Lantainako ahuenak

  • Euskal Herriko bazter anitzetan, begiek ikusten dutena kasko zokoan dantzari dabilen melodia kantatuak zurkaizten du Zuberoan, Bizkaian edo Baztanen. Gerrak, mendekuak, gatazkak ala tragedia domestikoak kontatzen dizkigute. Sallaberri, Azkue, Aita Donostia ala Riezu musikologoen bilketa lan tematsuari esker iritsi dira gure ezpainetara.

Ainara Azpiazu "Axpi"

Arizkungo Ordokia auzoko Urtsua jauretxean ezkontza bukatu berri zen. Senar-emazte gazteek zoriontsu ziruditen. Estebe Urtsuaren ama jadanik ederki konpontzen zen Joana errainarekin. Lantainako oparotasuna ekarri zuen dotean: ehunka zikiro, urrezko koilareak, preziozko oihal eta mihiseak.

Urtsuako ondorengoa, ordea, ilun zebilen. Zetazko arropa zurbilaren azpian andreak sabela borobilegia zuela ohartu zen. Nor zuen haur horrek aita? Ez zen bera alabaina: ez ziren elkarrekin egon, eztei-gaua errespetatzearren. Haserre beltzez irakiten zihoan. Zerbait egin behar zuen. Joanari begira zegokion. Bat-batean, bazekien ateka latzetik nola atera.

Mutila haiatu zuen. Zaldia gibelekoz aitzin ferratzea eta galderarik ez egitea eskatu zion. Joana oheratzear zegoen. Urtsuako Santa Ana baselizara gonbidatu zuen samurkiro otoitz egitera. Joanak onartu zuen, bere egoerari buruz Estebe engainatu zuela sinesten hasia zelako.

Jauna xuxurlatuz kopeta apaldu zuenean emaztearen lepoa zinta meharraz inguratu eta azken hatsa eman arte tinkatu zion. Joanaren begiak itzulikatu ziren. Bizitzarik gabe lur hotzean hedailo erori zen:

    Lantainako alaba
    Urtsuan defuntu dago.

Euskal Kantagintza berriaren ildoa ireki zuen 1966ko Mikel Laboaren lau abestiekiko Goiztiri etxeko LP laburrean grabatu zen aro modernoko Urtsuako Kantaren lehen bertsioa: gitarra eta ahots soila, uhergarria. Benito Lertxundik Pazko Gaüerdi Ondoa (1989) obran eresiaren Erdi Aro kutsuko soinu tentsiodun moldaketa orraztu zion. Egokia, ezen Riezuk Hispania hegoaldeko lurretan arrakastatsuak ziren Bodas de Sangre saileko kanta suerteen aire sefardiekiko lotura sumatu baitzion.

Ohikoan sei edo zazpi kopla baino ez dira kantatzen. Plazara aldizkarian haatik, 1988an, Mariano Izeta zenak hamabost bertso ekarri zituen. RM Azkuek Gartzain herriko Tomas Urrutiaren ahotik hartu eta bere Cancionero Popular Vasco (1918-1921) liburuan musika partizioarekin agertu arazi zuen. Dena delakoan bertso laburretan bihikatzen doan gertakariak bizkarrezurrean behera izua isurtzen du mendeak urrundu ahala.

Abestia Agur ene arreba, Goiti zazu burua, Urtsuak zazpi leiho hasierako bertsoarekin estrenatzen da bildumetan. Testuak biluzia ematen du bere hitz apurrekin eta ene arreba Joana eta ene anaia jauna errepikapenek mailuen pare jotzen dute zintzurrean pasatzen direnean. Errealitatearen eta fikzioaren artean zalantzaz dator bihotzaren hondoraino larrutzen gaituen eresia.

Urtsuatar bortitzak, ankerrak

Urtsuako gotorlekua kokatu daiteke mapa batean, badakigu non dagoen eta nahi duenak ikusten ahal du. Arizkuneko jaunek Nafarroako historian beraien atzamarraren hatza utzi zuten: Amaiurko gazteluaren setioko azken borroketan Leringo kondearen laguntzaile azaldu ziren. Espainiako erregeak bereziki sariztatu zituen esku-ukaldi horrengatik. Ez zuten hargatik fama ona eduki: bortitzak ziren, lurrez eta ohorez gose, Bozaten esklabo erabiltzen zituzten agotak zeuzkaten. Orduko nobleen antzera ikasiak ere ziren, puxanten idazkari eta notarioa zirelako. Hegoaldera bezain iparraldera hedatzen zen urtsuarren itzala: Orzaizeko Arizmendi jaunttoekin uztartuak ziren.

Urtsuako Pedro (1521-1561) da sendiko kiderik ezagunena. Ameriketan barna ibili zen, Kolonbian hiriak sortzen, indioak kalitzen eta urre bila, Oñatiko Lope de Agirre eta Ines Atienza andregaiaren konpainian. Werner Herzog alemanak Agirre, Der Zorn Gottes film erraldoian irudikatu zituen biak, herioari burlaz, Marañon ibaia jaisten. Ikusgarria halaber, Iñaki Elizaldek 2012an Baztan lanean aurkeztu zigun eta Joseba Apaolazak gorpuzten zuen Urtsuako Matias.

Mikel Laboaren ahotsez itxuratzen dugun urtsuarra ezpal berdinekoa zela imajinatzen dugu: ankerra, gogorra, buru beroa. Batzuek diote Urtsua honek Estebe zuela izena eta ezbeharra 1700 urteen irian izan zela. Jondoni Joane arrastiriz. Baina nehork ez daki zuzen. Frantzian Luis bat errege zela ziur dago ezen Joanak bere anaia apezari bostehun luis hitzeman zizkiolako isiltasunaren trukean:

    Bortzetan ehun luis
    ene anaia jauna...

Lantainako alaba

Joanaz are gutxiago dakigu. Lantainako alaba Bidarrai, Hazparne ala Ezpeletakoa zitekeen. Gauza segurua da baserri okitua zela, zazpi leiho zituen arren, Urtsuak baino anitzez gehiago. Zazpi eta zortzi zenbaki mitikoekin jostatzen da bertsolaria. Nasaitasun izugarriaren sinboloa da, zazpi direlako arrosa perfektuaren ezpalak, bekatu mortalak, zentsuaren adinak, Altzaiko herensugearen buruak...

    Zazpi errota berri
    zortzi jauregi zuri,
    horien guziengatik
    nik ez Urtsura nahi...

    Urtsuak eder leiho
    Lantainak ederrago...

Ezkontzak harilkatuz emendatzen ziren etxaldeak, ospeak, ontasunak. Frantziaren eta Espainiaren arteko mugak finkatzen zihoazen denboretan jendeek harremanetan segitzen zuten Baztan eta Bidarrai zein Baigorriko hiritarrekin. Oraindik ere Aritzakun, Urrizate ala Izpegi pasaiek erromatarren metal preziosoen bidea ametsez azpatzen digute.
Anbizioak galduko zuen Joana. Anaiari kasu egin bazion bizitza bederen salbatuko zuen. Batistarekin jolasean aritu zitekeen, harekin tratatu zezakeen baina urtsuarra ez zen erraza engainatzen. Gezur eta gordetze alorrean gaitzeko eskarmentua bazuten. Baztaneko gaztelu eta jauretxe kasik guztien jabe ziren XIV-XVIII. gizaldietan.

Agur, nere arreba
    nere arreba Joana:
    Berri bat aditu dut
    nere arreba Joana.

    – Zer aitu duzu bada,
    nere anaia jauna?
    enbraza omen zara
    nere arreba Joana.

Santa Ana baselizan erailketa

Kanta anaia jaunaren eta arreba Joanaren arteko solasaldiarekin abiatzen da. Anaiak badaki arreba haurdun –trabatua, izorra, enbraza...– duela eta isiltasunaren prezioa finkatzen dabil koplarik kopla. Txapela lumarekin eta zaldiaren ondotik, dirua luzatzen dio Joanak eta horrekin sosegatzen bezala da. Bakearen amoreagatik ekarriko duen haurraren besokoa dukeela erraten dio:

    Hori da, hori, sari,
    nere arreba Joana:
    Haurra besoetara
    nere arreba Joana.

Anaia apezak ez zuen lortu Joanaren Urtsuara ezkontzeko xedea geldiaraztea. Bien arteko adostasunak ordea galerna iragartzen du. Joanaren ahotsean ikara nabaritzen da. Denek muturik geratu beharko dute, ezkontzarekin bat ez zetozkeen gurasoek eta senargaiak ez dutelako deus jakin behar:

    – Enazazula sala
    ene aitametara
    et’are gutiago
    Urtsuko semetara.

Zaldiz hurbildu zen Joana Urtsuako Esteberen egoitza munttoraino. Idi zainartek tiraturiko hamar orga bazeuzkan atzetik, altzariz, oihalez, portzelanazko platerez eta arropaz kargatuak. Bozateko txistulari trebeek alaitu zituzten ezteiak, mutil eta neska dantza ugari eskainiz. Joana ez zen sekula hain zoriontsu sentitu.

Duda izpirik ez zuen Santa Ana baselizara esker onezko otoitz baten marmaratzeko gonbitari baietz erantzutean. Unearen zehatzaz baliatu zen Estebe bere emaztearen erailtzeko, xingola zuri meharrez ala ezpata kolpez, bertsioen arabera.

Lantainako alaba
    Urtsuan defuntu dago.

    Urtsuan defuntua
    Sant’ Anan kausitua:
    Adios erran gabe
    etxetik partitua.

Urtsuarrak Frantziara ihes egin omen zuen adios erran gabe. Baina poetak morala ttanttaz bukatzen du kanta ahantzi ezina, tragediaren zaina zipriztinduz. Mari Kattalin hori, Joanaren sehia, ahizpa edo ama daiteke eta hausnarrean dakusagu:

    Gure Mari Kattalin
    emakume fidela,
    pesalonbre handitan
    gelditua bide da:

    – Etzinakien bada
    trabatua zinela?
    Orduan etzaiteken
    ezkontzarikan zerra...

   Lantainako funtsetan, ilargi beteko gauetan, Joanaren auhenak entzuten dira dagoeneko.

Urtsuako Kanta

Agur ene arreba
ene arreba Joana:
Berri bat aditu dut
ene arreba Joana.

Zer aitu duzu bada,
ene anaia jauna?
Enbraza omen zara
ene arreba Joana.

– Zertan ezautzen naute,
ene anaia jauna?
– Gerria loditu ta
laburtu kotilluna.

– Enazazula sala
ene aitametara
et’are gutiago
Urtsuko semetara.

– Zer emain duzu sari,
ene arreba Joana?
Txapela lumarekin
ene anaia jauna.

– Ez da, ez, hori sari,
ene arreba Joana.
– Bortzetan ehun luis
ene anaia jauna.

– Hoiek eztutzu aski,
ene arreba Joana.
– Zaldia zelaturik,
ene anaia jauna.

– Hoiek eztutzu aski
ene arreba Joana.
– Haurra besoetara
ene anaia jauna.
Zaldia zelarekin
zuretzat jarria da.
Nik iten dudan haurra
zure besokoa izain da.

– Hori da, hori, sari,
ene arreba Joana:
Haurra besoetara,
ene arreba Joana.

– Zazpi errota berri,
zortzi jauregi xuri;
hoien guziengatik
nik ez Urtsura nahi.

– Goiti zazu burua,
ene arreba Joana.
– Eztezaket goratu,
anai Batista jauna.

Urtsuak eder leiho
Lantainak ederrago
Lantainako alaba
Urtsuan hila dago.

Urtsuan zazpi leiho
zazpiak lerro lerro,
Lantainako alaba
Urtsuan defuntu dago.

Urtsuan defuntua
Santa Anan kausitua:
Adios erran gabe
etxetik partitua.

Gure Mari Kattalin
emakume fidela,
pesalonbre handitan
gelditua bide da.

– Etzinakien bada
trabatua zinela?
Orduan etzaiteken
ezkontzarikan zerra.


Azkenak
2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


2024-09-18 | Estitxu Eizagirre
Haziak eta etorkizuneko auziak

Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]


Materialismo histerikoa
Merezita

Krisi existentzial dezente ditut inguruan. Nerabezaroa/gaztaroa itxurakerian pasa, antzezten helburu zutena pertsona onak (ona izanik justua, ez denari baietz esaten dion lerdoa) izatea, benetako bizitza bat bizitzea zela, are, iraultza egitea, eta, orain, berrogei urteak pasa,... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


2024-09-18 | Julen Azpitarte
Bruce LaBrucek 60 urte
Kulturaren eta zinemaren kontra

Zuzentasun politikoaren etsai amorratua bilakatu da Bruce LaBruce (Southampton, Kanada, 1964) zinemagile gay-a. Filmatzeko sosik gabe, emakume zoro eta punkiekin bizi zela etxetzar batean, lagun horien bizitzak dokumentatzen abiatu zen. Antzera dihardu egun: aurrekonturik gabe,... [+]


Makrofestibalak: ezin neurria hartu eukaliptoari

Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]


Ziga (Baztan)
Herri baten sorrera, eskalaz eskala

Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko moduari. Baina herriek ingurumenari eta lanari estuki loturiko iragan bat dute, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude