"Gizarte mugimenduak dira sistema-aldaketaren giltza"

  • Greba orokor batean, bere legebiltzarkide agiria agerian zuela poliziak egurtu eta Financial Times-en portadan esnatu zen. Handik gutxira, Kongresuko pulpituan Espainiako Konstituzioaren orriak erauzten zituela egin nuen amets.

Zu ere izan zinen haurra?

Okina, ofizinista eta komertziantea nuen aita. Abertzalea. Ama berriz modista. Zaldibarrera ezkondutako amamari etxean Batzokia atzeman ziotenez, ziztuan mudatu behar izan zuen Amurriora, alargun eta bi alabatxorekin. Horregatik, gutxi eta azaletik hitz egiten zen politikaz gurean. Gainera, Amurrio ez zen bereziki herri sutsua. Langileen semeek eta baserritarrenek osatzen zuten gure koadrila. Etorkinak ere bagenituen tartean. Jabetzen ginen gerra zibileko giro errepresaliatuetatik hartu zutela lur gurean. Komentario solte horiek josteko haria falta genuen, ordea. Esaterako,1968ko maiatzak Madrilen harrapatu ninduen baina ez nion aparteko arretarik jarri. Ez zeukan nire orduko bizimoduarekin harreman zuzenik. FLPkoen [Frente de Liberación Popular] bidez, alta, gertuagoko bazka iristen zitzaigun, mobilizazio eztanda etengabe bat zen kalea, haize berriak igartzen ziren...

Komunista zinen, ordurako?

Bai, orduko sozialismoarekin oso kritikoa zen korronte batekoa. Kasta burokratikoak iraultza bereganatu zuela iruditzen zitzaidan, adierazpen eta bide iraultzaileak itotzen ari zirela. Ikuspegi ezkertiar eta soziala nazio ikuspegiaren parte dira niretzat. Ez da kasualitatea etsipenezko ilunaldi politikoetan eredu historikoei heltzea jendeak. Che Guevara edo Rosa Luxemburgo erreferente dira oraindik, Vietnameko eta Kubako iraultzek komunismoaz haragoko eragina dute gure bizitzetan. Horregatik dut nire burua orduko ideien semetzat. Adinak hiru-lau kontzeptutan gotortzera eraman banau ere, demokrazia sozialista dago printzipio horien gune-gunean. Errotu dadila demokrazia harreman pertsonaletan, eragin dezala esker txarreko etxeko lanen banaketan, zabaldu dadila koadrilako gizon eta emakumeen arteko harremanetan, jarri dezala auzoa dantzan, langileek agindu dezatela fabriketan eta ez kapitalak. Oinarri zabal eta altuera ttikiko piramidea dakar demokrazia sozialistak, ez egungo jendarte bertikal eta hierarkizatua.   

Nafarroa
“Nafarroan aldaketa ezinbestekoa ez ezik posible zela, PSN irtenbidearen zati baino arazoaren parte zela, hainbeste urtetan aldarrikatu ondoren zirraraz bizi ditut azken hilabeteok. Kriki-krakak daudela? Jakina. Prozesua laua eta lineala izango dela pentsatzea ameskeria hutsa da. Akordioarekiko leialtasuna eta lau alderdien arteko desadostasunak gainditzeko gaitasuna bermatzeaz gain, ea gai garen gizarte mugimenduekin ditugun dialektiketatik elikatzeko. Hori da aldaketa”.

Espainiako Diputatuen Kongresua da horren isla?

Espainiako Kongresua hipokresiaren ikur gorena da. Bertako gai ordena ez du gobernuak erabakitzen, are gutxiago hiritarrek. Bruselaren, Troikaren eta Espainiako botere faktikoen esku dago dena. Lan erreformak, murrizketak, Mozal legea, kode penalaren erreforma, estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubideari eman beharreko erantzuna... Parlamentutik kanpoko botereek erabakiarazten dute dena. Oso indar atzerakoiak dira. Pentsa, ez daude soilik erabakitze eskubidearen aurka, kontsulta eskubidearen kontra baizik! Indar horien hatsa lepoan sentitzeak nintzena baino independentistagoa egin nau. Horregatik diot behetik gorako demokrazia egikaritzea dela itxitura itogarri horretatik askatzeko modu bakarra. Abenduko hauteskunde kanpaina, alta, erabat telebisiboa izan da. Jendearen parte-hartzea sustatu beharrean, boto-emailea pantaila aurrean iltzatzea zuen helburu. Bortitza bezain mingarria zait jendea eta jendartea kontsumo objektutzat hartzea. Erakusleihoan dagoena kontsumitzera mugatzen da hiritarren parte-hartzea?

Orain dena da likidoa, baita bozka ere.

Ezegonkortasun politikoa da azken urteotako ezaugarri nagusietako bat. Katalunian, adibidez, egun batetik bestera aldatzen da egoera. Horrek agenda aldatzen du, alderdien estrategia, liderren posizionamendua... Denbora bat daramagu ezegonkortasun politiko horretan igeri, mobilizazio handiz blai, hil ala biziko hauteskunde zurrunbiloan harrapatuta, eta botere faktikoetatik bideratutako alderdi berrien sorrerak saltsa loditu baino ez du egin. Bozka likidoarena ez da ez ona ez txarra, ez da paralisi sozialaren sinonimo, aro politiko nahasi baten ispilu baizik. Gainera, orain lau urte PP bezala, programa faltsu eta iruzurti batekin aurkeztuta ez da harrigarria hondarrezko gazteluak eraistea. Oraindik lehen indarra direla? Galduz irabazi dute. Legebiltzarra edukirik gabeko ontzi huts bat izateak izugarri laguntzen die horretan.

Ontzi huts hori herritarrengandik geroz eta urrutiago dago?

Bien artean amildegi bat ez, ozeano bat dago. Espainiako kongresua ez da demokraziaren totema, itxurakeriaren tenplua baizik. Instituzionalki ez da herritarrekiko zubirik eraikitzen, bertan erabiltzen diren lengoaia, janzkera eta formek ez daukate kalekoekin zerikusirik, ez dago parte-hartze biderik, aditu bat batzorde batera deitzen dutenean ez da bere iritzia aintzat hartzeko euren burua zuritzeko baizik. Sistemak dena hipnotizatuta dauka. Hala, legebiltzarkideen bi herenek lau urtez inolako hitz-hartzerik egin ez izana lotsagarria zait. Alderdi diziplinaren arabera bozkatzea eta idatzizko pare bat galdera xalo egitea da legebiltzarkide baten lana? Ez harritu gero bozik ez dagoen plenoetan %20ko asistentzia baizik ez badago. Iruñean, kalera atera eta jendeak bizilagunaren edo koadrilakoen arazoez hitz egiten dit, langabezian dagoela bat, hilabete amaierara larri iristen dela bestea, dibortziatu dela ez dakit nor, etxea kendu behar diotela beste hari. Kongresuan ez dago horrelakorik.

Katalunia
“Kataluniaz hasi orduko letaginek diz-diz egiten didate. Izugarria iruditzen zait, estatua kontra egon arren, modu masibo, bateratu, parte-hartzaile eta demokratikoan adierazi beharrekoa adierazteko duten gaitasuna. Jendarte bizi eta heldu bat ikusten dut hor. Espainia ipurdi bistan utzi dute. Hala, nola ez da izango aldebakarreko independentzia irtenbide zentzuzkoena politikoki, sozialki eta baita instituzionalki ere?”.

Politika egiteko beste modu bat eskatzen du jendeak?

Legebiltzarrean kaleko jendea egon zitekeela erakutsi nahi izan dugu, kaleko kezkei parlamentuko pulpitutik oihartzuna ematen saiatu gara, formaz, edukiz, hizkeraz zein janzkeraz gertukoak, ulergarriak eta zuzenak izaten. Kongresuko hormak ez daude ohituta ezker sozial bat, ezker abertzale bat, aterpetzera. Hala, orain Podemosek hitzetik hortzera darabilen legebiltzarkideen soldatei topea jartzeko proposamen berbera egin genuen 2012ko otsailean, legebiltzarkideen pentsio funts berezien gisako pribilegio zentzugabeak eraisten tematu gara. Ez da kasualitatea legebiltzarreko hedabideen artean buruturiko azken inkestan gu izatea ezkertiarrenak, bai sozialki, bai nazio ikuspegiari dagokionez.

Inkestak inkesta, hauteskundeek kongresutik kanpo utzi zaituzte.

Ez dugu asmatu estatu mailako hauteskunde hauek gure herrian kokatzen. Ez dugu jakin testuinguru nahasi horretan gure burua egoki posizionatzen. Idien aurretik jarri dugu gurdia. Erabakitze eskubidea izan da gure kanpainako ardatz nagusia eta ez dugu jakin hemengo arazo sozio-politikoei behar besteko argia ematen, azken lau urteetako estatu politikek gurean izan dituzten ondorio negargarriak behar beste azpimarratzen. Inbutu bat bezala planteatu dugu erabakitze eskubidea, gure buruak gure mami politiko guztia bertatik pasatzera behartuz. Azken lau urteetako estatu politikari emandako erantzuna izan behar zuen erabakitze eskubideak, ez estatu politika horren ondorio. Madrilera zergatik eta zertara gindoazen esatea falta izan zaigu, ezkerreko talde independentista batek Madrilen duen funtzioa definitu eta zedarritzea. PPren zapalkuntzatik dena posible izan zitekeen agertoki batera igarotzeko aukera zegoela jakinda, ezinbestekoa zen funtzio horren inguruko eztabaida elikatzea.

Erakundeek eta gizarte mugimenduek elkar elikatu dezakete?

Gizarte mugimenduak dira sistema aldaketaren giltza. Jendarte ezberdina pentsatzen ari bagara, Euskal Herri ezberdina eraiki nahi badugu, ez dauka zentzurik aldaketa gobernu baten gehiengoari soilik lotzeak. Euskal Herri berri horrek ez badakar eraberritze eta eraldaketa sozialik jai dugu. Ahalduntzerik gabe, parte-hartze sozialik gabe, gizarte antolaketa horizontalik

gabe... nora goaz? Egia da mobilizazio soziala aldaketa instituzionalarekin bat ez doanean konplikatua dela afera, baina mobilizazio sozialik gabeko aldaketa instituzionalak PP gehiago esan nahi du. Aldaketa soziala ez da hauteskundeetatik etorriko, hauteskunde emaitzekin soilik ez da jendarte ezberdina sortzen. Sozialki, sindikalki eta feminismoaren ikuspegitik geroz eta botere handiagoa duten saretutako espazio auto-antolatuek dakarte aldaketa. Mugimendu sozialik gabe ez dago Euskal Herri berri eta ezberdinik.

Gizarte mugimenduen eta erakundeen arteko zubiak lastozkoak ez ote diren...

Zubi horiek sendotu eta egonkortzean datza demokrazia sozialista. Esaterako, fabriketako harreman eredua bertikala da, enpresak agintzen du, langileak isilik izerditu, eta tartean gutxieneko batzuk negoziatzeko espazio bat dago. Hori da demokrazia? Zer gertatzen da gizon eta emakumeen arteko harremanetan? Emakumeenak kontsideratzen diren lan zein jarduerek ez daukate onarpen sozial eta politikorik, soldata ezberdintasunak izugarriak dira, onarpen ezak menpekotasun

“Iruñean, kalera atera eta jendeak bizilagunaren edo koadrilakoen arazoez hitz egiten dit, langabezian dagoela bat, hilabete amaierara larri iristen dela bestea... Kongresuan ez dago horrelakorik”

harremanak dakartza eta harreman desorekatuek indarkeria. Hori da demokrazia? Gauza bera, unibertsitatean. Zer da unibertsitatea demokraziarik gabeko kazike kabi bat ez bada? Horregatik diot demokrazia bizitzako esparru guztietan sustraitzea dagokigula, jendartearen eta erakundeen arteko harreman zuzenak bultzatzea, bien arteko amildegia estali eta elkarlana sustatzea. Gizarte mugimendu eta erakundeen arteko harreman parekideak gobernu baten osasun sintoma behar luke, ez ahultasun seinale. Hori, ordea, ez da hiritarren parte-hartze legeak bozkatuz lortzen. Auziaren mamira jo behar da, bizitza soziala bizitza politikoa dela onartu eta erabaki ttikienari ere demokrazia dosi bat bota.

Alderdi politikoak prest daude boterea mugimendu sozialekin partekatzeko?

Politikoak soziala banpirizatzeko joera da nagusi. Gizarte mugimenduetan hezi eta hazi den jendea hauteskundeetarako amu bezala erabiltzen da baina inork ez du politika uzten auzo elkartean lan egin edo etxe desjabetzeen aurka aritzeko. Denok dakigu politikari profesionalek euren neurrira egindako fundazio edo enpresa pribatuetara egiten dutela salto. Gure agintari gehienentzat lan guztiek ez dutela garrantzi bera islatzen du horrek, euren burua piramidearen erpinean mantentzea dela zinez inporta zaien bakarra. Peter-en gaitasunik ezaren printzipioak garbi dio: denok egiten dugu organigrama sozialean gora gure ezgaitasunaren maila gorenera heldu arte.

Jubilatu zinen, erretiratuko zara?

Ez naiz atzo sortua, bi ilegalizazio txanda pasatakoa naiz. Nire belaunaldikoek orain 40 urteko pelikula daukagu begi-ninian iltzatuta. Egun bizi duguna déjà vu-aren mugan dago. Ez dakigu filmaren amaiera nolakoa izango den, bukaera oraindik idatzi gabe dagoela sinetsi nahi dut, jendartearen mobilizazioek agintarien bide orria markatzeko besteko indarra izango dutela. Jende berriaren txanda da, aurpegi gazteak behar ditugu gure ideiak egurastu eta programak freskatzeko. Zerrendaburu izateko nire bila etorri aurretik argi eta garbi nioen ez nintzela aurkeztuko. Are indar handiagoarekin diot orain. Nire lana egin dudalakoan nago. Nire egoera eta habitat naturaletara itzultzea tokatzen zait.

Zortziko txikian

Mariano Rajoy: Gezurti handia.

Pedro Sánchez: Ez hotz ez bero.

Albert Rivera: Rajoyren fotokopia.

Pablo Iglesias: Ezkerrekoa, espainola... Ea bere etorkizun politikoa definitzen duen.

Uxue Barkos: Komunikatzaile aparta eta politikari ona.

Joseba Asiron: Sorpresa handi bat eta sorpresaren tamainako alkatea.

Arnaldo Otegi: Zenbat bertute! Humanoak, politikoak...

Yolanda Barcina: Inor eta ezer errespetatzen ez duen lotsagabea.

Sabino Cuadra: Jendeak esan dezala!

Sabino Cuadra (1949, Amurrio)

Aspalditik Iruñean finkatua. Abokatua, sindikalista, eta oraintsu arte Amaiurreko legebiltzarkidea Espainiako kongresuan (2011-2015). Ezker abertzaleko hainbat taldetako kide, orotariko gizarte mugimenduetako partaide, Arrojado a los leones liburuaren egile ere bada.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amaiur
2022-06-10 | ARGIA
“Aunitz urtez Amaiur”, euskal kulturaren aldeko ospakizuna Amaiurren

Iruñeko Arturo Campión euskaltegiak eta Iruñea Taldea Euskal Kultur Elkarteak 50. urteurrena ospatzen dute aurten, eta Amaiur Gaztelu Elkarteak eta Iruñeko Jarauta 69 txaranga ospetsuak 40. Taldeon urteurrenak ospatuko dituzte larunbatez Amaiurren.


Isabel Aleman. Amaiur-El Salvador-Amaiur
“Duela ehun urte Amaiurren egon ziren lau diputazioak, ez dakit aurten etorriko diren”

Sabino Arana saria jaso zuen urtarrilean Amaiurko Gaztelu Elkarteak. Herriko zinpeko alkate eta elkarteko kide Isabel Alemanek jaso zuen garaikurra. 1982an, gazteluak ageri duen monumentua jaso zutenean, hantxe zen Isabel, jakile eta lekuko zuzen.


2015-09-17 | ARGIA
Espainiako Konstituzioa apurtu du Cuadrak Kongresuan

Sabino Cuadrak Espainiako Konstituzioa hautsi du Kongresuan. Kataluniako hauteskundeak buruan, PPk bultzatutako Konstituzio Epaitegiaren erreformari buruzko lehen eztabaida saioan kataluniarren ahotsa entzun nahi ez izatea aurpegiratu dio gobernuari Amaiurreko diputatuak.


2015-04-13 | Goiena
Oñatiko atxiloketa bortitzarengatik kontuak eskatu ditu Amaiurrek Espainiako Kongresuan

Amaiur koalizioak Espainiako Diputatuen Kongresura eraman du Ander Astigarraga oñatiarraren atxiloketaren auzia. Kongresuari galdera zehatzak egin dizkio eta idatzizko erantzunak eskatu dizkio.


2015-03-13 | Unai Brea
EAJ eta UPN, PPrekin bat frackinga bultzatzeko

Espainiako Gobernuak Hidrokarburoen Lege berrirako proiektua aurkeztu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Proposatutako aldaketen artean hidrokarburoak ustiatzen dutenek ordaindu beharreko zerga bat dago; ustiatze horrek etekinak gizarte osoaren probetxurako izatea da helburua,... [+]


2014-10-23 | ARGIA
Espainiak Irakera soldaduak bidaliko ditu berriz

300 militar bidaliko ditu Espainiak Irakera, asteazkenean diputatuen kongresuak onartutakoaren arabera. EAJk erabakiaren alde bozkatu du eta Amaiur ez da bozketan izan, Espainiak Iraken interbenitzeko “zilegitasunik” ez duela argudiatuta.


Nafarroako Gobernua, oposizioaren eta Barkosen aukerak

Jakin gabe EH Bilduk lehendakarigai nor aurkeztuko duen, samurragoa da irudikatzea Uxue Barkos Nafarroako lehendakari, PSNko edo EH Bilduko bat baino.


2014-07-23 | Joxe Rojas
Loturak partekatzeagatik kanon bat ordainduko dute Hego Euskal Herriko internautek

Asteazkenean eztabaidatu zen Espainiako Legebiltzarrean Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma. Besteak beste, ‘AEDE kanona’ ezarriko du erreformak: hedabideen nahitaezko eskubidea sarean haien edukiekiko loturen truke dirua jasotzeko.


Politikariak eta herritarrak, ia denak Gallardonen aurka

Uztailaren 3an eta 4an, Bizitzeko Eskubidearen aldeko Nazioarteko Mintegian bildu dira hainbat parlamentari Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Alboko aretotik, emakumeen elkarteek eta oposizioko alderdiek ezetz esan diete, ez dutela abortuaren lege erreforma onartuko.


2014-05-15 | ARGIA
Dispertsio politikaren 25. urteurrenean, eskubide urraketa salatu dute Etxeratek eta Amaiurrek

1989an jarri zen martxan euskal presoen gaineko dispertsio politika. Data hura gogoan, Etxerat taldeak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Hego Euskal Herrian Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzen aurrean, 12:00etan.


2014-04-04 | Iera Aranburu
Euskal gatazkaren egoeraz hitz egingo da atzerrian, VIII. Elkartasun Astean

Euskal Herriaren Lagunak (EHL) sareko kideek hainbat ekimen antolatu dituzte Europan eta Latinoamerikan Euskal Herriko egoeraz informatzeko. Italian, Bolivian, Txilen, Kolonbian eta Argentinan izango du oihartzuna Elkartasun Asteak.


Guardia Zibilak ez du D eredua ikertu Madrilek dioenez, baina egin balu informazioa konfidentziala litzateke

Amaiurko diputatu Jon Iñarrituk Guardia Zibilaren ustezko txostenaren harira eskatutako azalpenei erantzun die Espainiako Gobernuak. Ohar labur baten bidez, PPren gobernuak jakinarazi du Guardia Zibilak ez duela hezkuntzan berariazko ikerketarik egin. Bestalde... [+]


Eguneraketa berriak daude