"ETAren berri mundura Madrilgo ikuspegitik iristen da"

  • Ekarri armak liburua kaleratu du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966). ETAren borroka armatuaren amaiera kontatu du, oso modu garbi eta irakurgarrian. Berrogeitik gora elkarrizketa egiteaz gain, erakundeen barne dokumentuak eta kanpo erreferentziak erabili ditu.

"Borroka armatua amaitu egin behar zela, baina denek batera amaitu behar zutela pentsatzen zuen askok". (Argazkia: Dani Blanco)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2007an ETAk erabaki zuen borroka ziklo luze baterako prestatu behar zuela ezker abertzaleak. Zenbateko garrantzia du Batasunatik ETAri aurre egin izanak?

ETA su-etenean zegoela Barajasko atentatua eginez Loiolako bake prozesua amaitu izana, nolabait azken tanta izan zen, Otegik Argien Aroa liburuan esan izan duen bezala. Erabakigarria izan zen une batean iritzi horretan zeudenek “aski da” esatea, honaino iritsi gara. Ez zen Batasunako zuzendaritzan zegoen jendea bakarrik. Lehendik hori pentsatzen zuen askok barruan.

Zein dira gakoak eztabaida zatiketarik gabe amaitzeko?

“Borroka armatua amaitu egin behar da, baina denok batera amaitu behar dugu”, pentsatzen zuen askok. Denek batera hartu nahi horrek atzeratu du hainbeste erabaki hori. Lizarra-Garaziren amaiera ere mugarria da, batzuek borroka armatua beste begi batzuekin ikusten hasi ziren. 2007-2011 prozesuan, lehentasunen artean jarri zuten zatiketarik ez izatea, baina ez zen lehentasun bakarra. Aurreko urteetan baino ausartago jokatu zuten eta ez zen zatiketarik izan.

“Borroka armatua amaitu egin behar zela, baina denek batera amaitu behar zutela pentsatzen zuen askok”

Zatiketaren arriskua zenbaterainokoa zen?

Ikerketan ez naiz iritsi hori zehaztasunez neurtzera. Testigantzak jaso ditut eta barne dokumentu batzuetan zatiketaren arriskuaz hitz egiten da. Horretan ibili zirenek esanda badakit beraiek behintzat zatiketaren arriskua benetakoa zela ikusi zutela 2009ko amaiera eta 2010eko udaberri bueltan. Garai horretan daude Bateraguneko atxiloketak, herriz herri egindako eztabaidak, Zutik Euskal Herria... azken hau adostasunez aurkeztu izanak amaitutzat eman zuen arriskua.

ETAren baitan ere eztabaidak izan ziren...

Barne agirietan jasoa dago ETAren zuzendaritzan krisi gogorra izan zutela 2007ko bukaeran eta 2008an. Konponezin hori ez zegoen guztiz lotuta ezker abertzalearen eztabaidarekin. Ez zen estrategia politiko-militarra amaitu ala ez. Eraginkortasun eta funtzionamendu kontuei lotuak ziren zuzendaritzaren barnean zeuden desadostasunak. 2008ko maiatzean barne krisi hori nolabait bukatu zen, Bordelen ETAren zuzendaritzaren zati bat atxilotu baitzuten, Lopez Peña eta beste.

Liburuan iturri gisa darabilzun Endgame For ETAn xehetasun asko dago. Nor da hain iturri onak dituen Theresa Whitfield egilea?

Henri Dunant zentrokoekin kolaboratu izan du, garai batean aholkulari gisa aritu zen. Egun New Yorkeko unibertsitate batean dago. Jakinen gatazkari buruzko ikuspegi ezberdinak jasotzen zituen artikuluen monografikoa argitaratu zuten, eta bertan akademiaren munduan errelatoaren borrokaz idatzi nuen. Ingelesez zer atera den begiratuta, Whitfielden liburu hau nabarmentzen nuen. Ez du oihartzun berezirik izan Euskal Herrian, baina garrantzi handia du liburuak, ingelesez eta ukitu akademikoarekin, ETAren borroka armatuaren amaiera prozesua jorratzen baitu beste ikuspegi batetik, foko handia jarriz nazioarteko eragileetan. Kontakizuna gatazka politiko batean kontestualizatuz egiten du.

“EAJn ez da ikusten egungo ildoaren gaineko desadostasunik, ez da ikusten soberanistarik”

ETAri buruz ingelesez eta gaztelaniaz argitaratzen duten gehienek fenomeno terrorista huts gisa ikertzen dute, eta bibliografiak ikusiz gero, hori da nagusi. Madrilgo ikuspegitik barrena iristen da mundura ETAren berri.

Ekarri armak liburuan irakurri dugu lehen aldiz ETAk IKri indarrak batzeko proposamena egin ziola. Ez zuten erantzunik jaso.

Hala da. ETAk bat egiteko proposamena egin zion IKri eta dokumentu batean ETAk dio inoiz ez zuela erantzun. IK ez zegoen erantzuteko moduan. IK-k ez zuen sekula bere bukaera jakinarazi. Filipe Bidartek esan zidan hori publikoki ez jakinaraztea akatsa izan zela, indar sinbolikoa izan zezakeelako. Halere, jasoa geratu da bi erakundeon artean ezinikusien garaia pasa zela. Hitzez ere kontrastatu dut hala izan zela.

Urkulluk esan zuen: “EAJk politikaren ariketa zoritxarrekoa egin zuen 1998-1999n, abertzaleen arteko indar metaketarako politika egin beharraren argudioarekin PSOE eta PPrekin zubiak hautsiz”. Iragarpena dirudi.

Bere ustez hanka sartzea izan zen Lizarra Garazin abertzaleen arteko kontu horretan sartzea. Maria Antonia Iglesias kazetariak jaso zuen. EAJ barnean ez zuten entusiasmo bereziz bizi izan Lizarra-Garaziko prozesua, baina Urkullu ez zegoen oraingo arduretan. Eta Ibarretxeren apostuaz, beste klabe batzuetan, baina berdin. Esperientzia horiei buruzko balorazio kritikoetatik heldu da Urkullu eta bere taldea egungo posizio konformistara, ikuspegi abertzaletik begiratuta. Autogobernua garatzeko Espainiako gobernuarekin bilateraltasuna, nazio forala... Gauden lekuan eta status honekin jarraitzeko apostua egiten duela dirudi.

Nola ikusten dituzu EAJ barneko indarrak?

Egibar eta Imazen arteko lehiaren ostean, bigarrenak hartu zuen gidaritza. Alderdia erdibitua zuen eta zatitzeko arriskua ere izan zuten, baina garbi zuen Imazek nora jo nahi zuen. Urkullu heldu zenean ez dakit nola lortu duen horrelako posturetan egotea, ikuspegi abertzaletik hain txepelak. EAJren pendulu historikoan, beti egon da autogobernu moderatu honen aldeko apustua, Urkullu eta Ortuzar hor daude. Harritzen nauena da penduluaren beste aldea ez ikustea. EAJn ez da ikusten horren gaineko desadostasunik, ez da ikusten soberanistarik.

Lau urte Madrilen PPren gehiengo absolutuarekin, estatutik euskal gatazkarekin zerikusia duen dena blokeatuz, Urkullu Rajoyrengana adeitasun osoz proposamenak egitera joan zaionean mespretxuz erantzun izan dio... Hala ere, harreman bilateral horretan jarraitu nahi dute. Pixka bat harritzen nau.

“PPri edo Espainiako Gobernuari interesatu egin zaie hemen gatazkak jarraitzen duen irudia ematea, beste mami bateko prozesu politikoei bidea trabatzen die”

Liburuan jaso zenuena, Zapateroren garaian Espainiako Estatua konprometitu zela ETArekin hainbat pauso ematera orain aste batzuk Rufi Etxeberriak azaldu du. Zergatik erabaki zuen PPk kontagailua zeron jartzea?

Beharrik ez zuelako. PPri edo Espainiako Gobernuari interesatu egin zaio hemen gatazkak jarraitzen duen irudia ematea. Beste mami bateko prozesu politikoei bidea trabatzen die. Presoen auziari heldu baliote eta konpromisoetan jasoa zegoen bezala preso gaixoak askatu, Norvegiara joan ETArekin hitz egitera presoen hurbiltze eta askatzea pixkana adosteko... ezker abertzalea bera edo mugimendu independentista indar zitekeen. PPk erraz egin zezakeen kalkulu hori...

... baina Zapaterok ere bai, ezta?

Bai, baina Zapaterok bere legegintzaldiaren barruan ETAren borroka armatua amaitzeko aukera zeukan. Garai hartan sekretuan manten zezakeela ikusi zuenez, sartzea erabaki zuen. Rajoyri ordea, lortuta eman zioten. Presoak, desarmea eta beste mila historia dauzka egun, estatu ikuspegitik begiratuta heldu beharrekoak. Baina ikuspegi alderdikoi eta epe laburrekotik begiratuta, interpretazio hori egin dute. Kataluniako arazoa hor daukate, baina Euskal Herrikoa behintzat ez, trabatuago daukate.

Argazkia: Dani Blanco.

2011ko urrian Brian Currinek zera esan zigun ARGIAn: “Ziur nago PPk jarrera eraikitzailea izango duela gobernura heltzean”. Honek zeozer jakingo zuen eta ez zuen asmatu.

Zapaterok oso denbora gutxi eduki arren, benetan espero zuten konpromisoetan jasotako neurri batzuk hartuko zituztela. Preso gaixoak askatuko zituztela adibidez, eta ez zuten ezer egin. Adostua zegoen Zapateroren gobernuak hurrengoari konpromisoak pasako zizkiola. Rajoyk arrazoizko gauza esan zuen: albiste ona zela. Baina bere alderdiko belatzei ez zitzaizkien hitz hauek gustatu eta gainera joan zitzaizkion. Mayor Oreja eta hauentzat ez baitzen albiste ona. Orain ikusten da konpromiso batzuk uste baino zehatzagoak zirela eta Rajoyk ezer ez egitea erabaki zuela.

Sortuk dio Espainiako gobernuari eskatuko diola Zapaterok hartutako konpromisoak betetzeko. Nola ikusten duzu?

Ez dakit zein eraginkortasun eduki dezakeen orain eskatzeak orduan hitzartua betetzeko. Ziurrenik ezagutzen ez ditugun klabe batzuk daude hor. Lotu hor esana hurrengo egunean Madrilen Auzitegi Nazionaleko akordio horrekin... baliteke ez dakigun zerbait egotea hor. Imajinatu PPrik gabeko gobernu berri bat dagoela. Hor dauden batzuek adierazi dute presoak hurbiltzeko jarrera. Mesede egiten du esateak hitzartuta dagoela? Beste batzuek ez dute aitzakia izango txantaian erortzen ari direla esateko?

Sortuk EPPKri bidalitako mezua gauza potoloa da?

Zerbaiten aurreko pausoa da, aldaketa baten iragarpena. Esaten du presoek neurri juridikoak jarraitu behar dituztela modu ausartean espetxe auzian aurrera pausoak lortzeko. Hori aurretik esana dago eta kolektiboak esan zuen modu mailakatuan ateratzearen ereduarekin bat zetorrela. Eskaerak egiten hasi ziren. Baina adierazi zutenean eman gabeko pauso juridiko batzuk eman behar dituztela, adierazten du aldebakarretasunaren bidetik marjen bat badagoela aitortzen duela Sortuk.

Kolektiboari bide horretan orain arte egin duena baino gehiago egiteko eskatzen dio. Terminologia politikoan gauzak nahiko ilunak izan ohi dira, eta ezker abertzalea ere ez da txarra opakoa izaten. Baina, zerbait iragartzen du. Gero dio espetxe fronte izatetik estrategia independentistan eragile izatera igaro behar dutela. Hori gero zertan mamitzen den ikusi behar.

Eta Segurako Auzian lortutako akordioari zer traza hartzen diozu?

Ez dakit aurrekoarekin lotu daitekeen kausetan, baina ondorioetan bai. Trabatuta eta guztiz blokeatuta egon den gatazken ondorioen tren honetan, bi egunetan ikusi dugu zerbait mugitu dela. Batetik, Etxeberriak aldaketa eskatu duelako, eta Madrilen ikusi dugulako orain arte eman ez den akordio eredu bat.

Bilduren legeztatzea lortzeko, EAJk Madrilen presio egin zuen. Egun, dispertsioaren gaian nola ikusten duzu EAJ?

Bilduren legeztatzeari buruz EAJk izan zuen paperaz galdetu izan diedanean, ekarpen positibotzat saldu izan dute arrazoiz. Modu aktiboan saiatu zirela. Ezingo dute antzeko ezer esan sakabanaketaren gaian urte hauetan izan duten jarreraz. EAJk bere garaian sakabanaketarekin erantzukizun politiko handia izan zuen, diseinatu eta babestu egin zuelako besteekin batera. Gerora, jarrera aldatu du eta aurkako diskurtso argia izan du. Baina erabaki du hor ez duela ezer irabazteko. Politikariek gutxitan esplizitatzen dituzte beren posturak termino horietan, baina horrela da. “Hori ezker abertzalearen arazoa da, eta konpondu gabe duten bitartean beraiek kakaztuta egongo dira”.

Ezker abertzale barruan estrategia aldaketarekiko erresistentzia bat egon zen. Zertan da hori?

Nik 2007-2011 ikertu dut, ez egungo desadostasun hauek. Egungo eztabaidak eta desadostasunak ez dira termino beretan ematen, baina nire ustez, orain garai hartan baino gehiago kanporatu diren desadostasun hauek, 2009-2010 hartan ezker abertzale barnean egin ziren eztabaidetako desadostasunetan dute jatorria. Horien eboluzioa dira neurri batean.  Orduan desadostasuna zen estrategia politiko-militarra amaitu edo ez amaitu. Orain gehiago dira presoen auziari nola heldu, edo behintzat horretan kanporatu dira. Ziurrenik gatazkaren ondorioen arloan beste bide bat egin balitz eta presoen kontua ez balitz hain blokeatua egon, ez ziren horrela kanporatuko. Garai hartan erabaki batzuek gehiengoz hartu ziren eta gutxiengoan geratu zirenek onartu egin zuten. Baina egun, presoen gaian frustrazioa handitu denean, ulergarria da orduan baino gehiago kanporatzea.

“Ezker abertzale barnean orain kaleratu diren desadostasun hauek, 2009-2010 hartan egin ziren eztabaidetako desadostasunean dute jatorria”

Zer lortu nahi izan zuen estatuak Bateragune auziko kideak atxilotuta?

Galdera ona. Bi hipotesi daude. Batetik, zatiketa lortu nahi zuela; eta bestetik, ahuldu eta bazterrak trabatu. Garbi dago ez zutela nahi borroka armatuaren ondoren, mugimendu independentista ezkertiar indartsu bat ateratzea. Hori trabatzeko modu ezberdinak daude. Erabakia bera trabatuz edo urak nahasiz eta kontraesanak sortuz. Trabatzera joan ziren, ez nuke esango ETAren amaiera eragotzi nahi zutenik, baina bai, interesatzen zitzaiela ikuspegi alderdikoi batetik begiratuta, beren legegintzaldi barnean amaitzea. Hor esango zuten: “Amai dadila, baina ez beraiek nahi duten moduan; ongi ahulduta eta ahal bada, zatiketa lortuz, baina hori ez bada lortzen, ahulduz”.

Zenbateraino eragin dezake guztien askatasunak gaur egungo ezker abertzalearen egoera delikatu honetan?

Rafa Diezek eta Arnaldo Otegik, baina batez ere bigarren honek, erreferente garbi bat emango diote ezker abertzaleari. EH Bildu Otegiren zain dago, eta gainera, inhabilitazio hori gainditzeko modua egon daitekeenez, zirrikitu legalen bidez eta hauteskunde autonomikoen aurretik aterako denez, ikusiko dugu. Azken hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondoren, eztabaida sakonagoak eduki edo faktore gehiago hartu beharko dituzte kontuan. Lider argi baten falta dago, eta Otegik leku hori bete dezake.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal gatazka
2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


2024-11-11 | Patxi Azparren
Euskal prozesu konstituziogilea

Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio. Espainiako Estatuarekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai ala premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Espainiako Estatua... [+]


Estatuaren biolentziaren beste 93 biktima aitortu ditu EAEko Balorazio Batzordeak

Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]


2024-10-29 | Leire Ibar
Baldintzapeko askatasunean aske geratu dira bi preso iruindar

Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.


Hilberria
Juanje, gero arte bakarrik

Juanje Soria abokatua urriaren 26an hil da, Iruñean. Foro Sozial Iraunkorreko kide ohiek Soria oroitu dute gutun honetan.


Baionako Adierazpenak gatazkaren konponketaren alde egindako “ekarpen handia” azpimarratu du Bake Bideak, hamargarren urteurrenean

Iritzi ezberdinetako aktore politiko eta sindikalak "kontsentsu batera iristeko" ariketa egin izana eta "Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duen ardura" agerian ezarri izana dira Bake Bideak azpimarratzen dituen ekarpenak.


Mikel Mundiñano (Sare)
“Zigorrak bateratuko dituen erreforma urrats handia da presoen egoeran”

Europar Batasunak presoen zigorren bateratzea erabaki zuen 2008an. Espainiak ez zuen agindu hori bete. Legearen erreforma etorri da, orain. 52 presori eraginen die neurriak. Sare elkarteko kide Mikel Mundiñanok xehetasunak eman dizkigu Metropoli Forala saioan.


Sareren kalkuluen arabera
52 presori eragingo lieke 7/14 Legearen erreformak, eta zazpi berehala aterako dira

Hori da ostegun honetan Sare elkarteak adierazi duena. Azken unera arte saiatu dira legearen erreforma gauza ez zedin, baina azkenean ez da berriz Espainiako Kongresuan bozkatu behar, PPk nahi zuen moduan. Hortaz, aste honetan bertan legea Espainiako Aldizkari Ofizialean... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Eztizen Artola Iturrate
“Horrenbeste erromantizatu dugunez auzia, ez gara kontziente espetxeak sor ditzakeen ondorioez”

Heldu da eguna: espetxetik aterako dute Ihintzaren aita. Une horixe du irekiera Eztizen Artolaren (Bilbo, 1999) Gurpilak eleberriak (Txalaparta, 2024). Hortik egingo du atzera, aita bisitatzeko kartzelara egiten dituen joan-etorrietan haur motxiladuna hazten, egoeraz jabetzen... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


KRONIKA | URRIAK 12, GASTEIZ
Guardia Zibilaren terrorearen apologia, plaza erdi huts batean

Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]


Eguneraketa berriak daude