Europa bat-batean egitasmoaren baitan, Euskal Herrian izan dira Kurdistango, Sardiniako eta Kataluniako inprobisatzaileak, bertsolariekin batera abesten. Itzultzaileen laguntzari esker, lau tradiziok, lau hizkuntzak bat egin dute oholtzan.
Besterenetik gozatzeko eta gehiago ezagutzeko aukera eman digu Nazioarteko Topaketak, eta ezin horri uko egin: Bilbon lehen emanaldia eman ostean batu gara, banan bana, hiru hizkuntza gutxituetako inprobisatzaileekin.
SARDINIAKO CANTADORI-AK
Sardiniatik etorritako Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriek Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin batera eta launeddas musika-tresnaren erritmoan abestu dute Euskal Herrian. Sardinieraren gotorlekuetako bat da Poesia a bolu’ delakoa, uhartearen berezko kulturaren erakusgarri.
Zer aldaera daude zuen uhartean?
Sardinian bertan ohitura bat baino gehiago dago. Lau aldaera bereizten dira eta guk egiten duguna uhartearen hegoaldean baino ez duzu entzungo. Mutettu izena ematen zaio.
Inprobisatzaileen jardunari lagunduz, bigarren ahotsak aritzen dira, soinu grabedun basciu eta contra abeslariak. Zein da haien funtzioa?
Inprobisatzaileak botatzen dituen bertsoen arteko lotura egiteko balio dute basciu eta contra ahotsek. Mutettu longo izeneko modalitatean are garrantzitsuagoak dira, bertsoaldi luzeak izaten direlako eta bigarren ahotsek atalka banatzen dute kontakizuna.
Cantadorien lehiaketa eta topaketak egiten dira, ezta?
Bai, batez ere herrietako jaietan antolatzen dira. Lehen baino gutxiago egiten dira, baina mantentzen direnak indartsu daude, telebistan ere ematen dituzte. Lehiaketetan gehien baloratzen dena, gure kantuaren metafora ondo adieraztea da. Ezarritako gaia edo argumentua metaforen bidez azaltzea da gakoa. Argumentua euskal bertsolarien ofizioen gisakoa izaten da. Hori guztia metrikari eta errimari eutsita.
Gaur egun, cantadorien ohitura belaunaldiz belaunaldi transmititzen da?
Zoritxarrez, atzera egiten ari da. Oso gazte gutxi hasten dira honetan.
Zurekin etorri den beste cantadoria, Simone Monni, gazte-gaztea da, bada.
Bai, dauden gazte gutxi horietatik bat etortzea nahi izan dugu. Gainera, Simoneren kasua oso adierazgarria da, itxaropena ematen digu. Bere etxean italieraz baino ez zuten egiten, baina aitak eta anaiak inprobisatzaileak atsegin zituzten eta Simonek ikasi egin nahi izan zuen. Hala, pixkanaka, interesa hartzen hasi ziren eta, bide batez, sardiniera ere haien etxera itzuli da.
Cantadorien eta sardinieraren patua elkarri lotuta daudela uste duzu?
Bai, dudarik gabe, gure kantuaren eta sardinieraren biziraupena lotuta daude. Cantadoriak sortzeko, etxean sardinieraz hitz egiten duen jendea behar da. Sardinieraz hitz egiteko ohitura galtzen ari da, batez ere Casteddu, Tàttari eta herri handietan. Sardiniera galduz gero, cantadorien oinarri nagusia galduko da.
KURDISTANGO DENGBÉJ-AK
Kurdistanen oso errotuta dago dengbêj inprobisatzaileen ohitura. Poetikotasun handiko bertsoak osatzen dituzte, Alemanian bizi den Zinar Ala dengbêjak gurean erakutsi duenez. Ahoz ahoko transmisioan oinarritutako kultura dutenez, kurduen nortasunari eusteko ezinbesteko tresna dira inprobisatzaileak.
Zer giro edo egoeratan inprobisatzen duzue Kurdistanen?
Batez ere, gauetako ospakizunetan elkartzen dira inprobisatzaileak, musikaz, ardoaz eta bertsoez gozatzeko. Dengbêj bat historiak kontatzen hasten da normalean. Ondoren, beste batek historiari jarraipena ematen dio. Gazteek ere tradizioari eusten diote.
Ezkontzetan ere ohikoak dira dengbêjak. Ezkongaien bertuteez edo familiaren poztasunaz abesten dute. Senargaiaren eta emaztegaiaren aldekoak egoten dira eta lehia moduko bat ere sortzen da.
Bestetik, galsoroetan lanean ari direnen artean ohitura da inprobisatzea. Langile batek estrofa batzuk botatzen ditu eta, lurra lantzeari utzi gabe, besteek erantzuna pentsatzen dute.
Kurduen historiaren gordailu ere bazarete.
Esan liteke bat-bateko jardun horrek kurduen historia salbatu duela. Izan ere, gure historiaz gutxi idatzi da, ahozko kultura da gurea. Dengbêjek pasatu dute gure jakintza belaunaldiz belaunaldi. Esaerak, antzinako historiak eta abar batzen dira hor eta ederra da estrofetan nola uztartzen diren errimak eta herriaren jakintza.
Inprobisatzaileen ohiturari eusteko plangintzarik baduzue?
Kurduen inprobisazioa indarberritu nahi dugu, baina horretarako erakundeen laguntza beharrezkoa da. Amed-eko Udalak (Turkiaren menpeko Kurdistan), adibidez, Kantarien Etxea izeneko egoitza finantzatzen du hiriaren alde zaharrean: Inprobisatzaile zaharrak hartzen dituzte han eta errentatxo bat ematen diete, erretiro-pentsiorik ia ez baitago gure herrialdean. Halako guneek asko lagunduko dute dengbêjen ohiturak zabaltzen. Baina, udalez aparte, beste erakundeek ez dute laguntzen, Turkiako Estatuak ez du ezer jakin nahi.
KATALUNIAKO GLOSADOREAK
Herrialde Katalanak oso aberatsak dira inprobisazio moldeetan, uharte eta eskualde gehienek beren aldaera baitute. Gure galderei erantzun dieten Christian Simeliok eta Anaís Falcók corrandisten tradizioa ekarri dute Bilboko eta Hernaniko saioetara, Gerard Diezen soinu txikia lagun. Donostiako eta Iruñeko saioetan, aldiz, Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadoreak aritu dira. Erreportajeko argazkia Donostiako saio ostean ateratakoa denez, Macip eta Mena dira bertan ageri direnak.
Herrialde Katalanetan dauden inprobisazioen artean, zein da zuena?
ANAÍS FALCÓ: Bat-batekoak tradizio sendoena Menorca uhartean du, hiru abeslari eta gitarra-jole batekin inprobisatzen dute. Mallorcan, aldiz, nolabaiteko berpizkundea izan da, horiek musika-tresnarik gabe abesten dute. Herrialde Valentziarrean, verseadoreak pentsatzen duen bertsoa kantatzeaz arduratzen da cantadorea. Iparralderago, Ebroko lurretan, joteroaren ohitura dago, jaietan eta ezkontzetan inprobisatu ohi duen gizona, baina orain emakumeak ere badaude.
Azkenik, corrandistak daude, hori da guk egiten duguna. Catalunya Vella delakoan du jatorria, Llobregat ibaitik iparraldera dauden eskualdeetan, alegia. Tradiziozko corrandistek bat-bateko nahiz jarritako kantak abesten zituzten, are gehiago, benetan inprobisatzen zutenik ezin dugu ziurtatu, ez delako horren berri zuzenik jaso. Corrandisten ohitura biziberritu egin da eta orain maiz inprobisatzen dugu.
Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean bada lotura berezi bat, politikan nahiz kulturan. Inprobisatzaileen arloan ere hartu-eman estuagoa aberasgarria litzateke?
CHRISTIAN SIMELIO: Zapalkuntzak batu gaitu eta aprobetxa dezagun hori gauzak elkarrekin egiteko. Euskal Herria inprobisazioaren katedrala da, honelako topaketa gehiago behar dira. Halere, horrek ez du esan nahi Katalunian Euskal Herrikoa zehatz-mehatz kopiatu behar dugunik. Guk badauzkagu gure melodiak, gure estiloa. Elkar ezagutzeko uneak behar dira, baina bi tradizioen arteko fusiorik gabe.
Txapelketarik antolatzen duzue Katalunian?
A.F.: Sariketa herrikoiak badira, baina ez daukate hemengoen oihartzunik. Sabadelleko jaietakoa da handiena, inoiz jendaurrean abestu ez dutenak ere igotzen dira oholtzara, jai giroan.
C.S.: Askotan, Euskal Herrikoa kopiatuta sortu nahi dugu lehia. Baina, egia esan, corrandistak ez dauka erronkarako joera hori. Ez dakit zer neurritaraino komeni zaigun Euskal Herriko eredua hartzea, guk badugu geure estiloa. Honen inguruan iritzi asko daude, dena dela.
Umeekin lan egiten duzue tradizioari eusteko?
A.F.: Eskoletan tailerrak egiten dira, baina ez horrenbeste corrandista onak sortzeko, hizkuntza eta gaitasun pertsonalak garatzen laguntzeko baizik. Gure inprobisazioa sorkuntza handiago baten zati da: kantua, dantza eta musika dagoen ekitaldi batean, inprobisatu ere egiten da. Inprobisazioa propio lantzeko saiakerak egiten dira, seguruenez Euskal Herriko eredua hartuta, baina zaila da gainerako elementuetatik bereiztea.
C.S.: Albert Casalsek tesia egin zuen, Corrandascola izenekoa. Inprobisazioa eskolan ikasteko programa bat proposatzen du, bide batez katalana lantzeko balio duena. Corrandascolari esker katalan edo musika irakasle batzuek inprobisazioa ikasgelarako tresna interesgarritzat ikusten dute. Guri ere deitzen digute batzuetan, eskoletan tailerrak eta erakustaldiak egiteko.
A.F.: Umeek badakite zer den corrandista bat, baina zaila da hortik gorako interesa sortzea, ez dagoelako eredurik. Jende gutxi ari gara honetan. Ez dago erreferente indartsurik, Euskal Herrian goi mailako bertsolariak izan daitezkeen bezala.
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Final-laurdenetako txartela lortu du Pagolak. Hurrengo saioak datorren asteburuan izango dira, Hondarribian eta Andoainen.
Hirugarren final-zortzirena irabaztearekin bat, zuzenean sailkatu da final-laurdenetara Arana.
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]