Panamako paperak paradisu fiskalen salatari ala xantaiarako arma?

  • Bazekien zertan ari zen Alemaniako Sueddeutsche Zeitung egunkariari filtratu zizkionak Panamako Mossak Fonseca kabineteari ostuta 214.000 sasi-konpainiaren datuak. Zalaparta izugarria dabilela uste duenak jakin behar du informazioaren zati bat baizik ez dela azaleratu oraindik. Baina funtsean zer da Panama Papers edo Panamagate hau, kapitalismo globalizatuaren alde ezkutuaren inoizko filtrazio handiena ala diru zikinaren mafiak berak antolatutako kontrako su prebentiboa?

“Broadsheet” hedabideak argitaratutako grafikoan, Panamako paperetan inplikatutakoetatik orain arte hedabide nagusiek nabarmendu dituzten pertsonalitate politikoak. Mendebaldekoak oso gutxi, nahiz eta munduko finantzak Mendebaldeak maneiatu. 2014an Ken Si
“Broadsheet” hedabideak argitaratutako grafikoan, Panamako paperetan inplikatutakoetatik orain arte hedabide nagusiek nabarmendu dituzten pertsonalitate politikoak. Mendebaldekoak oso gutxi, nahiz eta munduko finantzak Mendebaldeak maneiatu. 2014an Ken Silversteinek azaldua zuen Mossack Fonseca konpainia zela aberatsek zerga iruzurra egiteko erabiltzen dituzten sasi-konpainiak sortu eta kudeatze lanetan munduko liderretakoa. Honen 40 urteko erregistroen zati txiki bat baino ez da orain arte herritarrengana iritsi dena.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Mende honetako aurkikuntza, historiako informazio ihes handiena... Panamako Mossack Fonseca finantza aholkurako bulegoak isuri duenaz ari gara, offshore bankagintzan ari direnen artean munduko laugarren garrantzitsuenari ostuta zabaltzen ari diren 11,5 milioi agiritatik herritarrei iritsitakoarekin hainbat jende boteretsu zipriztindu duen finantzazko simaurraz. Eta oraindik handienak falta omen dira.

Aste gutxitan oinezko herritarrak ikasi du, offshore hitzaz gain, munduko paradisu fiskalen zerrenda ugaria, ohartuz Karibeko uharte exotikoez gain dirua zuritzen dela AEBetako Nevada edo Delawaren, Alemaniak berak daukala bere legedian paradisu fiskal bezala jokatzeko zirrikitua, gaur Europako Batzordeko lehendakaria den Jean Claude Junckerrek 20 urtez agindu duela Luxenburgo izeneko paradisu fiskal europarrean, eta abar luzea. Baina orain jakin nahi litzateke zalaparta horrek guztiak balioko ote duen gauzak aldatzen hasteko.

Panamako kabinete baten datuen benetako filtrazioak interes handia du, aberats eta politikari askok horien bidez zuritzen dituztelako zergarik ordaindu gabeko irabaziak. Hala ere, Moon of Alabama blogak mesfidati idatzi du: “Panamako paperen filtrazio selektiboak bide ematen dio sekulako xantai ahalmenari“.

“Baina asteotako informaziook –dio AEBetako ezkertiarren artean ospea duen Moon of Alabamak– zabaldu dituzte NATO sostengatzen duten prentsa inperio batzuek eta AEBetako Gobernuak finantzatzen duen Gobernuz Kanpoko Erakunde batek; helburu aitortu gabea dute inperio amerikarrak maite ez dituen pertsonalitateak zikintzea. Bide batez, aukera ona ematen dute beste batzuei kanta arazteko, faboreren baten trukean eskainiz haien izenak ez zabaltzea”.

Horrela esanda konspiratzaile baten balorazio eskematikoegia dirudien arren, ematen du datu interesgarri bat: orain deabruaren pare ageri den Mossak Fonseca abokatu bulegoaren delituzko jarduera aspaldi samar zegoela erreta agintarientzako.

Duela 16 hilabete, 2014ko abenduan Ken Silverstein ikerketa kazetariak Vicen publikatu zuen “The Law Firm That Works with Oligarchs, Money Launderers, and Dictators “ (Oligarka, diru garbitzaile eta diktadoreentzako lanean ari den abokatu konpainia), agerian utziz Mossak Fonsecaren jarduera. Asteotan aipatu den Baxar El Assaden kusi esku-makilarena eta beste izen asko hartan ageri ziren.

Blogak bere egin ditu Craig Murray diplomatiko britainiarrak esanak “Hedabide nagusiek zaintzen dute Mendebaldeko oligarkia Panamako filtrazioetatik” artikuluan. Murrayk ere salatzen du filtrazioak utzi direlarik ICI Ikerketa Kazetarien Kontsortzioaren eskuetan, informazioaren gehiengoa ez dela iristen ari herritarren eskuetara, The Guardian bezalako egunkari izen handiko bat ere orain arte mugatu dela Nazio Batuen Erakundeak zigortutako herrialdeetako politikariak aipatzera.

“Nik badakit Errusia eta Txina ustelduta daudela, ez etorri niregana horrekin. Zergatik –galdetzen du Murrayk– ez dituzue gurutzatzen Mossack Fonsecaren artxiboak Mendebaldeko burtsetan dauden konpainia nagusien datuekin eta milionario bakoitzarekin?”.

Erantzuna berak aurreratu du: ICI diruz sustatzen dutenen artean daudela korporazio yanki handien fundazioak, hala nola Ford, Carnegie, Rockefeller, W.K. Kellogg edo Georges Sorosen Open Society Foundation.

Betiko kazetaritzaren azken aukera

“Will The Panama Papers Kill Journalism?“ (Panamako paperek hil behar ote dute kazetaritza?) galdetu du Kostas Efimeros greziar eta Debtocracy dokumental famatuaren ekoizleak The Press Project gunean. Kazetariek beti aurkitu dituzte istorio bikainak herritarren arreta pizteko modukoak, baina digitalizazioaren hasieratik prentsaren papera krisian sartu da.

Hedabide handiek kazetari ekipoak txikiagotu dituzte eta komertzial sailak handitu. “Ikerketa handiek –dio Efimerosek– egun gutxi diraute eta kazetariek beren buruak zentsuratzen dituzte, kasu eginez beren publizitate leihoetan agertzen diren konpainiei kalte egiteari”. Konpainia handiek kalumniagatik eska ditzaketen kalte-ordain handiek beldur ematen dutenez, argitaratu behar diren istorioek legezko galbahe oso xehea iragazi behar dute, edozein erreklamazio saihesteko. Baldintza horietan, kareletik itsaso basatira botako duten beldurrez jokatzen du kazetariak.

Kazetaritza krisian murgilduta zebilela azaldu dira komunikazio eredu berriak. Nagusiki WikiLeaks, salaketa eraman duena bakarkako jarduera izatetik hedabide mota berri batera. Eta CableGate hartatik pasatuz LuxLeaks, SwissLeaks, Chelsea Manningen agerpenak, Edward Snowden eta Herve Falcianirenetatik paseaz heldu gara Panama Papers hauetara. 

Oraingoan, uste du Kostas Efimerosek, kazetaritza dago bere izen ona berreskuratzeko azken aukeraren aurrean. Eskandaluak bata bestearen ondoren plazaratzeak, horrek ez badie errudunei ez ondoriorik eta ez zigorrik ekartzen, jendea oldartzeko baino gehiago balioko du herritarren artean etsipena eta derrotismoa nagusitzeko.

“Panamako paperen agertzea –idatzi du Efimerosek– orain arteko filtrazioetatik arras ezberdina da. Lehenbiziko aldiz ez dute une bateko argazkia eskaintzen. Haien bidez egin daiteke azken 40 urteotako eredu ekonomikoaren eta honen garapenaren ikerketa sistematiko eta analitikoa. 11,5 milioi agiri dira 1977tik 2015eko amaiera artekoak eta lehenbiziko aldiz dauzkagu eskueran (ustez) behar ditugun tresnak azaltzeko benetan konspirazio globala izan dena: aberatsen konspirazioa pobreen bizkarretik. Eta zer izan liteke kazetaritza ez bada gehienen interesak defenditzea bakar batzuenen kontra?”.

ICI kontsortzioak Efimerosen ustez oker jokatu du dokumentazioaren aztertze eta hautaketa hedabide handi batzuen eskuetan utziaz. Ez da harritzekoa AEBetako kasik inor ez azaltzea. Baina hori baino garrantzitsuagoa, eskandalua aurkezteko maneran, badirudi arazoa zera dela, kapitalista lotsagabe batzuek lapurreta egin dutela iruzur eginez gainerakoan ukitu ezina den merkatuaren lege sakratuei.

“Kazetariek aipatzen dituzte zenbait boteretsu –beren hedabideen akziodunei arazorik sortu gabe, noski– baina huts egiten dute osotasunean azaltzerakoan argazkia: hau elite txiki batek aberasteko antolatutako konspirazio globala da. Kazetariek huts egiten dute jendeari kontatzerakoan Mossack Fonseca ez dela sistemaren pieza gaizto bat: sistema gaizto baten pieza da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Panama Papers
Praderak “legaltasun osoz” sortu zuen enpresa paradisu fiskal batean

Panamako paperetan agertu den Bizkaiko diputatu nagusi ohiak azaldu du Kuban autoekin negozioa egiteko inskribatu zuela ezkutuko sozietatea, hango gobernuak esanda.


Panama

Azken aste hauetan asaldatuta gabiltza Panaman azaldu diren 11,5 milioi dokumentu filtratu dituelako kazetarien kontsortzio batek. Dokumentu horietan azaltzen diren izen ospetsu batzuk bakarrik eman dizkigute, baina jakin behar dugu munduko populazioaren %1ek munduan zehar... [+]


Maiatzaren Lehena
Egin dezagun maiatz “gure”

Maiatzaren lehena entzuten dudanean nire gaztaroa etortzen zait gogora; adin bat badaukat, eta aspaldi hartan egun debekatu gorriz markatua zen, manifestazio-ahaleginak (ahalegin hutsak, askotan, “ehiztariak” segituan agertzen ziren-eta), lasterka saioak eta... [+]


David Cameron ere harrapatu dute “Panamako paperek”

“Panamako paperen” filtrazioaren harira, bere aitaren  Offshore inbertsio funtsaz baliatu izana onartu du Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek, The Guardian egunkariak argitaratu duenez. Cameronek 2010ean, kargua onartu baino lau hilabete lehenago,... [+]


Islandiako lehen ministroak dimititu egin du “Panamako paperen” ondorioz

“Panamako paperen” filtrazioak hautsak harrotu ditu zenbait herrialdetan. Auzian inplikaturik dauden 140 politikariren izenak jakinarazi dituzte oraingoz: tartean daude Islandiako lehen ministro ohi Sigmundur Gunnlaugsson, Argentinako presidente Mauricio Macri,... [+]


2016-04-03 | ARGIA
#PanamaPapers
Realak ordainketak paradisu fiskalen bidez egin zituela agerian berriro

Realak paradisu fiskaletako elkarteak baliatu zituen atzerriko jokalariei ordainketak egin eta bai hauek, eta baita klubak ere ogasunari diru gutxiago ordaintzeko 2000 eta 2008 bitartean. Panama Papers ikerketan agertu da Reala, 2008an dagoeneko argitaratu zen informazioarekin.


2015-04-16 | Jon Goikolea
Erretzaileen kluba

Elkarri bostekoa eman diote Raul Castro eta Barack Obamak Panaman egindako Ameriketako VII. Goi Bileran.


Eguneraketa berriak daude