Orain urtebete jarri zuten martxan Kalostra Arte Eskola, Artelekutik gelditzen zena hartu eta artisten egungo eskakizunekin bat zetorren zerbait sortu nahian. Gipuzkoako Foru Aldundian agintea aldatzean, ordea, proiektua geldiarazi zuten, “Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko”. Prozesua errepasatu dugu bertako koordinatzaile izandako Xabier Gantzarainekin.
“Ezer ez da monolitikoa, errealitatea poliedrikoa da”. Zer esanik ez auzia denean norbanakoak, instituzioak, artistak, kulturguneak eta abarrak biltzen dituen katramila baten errelatoa osatzea. Ongi daki Xabier Gantzarainek hori, eta Kalostran gertatu denari buruz beretik aritu bada ere, bereziki saiatu da prozesua bere konplexutasunean kontatzen. Ziur asko, ohi moduan, bertsio ofizial lauei aurre egiteko modu bakarra delako ñabardurak azpimarratzea.
Idazten duzu ‘Kalostra’ Googlen, eta arreta pizten dute lehen bi albisteek. Batak dio: “Arteleku ordezkatu du Kalostrak, artistentzako eskola esperimental berriak”. Besteak, berriz: “Foru Aldundiak Kalostra geldiarazi du, Tabakalerarekin indarrak ez bikoizteko”. Bi albisteen artean, bederatzi hilabete eskas. Zergatik izan du halako bizitza laburra?
Hasteko, Kalostraren kultur ereduak talka egiten duelako egungo agintariek daukatenarekin. Bestetik, hor dago joko politikoa, alderdien arteko borroka: proiektu bat Bilduk martxan jarritakoa bada, hurrena datorrenak geldiarazi egiten du. Eta hirugarrenik, diru kontuak ere aipatu dituzte, eta, noski, hortik ere izango zuen beraientzat. Benetan politika hor dago: batek erabakitzen duenean ixtea barrura begira harrobia sortuz lan egiten duen eskola bat, eta hor gastatu beharrean gauza ikusgarriagoetan gastatzea, ba tira, berak erabakiko du zerk ematen dion etekin gehiago. Kurtso bakarra egin genuen. Kuriosoena da, hala ere, Kalostra hain denbora gutxian desagertu dela. Artelekuk luze iraun zuen eta erreferentzia bilakatu zen, berriki irekitako Tabakalera erreferentzia da jada, eta urtebeteko gauza txiki bat erabat desagertu da, ez dago inoren iruditerian.
Egin dezagun atzera. Zer testuingurutan sortu zen Kalostra?
Kalostraren sorrera baldintzatu zuen Arteleku zegoen eraikinaren egoerak. Arteleku Txomin-Enean zegoen. Donostiako Udalak abisatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari hirigintza-plan bat zutela auzo hartako uholdeak saihesteko, eta Arteleku botatzeko asmoa zeukatela. Era berean, hor zegoen Foru Aldundiak garai hartan Artelekuren inguruan zeukan iritzia –orduko kultur diputatu Ikerne Badiolak galdu antzera ikusten zuen Arteleku, “norabide argirik gabe”–. Baina ez da ahaztu behar testuinguru hori erabat aldatu zela Tabakalera proiektua azaldu zenetik. Azken urteetan mamu bat izan zen Tabakalera Artelekurentzat. Mamua diot, oraindik egikaritu gabeko ideia batek eragin zuzena zeukalako proiektu hartan, espektro batek bezala. Orduko leloa zen: “Arteleku izango da Tabakaleraren bihotza”. Baldintza horiek guztiek eragin zuten 2014an Foru Aldundiak erabakitzea Arteleku itxi beharra zegoela, eta, era berean, beste zer egin zitekeen pentsatzea. Hainbat artistarekin hitz egin zuen Foru Aldundiak, eta haiek garbi ikusi zuten azken urteetako joera batzuk alboratu eta oso bestelako eredu baten alde egin behar zela.
Zeintzuk ziren alboratu beharreko joera horiek?
Artelekuren sorreran oso tailer luzeak egiten ziren. Azkenaldian, berriz, gero eta laburragoak: bi egunekoak, astebetekoak... Artista horiek Foru Aldundiari esan zioten berriro eredu luzeago batera jo beharra zegoela, eta hor sortu zen Kalostra izango zenaren hazia. Lehiaketa publiko bat jarri zuten martxan, eta proiektu bat aurkeztu nuen nik, eredu luzeago hori nondik nora joan zitekeen biltzen zuena. Ez zen denbora kontua bakarrik, ordea. Bazen guretzat kontu garrantzitsu bat: ez genuen ikusgarritasuna bilatu nahi. Besterik da lan baten ostean edo kurtso amaieran egindakoa publikoari zabaltzea. Baina lan prozesuan zehar ez genuen inoiz argazkirik sareratzen, “hemen ari dira artista gazteak lanean” eta gisako mezuekin. Bestalde, egia da eraikinak ere –Alde Zaharreko Santa Teresa komentua– horretara bideratzen gintuela. Arteleku irekia zen, industriala, espazio zabalekoa. Hau, aldiz, askoz txikiagoa, espazio itxikoa, bestelako arkitektura batekoa... eta horrek proiektuan eragina izan zuen. Azkenean, sortu genuen norbere baitara bilduta egoteko espazio bat, erlijio hizkeran esateko. Izena ere –‘Kalostra’, klaustroari erreferentzia eginez–, hortik dator.
Kalostraren funtzionamendua zehazten aritu ziren arte munduan ibilbide oparoa duten hainbat lagun. Besteak beste, Adelina Moya, Peio Agirre eta Txomin Badiola. Haien ekarpena zertan gauzatu da Kalostran?
Kalostrara inor ez zetorren aurrez pentsatutako proiektu bat gauzatzera. Hori baino askoz irekiagoa zen proposamena. Izugarri sinplifikatuta: Artista izan nahi duzu? Sentitzen duzu artista izateko ondo etorriko zaizula zu bezala dauden beste hamalau lagunekin leku berean lanean aritzea, ibilbide bat daukaten artistek lagunduta? –Eta lagunduta diot, “irakatsi” ez zaidalako asko gustatzen. Guretzat oinarrizkoa izan da, zentzu horretan, Jacques Rancièreren Le Maître ignorant liburua: denok ikasten dugu elkarrengandik, inor ez da inor baino gehiago: berdin lagunduko dizu artista kontsakratu horrek edo zure kideak. Kontua zen lan prozesu batean sartzea bete-betean–.
Horregatik epe luzeko kurtsoak berreskuratzeko beharra.
Hori da. Kezka hori bazetorren, besteak beste, unibertsitateak eduki duen eboluziotik. Arte Ederretako ikasketetan lan egiteko baldintzak aldatuz joan dira: ikasketa planak laburtu egin dira, bost urteko karrera lauko bihurtu zen, laster ziur asko hirukoa izango da eta egin beharko duzu gradu-ondokoa edo dena delakoa... Finean, gertatzen da askoz ere denbora gutxiago daukazula zeure buruarekin bakarrik egoteko fakultatearen barruan, zeure txokoan, lanean. Pasatzen duzu denbora tarteka irakasleari lana erakutsiz, etxean lan pixka bat eginez... logika hori errotik puskatzeko asmoa zuen Kalostrak. Eguneroko martxa oso arrunta zen: artista bat gonbidatzen genuen astebeterako, berak egituratzen zuen aste hori, eta bitartean parte hartzaileak (nahiago dut hitz hori “ikasleak” baino) lanean ari ziren, eta artista gonbidatuak laguntzen zien, bere esperientziatik.
Kalostra aurkeztu zenuten Arte Ederretako ikasleentzat zerbait osagarria bezala, baina, era berean, artista guztiei irekia. Nola kudeatzen da aniztasun hori?
Zaila da ikasturte bakarretik ondorioak ateratzea. Kalostran izan diren hamabost lagunetatik gazteenak 22 urte inguru izango zituen eta zaharrenak 38. Jatorri desberdinetako jendea zegoen: suediarrak, euskaldunak, espainiarrak, txiletar bat… Batzuk Arte Ederretatik atera berriak, beste batzuk fakultatea aspaldi samar zapaldu gabeak baina beren ikasketa prozesuan pauso bat eman nahi zutenak, beste intentsitate eta kontzentrazio batekin lan eginez. Eskatzen zitzaiena exijentea zen: etor zaitez Donostiara eta pasa hemen 7-8 hilabete egunero 8-10 orduz estudio batean itxita, zu bezala dauden beste hamalau kiderekin eta bisitan etorriko diren artistekin. Kontzentrazio eta intentsitate hori lortzea egun ez da batere erraza. Eta hala ere, jende askok eta askotarikoak eman zuen izena. Bagenekien arrisku handia zegoela norbaitek une batean krak egin eta kurtsoa uztekoa, baina ez zen gertatu. Harrigarria zitzaidan ikustea artistek buru esfortzu ikaragarria eskatzen zuten ariketak planteatzen zituztela eskoletan. Pena ematen dit martxan ez jarraitzeak, ez dugulako ikusiko pedagogia horrek zenbat eman zezakeen. Baina ziur naiz Kalostran izan den jendeari hemendik 5-10 urtera oraindik balioko diola han ikasitakoak.
Halako eredu horizontal batean nolakoa zen lanen ebaluazioa?
Ez zegoen ez notarik, ez krediturik, ez antzekorik. Ebaluazioa bai, baina askoz ere pertsonalagoa. Astebeterako artista bat etortzen zenean, banan-banan joaten zen bakoitzaren estudiora beren lanaz hitz egitera, zertan ari ziren, zer asmorekin, zer zailtasun zituzten… jarraipen bat egitera. Intimitate horretan askoz gehiago ikasten du batek paper batean zenbaki bat jarrita baino. Artistek artistekin ikasteko leku bat izan da, bai. Ez dut uste martzianada bat denik: idazle batek norekin ikasten du? Normalean, batez ere, beste idazleekin. Musikari batek? Beste musikariekin. Oso gauza oinarrizkoa da.
Iazko urri aldera, Gipuzkoako Foru Aldundi berriak Kalostra geldiaraztea erabaki zuen. Denis Itxaso kultur diputatuak arrazoitu zuenez, “Tabakalerak eta Kalostrak ezin dute bi irla banatu izan”. Hala al ziren?
Tranpa handi samarra egiten da Kalostra eta Tabakalera konparatuz. Ze arazo dago bi irla edukitzeko? Kontua da gauza desberdinak direla: bata arte eskola da, bere funtzionatzeko modu oso bereziarekin –baina, aldi berean, oso finkatuarekin–, eta bestea erakusteko leku bat da. Sortzeko ere bai, baina batez ere ikusgarritasun baten bila lan egiten duen toki bat. Irla bakoitzak bere zeregina ondo betetzen badu, zein da arazoa? Guk badakigu Kalostra ixteko erabakia hartuta zegoela gurekin hitz egin baino lehen. Gero nahi duzun apaingarria jarriko diozu horri, baina ez zuten proiektua ezagutu, zertan ari ginen ikusi, zenbat diru joaten zen aztertu, jarraitzeko zenbat diru beharko genukeen, eredu horrek beraientzat ere balio ote zuen… ez zen halako kalkulurik egin. Hori izan zen harrigarriena eta mingarriena.
Ez zenuten irudikatzen halakorik gerta zitekeenik?
Kezka beti dago. Oso testuinguru zailean jaio zen proiektua. Jende askorentzat Arteleku itxi zutenak izan ginen; beste batzuentzat, berriz, ezkutuan eta modu opakuan –Itxasok hitz horixe erabili zuen– lan egiten zuten xelebre batzuk. Hor badago kontu bat, zeharkakoa dirudiena, baina erabat lotuta dagoena honekin: arteak zertarako balio duen norberaren ustez. Itxasoren azken adierazpenak lerro artean irakurrita uler zitekeen esaten zuela “Kalostrako hauek zertan ari ote dira, gauza xelebreak egiten, beren gauzetan, inork ez ditu ulertzen”, edo antzeko zerbait. Eta uste dut benetan auzia hor dagoela. Ondo iruditzen zaigu gauza batzuetan dirua gastatzea, baina gero hortik zer aterako den ez dugunean garbi ikusten, artista gazteei laguntzeko toki bat… zalantzak pizten dira. Oso kuriosoa da, artearekin bakarrik gertatzen da norbaitek galdetzea: “Baina hau artea al da?”. Ez da galdetzen ez musikarekin, ez literaturarekin, beste diziplina batzuetan ematen du onartuago daukagula ez dela gure joko eremua eta ez daukagula epaiak emateko irizpiderik, edo ulertzen ez dugun guztia ez dugula zertan baztertu. Baina artean ez. 60ko hamarkadan arte garaikidean zebiltzanak oso bere sentitzen zituen herriak. Egun, ematen du artelan horiek ez dutela gurekin zerikusirik. Garaiaren sintoma bat da, ziur asko.
Zertan da Kalostra egun?
Aldundiaren babesik gabe ere proiektuarekin nola edo hala jarraitzea erabaki zuten artistek. Azken aldiz haiekin izan nintzenean oraindik gogoetan zebiltzan. Ez dakit berriro Kalostrarik izango den, baina esperientzia honek balio izango du noizbait antzeko zerbait martxan jartzeko. Azken batean, oso gauza logikoa da: inork ez badizu eskaintzen, eta artistentzat behar-beharrezkoa bada, ziur naiz nolabait egingo dela. Ez dakit ez noiz, ez nola, ez izen horrekin ala beste batekin, baina egingo da. Astebetean zaila da arrastoa utziko duen ezer sortzea. Artearen denbora, sortzearen denbora, beste denbora bat da.
Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Duela bi urte Urdaibai Guggenheim Stop! plataforma herritarra sortu zenetik, Urdaibai ez dago salgai! leloa nonahi ari gara entzuten. Joan den urriaren 19an Gernikan milaka lagun bildu ginen proiektu horri ezetza emateko eta, nire aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak... [+]
Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]
Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke.
“Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean,... [+]
Boga Boga festibala antolatu dute Donostian, eta jaialdiaren bezperatan, EHUko Uda Ikastaroen barnean, bi eguneko jardunaldiak egin dituzte Dabadaba aretoan, Egia auzoan. Hainbat musikari ez ezik, zenbait makrofestibalen antolatzaileak bertaratu dira hizlari gisa, baita... [+]
Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]
Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]
Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.