Irrien Lagunak klubeko Ane Pirata da Anabel Arraiza aktore eta musikaria. Irrigintzan eta herrigintzan batera aritu daitekeela erakusten digute irrizaleek.
Gaztetxo zela aktore hasi zen zineman Mirentxu Purroyren Denboraren gibelean filmean. Telebistara egin zuen jauzi eta zortzi urtez Sara izan zen Goenkale telesailean. Ondoren Sorginen Laratza saioan aritu zen bi denboraldiz. Musikari gisa bi disko kaleratu zituen Triki ta ke taldearekin. Gaur egun bi antzezlanetan ari da eta Irrien Lagunak klubeko kidea da. Ane Pirata da jendaurreko emanaldietan eta, horrez gain, ekimenaren eta aldizkariaren kudeaketan dabil buru-belarri. Behar bereziak dituzten haurren familien Euskal Herri osoko 30 bat elkarterekin ari dira lanean irrizaleak, Bizipoza elkartasun sarea ehuntzen.
Noiz jarri zinen lehen aldiz kameraren aurrean?
Ama San Fermin ikastolako andereñoa zen, Iruñean, eta han ikasi nuen. Batxilergoa egiten ari nintzela, egun batez Mirentxu Purroy casting bat egitera etorri zen. Musika ezagutzak genituenok aurkeztu ginen eta Denboraren gibelean filmean parte hartzeko aukeratu ninduten. Handik gutxira ikaskide nuen Asier Andueza etorri zitzaidan esanez ETBn casting bat egiten ari zirela telesail berri baterako eta hara joan ginen biok. 1994ko udan egin genuen proba. Bukatu berria nuen UBI eta Lakuntzako igerilekuko taberna kudeatzen nuen. Han nengoela deitu zidaten hartu nindutela esateko. Beraz, unibertsitatera ordez, Goenkalera joan nintzen. 18 urterekin hasi eta zortzi urtez aritu nintzen. Ondoren bi urte egin nituen Sorginen Laratzean. Telebistako hamar urte horiek nire gaztaroa izan ziren. Hamaika gauza egin nituen nik.
Gogorra izan zen?
18 urterekin nola izango zen gogorra? Goizeko zazpietan hasten ginela izaten zen txarrena, besterik ez. Amak autoz eramaten ninduen Irurtzuneraino, han Roncalesa hartu eta Leitzaran osoa, mendatea gora, mendatea behera, Donostiaraino. Eta gero, Miramoneraino iristeko taxia hartzen nuen egunero. Halako batean, konfiantza pixka bat hartuta, makillatzen ari ginela, lankideei eskatu nien esateko mesedez zein zen Miramonera joateko hartu behar zen Villavesa. Noski, ez zidaten ulertu.
Lana oso dibertigarria zen. Jolas modukoa niretzat. Makina bat aldiz joan nintzen lo gutxi eginda edo batere lorik egin gabe, baina gidoiak ikastea ez zen batere zaila niretzat.
Zer gertatu zen Sara, zure pertsonaiarekin?
Ez dakit. Desagertu egin zen, besterik gabe. Denboraldiaren amaieran Joseba medikuarekin ezkonduta nengoen eta haur bat adopzioan hartu berria genuen. Hurrengo denboraldiaren hasieran hantxe zeuden Joseba eta haurra, baina Sararen arrastorik ez. Gero Josebak izan zuen beste bikotekide bat… Hil, ez nintzen hil, baina Sara non dabilen, auskalo! Hautsa kentzen Arraldeko txokoren batean, agian!
Zein izan da Goenkaleren ekarpenik handiena?
Goenkale talka handia izan zen, bere garaian horren modan zeuden Hego Amerikako folletoiekin lotzen genuelako. Horregatik askok gutxiesten zuten, jendaurrean bederen. Baten batek esaten zidan berak ez zuela ikusten, baina gero Sara deitzen zidan.
Bestalde, Goenkalek jende askori lana eman dio. Oro har, esan daiteke Goenkale eskola izan dela. Eskola ona. Ni, adibidez, ez nator antzerki eskolatik, baina egunero-egunero hainbeste profesional onekin lan egiteak asko erakusten dizu. Telebistak gainera, badu lotura puntu bat. Nik maite dut. Zinema pixka bat probatu dut eta gustatu zait nola mimatzen dituzten gauza guztiak, baina telebistak xarma handia du.
Euskararentzako ere garrantzitsua.
Gertuko hizkera zen. Hika, esate baterako, ordura arte apenas entzuten zen telebistan eta Goenkalen maiz erabiltzen zen. Hasieran, batzuentzat hotz suertatzen bazen ere, euskara ikasten ari zirenentzat edo oso giro euskaldunetan bizi ez zirenentzat lagungarria izan da Goenkale.
Lehenengo ataletan nafar bakarra nintzen, gero Iñaki Perurena sartu zen eta geroago Matxin. Niri esaten zidaten Lakuntzako hizkera erabiltzeko, baina oso zaila egiten zait lakuntzarra ez den norbaitekin horrela hitz egitea. Errazago egiten zait besteen hizkeretara moldatzen saiatzea. Izan ere, lankidea ondarroarra dut orain eta whatsappez ondarroeraz saiatzen naiz.
Zergatik utzi zenuen telesaila? Ala utzi egin zintuzten?
Goenkalen ari nintzen bitartean kolaborazioak egiten hasi nintzen Sorginen Laratzean, baina hor bazegoen lehia moduko bat. Goenkale Pausoka ekoiztetxekoa zen eta Sorginen Laratza ETBren produktua, eta bien buruek talka egiten zuten. Nik behintzat hala hartu nuen. Horregatik, Sorginen Laratzean kontratua egitea proposatu zidatenean bata edo bestea aukeratu behar izan nuen. Hala ere, oso ongi bukatu nuen Goenkalekoekin eta talde osoarekin.
Eta Sorginen Laratzean?
Badut arantza sartuta. Lanean bi urte igarota haurdun gelditu nintzen. Abuztuan jaioko zen haurra eta nik ekainean aditzera eman nien prest nengoela irailean itzultzeko, baina orduko zuzendariak esan zidan hobe nuela etxean gelditu alaba zaintzen. Haurrak eskertuko zidala. Horrek bai, mina eman zidan. Gainera telefonoz esan zidan.
Gizona zen zuzendaria?
Ez. Emakumea.
Horrek erre egin ninduen eta telebistatik urrundu nintzen, baita han ezagututako jendearengandik ere. Nire haurrak neuk hezteko erabakia hartu nuen. Hiru haurrak koskortutakoan hasi nintzen berriro lan munduan kukuak egiten. Arratsaldero saioan kolaboraziotxo batzuk egin nituen, adibidez.
Musikaria ere bazara.
Bai. Txikitatik ikasi dut akordeoia Altsasun, Lakuntzan eta Barañaingo kontserbatorioan. 14 urterekin jada hasi nintzen sosak irabazten kintoen festetan edo inauterietan. Gero ezkontza, bataio eta jaunartzetan hasi nintzen jotzen talde batean. Teklatuak jo eta abestu egiten nuen.
Geroxeago Triki ta ke taldean sartzea eskaini zidaten. Imanol Goikoetxea urdiaindarra zebilen eta berak deitu zidan. Bi disko grabatu genituen eta hiru urtez aritu nintzen haiekin, haurdun gelditu nintzen arte. Erruaren parte bat taldeko baxu jotzailearena izan zen [irriz dio]. Hiru seme-alaba ditugu, zaharrenak pianoa jotzen du, bigarrenak akordeoia eta txikiena laster bateriarekin hasiko da. Taldea antola genezake etxean!
Irrien Lagunak klubera nola iritsi zinen?
Zenbait pertsonaia egiteko aktoreak behar zituztela zioen iragarkia ikusi nuen Berrian 2011n. Nik proiektua ezagutzen nuen bazkideak ginelako eta curriculumaren partez mezu bat bidali nuen esanez “Anabel Arraiza naiz, aktorea eta musikaria, telebistan eta antzerkian aritua, eta hiru seme-alabaren ama”. Berehala deitu zidaten eta Mari Kalanbreren pertsonaia gorpuzten hasi nintzen.
Zure haurrak ez dira jeloskor jartzen ama partekatu behar izateagatik?
Saioa egin eta gero, haurrekin gelditu eta guztiei muxuak emateko ohitura dugu. Gure haurrak ni ikustera etorri ziren lehen aldian, han egon ziren zain, denak pasatu arte. Gero txikiak besarkatu ninduen estu-estu eta ezin askatu, “hau nirea da” esanez bezala.
Zer egiten duzu orain ekimen honetan?
Ai, zer ez dudan egiten nik! Orain Ane Piratarekin buru-belarri nabil eta familia giroko dantzaldia egiten dugu. Nire bi alderdiak batu ditugu: aktorea eta abeslariarena. Oso gertuko lana da, oso polita. Ezagutzen dituzu haurrak, familiak, hainbat egoera…
Edozein modutan ere, gure ardatz nagusia aldizkaria da. Haurrentzako argitalpenei dagokienez, hutsune bat zegoela ikusi zen. Guk gure garaian Ipurbeltz izan genuen, adibidez, baina orain mota horretako aldizkaririk ez zegoen, eta garai digitalean bizi arren, paperezko euskarria adin horretan oso garrantzitsua da. Aldizkaria argitaratzeak berarekin dakar sustapen lanak egin behar izatea: sare sozialetan zabalpen lan handia egitea, webgune bizia izatea…
Guk transmititu nahi ditugun baloreak dira elkartasuna, auzolana, bizikidetza, natura, osasuna, kultura, euskara eta zientziaren aldeko jarrerak. Klub hau balore horiek transmititzeko eratu zen eta helburu horrekin sortu ziren pertsonaia guztiak: Tiritatxo, Ane Pirata, Mari Kalanbre, Martin Bertso, Largabista…
Bizipoza elkartean ari zara.
Horrekin guztiarekin batera, urtetan landutako elkartasun harreman guztiak mantendu eta sustatzeko gogoa gorpuzten joan zen eta Bizipoza elkartea eratu genuen gizartegintza alorrean. Gaur egun 30 elkarte daude, behar bereziak dituzten haurrak eta haien familiak osatutakoak. Haur horien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten mota askotako elkarteak dira. Gaixotasunak dituzten neska-mutikoak dira edo bestelako familia ereduak, Espainiar Estatu mailan lan egiten dutenak edo Euskal Herrikoak. Mota askotarikoak. Harremanak sustatzen lan handia dago eta pertsona bat dago orain taldean soilik horretaz arduratzen dena. Elkarteek lan izugarria dute haien egunerokoan eta guk nahi duguna da haien errealitatea gizarteratzea, detektatzea zer behar afektibo eta materialak dituzten, eta pentsatzea nola lagun diezaiekegun. Azkena Nafarroako Chrysalis Adingabe Transexualen Familien Elkartea sartu da.
Zer egiten duzue elkarte horiekin?
Boluntario sare zabala dugu, haien artean Hik Hasi bezalako talde handiak. Beharrak dituzten elkarteak eta lanerako gogoa duten boluntarioak harremanetan jartzen saiatzen gara. Beraien baloreak oso garrantzitsuak dira, gure gizartean ere bai, eta elkartasunaren bidez euskarara hurbildu nahi ditugu familia horiek guztiak. Pailazoek askotan esaten dute: herrigintzatik sortu ginen, irrigintzan gabiltza eta harrogintzaz egiten dugu. Oso txikiak gara, euskal hiztunak ere gutxi garelako, baina ahal duguna egiten dugu.
Zer da Udal Irrizaleen Sarea?
Udalen artean josten ari garen sarea da, proiektuarentzako sostengu ekonomikoa lortze aldera. Laguntzaren truke gure aldizkaria eskola guztietara eramateko aukera eskaintzen diegu. Ematen du mundu guztiak ezagutzen gaituela, baina ez da egia eta gainera jendea oso nahasita dabil. Aldizkaria Pirritx, Porrotx eta Mari Motots baino gehiago da. Katxiporreta pailazo taldearekin batera, Elkar argitaletxeak eta Berriak osatzen dute Irrien Lagunak. Gurekin elkarlanean hamaika elkarte ari dira: Elhuyar, Urtxintxa, Txatxilipurdi, eta abar.
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots antzezlanetan aritzen dira eta batzuetan Irrien Lagunak klubaren zenbait emanalditan hartzen dute parte.
Baina Porrotx leku guztietan dago.
Egia da Porrotx mila lekutara joaten dela. Bi saio arratsaldean, eta goizean Seaskakoekin arituko da bera bakarrik beste saio bat egiten. Nik ez dakit egunean zehar zenbat aldiz margotzen duen aurpegia. Joxe Mari izugarria da!
Zenbat lagun ari zarete lanean?
Bizipozan bat eta Irrien Lagunak klubean hiru. Gutxi gara, eta gainera, ikusten ez den lan handia dago: bilerak, txostenak, administrazioko tramiteak…
Hori gutxi ez eta bi antzerki lanetan ari zara.
Bai. Iaz, hiru hilabetean biak estreinatu genituen: bat dramatikoa Zu gabe eta bestea komikoa Ekoetikopatetikobikoa. Dramatikoa eskaini zidatenean beldurrez hartu nuen umeen munduan murgilduta nagoelako orain. Gainera, lantzen duen gaia minbizia da. Nire aita duela bost urte hil zen minbiziak jota eta entseguak oso gogorrak izan ziren, dena nahasten zitzaidalako, baina oso ongi etorri zitzaidan. Sentimendu horiek guztiak dantzan izatea oso positiboa izan da. Beste lana oso dibertigarria da. Ordubetez ongi pasatzeko aukera.
Nola definitzen duzu zure burua?
Marisaltsera naiz. Gauza berriak probatzea gustatzen zait eta gainera euskaraz bada, bikain. Agian nik baino gehiago dakienari utzi beharko nioke gauza batzuk egiten, baina tira.
Edozertan ematen duzu izena?
Agian bai. Munduko lehen Emakume Mendi Maratoia egin zen iaz Sunbillan eta megafonia bidezko kontakizuna egiteko eskatu zidaten. Nik ez nuen ideiarik ere, baina mikroa hartu eta hor aritu nintzen isildu gabe, gustura, azkena iritsi arte.
Zer egiteko gogoa duzu?
Nire proiektua musikan. Baina ez daukat denborarik sormen lanetan murgiltzeko. Ideiak baditut, baina denborarik ez. Bestalde, adinekoentzat ere zerbait eginen nuke gustura, baina oraindik ez dut oso garbi.
Telebistara itzultzeko gogorik?
Bai, baina telebistan ez da ia deus ere produzitzen. Ez dut gertutik bizi, baina lehenagoko baldintzak orain ez daude jada. Saioen erredakzioan lau katu ari dira lanean, eta gainera haiek beraiek dira produkzio lana egiten dutenak eta saioa aurkezten dutenak. Horretara ohitzen bagara, gero nork altxa hori? Ez zait gustatzen egiten ari direna. Platoak hutsik daude eta diru guztia oso saio gutxitara joaten ari da.
Pailazoenganako magia 8-9 urtera arte luzatzen da. Gero haurrak urrundu egiten dira eta 16 urterekin berriz itzuli Maite zaitut gurekin kantatzera.
Bizipoza Elkartean hainbat behar dituzten haurren familien 30 elkarte biltzen dira. 4.000 familiaz ari gara hitz egiten, eta elkarrekin indar handiagoa egiteko aukera dugu. Adibidez, guk Real Sociedad Fundazioarekin hitzarmena sinatu genuen, eta gerora fundazio horrek Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin beste hitzarmen bat egin zuen. Horri esker Gipuzkoako haur guztiek kirola egiteko aukera dute. Proiektua gauzatzeko harremanetan jarri genituen bi aldeak. Batzuetan ezagutza-falta dago, baina argi dago elkarlanean oso emaitza onak atera daitezkeela.
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.
“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun... [+]
Aldarrikapen historikoa da euskara doan ikasteko eskubidea. Gaur egun, gori-gori dago gaia. Bi urrats esanguratsu eman berri ditu HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak C1 maila gainditu nahi duten gazteentzat eta A1 mailakoentzat. Hala, diru kopuru... [+]
Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]
Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.
Baionan eskaini dute prentsaurrekoa Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, beste behin ere euskararen egoera larria salatzeko. "Borondate politikoa" ukanez gero, larrialdi linguistikoa gainditu daitekeela argi utzi dute.