Etxea plaza zeneko bertsolaria

  • Garai bateko bertsolarien eskola, taberna. Hala esan ohi dugu. Sagardotegia, hobea! Zizurkilgo otañotarrek erakusten digute, ordea, etxean egiten zela egunerokoan bertsotan. Eremu pribatuan, eta hor emakumeak ere aritzen zirela, normal-normal. Hortik Plazida Otañoren bi bertso indartsu iragazi dira memoria kolektibora. Baina “plaza publikoa”ren ikuspegi murritzarekin, gure begiradak emakume hauek guztiak desterratu ditu Bertsolari izenetik. Eta orain datoz lanak, bertsolari haien berri jakiteko grina piztu zaigunean, Zizurkilen martxoaren 4an egingo den Plazidatik plazara hitzaldia horren adibide. Bertsotan egiten zuen emakumerik ezagutu baduzu (etxean, zergatik ez?) deitu ARGIAra lehenbailehen (943-371545), izen eta bertso hauek berreskuratzeko erlojuaren kontrako proba galtzear gara-eta.


2016ko martxoaren 02an
Ezkerrean Juana Mikaela Otaño Lasa eta eskuinean Plazida Otaño Odriozola, izeba-ilobak. 
Juana Mikaelak ere bertso zahar pila bat zekizkien, eta iloba Pedro Marirenak kantatzen 
zituenean begiak busti egiten omen zitzaizkion.
Ezkerrean Juana Mikaela Otaño Lasa eta eskuinean Plazida Otaño Odriozola, izeba-ilobak. Juana Mikaelak ere bertso zahar pila bat zekizkien, eta iloba Pedro Marirenak kantatzen zituenean begiak busti egiten omen zitzaizkion.

Egun batean, Txirrita Zizurkilera joan eta Plazida Otaño ikusi zuen, zelaian pagotxa ebakitzen ari zela. Galdetu zion:

– Aita non da? [Joxe Bernardo Otaño bertsolariagatik]
– Hor da nonbait ere, etxe aldean.

Eta bertsoa bota zion Txirritak Plazidari:

Gauz bat esango dizut

modu ondraduan,

noski ez naiz hasiko

hemen endreduan.

Nonbait egongo zara

aldarte beruan,

gaur horla zabiltzanean

udako beruan,

ez da atsegin izango

zure inguruan.

Plazida Otañok erantzun hau eman zion:

Arrazoi horrek badu

bere parezera,

konprenituko dezu

mutila bazera.

Udarako beroaz

kexatzen al zera?

Lana hortan badezu

egiten atzera,

fraide sartu zintezke

komentu batera.

Auspoa saileko Otaño eta bere ingurua I liburuan kontatua, hona hemen, ezagutzen den emakumeen lehen bat-bateko bertsoa, gaia zer eta sexua duena (mito bat gutxiago aurrerantzean). Maila honetako bat-bateko bertsoa nori eta bertso munduan ospe handikoa zen Txirritari erantzunaz botatzeko, bertsolaria behar zuen. Jarduten zena. Eta baietz, etxean egunerokoan aritzen zirela kontatzen du Auspoako liburuan Plazidaren ahizpa Adrianak: “[gure aita Jose Bernardok] Gehienean bere semeren bat edo alabaren bat izaten zian lagun egiteko, eta bakarrik ere kantatzen zian hark, etxean edo familian. Hari ez zitzaion hori [bertsotan egitea] kentzerik”.

Etxeko jardun horretan bota zuen Plazidak, ezagutzen zaion beste bertsoa: jai-bazkalondo batez, Errekaldeko sukaldean bertsotan ari omen ziren Joxe Bernardo eta Plazida. Plazidak bere aitari bertso batean hau esan zion: edadez osatzen ari zela eta ezkontzeko asmoa zuela, eta beretzat dotetxoa preparatzen hasteko alegia. Jose Bernardok erantzun:

Ezkondu behar dunala,

hoi den balorea!

Hamazortzi urte den

hire edadea.

Pikara, gaizki hazi,

lotsarik gabea,

hik aberastuko naun

lehen banaiz pobrea.

Plazidak aitari ostera:

 Aita, zahartu ta gero

garai hobea ezta,

neska gazteak ere

badu bere kezka;

ilea zuriturik,

nobiorik ez-ta,

orduan alferrik da

soinua ta festa.

Otañoren omenaldian kantari

“Plaza” esaten zaion horretan (gizonen plazan), behin entzun zuten zizurkildarrek Plazida kantuan, 84 urte zituela: Pedro Mari Otañori Zizurkilen egin zitzaion lehen omenaldian, 1950ean. Goizean ekitaldi solemnea egin zitzaion, eta Plaza-Etxeberrin izan zen bazkaria. Bazkalondo hartan Plazidak kantatu zituen Pedro Mari Otañok (lehengusuak) Argentinatik bigarren aldiz etorritakoan (1880an) Errekalde baserrira joan eta bere osaba Joxe Bernardorekin (Plazidaren aitarekin) egin zuen saioa. Plazida izan zen Pedro Mari etorri zenean trenera bila joan zitzaiona eta beraz, ziurrenik bertan izango zen osaba-ilobek etxeko ateaz alde banatara saioa egin zutenean.

Gizonen bertsoetan aipatua

“Izaeraz, bertsolari kasta” halaxe deskribatu digu Teodoro Mujika Zizurkilgo bertsozaleak Plazida. Berak mutil kozkorretan ezagutu zuen 80 urteko emakumea. Beharbada umorea jartzeko izaera hori zuelako, beharbada bertsotan eurekin zirikan arituko zelako, edo auskalo zergatik, baina emakume gutxi dira gizonek bertsotan hainbeste aipatu dituztenak (honakoetan ere sexua gai hartuta), eta esaterako, Plazidaren beste ahizpak aipatzen diren bertsorik ez zaigu iritsi. Espero zitekeen Txirritari epelak erantzun zizkion Plazida ez zela mutu geratuko bera aipatzen zuten bertsolarien aurrean. Tamalez, ez zaigu bere bertsorik iritsi.

Behin Joxe Bernardok bertso hau bota zion Txirritari (Plazidagatik):

Joxe Bernardo ikasia da

atea zeini ireki,

ta familiko buruz bidea

jarri nahi luke egoki.

Mutil zintzoa nola zaren zu

nire alabak badaki,

gure etxera joan zaitez ta

biziko zara ederki.

    Eta Txirritak erantzun:

Zure alaba enpleatzeko

hartu dituzu ideak,

horretarako beharko ditut

etxeko eskubideak.

Terreno hoitan zabalduko’itut

simaurrak eta kareak,

muturra atzera beharko ditek

inguru hartan bareak*.

* Bareatarrak baitziren otañotarrak.

Plazida Otañok eta Juan Joxe Ugarte Beldarrainek (bertsolaria hau ere, Pedro Mari Otañoren lehengusua, bien amak ahizpak izanik) erromantzeren bat izan zutela esaten da. Batean, hala kantatu omen zion Ugartek Joxe Bernardori:

Gaur ikusi dut zure

alaba Plazida,

aspaldian horixe

ni hainbat hazi da;

mutilei begiratzen

fanfarroi hasi da,

gazterik ohartzeko

tokian bizi da.

Otaño eta bere ingurua I liburuan aipatzen denez, Ugartek Joxe Bernardorekin hartu-eman asko zuen eta bere etxera sarritan iristen zena izan behar zuen. Bera sentitzen zuenean, Plazida “dotore agertzen zitzaion nonbait Juan Joxeri”. Horrelako batean honela bota omen zion Juan Joxe Ugartek:

Plazidak entzuten du

Juan Joxeren boza,

sentitzen duenean

hartzen duen poza!

Neskatx umil batekin

behar dut esposa,

ez nuke nahi zu bezain

gallarda airosa.


Ateraldiak

Plazidaren gizona, Joxe Migel Zaldua, itzaina omen zen, karretoarekin ibiltzen zena. Baina urrutira joan gabe, enkargu motzak egingo zituen (tartean, etxetik gertu zuten tren estaziora). Joan-etorrian, askotan pasatzen zen euren Benta etxe ataritik. Eta Plazidari oihu egiten omen zion:

– Niretzako gosaria pronto al daukazu?

– Oraindik ez. Hurrengo bidaiarako preparatuko dizut.

Beste bidaian etortzen omen zen, eta:

– Pronto al daukazu?

– Ez. Zopa eta arrautza bakarrik falta zaizkit jartzea.

Eta Joxe Migelen gosaria horixe izaten omen zen, zopa eta arrautza.

Goraxeago aipatu dugun liburuan, Zizurkilgo Serapio Mendizabalek kontatzen duenez, elegantea zen Plazida. Gainera, alabak larruzko berokia erregalatu zion. Beti kartera edo poltsa batekin ibiltzen zen. Behin batean, Teodosioneko nagusiak ikusi eta honela esan omen zuen:

– Hemen duk Plazida, bera baino poltsa handiagoarekin. Baina pezta bat ez dik eramango.

Plazidak aditu eta:

– Aizak: zenbaitek diruz beteta baino, nik hutsik hobeto luzitzen diat.

“Otañotar guziak hiztun egokiak ziren. Erantzuna beti prest”.

Errekalde baserriko sukaldean ikasten zela hizketan, hala esaten zen. Behin baten batzuk beren umeren bat hizketan ikastera kanpora bidali behar zutela esaten ari zirela, hala bota zien amona batek:

– Hizketan ikastera kanpora bidali? Bidal ezazue Errekaldera.

Beste plazak

Teodoro Mujikak “horixe baietz! egingo ez zuten ba?!” erantzuten du emakumeek bertsorik kantatzen zuten galdetuta. Non, ordea? Zein ziren inoiz plaza deitu ez diegun (gizonik gabeko) plaza horiek? Mujikari bi gune posible etorri zaizkio berehala burura: “Haurra jaiotakoan, atsolorra egiten zuten: emakume haren etxean biltzen ziren auzoko etxeetatik emakume bana. Bazkari ona egiten zuten eta ondoren beren biziko hizketaldiak egiten zituzten”. Zizurkilgo batek hala esaten zion Mujikari: “Gure etxean mandioan Adriana (Plazidaren ahizpa), Mikaela Txintxarri (Mikaela Elizegi, Pello Errota bertsolariaren alaba famatua eta Plazidaren lehengusu txikia)... haiek egiten zuten tertulia hura ez hartu [grabatu] behar gaur diren tramankulu horietako batean!”.

Eta asteartetan elkarrekin Villabonako feriara jaisten zirenean, hor ere bertsotarako gune aproposa izango zutela uste du Mujikak. “Elkarrekin jaisten ziren, Zizurkil goiko mendietatik”. San Migel ermitatik gorako bideari Izpila esaten zaio. Burura datorkigun lehen adiera belar usaintsuarena da, baina Mujikak feriara jaisterakoan egiten zuten bidearekin lotzen du: “Hitz pila, horretatik ote datorren...”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
"Emakumeen haria" ekitaldia Villabonan, ekainaren 7an
Testigantzak, murala eta bertso saioa, oihal fabriketako emakumeen lana eta bertsoarekiko lotura ezagutzeko

Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin... [+]


Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
“Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko”

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
“Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak”

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


2021-11-25 | Estitxu Eizagirre
Plazida Otaño bertsolaria plazara atera du liburu ilustratuak

Zizurkilgo otañotarren familia bertsolariko kidea zen Plazida (1867-1954). Bere bi bertso baino ez dira iritsi, ordea. Hain zuzen, gizon bertsolari entzutetsuei erantzunez kantatu zituenak. Emakume bertsolarietan ezagutzen diren bat-bateko bertsorik zaharrenak dira hauek... [+]


2021-06-08 | Bertsozale.eus
Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak, disko batean bilduta

Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako Gure Aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak egitasmoak herrialdeko emakume bertsolarien sortak jaso ditu, bakarka zein taldean eginiko 14 kantetan. Bertso idatziei bultzada emateaz harago, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa... [+]


2020-07-21 | ARGIA
Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak

Inaxi Etxabe bertsolaria hil dela jakin orduko, ekimen xume honek gorputza hartu du emakume bertsolarien artean: bakoitzak bertso bana idatzi eta hedabideetan zabaltzea. Horixe baitzen Etxabek 1956. urtetik 2015era arte egin zuena, bertsoak okasiorako jarri eta plazan kantatzea... [+]


2020-07-14 | Estitxu Eizagirre
Inaxi Etxaberi esker onez kantatu diote Zarauzko Motxian bertso eskolakoek

Inaxi Etxabe bertsolaria uztailaren 11n hil da eta 13an egin diote hileta elizkizuna Zarautzen, etxekoek eta Motxian bertso eskolako kideek. Mezaren hasieran Etxaberen ibilbidea oroitu zuten eta amaieran bertsoa kantatu zion Hodei Unzuetak. Meza ostean, elizaren atarian bertso... [+]


2020-07-13 | Estitxu Eizagirre
Inaxi Etxabe bertsolaria hil da
Inaxi Etxabe bertsolariaren ibilerak laburtu ditugu albiste honetan, azken agurrak gaur, uztailaren 13an kantatuko baitzaizkio. Bertsoak idatzi eta aukera zuenetan plazan kantatu zituen 1956tik. Emakume bertsolarien historia osatzeko pieza esanguratsua, garai haietan plazan... [+]

2020-05-14
Kristina Mardaras. Bertsoa eta borroka, bizipoz
“Normaltasuna oraindik probokatu beharra dago”

Kristina Mardaras, beste gauza askoren artean, bertsolaria da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zelako da ezagun, bertso munduan. Baina, baita hamaika bertso-saiotako antolatzaile eta entzule gisa ere. Izan ere, plaza utzi zuen,... [+]


2019-07-19 | Estitxu Eizagirre
“Ez da liburu erosoa, biolentzia ahoskatzen duelako. Baina maitasunetik egindako liburua da”

Kontrako eztarritik liburuaz hitz egiteko elkartu gara bizileku duen Getarian. Emakumeek bertsotan egin duten ibilbidean mugarri bat da liburua, honen ostean ezin esango baitugu "ez nekien" edo "ez dut ulertzen".


2019-07-01 | Kronika
Emakume bertsolarien bizipenak irakurgai

Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien bizipenak bildu ditu 'Female Improvisational Poets' liburuan, eta proiektuan Iñaki Arrieta eta Maialen Lujanbio hernaniarrek hartu dute parte.


Eguneraketa berriak daude