Mende erdiz, Biarnoko Lacqeko biztanleak kutsatu dituzte gas hobiak ustiatzean. Bailaran 1968tik 1998ra artean heriotza tasa %14 handitu zela demostratu zuen Bordeleko unibertsitateak, baina agintariek txostena ezkutatu eta ez diote jarraipenik eman ikerketa epidemiologikoari. SEPANSO elkarte ekologistak salatu berri du eta gordetako agiriak interneten jarri.
Lacq esanda euskalduna oroitzen da Pirinio frantsesean eskiatzera doalarik, edo Lourdeseko Andra Mariarengana erromes, Paue aurretik autopistatik ikusten diren gas tximiniez. Orain gehienak itzalita dauden arren, duela urte gutxi estanpa berezia egiten zuten sua dariela, Biarnoko artasoro eta behiz betetako larreen artean, Zuberoatik 20 kilometrora.
1951n aurkiturik, lurpean datzan gasa 1959an hasi ziren ustiatzen orduko zalaparta mediatiko handiarekin, 1965etik aurrera gas-hodietan zabaltzeko Frantziako hirietako etxeetaraino. Inbertsioak ekarri zituen gasak Biarnora, dirua usainak berotu zuen makal zebilen Paueko ekonomia.
Hogeita bost urte iraungo zuen zoramenak, 1987rako produkzioa motelduta –orduan inork ez zuen aipatzen erregaien peak edo gailurrik– Parisko gobernuak inguruko industriaren birmoldaketa antolatu behar izan zuen. 2013an amaitu zen azken gas hodiaren produkzioa. Orain Total multinazionalak dio bertan esperimentatzen dutela klima hondatzen duen gehiegizko CO2a metatzea gas hobi agortuetan.
Hasieratik Lacqeko urre kirastunak ere bazuen ipurdian zuloa: %16 hidrogeno sulfuro (azido sulfidriko) eta %12 CO2. Hain gas korrosiboa ezin zenez etxeetan erabili, Totalek teknologia oso bat antolatu zuen metildietanolamina erabiliz egunean milioi bat tonari sufrea erauzteko. Baina edozein arriskuk zirudien pazientziaz eramateko modukoa, Biarno XX. mende amaierako Eldorado berria bihurtu behar zuenez.
1960an Paris-Match astekariak erreportajea eskaini zion Lacqeko mirariari, Maurice Jarnouxen argazkietan erakutsiz –internetez ikus daitezke– herriko agintariak eskolako haurrei banatzenmaskarak, herritar guztiak etxean bezala kalean edo ostatuan beti aldean daramatzatela… Gasa fintzeko teknikak puntuan jarri bitartean, edozein unetan egin baitzezakeen ihes %16an sufrea zeraman lurrin hilgarriak. Baina munduak Paris-Matchen erreportaje txokantea hurrengo asterako ahaztua zuen.
Urte luzez egunean 700 tona sufre isuri zuten Elf eta Totalen birfindegiek. Eta 2002an, Bordeleko medikuntza fakultateko ISPED Osasun Publikorako Epidemiologia eta Garapen Institutuak ikertu zituenean 1968tik 1998ra arte isuriok herritarrei eragindako kalteak, aurkitu zuen 31 urtetan Lacq eskualdeari zegokiona baino 136 pertsona gehiago hil zirela.
60.000 lagun inguru biltzen duen Lacq eskualdea ikertu zen hiru zirkulu kontzentrikotan banatuta, bakoitza 22.000 biztanlekoa. Emaitzetan ikusi zenez, zenbat eta kutsaduraren iturritik hurbilago orduan eta gehiago ugaritzen ziren heriotzak. Gainera, denborak larriagotzen zuen arazoa: lehen hamarkadan arnasbideetako kantzerrak %34 ugaritu ziren baina 1990etik aurrera heriotzen kopurua %56 handitu.
Kantzerren kasuan, gas industriaren gertueneko zonan 31 urtetan heriotzak pasatu ziren beste zonaldeetakoak baino gutxiago izatetik %30-%40 ugariagoak izatera.
Nola ez zuen horrek eskandalurik eragin? SEPANSOko Michel Rodesek idatzi duenez, Gobernuak bezala lekuko hautetsiek nahiago izan zuten afera isiltasunean lurperatu, ondorioak larriegiak zirelako iritzi publikoaren aurrean. Baina 13 urte beranduago, 2015ean, Frantziako Kontu Auzitegiak bere txosten batean bildu du 2002an Bordeleko unibertsitateak esana: 136 heriotza gehiegizko gertatu zirela 65 urtez azpiko jendeen artean, heriotz tasa %14 handituz. Eta ekologistek gaiaren inguruko omertá giroa hautsi nahi izan dute bi agiriok interneten plazaratuz.
Ez ikertu, jendea ez asaldatzearren
Kontua da ikerlanari agintariek informazioa herritarren begietatik ezkutatzeaz gain osasun arriskuaren ikerketari jarraipenik ez diotela eman 1998tik aurrera. Aldiz, Frantziako Estatuak eta industriak BURGEAP konpainiari –besteren artean zentral nuklearrak desmuntatzen berezitua– enkargatu diote aztertzea zer arrisku daukaten herritarren osasunean Lacqen isuritako 140 edo gehiago kutsagarrien arteko bostek.
Gaur Lacqeko lurpeko gas gehienak ahiturik, airera ez dira jaurtitzen garai zaharretan bezala urtero 800 tona sufre eta 900 tona fluor. Baina eskualdean lanean darraite SEVESO katalogatutako 23 enpresa handik eta denetara badira 210 kutsadura iturri baino gehiago. ISPEDek ikerlana entregatuz geroztik kutsagai batzuk asko ugaritu dira: konposatu organiko lurrunkorrak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak eta abar luzea.
Ikertzen jarraitzea proposatzen zuen 2002an Bordeleko unibertsitateak. Aldiz, Biarnoko ARS Eskualdeko Osasun Erakundeak –haien Osakidetza-Osasunbideak– adierazi zuen: “Ikerketa epidemiologikorik egitea baztertu egin da, gizartearen eskaririk ez dagoelako, erabilgarritasuna garbi ez dagoelako eta garestia delako”. ARSeko goi funtzionarioaren beste argudio bat: “Horrelako azterketa bat abiatzeak bake soziala urratzeko arriskua pizten du”. Eta perla ilun hau: “Gogorarazi behar da Lacq inguruan nahiko jende gutxi bizi dela”. Herritarren biziak industriari sakrifikatzeko formula lotsagarriagorik...
SEPANSOk frogak internetez zabaldu arren, ez Parisko gobernuak eta ez Biarnoko hautetsiek ukitu nahi izan dute pozoinketaren afera. Bostek bakarrik sinatu dute idatzi bat eskatuz gobernuari ikerketa epidemiologikoari segida emateko, Laa Mondrans, Artix, Lasseube eta Billère herrietako zinegotzi banak eta David Grosclaude kontseilari erregionalak, bai, Okzitaniako hizkuntzarentzako gutxienezko laguntzak lortzearren gose greba egin zuen Grosclaude hura bera.
2016ko martxoaren 6an Paueko La Republique des Pyrenees egunkariak zabaldu du: “Kiratsa Lacq bailaran: auzotarrak berriro eztulka dabiltza”. Eta aurreraxeago: “Herritarrak kexu dira usain oso bortitz horiek osasunean dauzkan eraginez: buruko minak, goragaleak, azaleko eta begietako erresuminak, arnasketa arazoak…”.
Egunkariaren informazio berean Induslacq konpainiak herritarrei jakinarazten die egun batzuetan luzatuko dela beren tortura, “BP4/3 tximinian” su lama ikusiko dutela gau eta egun, galdara bat garbitzearren gasak isuri beharra dagoelako. Jende ahulentzako kalte.
SEPANSOk salatzen du: “Administrazioaren, hautetsien eta industriaren arteko konplizitatea dago auzitan. Orain artean ez dute egin hau besterik: denek batean kantatu ‘arrisku industrialaren kultura’ daukagula eta urtetik urtera batak besteari pasatu Lacqeko gasaren dossier beroa”.
Baina goi funtzionario hark esan bezala, zertarako ikertu, egia jakiteak bake soziala urratu lezake eta.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta... [+]