Otsailaren 22an iritsi da helmugara Correscales, Bilbo eta Bartzelona lotu dituen prekarietatearen aurkako lasterketa. Movistarreko azpikontratatuen borroka zehatz batetik abiatu zen mugimendua, urtebete geroago arazo sozial larri bat ikusarazi eta salatu nahi duen ekimen plural eta zabala bilakatu da. Eta ez hori bakarrik: etorkizuneko langile borrokei berebiziko sostengua eman diezaiekeen proiektu solidarioa da.
Otsailaren 18ko arratsaldea, Bilboko Buenos Aires kalea, Movistarren dendaren aitzinean. Correscales lasterketa hastear da. Eskailerak korritu, euskara baldarrean. Izenak esanahi betea hartu du Movistarreko kontrata eta azpikontratetako langileek egurrezko eskailera luzeak eskuetan hartu eta errepidearen alde bietan jarri direnean, lasterketaren lehen metroak egiteko alegiazko bidea osatuz. Eta hor abiatu da Correscales, Korrika Prekarioa, beste Korrikak bezala lekuko bat duela ezeren aurretik. Oraingoan baina, telefono urdin bat da. Barruan mezua du, euskararen aldekoak izan ohi duen bezala; haatik, honen gaia ez da hizkuntza, langileen duintasuna baizik. Pertsonena, uler bedi.
“Eskailera gure lan tresna nagusia da, eta gure borrokaren ikur bihurtu dugu”, esan digu egun batzuk lehenago, askoz giro lasaiagoan, Aitzol Ruiz de Azua bartzelonarrak. Movistarrentzat lan egiten duen Ecotronic kontratako behargina da Ruiz de Azua. Marea Urdineko kidea ere bada, hau da, Movistarreko greba batzordekoa.
2015eko martxoan Telefonicaren marka komertzialerako ziharduten langileen greba izan zen historia honen abiapuntua. Madrilen lehenengo, handik gutxira Espainiako Estatu osoan. Grebak Bartzelonan izan zuen indar handiena, “urtetako lanaren ondorioz ehun sindikal sendoa osatuta geneukan eta”. Movistarreko kontrata, azpikontrata eta “autonomo faltsuek” hilabete bi eta erdi eman zuten greban. “Hasieran uste genuen beste edozein greba baten modukoa izango zela”, oroitzen du Ruiz de Azuak, “hau da, lanik ez eginez enpresari kalte egingo geniola, baina konturatu ginen Telefonicari aurre egiteko horrek ez zuela balio; Telefonica irabazi eskergak dituen multinazionala da, oso zaila da bere aurka borrokatzea”.
"Erresistentzia-kutxako zorra itzultzeaz gain, azpikontratazio politikaren erruz zatiketa egoeran dauden langile kolektiboei laguntzeko funtsa sortzea erabaki zuten"
Enpresari bost axola dirua galtzea, baita bezeroak hornidura gabe uztea ere, Ruiz de Azuaren berbetan. “Irudia zen haien kezka bakarra”. Hasieran irudi hori ez zen bereziki ahulduta suertatu, grebalariei kostatu baitzitzaien hedabideetan txoko bat eskuratzea. Movistarrek Bartzelonan duen denda nagusia okupatuz –hortxe paratu zuten Correscalesen helmuga– lortu zuten egoera aldatzea. Aldi berean, mobilizazio esanguratsuak izan ziren beste leku batzuetan, batez ere Bilbon. Ekintza horien bidez lortu zuten konpainia negoziatzera bultzatzea, baina emaitza ez zen nahi bezain ona izan, Katalunian behintzat –Euskal Herriko grebalariek akordio hobea lortu zuten– eta horregatik askok greban jarraitu zuten. Bartzelonako dendako okupazioa amaitu zenean ondorioak ezagutu zituzten: langile kaleratuak, zerrenda beltzak…
Borroka horrek elkartasun oldea eragin zuen. Grebak luze jo zuen, eta erresistentzia kutxa sortu zuten langileek eutsi ahal izateko, Coop57 finantza-zerbitzu etikoak emandako interesik gabeko mailegu baten bidez. Guztira, 67.200 euro jaso zituzten Katalunian. Euskal Herrian, berriz, 7.000 euroko beste erresistentzia-kutxa bat eratu zuten. Kopuruok itzultzeko epe malguak eman zitzaizkien grebalariei, hiruzpalau urtekoak, baina ez zuten hain luze itxaron nahi izan, “ereinda geneukan hori hoztu egingo baitzen”, Ruiz de Azuaren esanetan. Bestelako proiektu bat eraikitzen hasteko baliatu nahi izan zuten egoera, eta huraxe izan zen Correscalesen hazia.
Nola lortu da Marea Urdinaren borroka zena hain denbora laburrean dozenaka talde eta ehunka lagun biltzen dituen egitasmo bihurtzea? Gakoetako bat Ernest Gutierrez Correscaleseko koordinatzaile teknikoak eman digu: “Bartzelonan denda okupatu zutenean, ez ziren bakarrik sartu”. Movistarreko grebak atxikimendu ugari izan zituen hasieratik, bistan dena: nolabait, lozorroan zeuden borroka zahar batzuk berpiztea lortu zuen, Gutierrezen aburuz. “Bazekarren M-15aren oihartzun halako bat, baina batez ere batzuoi 2000. urteko globalizazioaren aurkako borroka ekarri zigun gogora”.
Ernest Gutierrez:
“Inork ez dezala greba mugagabea egiteko aukera baztertu bitarteko faltagatik”
Arrazoiak arrazoi, Marea Urdinak enpatia handia eragin zuen, eta horri esker lortu zuen hainbat taldetan zebiltzan berrehun pertsona baino gehiagok Coop57k emandako mailegua bermatzea. Horien denen elkarlanaz sortu da Correscales ekimena. “Iraila iritsi zen, eta pentsatu genuen: hau guztia elkarrekin eraiki badugu, itzultzeko ere aritu gaitezen elkarrekin”, dio Gutierrezek. Zerbait diferente egin nahi zuten, ordea, diru kopuru jakin bat itzultzetik harago. “Erresistentzia-kutxa bat sortu beharrean, zergatik ez mutualizazio moduko bat?”, galdetu zieten euren buruei.
Zehazkiago, Movistarrekoaren antzeko zatiketa egoeran daudenei laguntzeko funts bat sortzea erabaki zuten. “Ez da gauza bera fabrika bateko langileek patroi bakarrarekin negoziatzea, edo langile horiek kontrata, azpikontrata eta azpikontraten azpikontratetan sakabanatuta egotea”, azaldu du Correscaleseko koordinatzaileak, “baldintza horietan greba bati ekitea askoz zailagoa da”. Ekimenaren helburua, azken batean, etorkizuneko borroken sostengurako funtsaren lehen hazia ereitea da, behin Marea Urdinaren erresistentzia-kutxaren zorra kitatuta. “Inork ez dezala greba mugagabea egiteko aukera baztertu bitarteko faltagatik”.
Crowfundinga martxan ipini zuten, beraz, bi helbururekin: batetik, aipatutako erresistentzia-kutxen dirua itzultzeko, Correscales lasterketa antolatzeko eta udaberrian estreinatuko duen dokumentala finantzatzeko behar beste lortzea –94.000 euro inguru–; bestetik, funts kooperatibo horren enbrioia sortzea. Bigarren xederako, 40.000 euro biltzeko erronka ipini diote euren buruei. Horrek esan nahi du gutxienez 146.000 euro jaso nahi dituela Correscalesek, eta hori dena martxo erdialdera bitartean. Lerrook idazteko unean, 120.000 euro bilduta dituzte; gutxieneko helburuak aise beteta, eta funtsaren sorrera urrun ez. Horra, Correscalesen benetako helmuga.
Correscalesen izenari itsasteko adjektibo bakarra aukeratu behar bagenu, beharbada “kolektibo” litzateke egokiena. Movistarrentzat lanean dabiltzan kontrata eta azpikontratetako langileen borrokak halako batean muga gainditu eta dozenaka talderen atxikimendua erakartzea lortu zuenetik, askoren indarrak etengabe batuz joan da orain Correscales izenarekin ezagutzen dugun ekimena, eta hori ondo islatu zen lasterketari hasiera emateko Bilbon egindako ekitaldian.
Ehunka lagun bildu ziren Buenos Aires kalean, dozena erdi inguru poliziak babestutako Movistarren dendaren aurrean. Nola pankartetan hala euretako askok soinean zeramatzaten bularreko karteletan, prekarietatearen hamaika aurpegien aurkako salaketa irakur zitekeen, eta beste horrenbeste duintasun aldarri. Behin ekitaldia hasita, Correscalesen lehen kilometroetan lekukoa eraman behar zuten taldeak banan-banan izendatu zituzten, eta horietako ordezkari bana azaldu zen oholtzaren aurrera. Feministak, gazteak, ekologistak, langabetuak, pentsiodunak, antimilitaristak…
“Berriro ere kaleetan prekarietatearen aurka egingo dugu topo” esaldiarekin hasi zen gero lekukoan –telefono formako pieza urdina– sartu zuten testua, lasterketaren amaieran Bartzelonan irakurri zuten testu hirueledun bera. Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez, azpimarratu zuten herri mugimenduaren parte handi bat han bilduta zegoela, helburu bakarrarekin: “Lan prekarietatearen aurka, irtenbiderik gabe uzten gaituen sistema honen aurka” aritzea. “Kontsumitzera kontsumituak izan arte behartuko ez gaituen jendarte batean bizi nahi dugu, gure bizi-proiektuak libreki garatzeko, miseriazko soldaten eske ez ibiltzeko, elkartasuna indibidualismo baino gehiago aintzat hartzeko, xantaiak ontzat ez hartzeko”.
Eta lasterketa hasi zen, azkenik. Marea Urdineko kideek eskailerekin osatu zuten bidea lehen metroak egiteko, eta Marea Urdinari egokitu zitzaion hain zuzen lekukoarekin aurreneko urratsak egitea. Hasieran lasai, manifestazio arrunt baten gisan –Basaurira iritsi arte ez zen benetan korrika hasi Korrika Prekarioa–, “Tipi-tapa, tipi-tapa, Correscales”, “Borroka da bide bakarra”, eta “Prekarietatea apurtu” leloak nagusi. Bost egunean 800 kilometro egiteko, hobe presa handirik gabe abiatzea.
'Correscales’ korrika herrikoiak prekaritatearen ertz guztiak salatu ditu Bilbotik Bartzelonara bidean. Otsailaren 19an Donostian izan zen eta udaletxean prestatutako harreran hitz gordinak eskaini zizkieten udal agintariei, eta bereziki Eneko Goia alkateari:... [+]
Ostegunean Bilbotik abiatu eta 800 kilometro egin ostean, Bartzelonara heldu da astelehen eguerdian. Langileen prekarietatea salatzeaz gain, ibilbide osoan borrokarako grina sustatu dute, antolatzaileek adierazi dutenez.
Arratsaldeko 18:30ean emango zaio hasiera Correscales, prekarietatearen aurkako lasterketa solidarioari, Movistarrek Bilboko Buenos Aires kalean duen dendaren parean. Lasterketa bera 19:00etan hasiko da; herri mugimenduko elkarte ugarik erreleboka eramango dute lekukoa,... [+]
Prekaritatearen aurkako Correscales lasterketak Bilbo eta Bartzelona batuko ditu otsailaren 18tik 22ra bitartean. Movistar telefono konpainiako langileek abiatutako borrokari Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako dozenaka herri eragile batu zaizkio. Elkarlanean egingo dugu... [+]
Prekaritatearen aurkako Correscales lasterketak Bilbo eta Bartzelona batuko ditu otsailaren 18tik 22ra bitartean. Movistar telefono konpainiako langileen iazko grebari lekukoa hartuta, erresistentzia kutxa bat eratzeko asmoa dute.
Marea Urdina mugimenduak, Movistar enpresako langileek osatua, prekarietatearen aurkako "errelebo-lasterketa" egingo du otsailean, Bilbo eta Bartzelona lotuko dituena: Correscales. Asteazkenean aurkeztu dute ekimena Bilbon.
Apirilean egindako 80 egun inguruko grebaren ostean, Movistar-eko langileek osatutako Marea Urdina elkarteak egitasmo berri bat atondu du: prekarietatearen aurkako Korrika moduko bat egitea, Bilbo eta Bartzelona lotuz. Guztira 674 kilometro etenik gabe egingo dituzte, otsailaren... [+]