Eta Mesopotamia ez balitz kapitalismoaren sehaska?

  • Antzinaroko zibilizazioak presenteko finantza unibertsoaren ernamuina izan zirela uste izan da; merkatariak eta agora-k gizakiaren senetik sortu ziren tokiak. Karl Polanyik hori guztia ezereztatu zuen bere ikerketekin: elkarrekikotasunean eta birbanaketan oinarritutako mundu bat topatu zuen. Berea ez zen iragan ideal batera itzultzeko primitibismoa, azterketa enpirikoarekin kapitalismoak ekarritako hondamendia gainditzeko gakoak aurkitu nahi izan zituen. Los límites del mercado (Capitán Swing, 2014) bilduma liburua iturri hartuta, antropologoak idatzitako hainbat artikuluren laburpen librea aurkituko duzue segidan.


2016ko martxoaren 21ean
'Agora. Demokraziatik merkatura' dokumentalaren fotograma. Greziarrek azken urteetan jasandako hondoratzea kontatzen du filmak, eta antzinako agora demokratikoa gaurko deudokraziarekin kontrajartzen, Polanyik egin bezala. (www.agorathedoc.com)
'Agora. Demokraziatik merkatura' dokumentalaren fotograma. Greziarrek azken urteetan jasandako hondoratzea kontatzen du filmak, eta antzinako agora demokratikoa gaurko deudokraziarekin kontrajartzen, Polanyik egin bezala. (www.agorathedoc.com)

1901ean Tigris ondoko Susa hirian –gaur egungo Iran hego-ekialdean– informazio oso baliotsua zuen basaltozko zutarri bat deskubritu zuten arkeologo frantsesek: duela 81 amona Mesopotamian indarrean zeuden legeak zekartzan landuta. Hammurabiren Kodeak –garai haietan Babiloniako erregea zenetik datorkio izena– ordura arte aurkitutako buztinezko taulatxoetan idatzitakoa berrirakurtzeko aukera eman zuen. Babilonian gure munduaren sehaska aurkitu omen zen, negozioena.

Begien aurrean mentalitate kapitalista zuen merkataritzaren egiazko jatorria azaldu zen: erregea, jainkoa eta etekinak maila berean gurtzen zituen zibilizazio bat. Eskariaren eta eskaintzaren legean zimendatzen ziren ohitura monetarioak, prezioak, transakzioak, edota zorren eta mozkinen kontabilitatea. Oasi batean jasotako harrizko London city bat. Gertatzen dena da, egitura hori guztia goitik behera erortzen dela merkaturik ez badago. Eta horixe zen Polanyik zihoena, Babilonian ez zela existitu merkaturik, gaur egun ulertzen dugu moduan behinik behin.

Herodotok orain 2.500 urte Babilonia bisitatu zuenean jabetu zen pertsiarrak ez zirela merkatuetara joaten. Ondoren egin diren ikerketa eta indusketa arkeologiko ugarik erakutsi dute Babilonian eta Ekialde Hurbilean ez zela merkatu gisa erabiltzeko espazio librerik egon, eta idazkera kuneiformetik ustez “merkatu” bezala itzulitako hitzek egiatan ez zutela halakorik esan nahi.

Arriskurik gabeko asiriarren negozioa

Egungo Turkiako lurretan zegoen Kanish hiri desagertuan, asiriarrek merkataritza-gune bat sortu zuten hiria kobrez hornitzeko. Bertan jarduten ziren karum estamentuko negozio gizonak. Salerosketan lortzen zituzten irabaziak, dirua maileguan uzten zuten edo inbertitu egiten zuten, eta enpresa modernoenetan bezala, partizipazioak zeuden eta etekinak banatzen ziren. Kanishetik oihalak eta beste produktu batzuk esportatzen ziren, nagusienak kuota baten pean, eta prezioek eta interes tipoek burtsa-indizeen moduan fluktuatzen zuten.

Horrek guztiak bat egiten du merkatu sistemarekin. Kasu hori ikertu duten adituek, ordea, bazekiten zerbaitek huts egiten zuela: antzinako taulatxo idatzietan etekinak oso gutxitan aipatzen ziren eta galerak inoiz ez. Era berean, prezioengan ere arreta gutxi jartzen zen eta merkatariek ez zuten traturako fidantzarik utzi behar.

Berez, karum delakoak ez ziren salmentatik negozioa egiten zuten merkatariak, funtzionari moduko batzuk basizik. Diferentzia nabarmena da: merkataritza librean ez bezala, merkataritza “hitzartuan” ez dago arriskurik, ez prezioen beherakadaren aurrean, ezta zorrak ordaintzeko zailtasunak daudenean ere. Transakzioek ez zuten izaera pribaturik, botere publikoen xedapen hutsak ziren, eta prezioak ez zituzten merkatuek ezartzen; hortaz, irabaziak ez zetozen horien gorabeheretatik baizik eta produktuen erabileratik. Merkaturik eta espekulaziorik gabeko merkataritza hori zirraragarria zen jarduera gisa, baina arriskutik libre zegoen negozio bat baino ez zen.

“Merkataritza isila” portu komertzialetan

Portu komertzialak garai eta geografia guztietan egon izan dira. Rotterdam edo Bilboko portuetan ikusten ditugunean metalezko edukiontziak bata bestearen ondoan, lehian errotutako trafiko librea dela pentsa genezake. Baina aro modernoon aurretik, atzerriarekin merkataritzan aritzeko segurtasun bermeak behar ziren. Portu komertzialak instrumentu neutrala ziren, herri bateko zein besteko, mehatxurik gabe jardun ahal izateko tokiak. Normalean horma baxuak zituzten, itsasoari, errioari edo lautadari irekiak, eta salneurrien norgehiagoka baino, administrazioaren arauak gainjartzen ziren.

Sarritan, portu komertzial horietan “merkataritza isila” praktikatzen zen. Kartagotarrek K.a V. mendean Afrikako ipar kostaren konkista hasi zutenean, bertako tribuekin truke mutua egiten zuten. Zuhurtziaz, batzuk zein besteak hondartzatik gertu zegoen toki berera joan ohi ziren. Bertan uzten zituzten ondasunak nahiz urrea, eta operazioa hainbat aldiz errepikatzen zuten denak konforme egon arte. Gero nork bere bidea hartzen zuen bestearekin inolako kontaktu fisiko eta harremanik izan gabe. Opari trukaketa itxura hartzen zuen sistema horrek ez zuen perturbaziorik sortzen bertako herriengan, ez baitzen hartu-eman komertzial gisa kontsideratzen.

Euskal baleazaleak eta Ternua inguruko amerindiarrak ez ziren mutu geratu elkar ikustean, haien arteko harremanetik sortu zen pigdin hizkuntza frankoa. Badakigu XVI. mendean euskaldunek eta bertako herriek merkataritza sarea sortu zutela Ipar Amerikan –gure burdinoletatik ateratako aizkorak ere aurkitu dira itsasotik ehunka kilometrotara–, baina zer punturaino ez ote zen arestian aipaturiko trukaketa sistema bat? Bestela, nola uler liteke euskaldun haiek innuekin izandako laguntasuna, Europar kolonizatzaileek Amerikako herri guztiak masakratu zituzten bitartean?

Konkista aurreko Mesoamerika portu komertzialez josita zegoen. Yucatánen dagoen Términos lakuan, adibidez, maiek eta aztekek hartu-eman komertzial sendoa zuten, eta lege tazitu edo isileko batek zioen toki hura ezin zuela inork mendean hartu. Bertan, biltegiak eta merkantziak manipulatzeko esparruak zeuden; hura merkaturik gabeko portua zen, bidaia luze bat egin aurretik antolatutako bilgune anitza. Espainiar konkistatzaileek halako portu guztiak suntsitu zituzten eta desagertu egin ziren.

Baliteke antzinako Babilonia bera gisa horretako erriberako portu komertzial bat izatea, azken ikerketek dioten moduan merkaturik ez baitzegoen inperio mesopotamiarraren hiriburuan. Orduan, galdera agerikoa da: nola, non eta noiz sortu ziren merkatuak? Irabazi eta galerak prezioen kapritxoen pean jartzen dituen sistema lehiakor hori? Agian, merkatuaren historia milurteko bat atzeratu liteke eta mendebalderantz hainbat gradu egin, Babiloniatik Greziaraino.

Greziako agora: Demokraziak arautuTako azoka

Yorgos Avgeropoulos zinemagileak Greziako azken urteetako hondoratzea modu gordinean kontatzen duen dokumental arrakastatsua produzitu zuen 2015 hasieran, Al Jazeera arabiar katearen laguntzarekin: Agora. Demokraziatik merkatura. Filmak erakusten du herrialde heleniarrean krisiak zer eragin izan duen herritarren eta instituzio demokratikoengan: “Pelikulan eszena surrealista bat dago, Parlamentu barruko parodia bat –dio egileak Liberation egunkari frantsesari erantzunez–. Lege bat onartzen dute Asanblada ia erabat hutsik dagoenean, eta hizlaria parlamentarien fantasmak konbentzitzen saiatzen ari da”. Demokrazia greziar telebista publikoa kolore beltzak hartu zuenean itzali zen Avgeropoulosen ustez.

Mendebaldea deitzen diogun gure zibilizaziora demokrazia ekarri zuen lurraldean, agora asanbladentzako herritarren plaza publiko bat zen. Grezia modernoaren oroimenean, aldiz, salerosketarako merkatuarekin nahastu izan da. Anakronismo hori oso nabarmena da Atenas klasikoaren kasuan: debekaturik zegoen produktuak multzo handitan salerostea, lurrarekin egindako negozioak publikoki iragartzen zituzten eta tratuak esku-dirutan ixtea zen arau komuna. Agoran esfera politikoko erabakiak ziren nagusi, eta aldaketa sozialetan eragin itzela izan zuen bere sorrerak: nekazariak ordaintzen ez bazuen, jadanik ez zen hartzekodunek atzerrian salduko zuten beldur, gaur egun Alemaniako bankuek greziar enpresa publikoekin egiten duten moduan.

Oroimenetik borratu zaigu agoraren funtzio sozial eta politikoa, historiografiak gibel eman diolarik Aristotelesek ekonomiari buruz zuen ikuspegiari. Kuriosoa da filosofo klasiko handia nola goraipatu izan den metafisikaren edo estetikaren arloetan, baina zein kasu gutxi egin zaion merkatuaz esan zuenari. Beretzat, dirua irabazteko desira ez zen naturala, gizakia berez zen buruaskia, animaliak bezala. Ekonomialari modernoek aurreiritzi ez-zientifikotzat zuten ideia hori, baina ez ziren jabetu jeinuak aurre hartu ziela gertaerei: bera bizi izan zen K.a IV. mendeko Grezian merkatu salerosketaren sistema oraindik hastapenetan zegoen, eta hala ere, ia 2.500 urte geroago Atenasko Sintagma plazan biltzen diren herritarrak bezain erradikal agertu zen zorraren interesen kontra.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude