Comic-ek hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte komiki horren inguruan.


2021-07-14 | Axier Lopez
Pablo Iglesias Turrión
"Komunikabideen izaera publikoa aldarrikatu behar dugu, ez objektibotasuna"

Madril du bizitoki eta sorleku 1978tik. Politika-zientziak irakasten ditu Madrilgo Complutense unibertsitatean. La Tuerka eta Fort Apache solasaldi politikoen aurkezlea delako ezagutzen dugu. Blogaria da Publico.es webgunean, eta aurki zinema eta politikari buruzko liburua... [+]


2018-11-13 | Iñigo Igartua
Madrilen M15a hasi zen gauean atxilotu zituzten hamalau laguni 74 urteko espetxe zigorra eskatzen die fiskaltzak

18-26 urte bitarteko hamalau auziperatuei, desordena publikoak, kalteak, lesioak, erresistentzia eta autoritateari eraso egitea leporatzen diete. 15M libertad izeneko babes kolektiboak absoluzioa eskatu du.


Marina Garcés
“Borroka konkretu bakoitzean guztia dago jokoan”

Ideia sakonak ulergarri eta ukigarri egiteko gaitasun harrigarria dauka Marina Garcés filosofo kataluniarrak (Bartzelona, 1973), pentsamendua eguneroko bizipenekin konektatzeko argitasuna; eta bizi ditugun garai nahasi hauetan, jarrera bat: eraldaketaren aldeko apustua... [+]


Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


2016-07-04 | Estitxu Eizagirre
Gipuzkoa Zutik izan den bidaiaz, Fernandez Savaterrekin hausnarrean

Egunak joan ahala, biziraupenaren larritasunik gabe eta denboraren prespektiba lagun, 23 egun iraun zituen Gipuzkoa Zutik kanpaldiari buruzko analisiak gehitzen doaz. Hainbat kidek Amador Fernandez Savaterrekin izandako elkarrizketatik ideia hauek bildu ditugu.


M15ak 4 urte: mugimenduak kaleak hartuko ditu hauteskunde bezperan

Lau urte bete dira M15 mugimenduak Espainiako Estatuko hirietako plazak hartu zituenetik. Mayo Global 2015M koordinadorak larunbaterako mobilizazioak deitu ditu Espainiako hemeretzi hiritan. Era berean, maiatzaren 23an, hauteskundeen bezperan, mobilizazioa deitu du.


M15 mugimenduari hasiera eman ziotenentzat 74 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak

2011an M15 mugimendua eragin zuen manifestazioan atxilotutako 14 gazte inputatu dituzte, hiru urte eta bost hilabete geroago.


“Protesta oro jazarri eta zigortzea da lege honen helburua”

Herritarren segurtasuneko lege-proiektua onartu zuen ostiralean Espainiako Ministroen Kontseiluak. Hainbat eragile sozialekin eta organismo publikoekin hitz egin ostean, lege-proiektuan aldaketa batzuk onartu dituztela azaldu du Fernandez Diaz Barne Ministroak. Hala ere, askok... [+]


2014-07-08 | ARGIA
Absolbitu egin dituzte Kataluniako parlamentua inguratzeagatik auzipetutakoak

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu Kataluniako Mossoek aurkeztutako frogak onartu, eta absolbitu egin ditu 2011ko ekainaren 15ean murrizketen aurka egindako Aturem el Parlament ekintzagatik auzipetutako hogei lagunetatik hemeretzi.


2014-05-29 | Ane Lusarreta
Podemosen arrakastaren lau gako

Eduardo Muriel kazetariak Podemosek Europako hauteskundeetan izan duen arrakasta aztertu du La Marea hedabidean.


Rockdelux eta espektakuluaren prentsa

Oso komentatua ari da izaten Rockdelux aldizkariak Nacho Vegasi egin dion azken elkarrizketa. Eta ez kontu musikalengatik, hain juxtu.


2014-03-26 | Ane Lusarreta
“Herritarren segurtasunerako legea” moldatuko dutela dio Fernandez Diazek

Espainiako Barne ministerioak “Herritarren segurtasunerako legea” aldatuko duela adierazi du, jaso dituen kritikek eraginda.


Eguneraketa berriak daude