Goenkale osteko lehenengo urtea hasi berritan, euskarazko telesailen uzta aspaldiko urriena da. Gutxi balitz, azken apustuek oro har ez dute izan harrera onik. Noiz eta nazioarteko ekoizpenek inoiz baino txalo eta ikusle gehiago pilatzen dituztenean. ETB al da erantzule bakarra? Audientzia datuak eta baliabide falta badira nahikoa aitzakia?
2016ko otsaila amaiera denean, bakarra da telebistan astez aste jarrai daitekeen euskarazko telesaila. Urrun geratu dira ETBn hiru telesail aldi berean ematen zireneko garaiak. Urtarrilean utzi zioten azkenaurreko apustua (Aitaren Etxea) emititzeari, eta otsailaren amaieran hasi berri dira Eskamak kentzen eskaintzen. Lehenengo denboraldi osoa aurrez grabatu dute, eta audientziek esango dute bigarrena egingo den ala ez. Gaur gaurkoz, hortaz, ez dago martxan telebistarako telesailen grabaziorik.
Ez dira gutxi hutsune hori kezkaz salatu dutenak. Berria egunkarian telebista kritika egiten duen Leire Palacios kazetariak Goenkalerekin batera telesail bat baino gehiago galdu dela dio. “Haren inguruan eraikitako kultura da galdu duguna: hizkuntza aberasteko corpusa, aktore eskola, gidoilari eskola, errealizazio eskola eta abar”. Horri guztiari, noski, lanpostua galdu duten dozenaka profesionalak gehitu behar zaizkio.
Leire Palacios: "Abiapuntua da kontua: ikuslea aberasteko kapaza den produktua egitea den helburua, edo datu onargarriak lortzen dituen telesail enkistatua"
Ez da falta, Palaciosek esandakoen bidetik, gaiari soziolinguistikaren ertzetik begiratu dionik. Hala zioen Berrian Goenkaleko gidoi arduradun izan den Jose Luis Aranguren “Txiliku”-k: “Euskararen koloreak fikzioak ematen ditu. Fikzioa kentzen badiogu hizkuntzari, akabo”.
Lander Garro idazle eta gidoilariari ere kezkagarria iruditzen zaio egungo egoera, are gehiago telesailekiko zaletasuna ikaragarri handitu dela kontuan hartuta. “Jendeak, ezinbestean, hizkuntza arrotzera jo behar du sistematikoki, bere zaletasuna asetzeko. Horri gehitu telesailek munduan barna izan duten jauzi kualitatiboa, bai estetikoki eta bai kontzeptualki. Eta geurean, aldiz…”.
Urtzi Urkizu Berriako kazetariak oso gertutik jarraitzen ditu euskal telebista publikoaren gorabeherak. Ikus-entzuleei askotariko edukiak –baita telesailak ere– eskaintzea betebehar duela dio. “EITBren Legeak dio euskara eta euskal kulturaren sustapena duela helburu, eta fikzioa euskal kulturaren hanka funtsezkoetako bat da”. ETBren marka oso ahul dagoela iruditzen zaio, eta hala izanik, kalitatezko telesailak emateak onura ekarriko liokeela.
Lan horretan, audientziei gutxiago begiratu beharko litzaiekeela dio, eta gehiago, aldiz, eskaintzen den produktuari. “Gerta daiteke telebistako lehen emanaldian telesail batek ikusle datu oso handia ez ematea, baina gero sarean asko zabaltzea. Pazientzia gehiago izatea ez litzateke txarra izango”.
Audientzia kaskarrez gain, kostu altua ere aipatzen da maiz telesail gehiago ez ekoizteko motibo gisa. Telebista egitea garestia dela aitortuta ere, Urkizuri ez zaio iruditzen telesailen gabezia azaltzeko nahikoa arrazoi denik. “Dirua nola kudeatu da gakoa: ETB2 kateko saio batzuetarako gastatzen den diruarekin euskarazko telesail gehiago egin daitezke”.
ETBz gain, Hamaika Telebista ere heltzen da Euskal Herriko txoko gehientsuenetara, baina honek ere ez du telesailik programazioan. Horretarako behar adina baliabide ekonomiko ez dutela diote Iñaki Uria zuzendariak eta Inaxio Esnaola kazetariak. “Baliabide falta, borondate handiko lanak bakarrik gainditu dezake”. Uriaren iritziz, ETB interpelatu behar da: “Ikus-entzunezkoen motore eta traktore behar zuena, aingura bihurtuta dago”.
Urkizuk ordea, ez du uste den-dena ETBren esku utzi behar denik: “Ardura partekatua da. Adibidez, erakunde publikoetatik lehiaketak edo proiektuak antolatu daitezke sortzaileek fikziozko produktu berriak gara ditzaten”.
Gaizka Izagirre: "Anbizio gehiago behar dugu, ez gara uste dugun bezain txikiak"
Euskarazko fikzioaren osasuna epaitzeko martxan dagoen telesail kopurua bada kontuan hartu beharreko adierazle bat, ez bakarra ordea. Mamiari begiratuta ere handia da saltoa nazioarteko telesailen eta euskarazkoen artean. Zein izan zen hurrengo kapitulua ikusteko irrikaz, loari orduak kentzera behartu zintuen azken euskal telesaila? Edo gure gizartearen alde ilunenak erakutsiz deseroso sentiarazi zintuena?
Nazioarteko telesailetan aditua den Gaizka Izagirre ARGIAko blogariak uste du euskal ekoizpenek ez dutela maila ematen Euskal Herritik kanpo egiten denarekin alderatuz gero. “Baliabide urriak izateak ez du esan nahi arriskatu behar ez garenik. Gure errealitatearen zorne guzti hori atera eta istorio ausartak jorratzea da gakoa”. Umorea eta gatazka historikoa utzi eta beste ildo batzuk lantzeko garaia dela dio.
Uste berekoa da Lander Garro, eta alde ekonomikotik begiratuta ere zentzuzkoena dela uste du: “Gakoa ideietan inbertitzea da, hots, gidoian, eta lehenestea planteamendu aldetik sinpleak diren istorioak, atrezzo edo jantzitegi aldetik galera handiak ekarriko ez dituztenak. Ni EITBren zuzendaritzan banengo, ez nuke epokako telesail bakarra ere egingo”.
Leire Palaciosi ordea ez zaio iruditzen memoria historikoan eragin dezakeen telesaila derrigor gatzgabea edo ausardiarik gabekoa denik. “Kontua da, abiapuntua zer parametroren arabera eraikitzen den; arrakalatu, ezinegona sortu eta ikuslea nolabait aberasteko kapaza den produktua egitea ote den helburua, edo datu onargarriak lortzen dituen telesail enkistatu eta merkea ekoiztea. Azken apustuarekin (Aitaren Etxea) tamalez, ez da ez bata ez bestea lortu”.
Ohiko telebista kateen logikatik kanpo ekoizten diren telesailak ere badira, eta tartean, Youtube edo antzekoen bidez zabaltzeko asmoz egindako web-serieak. Lagunartean egindakoetatik hasi eta aktore ezagunez osatutakoetaraino, aukera eta mota askotako adibideak daude sarean. Haietako batzuek, oso baliabide gutxirekin, milioika lagunengana iristea lortu dute. Hori da Sevillako auzo asmatu batean gertatutakoak kontatzen dituen Malviviendoren kasua. Lehenengo kapitulua 40 euroko aurrekontuarekin osatu zuten, eta izandako arrakastaren ostean, jatorriz sarerako egindako telesailari hainbat telebista katetan egin diote tokia.
Euskarazko web-serie bat ere bada martxan: Aner Ansorenak zuzentzen duen Deus ez da perfektua. Egungo gazte
Lander Garro: "Hemen gidoilari on askorik ez dago"
estereotipo zenbait muturrera eramanez umorez kontatzen ditu herri bateko gorabeherak. Urtzi Urkizuren ustez, halako gehiago behar genituzke. “Ez dakit zergatik ez diren gehiago egiten, sortzaileen ardura ere bada proiektu fresko eta berritzaileak sareratzea”. Gaizka Izagirrek ere horretarako bitartekoak badaudela dio: “Gaur egun ikusteko moduko ekoizpen bat diru gutxirekin egitea posible da, doako aplikazioak badaudelako eta merkatuan kamera merke xamarrak aurki daitezkeelako”.
Garrok ordea, amateurismoa beti txarra dela dio, eguneroko bizitza oso garestia delako. “Ekuazioa oso sinplea da, bizi nahi baduzu, diru sarreraren bat behar duzu. Nik badakit euskal munduan halako ekimen bat proposatzen baduzu denak etorriko zaizkizula txaloka eta bizkarrekoak emanez. Zuk izango duzu haien txalo gozoa, baina hozkailua hutsik”. Zentzu horretan, zaila ikusten du web-serieak egitea. “Beste kontu bat da bete-betean gidoiarekin asmatzea eta Australiako telebistak erosi nahi izatea. Baina hemen gidoilari on askorik ez dago, eta normala da: harrobia deitzen duten hori Maria Luisaren istorioak kontatzea izan da-eta”.
Dena asmatua omen dago, eta hori horrela bada, ez da gutxi nazioartera begira jarri eta ongi kopiatzen jakitea. Film luze konplexuenen pareko aurrekontuarekin eta AEBetan ekoizten dira sona handieneko telesailak: Breaking Bad, The Wire, House of Cards… Baina Europan ere badira hona ekartzeko modukoak diren joera eta adibide egingarriagoak. Hala uste du Gaizka Izagirrek. Britainia Handian esaterako gidoi finko batetik abiatuta kapitulu gutxi batzuek osatutako “miniserie”-ek duten indarra azpimarratu du. Herrialde nordikoetako ekoizpenak ere aintzat hartzekoak iruditzen zaizkio. Bi ezaugarri dituzte: gizarte kritika ziztatzailea eta sakonki landutako pertsonaiak.
Estaturik ez duelako eta baliabide kopuruari erreparatuta, Kataluniakoa da akaso erreferentzia alderagarriena. Bertan, katalanez eta istorio oso erakargarriak kontatuz, Cities edo Polseres vermelles-en gisako telesailek arrakasta nabarmena lortu dutela dio Izagirrek. Azken horretan oinarrituta Steven Spielberg ekoizle duen Red Band Society egokitzapena egin dute AEBetan. “Zergatik sortzen du barregura hori bera euskal telesail batekin gerta litekeela pentsatze hutsak? Anbizio gehiago izan behar dugu, ez gara uste dugun bezain txikiak”.
Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]
Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]
Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.
Kritika eta publikoaren arrakastatik harago, Heartstopper telesailaren ikusle asko mezu bera uzten ari da sare sozialetan: belaunaldi berrientzat erreferente pozgarria dela bi mutikoren arteko lehen maitasun istorio ezti eta jostari hau, hainbeste eta hainbeste izanik... [+]
Gertatuko zitzaizuen: leku guztietan sekulakoa balitz bezala iragarri duten pelikula edo telesaila ikusi ondoren, frustrazio pixka batekin, “ez zen hainbesterako” esaten bukatu duzue. Eta azkenaldian inoiz baino gehiagotan gertatzen zaizue. Lasai, ez zaudete seko... [+]
Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los... [+]
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.
Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thrillerra da aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria.
“Tarantinokeriak”, “klima aldaketa” edota “arrazismoa AEBetan”. Ikus-entzunezko streaming plataformek etiketetan sailkatuta eskaintzen dute fikzioa. Kultur industriaren azken jokaldietako bat da: fikzioa tematizatuta sartzen zaigu... [+]
'Hondar Ahoak' teleisailean agertzen da astero Omar Diop 24 urteko gazte berriatuarra. Senegaletik heldu, eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan hasi zen euskara ikasten. AEKn ere aritu zen.
Buelta askorik eman gabe esango dut: bart gauean Hondar ahoak-ek inflexio-puntu bat markatu zuen euskarazko telesailen historian. Koldo Almandozek zuzendutako serie berriaren lehen kapitulua ikusi ondoren, ikusle askok izan dute sentsazioa, eta hala adierazi dute sare... [+]