"Beste mundu bat egin litekeela aldarrikatzen duten liburuak plazaratu nahi ditugu"

  • Arkaitz Leon Muela Nafarroako Lakabe herri komunitarioan bizi da. Baratzeaz eta fruta-arbolez arduratzen da, eta ogia egitea ere egokitzen zaio. Fantasiez eta abenturez idaztea du gogoko, baina gaurko gizarte globalizatuaren ajeak bistaratzea ahaztu gabe.


2016ko martxoaren 17an

Nola etorri zinen Bilbotik Lakabera?

Amarekin etorri nintzen 10 urte nituela. Amak erabaki zuenean mendiko bizimodua nahi zuela, Leongo Bierzo eskualdeko Matavenero ekoaldeara joan ginen. Han bi urte egin ondoren, Nafarroan, Arizkuren herrian antzeko proiektu bat zegoela jakin genuen. Urtebete baino ez ginen izan han, haur gehiago ez zegoelako. Lakabe jada ezagutzen zuen amak, bere lehengusu bat eta Bilboko auzo lagun bat hemen izanak zirelako, beraz hona etorri eta bertan gelditu ginen. Amak Bilbotik bagindoazela esan zidanean oso berri txarra izan zen, han uzten nituelako lagunak eta dena, baina berehala ohitu eta oso pozik nengoen hemen, aske eta gustura.

Hemengo bizimodua niretzat oso pozgarria da. Orain ez dut imajinatzen nire burua hirian bizitzen. Ikastera atera nintzenean, ez nuen batxilergoa hirian egin nahi eta herriren batean zer ikasia bilatu nuen. Elizondora joan eta bi urtez mendi bizikleta, zaldi gidaritza eta aisialdi jarduerekin lotutako ikasketak egin nituen. Mendian eta proiektu komunitario batean bizitzea da nire ariman dagoena. 

Haur garaian eskolara Agoitzera joaten zineten?

Nire garaian bai. 2002an amaitu nuen han eta pare bat urte geroago Garraldara aldatzea erabaki genuen Itoizko urtegiagatik. Ez dugu haurrak Agoitzen egotea nahi, arriskutsua delako. Sei urtera arte umeak hemen egoten dira, hemengo eskola txiki eta alternatiboan, eta gero Garraldara eramaten ditugu. Geuk eraman behar ditugu, eta jantokirako laguntzarik ere ez dugu jasotzen, teorian hori ez delako guri dagokigun ikastetxea. Nahiz eta Agoitz eta Garralda distantzia berera egon, hemendik ordu laurdenera, Agoitz da legez dagokiguna.

Zenbat jende bizi zarete orain Lakaben?

40 bat lagun. Horietarik 13 haurrak dira. Ni txikia nintzenean haurrak gehiago ginen helduak baino. Gero, oso haur gutxiko bolada izan zen eta orain berriro kopurua handitzen ari da. Lakabeko hirugarren belaunaldikoak dira.
16 urterekin atera zinen hemendik, baina naturarekin bat eginik jarraitzeko asmoz, ezta?
Hori zen nahi nuena. Elizondon Lanbide Heziketa ikasi ondoren, Otsagabian praktikak egin nituen enpresa txiki batean. Han ipar eski monitore gisa aritu nintzen zazpi urtez negu garaian lanean.

Lakabetik joan eta etorrian?

Bai, baina iritsi zen memento bat non gazte guztiak hemendik joan ginen. Batzuk beste proiekturen bat sortzen saiatu ziren eta nik nire gisan bizi nahi nuen. Hiru urte eta erdiz kanpoan ibili nintzen, Europan barna bidaiatzen. Zaraitzu ibarreko Ibiltzietan urtebetez bizi izan nintzen, baina hona itzuli nintzen, proiektu honetan parte hartu nahiago nuelako.

Zer da herri komunitario bat?

Ez daude bi proiektu berdin. Hau, adibidez, herri abandonatua zen, 60ko hamarkadan azken biztanleak joan zirenetik. 1980an gazte talde bat etorri zen. Gehienak Bilboko kontzientzia-objekzio talde bateko kideak ziren, eta hiritik kanpo, mendialdean, bizimodua bilatzeko asmoa zuten. Bi urte lehenago hemen ondoan zegoen herri txiki-txiki batera etorri ziren lehenbizi, han alokatu zuten etxe batera, hau aurkitu arte. 1980an, martxoaren 21ean, hau okupatu eta etxeak berreraikitzen hasi ziren. Orduan etxe bakarra zegoen teilatua zuena eta hasieran han bizi izan ziren guztiak. Gaur egun etxe komunitarioa da hori. Dena den, urte batzuk pasa ziren herriak komunitate egitura hartu zuen arte. Komunitatean bizitzeak esan nahi du herrian bizi garela eta herrian dagoen guztia guk kudeatzen dugula. Erabakiak batzarrean hartzen dira eta horretan heldu guztiok hartzen dugu parte. Etxeak, autoak, dirua eta gauza guztiak denonak dira. Norberak bizi den etxeari dagozkion erabakiak hartzen ditu, baina jabegoa denona da. Horretaz gain, arduren eta zereginen banaketa egiten da taldeetan: baratzea, animaliak, okindegia eta abar.

Istilurik ez da izaten?

Beti izan daitezke iritzi desberdinak baina gai hori asko lantzen dugu. Emozioak kudeatzeko bilera asko egiten dugu, jende prestatua ekartzen dugu errazte lanak egiteko eta dauzkagun desberdintasunak kudeatzen guri irakasteko. Iritzi desberdinak izatea aurrera egiteko arazo ez dadila bihurtu. Hori da lortu nahi duguna eta funtzionatzen du.

"Jendeak pentsa lezake Lakabeko bizimoduak ez duela zerikusirik beste herri batekoarekin. Antolamendua desberdina da, baina beste gauza asko oso antzekoak dira"

Alkaterik ez dago, beraz?

Badago alkate bat baina formala, besterik ez, administratiboki kontzeju bat garelako Artzibarreko Udalaren barrenean. Herria hustu zen, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen kontzejua desegin ordenamendu berria egiteko garaian, ordurako hemen bazegoelako berriro jendea bizitzen.

Nafarroako Gobernuak herria eta zelaiak erosi zituen. Pinuak landatu zituzten eta baimena eman ziguten hemen bizitzeko eta lur komunen kudeaketa eta egurrarena guk egiteko. Basozainekin markatzen ditugu bota beharreko zuhaitzak, egurra egiteko eta basoa garbitzeko. Gero gu arduratzen gara zuhaitzak mozteaz eta herrira ekartzeaz. Funtzionamendu normala da. Orain, denon artean saiatzen ari gara pinuak bertako espezieengatik ordezkatzen, artea eta pagoa bereziki.

Jendeak hau erabat desberdina dela pentsa lezake eta ez duela zerikusirik beste herri bateko bizimoduarekin. Gure arteko antolamendua desberdina da, baina beste gauza asko oso antzekoak dira.

Lehengo herrietako elkartasuna eta auzolana berreskuratzea da asmoa?

Antzineko bizimoduaren parte hori berreskuratzea da helburuetako bat, hasiera- hasieratik.

Jende askorentzat Lakabe ezaguna da zuen ogiarengatik.

Okindegikoa kanpora ateratzen dugun produktua da. Asko kosta zitzaigun aurrera eramatea eta ogia ongi egitea, baina asko ikasi ondoren jarduera hori sendotu eta indartu egin da. Nafarroan elikadura ekologikoan aitzindaria izan zen eta gaur egun Iruñean, Logroñon, Jacan… saltzen dugu. Horretaz gain azoka asko egiten dugu Nafarroa, Bilbo, Madril, Bartzelona eta Valentzian. Halako azokak antolatzen dituen Biokultura elkartean hartzen dugu parte eta asko mugitzen gara zirkuitu horretan.

Barazkizaleak zarete?

Hasierako urteetan denak ziren barazkizaleak, baina batez ere beharrarengatik, baratzea besterik ez zutelako. Orain denetatik dago eta orojaleak gara gehienak.

Zer garrantzi du arkitektura jasangarriak Lakaben?

Hasieran modu konbentzionalean eraiki ziren etxeak eta hemen zeuden materialekin, baina azken hamar bat urteetan arkitektura bioklimatikoaren printzipioak jarraitzen ari gara. Hemengo gazte batek horren inguruko ikasketak egin zituen eta duela gutxi etxe bioklimatikoa eraiki zuen. Beste etxeekin alderatuta energia kontsumo askoz txikiagoa du. Egur gutxiago behar du, ur beroak eta etxe osoko berogailuek ere eguzki energiaz funtzionatzen dute, adibidez. Herrian bada beste etxe bat lastozko hormak dituena. Ekarpen horiek beste etxeetan ere erabiltzen ari gara poliki-poliki.

Energia berriztagarriak baino ez dituzue erabiltzen?

Bai. Energia sistema isolatua dugu, autonomoa: eguzki plakak, haize errota eta ur turbina. Bateria sistema bidez gordetzen dugu energia, eta beharrik izanez gero, sorgailua dugu argindarra sortzeko, baina ez da ia inoiz erabiltzen. 1999tik gabiltza horrela. Lehenago prekarioagoa zen, baina orain argindar korronte normala dugu etxe guztietan. 

Legez autonomo izan zaitezke?

Bai, kableak honaino ez direlako iristen. Ezin da konexiorik egin eta legeak ezin zaitu behartu. Bestela sare nagusira konektatu behar duzu eta energia saldu eta erosi.

Eta internet?

Internet duela zenbait urte iritsi zen, baina hasieran oso konexio kaskarra genuen. Duela lau bat urtez geroztik, Iberbandarekin, landa eremuetan seinalea irrati uhin bidez zabaltzen duen enpresarekin dugu eta informatikaria den hemengo kide batek herri osoan barna hedatu du.

Zein da zure eguneroko lana?

Baratzean eta fruta-arbolekin aritzen naiz, batez ere. Okindegian ere lan egiten dut eta maiz tailerrak ematen ditut kanpoan. Horretaz gain, antolakuntzan egokitzen zaizkidan lanak egiten ditut. 

Eta idazten nola hasi zinen?

Txikitan ipuinak idazten nituen. Gaztetan literatura fantastiko asko irakurtzen nuen eta rol jokoetan ere aritzen ginen maiz. 17 urterekin hasi nintzen nire lehen eleberria idazten. Sagaren sorrera izan zen hura. Liburua bukatu gabe utzi eta bolada batez idatzi gabe egon nintzen, baina 21 urte nituenean berriro  ekin nion, eta lehen idatzitako hura ez zitzaidanez gustatzen berriro hasi nintzen. Azkenean, amaitu eta duela bi urte argitaratu nuen. Gustua hartuta, gelditu gabe sagaren bigarrena eta hirugarrena idatzi nituen eta orain laugarrenarekin ari naiz.

Nolako gaiak jorratzen dituzu?

Irudimenezko munduan hasi nintzen mugitzen oso gazte nintzela, baina gero denborarekin ikusi dut ez dudala soilik fantasiazko mundu horretaz idatzi nahi. Batailez eta elfoen istorioez gain, kritika kutsua eman nahi diet nire testuei. Mundu globalizatuan enpresa handiek egiten duten lurraren eta baliabideen kudeaketari buruz eta horrek gure bizitzetan duen eraginaz hitz egiten dut.

Nola sortu da (H)uts argitaletxea?

Ines Muñoz, Vero Reza eta ni neu gara ideia izan dugunok, baina Lakabetik bultzatutako proiektua da. Denbora pixka bat daramat literaturan lanean eta gauza asko ikasi ditut edizioaren inguruan. Ideia sortu zenean abian jartzeko aukerak eta indarrak bagenituela ikusi genuen. Inesek duela sei urte agortuta eta katalogoetatik kanpo dagoen liburu bat berrargitaratzea proposatu zuen: La poesía de los árboles, Ignacio Abellak eginiko hainbat egileren poema bilduma, eta Cácereseko Leticia Ruiz Fernández ilustratzailearen akuarelez hornitua. Lanaren egileei gure asmoa zein zen azaldu genien eta berehala esan ziguten baietz, gustura gainera. 

Ondoren, argitaletxeko beste bi kideei nire bigarren liburua pasa nien. Argitaletxe batek bazuen interesa nire liburuan, baina Verok eta Inesek ikusi zuten oso interesgarria zela eta bete-betean bat zetorrela argitaletxearen helburuekin.

Nire lehen liburua autoedizioan argitaratu nuen eta oso bide interesgarria iruditzen zaigu, horregatik guk ere eskaintza hori egin nahi diegu autoedizioan bere lanak argitaratu nahi dituztenei. Amaigabe izeneko zigilua sortu dugu horretarako.

Zer motatako liburuak kaleratzeko asmoa duzue?

Kosta egin zitzaigun lerro editoriala zehaztea. Ez genuen genero bakarrera mugatu nahi. Argitaletxe txikiek espezializatzeko joera izaten dute eta guk ideia edo kontzeptu batean finkatu genuen gure berezitasuna: beste mundu bat egin litekeela. Eraldaketa soziala aldarrikatzen duten liburuak plazaratu nahi ditugu, izan eleberriak, poema liburuak, arte liburuak edo saiakerak. Horrekin batera naturarekiko harremana eta artelanak sustatu nahi ditugu. Pertsonak hunkitzen dituzten lanak nahi ditugu. Ideien araberako bildumak egingo ditugu. Orain zuhaitzen olerkiak Arte objektua, basoaren isiltasuna bilduman aterako dira eta Un pueblo perdido narratiba kritikoaren bilduman.

Herri galdua diozunean, Lakabez ari zara?

Askotan galdetu didate, baina ez, ez da Lakabe. Herria bere zentzu zabalenean hartzen dut. Ez da populazio gune zehatz bat.

Zergatik galduta?

Zanpaturik bizi delako eta irtenbide berrien bila dabilelako. Nire liburuetan agertzen diren herrialdeek eta gertaerek errealitatean daudenekin parekotasun osoa dute. Erraza da konturatzea zein herrialdez ari naizen solasean une bakoitzean: AEB, Afrika, Txina…

(H)uts izena zergatik?

Hutsean aukerak amaigabeak direlako. Dena da posible. Euskaraz jarri nahi genuen izena, hizkuntzari diogun errespetua eta atxikimenduagatik. H-a parentesi artean dago, mutu izanik hutsaren ikurra delako.

Euskarazko lanak argitaratzeko asmorik bai?

Lan aproposen bat agertzen denean argitaratuko dugu. Nik, oraingoz, ez dut uste eleberria euskaraz idatziko dudanik, mailarik ez dudalako. Gauzatxo batzuk, eguneroko bat eta poesia batzuk baditut, baina besterik ez.

Proiektu gehiago du (H)utsek?

Taldeetan sor litezkeen arazoak kudeatzen laguntzeko liburua izan liteke hurrengoa, herriko kide batek prestatutakoa.

Arkaitz Leon Muela (1985, Bilbo)

Nafarroako Lakabe herri komunitarioko kidea da txikitatik. Idazlea. Bere liburuetan fantasia eta abenturak erabiltzen ditu errealitate ekonomiko, sozial eta politikoari kritika egiteko. Relatos de Mithard sagaren egilea da. Lehena, Las tierras en juego, duela bi urte eman zuen argitara. Apirilean bigarrenak ikusiko du argia: El pueblo perdido, Lakaben sortu berri duten (H)uts argitaletxearen eskutik. Beste mundu bat ahal dela aldarrikatzen duten liburuak nahi dituzte plazaratu zigilu honen bidez.

Azken hitza
Elikadura ekologikoaren garrantzia

“Baserritar asko dago eta lurrarekiko atxikimendu handia dago Euskal Herrian, baina joan den mendean indar handiz sartu ziren produktu eta lurra lantzeko modu berriak. Gaur egun, herri txikietan jendea herbizidak gozokiak balira bezala botatzen ikusten da eta frogatuta dago kaltegarria dela gure gorputzarentzat eta lurrarentzat. Lur emankorraren geruza gero eta kaskarragoa da eta ura iragazteko ahalmena galtzen du. Errekak maiz uhertuta ikusten ditugu, lurra ez dagoelako lehen bezain ongi finkatuta. Orain, lurra zaindu behar dugunaren kontzientzia hedatzen ari da. Produktu ekologikoak eta kontsumo taldeak gero eta zabalduago daude. Adibidez, Iruñean autobus geltoki zaharrean, udala planteatzen ari den merkatu ekologiko iraunkorraren proiektuan interes handia dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lakabe
2020-12-02 | Reyes Ilintxeta
Mabel Cañada SISTEMAREN ERTZEko biztanlea
“Pandemian etsipena, tristura eta bakardadea zabaltzen ari dira ahalmen kritikoa apaltzeko”

Elkartzea eta erantzun kolektiboa ematea inoiz baino beharrezkoagoa denean, isolatzea eta bakartzea proposatzen digute. Hau da pandemia honek utziko digun ondorio larriena kolektibitatearen defendatzaile sutsua den Lakabeko komunitatearen sortzailearen aburuz.


2019-01-15 | Reyes Ilintxeta
Maddi Barber. Itoizko urtegiaren ondorioak behatzen
“Nola egin daiteke paisaiaren edo leku baten dolua?”

Mila galdera ditu borborka antropologiarekin maiteminduta dagoen Artzibarko gazteak. Horietako bat Itoizko urtegiarekin lotua:
nola bizi daiteke bertako jendea zazpi herri eta hiru natura-erreserba ito zituen ur baltsa erraldoiaren ondo-ondoan?


(H)uts argitaletxea
“Beste mundu bat posiblea dela aldarrikatzen duten liburuak plazaratu nahi ditugu”

Lakaben (H)uts argitaletxe berria jarri dute abian. Horren aurkezpena eginen du Arkaitz Leon Muela idazleak astelehen honetan Katakrak aretoan 19:00etan. Askaria eta literatura jokoak eginen dituzte ekitaldian.  


Eguneraketa berriak daude