"Erabakiak mila bider azalduagatik komunitate honetan aurrejuzgu pila bat dugu"

  • Patata beroa egokitu zaio Nafarroako Hezkuntza kontseilariari: Lan Eskaintza Publikoa, D eredua, Ingelesez Ikasteko Programa, LOMCE… Konfrontazio eremu bilakatu dira euskara eta hezkuntza Nafarroan, eta erdi-erdian harrapatu du Jose Luis Mendoza (Carcar, 1954); oposizioak, Gobernukideek, sindikatuek eta hezkuntza eragile hainbatek kritikatua. Egoera argitu nahian jo dugu harengana.

"Oraingoz gai sentitzen naiz jarraitzeko eta Gobernuaren babesa dudan bitartean segituko dut, baina prest nago edozein momentutan alde egiteko". (Argazkia: Dani Blanco)

Hurrengo ikasturterako aurre-matrikulazio datuak argitaratu dira. Eskola publikoan D eredua lehenengoz izango duten eremu ez euskaldunean, informazio gabezia salatu du hainbat eragile eta gurasok. D eredua sustatzeko kanpaina edo estrategia falta izan zaio Gobernuari?

Gure betebeharra da eredu publikoaren aldeko kanpaina egitea, hori izan da gure ardatza. Horrez gain, D ereduan matrikulatzeko aukera zutela azalduz gutuna bidali genien eremu ez euskalduneko gurasoei. Gure webean ere informazioa jarri dugu, ikastetxeetara bidali dugu, eta eskoletan jarraipena egin dugu. Beti esan dugu: edozein irregulartasun gertatuz gero, salatu, ikuskariak badaude ikastetxeetan, eta bestela Hezkuntza Departamentuarekin jarri harremanetan zuzenean; informazio faltagatik salaketa bakarra jaso dugu. Entzun edo irakurri dugu, guraso batzuk berdinaz kexatu direla, eta egia da gertatzen dela, ikastetxera joan, haurra eredu batean matrikulatu nahi duzula erran, eta “hemen ez dugu eredu hori” jasotzea erantzun bakartzat, baina zure betebeharra da hori salatzea. Eta zurrumurruetatik harago, ez dugu espresuki salaketa gehiago jaso. Dena den, kontuan hartu behar da aurre-matrikulazio kanpaina dela eta aurreikusten genuela informazio falta edo desinformazioa egon zitekeela; ekainean eginen dugu benetako matrikula, irailean egin daiteke azkeneko matrikula, eta pentsatzen dugu tarte horretan hainbat gurasok birpentsatu edo iritziz aldatu dezaketela. Benetan arazorik badago, konpontzeko garaiz gabiltza.

Eremu ez euskaldunean D ereduan haur gutxi matrikulatu direla erraten dutenen aurrean, gure balorazioa bestelakoa da: gure egitekoa izan da 30 urtetan lehendabiziko aldiz Nafarroan eskaintza eta eskubide berberak bermatzea ume guztiei. 10 edo 100 matrikulatu, berme hori da guretzat inportanteena.

“D ereduan 10 edo 100 matrikulatu, Nafarroan ume guztiei eskaintza berberak bermatu izana da guretzat inportanteena”

Ekainera bitartean gurasoek matrikula birpentsatu dezaketela diozu. D eredua sustatzeko aprobetxatuko duzue?

Guk eredu eta programa guztien alde egin behar dugu, eskola publikoa aldarrikatuz, eta gogoraraziko dugu matrikula aldatzeko aukera dagoela, nahi izanez gero.

Aurreko gobernuak ezarritako IIP Ingelesez Ikasteko Programa (gaztelaniaz PAI) polemikoari moratoria ezarri diozue, dagoeneko martxan dagoen ikastetxeetan mantenduz, baina IIPren ebaluazioa duzue martxan: zein epetan egingo da ebaluazioa, eta ebaluazio horretan oinarrituko al zarete hezkuntzan zein hizkuntza tratamendu bultzatu erabakitzeko?

Ebaluazioa da erabaki baten hastapena. Jakin behar dugu zer daukagun, zer dagoen ongi eta zer gaizki. Barne-ebaluazioa egina daukagu eta datuak oso kaskarrak dira. Ondorio nagusia da gurasoek nahi dutela ingelesezko programa bat, baina aurreko Hezkuntza Departamentuak oso gaizki antolatu zuela, akats ugari dituela eta Yolanda Barcinak berak aitortu moduan D eredua geldiarazteko jarri zutela martxan. Orain dagokiguna da hurrengo ikasturterako IIP ez daukaten ikastetxeetan ingelesezko beste programa bat  proposatzea.

Eta IIP dagoen ikastetxeetan?

Aurten moratoria daukagu, ikasturte honetan bertan behera uztea ezinezkoa zelako, dena aurrez antolatuta jaso genuen. Orain ebaluazioa aztertu eta erabaki eraikitzaileak hartuko ditugu.

Baina epeak argi dituzue?

Legebiltzarrean erran genuen, gure epea da legegintzaldi osoa. Horrek ez du erran nahi lau urte iraungo duenik prozesuak edo moratoriak hiru urte iraungo dituenik, baizik eta epe horretan moldaketak, proposamenak, zuzenketak… egingo ditugula, eta ahal bada, indar politiko guztiekin hezkuntza arloko ituna adostuko dugula.

Moratoriak iraun bitartean, IIP duten ikastetxeetan programaren akatsak arintzeko neurriak hartuko dituzue?

Bai, jakina, IIP duten ikastetxeek, programa horretan jarraitu arren, berme batzuekin egin dezaten: ikuskaritzaren eta teknikarien laguntza izango dute, irakasleen formakuntzan gehiago inbertitu dugu dagoeneko… Gabeziak antzeman eta konponduko ditugu, hobekuntzak sartu; ezin dugu programa noraezean utzi.

“Gobernuko alderdietan inork ez ditu Lan Eskaintza Publikoaren oinarriak zalantzan jarri, baina asmo politikoak daude, menpekotasunak; ulertzen dut, joko politikoa da”

Lan Eskaintza Publikoak (LEP) hautsak harrotu ditu, lehenengo Madrilgo helegitea dela-eta euskarazko lanpostuen eskaintza kopurua nabarmen jaitsi zenutelako, eta gero zerrenda bakarra egin ordez –bi hizkuntza ofizial dituzten Estatuko gainerako erkidegoetan bezala– bi zerrenda planteatu dituzuelako: gaztelaniaz eta euskaraz. Zergatik bi zerrenda Nafarroan?

Hasteko, batzuek erraten dute hizkuntza ofizial bakarra hemen gaztelania dela, eta euskara koofizial hainbat alorretan. Alegia, eztabaida pedagogikoa beharrean eztabaida politikoa dela nagusi. Madrilgo helegiteak behartuta eskaintza murriztu behar izan dugu batetik. Eta zerrendaren gaian, hasiera-hasieratik ikusi genuen sindikatuen iritzia erdibiturik zegoela eta ez zegoela adosteko modurik: Hezkuntzako mahai sektorialean sindikatu abertzaleek dute gehiengoa [zerrenda bakarraren alde], baina Irakasleen Batzordean besteek [zerrenda bakarraren kontra]. Horri gehitu parlamentuan UPN, PP, PSN eta Izquierda-Ezkerrak adierazi zutela lege bat ateratzeko asmoa zerrenda bateratuaren aurka. Pentsatu genuen gatazka hau konpondu behar genuela, hasteko Gobernuko lau alderdion barruan iritzi bateratua adostuz, eta mehatxua gainean izanik ez zuela merezi jarraitzea, Gobernu hau beti saiatzen delako bi berme izaten: berme juridikoa, inork zure aurka ez egiteko eta erabakitakoa aurrera atera ahal izateko, eta berme ekonomikoa. Berme politikorik ere ez genuen, gehiengoak ateratako kontrako lege baten bidez erabakia bertan behera uzteko arriskua zegoelako.

Eta azpimarratzekoa da oposaketetan bermatu dugula edonork euskarazko eta gaztelaniazko zerrendetan, bietan, parte hartu ahal izatea, azterketa bi egun ezberdinetan jarri dugulako.

Oposizioaren presioak eta Gobernu barruko desadostasunek baldintzatu dute Lan Eskaintza? Izquierda-Ezkerrak desleial jokatu duela eta Gobernua ahuldu duela uste duzu?

Gobernuko lau alderdiok akordio programatikoa eta oinarrizko filosofia bat daukagu, eta akordioen bukaeran agertzen da zein puntutan ez dugun adostasunik. Hortik aurrera, bakoitzak bere jarrera politikoa du eta bere interesak defendatzen ditu, eta berriz ere eztabaida politikora goaz: inork ez ditu Lan Eskaintza Publikoaren oinarriak zalantzan jarri, baina asmo politikoak daude, menpekotasunak –badakigu alderdi politiko batzuek lotura dutela sindikatu jakinekin–, eta hau guztia normaltzat hartzen dut eta ulertzen dut, joko politikoa da. Nahiago nuke hainbat gai gatazka politikotik atera, baina badakit ezinezkoa dela. Hamarkada hauetan Nafarroan ikusi dugu irabazi dutenek ia-ia nahi dutena egin dutela, baina aro politiko berri batean sartuta gaude, eta bai Gobernuaren politikak eta bai politika orokorra aurrera eramateko lau alderdien artean adostu behar dira; positibotzat jotzen dut.

Azalpen, aurreikuspen eta planteamendu falta leporatu zaio Hezkuntza Sailari. Inprobisazioa eta ziurgabetasuna egon da gestioan?

Departamentutik gauzak beti hobeto egin daitezke, edozein arlotan, baina erabakiak mila bider azaldu arren, nik uste komunitate honetan aurrejuzgu pila bat ditugula. Proposamen teknikoa proposamen politiko bihurtzen da, eta proposamen politiko horrek adierazten du Gobernu baten borondatea eta Gobernuaren testuingurua eta baldintzak. Uste genuen Eskaintza Publikoa guk planteatu bezala defendatzea posible izango zela, baina ikusi genuen zer nolako eztabaidak piztu zituen lau alderdion artean, eta ia konpondu ezinezko bi ardatz genituela: eskaintza publikoa bere horretan mantendu edo ez, eta zerrenda bateratua ala ez. Eta gertatuak gertatu, ziurrenik duela urtebete esan izan balitz eskaintza publiko batean aterako zirela euskarazko lanpostu gehiago gaztelaniazkoak baino, sinestezina litzateke. Baina urratsa eman dugu eta ez da zerua erori.

Baina nahikoa izan da urratsa? Izan ere, tirabira politikoen aurrean amore eman duzuela uste du euskalgintzako hainbat eragilek.

Ez da amore ematea, Estatuko abokatuak gure zerrendatik 100 lanpostu kentzea erabakigarria izan da. Aurrera jarraitu bagenu eta gero epaileak Estatuko abokatuari arrazoia ematen badio zer? Gure itxaropena da plaza horiek aurrerago ateratzea.

Galdera beste era batera planteatuta: oposizioak euskararen kontra darabilen “pribilegio” eta “inposizio”-aren diskurtsoa diskurtso barneratua da Nafarroako gizartean? Zaila egiten ari zaizue urteetako politika linguistikoari irmotasunez aurre egitea?

Zaila da, baina lau alderdion arteko akordioetan adostasuna badago horri aurre egiteko. Euskarabidearen betebeharra da. Euskara inposatu nahi dugula? Nafarroako Gobernuan euskarazko gaitasuna duten funtzionarioak ez dira %1era ailegatzen, eta eskerrak datuak guk handitzen ditugun, Hezkuntza Departamentuan %8 direlako. Gobernu akordioaren konpromisoa da herritarrei haiek nahi duten hizkuntzan zerbitzua eskaini ahal izatea, euren eskubidea delako.

Baina mezu hori helarazten zaie herritarrei, ala inposaketarena nagusitzen da?

Gauza bat da mezua eta bestea mezularia. Bai Gerra Zibilaren ostean eta bai trantsizioan Nafarroan egindako botere banaketaren ondorioa da egungo egoera, 30 urtetan garatua. Eta ondorioa da interes pila bat daudela, politikoak eta ekonomikoak, gauzek zeuden moduan jarrai dezaten. Eta orain arte agintean egon direnen euskarriak, egungo Gobernuaren kontra daudenak, oihartzun mediatiko izugarria dute oraindik.

Sarriguren eta Noaingo ikastetxeetan hizkuntza ereduaren araberako banaketa eskatu dute D ereduaren aldeko gurasoek, murgiltze eredua bermatzeko eta gaztelaniazko lerroek “jan” ez dezaten. Gaztelaniazko ereduetan, hainbatek salatu du hori segregazioa dela. Zein da zuen jarrera?

Erabakia gurea dela adierazi diegu ikastetxeei, ez dugulako patata beroa beren gain utzi nahi, baina erabakia hartzeko haien irizpideak jaso nahi ditugula esan diegu, zuzendaritzarena, klaustroarena, eskola kontseiluarena eta gurasoena. Nahi dutena jakin behar dugu, erabakia hartzeko.

Gehiengoak nahi duena egingo duzue orduan?

Gehiengo osoa baldin badago, errazagoa izango da guretzat erabakia hartzea, baina lehenbizi kopuruak eta zergatiak ikusi behar ditugu: ez da gauza bera esatea egiten duzuna dela “murgiltzea” edo “segregatzea”.

“PSNri eskatu diot Madrilen mugitu dezatela gauza LOMCE desagerrarazteko. Oraingoz zain gaude”

LOMCE mantendu egin duzue ikasturte honetan, aurreko Gobernuak lotutako dekretuak bertan behera uzteak “sekulako iskanbila” eragingo zuela esan baitzenuen. Ikasturte bukaerako kanpo-azterketak egingo dituzte ikasleek, 3. eta 6. mailan?

Guk egindako azterketak izango dira, ebaluazio diagnostikoak, eta besteak beste IIP ebaluatzeko ere balioko dute. Guk erabakitako edukiak izango dituzte, eta LOMCE saihesten saiatuko gara.

Espainiako hauteskundeen menpe zintzilik utzi zenuten LOMCE, baina datorren ikasturtea gero eta gertuago dago eta Madrildik oraingoz ez dago berririk. Dekretuak mantenduko dituzue datorren ikasturterako?

Bi aukera ditugu eskuartean: Madrilek LOMCE bertan behera uztea, eta uzten ez badu guk zein jarrera hartuko dugun. Kuriosoa da PSN hasieratik gainean izan dugula, ea noiz egingo diogun aurre LOMCEri, eta nik eskatu diet, eurek aukera daukatela orain Madrilen LOMCE desagerrarazteko, haien eskuetan dagoela eta mesedez mugitu dezatela gauza, LOMCE bertan behera uzteko. Zain gaude.

Eta Madrilen mugitzen ez badira?

Ba erabakiak hartu beharko ditugu. Baina oraingoz zain gaude.

Azpiegitura plana zertan da?

Egoera ekonomikoa da arazoa, Navarra Arena, Los Arcos eta halakoetan gastatu duelako dirua aurreko Gobernuak eta epaitegiek irakasleei arrazoia eman ostean 11 milioi euro ordaindu behar ditugulako. 40tik gora eraikin ditugu, egiteko edo eraberritzeko, eta daukagun aurrekontu murritzarekin ahal duguna egingo dugu. Lehentasuna jarri dugu Sarriguren, Buztintxuri eta Castejongo ikastetxeetan. Bestelako obra txikiagoak ere baditugu martxan…

Aurreko gobernuak murrizketak egin zituen: gela bakoitzeko ikasle ratioak handitu eta irakasleei eskola-orduak gehitu.

Ratioak aurreko balioetara itzuliko dira datorren ikasturtetik aurrera, eta irakasleen eskola-orduak ere, aurrekontuaren arabera baina asmoa da legegintzaldi honetan lehenera itzultzea. Baina hori guztia inbertsio ekonomiko handia da eta txanponak behar dira. Ea erreforma fiskalarekin sos gehiago lortzen dugun.

Sos kontuekin jarraituz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) finantzazioa indartu eta egonkortuko da?

Oposizioak erran du NUPen aurrekontua izoztu dugula, baina gezurra da, aurrekontu nominala aurrekoaren berdina baldin bada ere, beste partida batzuk handitu ditugulako: bekak, formakuntza, doktoretza, graduondoa… Eta joan den ikasturtean kudeaketa ona egiteagatik gastatu ez zituzten 2 milioi euroak ere eskuragarri dituzte, ez ditu Gobernuak beretzat hartu bueltan. Bestalde, orain negoziaketak hasiko ditugu hainbat urtetarako planaren ildo nagusiak definitzeko.

Ingelesa azkarrago hedatzen ari da NUPeko ikasgaietan, euskara baino (azken datuen arabera ikasgaien %60 gaztelaniaz eskaintzen dira, %20 euskaraz eta %18 ingelesez). Zein da Gobernuaren hizkuntza politika unibertsitate publikoan?

NUPek bere hizkuntza politika propioa dauka, horretarako autonomia daukalako. Autonomia hori errespetatzen dugun arren, ez dugu nahi unibertsitatea irla bat izatea hezkuntza sisteman, eta saiatuko gara euskara ere kontuan hartuko duen hizkuntza politika adosten, euskaraz ikasten jarraitu nahi duten ikasleek –Nafarroakoek bakarrik ez, EAEtik edota Iparraldetik etor daitezkeenek ere– horretarako aukera izan dezaten. Gizartearen gaurko argazkia bakarrik ez, hizkuntza aldetik nafar gizarteak zein norabide hartuko duen aintzat hartzea komeni da.

“Ekonomikoki begiratuta, Nafarroan dagoen bigarren enpresa da OPUS, eta hori ere kontuan hartzekoa da. Errespetatu egiten dugu bakoitzaren espazioa”

OPUSekin aurreko gobernuak sinatu zuen ituna errespetatuko duzue, sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeak diruz laguntzea debekatzen duen foru-legea egon arren, LOMCEk baimendu egiten duelako. Zein harreman duzue OPUSekin?

Harreman normalak dira, ez bakarrik Hezkuntza Departamentutik, Gobernu osotik baizik. Azken finean, ekonomikoki begiratuta Nafarroan dagoen bigarren enpresa dira eta hori ere kontuan hartu behar da. Errespetatu egiten dugu bakoitzaren espazioa.

Ikastetxe kontzertatuekiko diru-laguntzak bere horretan mantenduko dira?

Printzipioz bai. Gizarteari zerbitzu bat eskaintzen diote kontzertatuek, zerbitzu publiko bat baliabide pribatuekin, eta funtzio hori aitortzen diegu, baina lehentasuna publikoak izango du beti. Datorren ikasturterako eskola-mapa berrantolatu behar dugu orain, eta eztabaidatu beharko dugu, diru publikoa jasotzen duten heinean, kontzertatuei zer nolako eskaerak egin diezazkiekegun, adibidez ikasle etorkinen harrera orekatzeko [atzerritar jatorriko ikasleen %83 sare publikoak hartzen ditu] edota irakasle lanpostua lortzeko eta ordezkapenak egiteko irizpide objektiboak bermatzeko.

Ikastolak publifikatzeko aukera jarri zenuen mahai gainean, baina ezetz esan zuten.

Elkarrizketa batean galdetu zidaten, “pentsatu duzue ikastolak publifikatzea?”, baina guk ez dugu horren inguruan ezer pentsatu eta ikastolek ere ez digute halakorik planteatu, beraz gai hortaz ez dago ezer esaterik. Beste kontzertatuekin bezalaxe, harreman normalak ditugu ikastolekin ere.

Kontzertatuetako irakasleei oposaketa modukoak egitea iradoki izan duzu.

Negoziazioetan egon daitekeen proposamena da, diru publikoa jasotzen duten neurrian, baina besterik gabe. Hori da nik egingo nukeena, irakasleen kontratazioetan gardentasuna frogatzeko, baina horrek ez du esan nahi kontzertatuetako kontratazioak gardenak ez direnik.

Nafarroarako Hezkuntza Lege baten premia ere aipatu izan duzu, eta hori lortu bitartean, ahalik eta indar politiko gehienekin adostutako trantsizio lege bat egitea.

Hain juxtu, PSNk horretarako proposamena eraman du parlamentura, domina jarri nahian-edo, Uxue Barkosek aspaldi aldarrikatu zuelako hezkuntza arloko ituna adostea. Hori lortzea ongi legoke, inportanteena ez delako arlo politikoa, nafar gizarte osoari heziketa on bat eskaintzea baizik.

Hezkuntza izaten ari da Nafarroan kritiken jomuga nagusia eta Uxue Barkosek ere esku hartu du behin baino gehiagotan. Politikoki kuestionatua ala babestua ikusten duzu zure burua?

Hezkuntza izan dute jomuga, kontseilaria edonor dela ere, eta Uxue Barkos lehendakaria da, hezkuntzan bezala korapilatsuak izan diren beste gaietan ere adierazpen publikoak egin ditu. Azken finean, nik adierazten dudana ez da nire iritzi pertsonala, Gobernuaren jarrera da, baina bai, arlo beroa da eta ziurrenik hala izango da. Oraingoz behintzat gai sentitzen naiz jarraitzeko eta Gobernuaren babesa dudan bitartean segituko dut, baina prest nago edozein momentutan alde egiteko; proiektu baten barruan nago eta lehenengo lerroan egon gabe bertze toki asko daude lan egiteko, Nafarroan aldaketa garatzeko.

“Diru publikoa jasotzen duten neurrian, kontzertatuetako irakasleei oposaketa modukoak egitea negoziazioetan egon daitekeen proposamena da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Euskalgintza apolitikoari deia

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-11 | ARGIA
Euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]


2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-11-06 | Leire Ibar
Hamabi hilabeteren ostean, euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


2024-10-25 | Leire Ibar
Euskaraldiaren edizio berria aurkeztu dute: maiatzaren 15etik 25era izango da

Aurreko edizioetako esperientziak oinarri hartuta, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” egitea proposatu dute. Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan, aurkeztu dute 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioa.


2024-10-17 | UEU
Manex Agirre Arriolabengoa
“Euskaldunok badugu zertaz jabetu eta zerekin ahaldundu”

"Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak" eskola antolatu da Gasteizen Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) programazioaren barruan eta UEUren laguntzarekin. Eskolaren dinamizatzailea da Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio, 1982)... [+]


2024-10-15 | Sustatu
Jabetze Eskola Gasteizen, feminismoaren adibideen ildotik, euskalgintzarako

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) eta UEUk elkarlanean Euskaldunentzako Jabetze Eskola martxan jarriko dute, euskaldunok ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatzeko asmoz. Aurkezpen hitzaldia urriaren 30ean egingo du Garikoitz Goikoetxeak. "Hizkuntzaren... [+]


Eguneraketa berriak daude