Intxortan edo Bizkargin gerra zibilean izandako borrokaldiak aski ezagunak diren arren, egiaz zer dakigu? Zaharrenen ahotik entzun edota militarren egutegietan irakur dezakegu zer edo zer. Zaila da, ordea, frontean probatutako hotz eta beroa hitzez azaltzea. Azken urteotan lehen lerroko eszenatoki horiek berreskuratzen ari dira herri-ekimen eta arkeologoak, gudari haien azalean jarrita bizi izan zutena uler dezagun.
Fusilatuen gorpuzkinak deshobiratzen segitzen dugu gerra hasi eta 80 urtera. Azkenekoak Ezkabatik ihes egindako 14 presorenak, Olabeko kanposantu ondoan frankistek hil eta lurperatuak. Euskal Herrian, atzeguardian izandako basakeriak ikertu eta ahanzturara kondenaturiko lagun horiei duintasuna itzultzea izan da lehentasun azken hamarkadan.
Baina gertaturikoaren oroimen historikoa berreskuratuko bada, osotasunean egin beharreko lana da hori. “Oroimen historikoa ez da soilik gorpuak ateratzea, testigantzak eta gerra zibileko guneak berreskuratzea ere bada”, zihoen Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Bucesek 2013an Adunako Belkoain mendiko lubakietan indusketak hastear zirela.
1936ko uztailean altxamendua egin eta 1937ko ekainaren 19an Nafarroako bosgarren brigadako erreketeek Bilboko udaletxean piperpotoa jarri zuten arte, 11 hilabete baino ez ziren igaro. Denbora horretan Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi lerroak lubakiz bete ziren, orain arte uste izan dena baino sare konplexuagoa osatuz. Defentsa sistema horri esker sortu zuen Agirre lehendakariak gobernua eta aurre egin ahal izan zioten eraso faxistari:
...batzuk batetik bestek bestetik
atzeruntz ziran abitu, /
horlako zurra eramaterik
etzuten asko pentsatu... /
Kalamuatik idatzitako bertsoek ondo ilustratzen dute hango borroken gogortasuna. Baina are hobeto irudika liteke mendi magalean sugea moduan kontserbatzen diren lubakiak bertatik bertara ikusita. Kalamua eta Akondiara irteerak antolatu izan dituzte inguruko herrietatik gerrako aztarnak ezagutzeko. Hortik gertu dagoen Intxortan, berriz, badira urte batzuk Elgetako Udalak Intxorta 1937 Kultur Taldearen laguntzarekin parke tematikoa ireki zuela.
Geroztik beste hainbat tokitan ere berreskuratu dituzte gerrako lubakiak. Belkoainen 200 metro baino gehiagoko lerroa azaleratu zuten bertako auzolandegietan izandako Euskal Herriko eta kanpoko gazteek. Lemoatxen ere auzolanean oinarritu dira mendi tontorreko arrasto belikoak industeko –hildako miliziano baten hezurrak ere identifikatu ahal izan zituzten egindako lanei esker–. Bilbo defenditzeko helburuz eraikitako Burdinazko Gerriko famatuaren hormigoizko babeslekuak ikusgai jarri dituzte Berango eta Sopela inguruan; Laudion Kamaraka mendian gerriko horren lubakiak daude bistan, baita Ugao-Miraballesen eta Larrabetzun ere. Mendi ibilbideak, lasterketak, interpretazio zentroak… Ondare hori guztia ezagutzeko gero eta aukera gehiago dago.
Ez da jakin-min hutsa. Iraganeko kontakizun ahalik eta fidelena egiteko ezinbestekoa da gerra hilabete horietan frontean bizitakoaz jabetzea, konprenitzea zein egoeratan borrokatu ziren batzuk eta besteak. Halako indusketa baten helburua ezin hobeto deskribatu du Andres Zarankinek, Argentinako diktadura militarraren errepresioa ikertzen aritutako antropologoak: “Oroimen materiala sortu nahi dugu, hau da, zerbait fisikoa bihurtu, hitza ez den beste modu batean ulertu ahal izateko. Ukitu, usaindu eta bizi egin dezakegun oroimena alegia”.
Arkeologiak paper oso garrantzitsua jokatzen du horretan guztian, hain hurbilekoa zaigun historian tradizio handirik ez badu ere. 2014ko abenduan Espainiako Gerra Zibilaren Arkeologiaz I. Kongresua egin zuten EHUn. Bertan, Alfredo González Ruibal CSIC erakundeko ikertzaileak honako hausnarketa egin zuen: “Ezaguna zaigun zerbait sumatzea lehen aldiz ikusi izan bagenu bezala, eta horren bidez ezagutza sortzea, hori ere egiten du arkeologiak. Sentsazio hori sortzeko ondo induskatu behar da, baina historiak eraikitzen ere jakin behar da”.
Euskal Herrian metodologia arkeologiko zehatza erabiliz induskatu den lehen lubakitzat jo liteke Murugaingoa. Lehenago ere jakina zen Araba eta Gipuzkoako mugan dagoen muino horretan Burdin Aroko herrixka bat eta gerra zibileko arrastoak zeudela. Aramaioko Udalaren enkarguz eta Arabako Arkeologia Museoaren laguntzaz, Ondare Babesa enpresak 2011n ekin zien lanei eta hainbat kanpaina egin dituzte.
Etor Telleria historialari eta arkeologoa aritu da indusketa horiek zuzentzen: “Lehenik agerikoena zen tokietara jo genuen, Aramaio aldean Burdin Aroko harresia oso ondo kontserbatzen baita. 20 metro koadroko zundaketa handiak egin genituen eta ikusi genuen paraleloki sakonune bat zegoela harresiaren ondoan: hori zen lubakia”.
Unitate estratigrafiko edo geruza bakoitzaren ezaugarriak ezberdindu dituzte, topografian erabili ohi den estazio-totala erremintaren bidez ingurua neurtu dute, eta fotogrametria teknikaz lorturiko argazki erregistroarekin hiru dimentsioko irudiak sortu dituzte. Horrekin guztiarekin aztertu ahal izan dute nola egin zen lurreko moztura eta zein logika segitzen zuten lubakien errenkadek: “Konturatu gara defentsa lerroa uste baino konplexuagoa zela, lerro nagusiarekin komunikatzen ziren lubakiak eta babeslekuak ere bazituela”, dio Telleriak.
Halako aurkikuntzek hankaz gora jartzen dituzte Euskal Herrian errepublikarren frontea ahula eta inprobisatua izan zela dioten usteak: “Lanean hasi nintzenetik entzun izan dudan teoria da hori, lubakiak azken momentuan egin zirela. Nik ez dakit presaz egin ote ziren, baina gogoz egin zirela bai: bertako harkaitza zulatzea pikatxoarekin…”. Arkeologoak azaldu duenez, horrelako egiturak egiteko beharrezko izaten ziren zapadoreak eta ingeniariak. Nolanahi ere, indusketen emaitzek erakusten dute gudariek lehendik zeuden arrastoak ere baliatu zituztela lubakia egiteko, ia 3.000 urteko Burdin Aroko harresia bera edota babesleku gisa erabilitako karobia kasu.
Murugaingo gaina estrategikoa zen kolpistak Debagoienan sar ez zitezen, baina lubaki horiek ez ziren era isolatuan zulatu, Jalindo eta Gorbeia mendietan ere aztarnak nabarmenak dira. Ondare Babesako kideek eskualde osoan egin dituzte miaketak eta ikusi dute Otxandio, Arrasate eta Bergarako inguru guztiak lubakiz josita daudela.
1937ko martxoaren 31n Mola jeneralak Bizkaiko erasoari ekin zion eta Murugaingo inguruak frankisten esku geratu ziren. Egun horietan izandako borrokaldien erakusgarri ditugu hemerotekako kronikak. Eguna euskal egunkariak “Gorbea gurea da!” zioen ozen: “Gorbea aldian sartu ziran moruak jaurtiak izan ziran”. Aldiz, La Voz de Españak konplexu gabe baieztatzen zuen Murugainen eroritako “su eta burdinak sumendi itxura” eman ziola tontorrari.
Nola jasan zituzten egoera horiek bertan izandako soldaduek? Telleriari “mikrohistoria” hori interesatzen zaio gehien: “Mugimendu militarrei buruz asko dakigu, dena dokumentatuta dago eta badakigu nork galdu eta nork irabazi zuen. Orain jakin nahi duguna da nola bizi izan ziren han egon zirenak, kasu honetan Dragones batailoikoak”. Indusketetan gerra “humanizatzen” duten objektuak aurkitu dituzte: esne kondentsatu eta haragi egosi latak, botoiak, oinetako zolak, narru zatiak, arkatzak… Horrez gain, munizio ugari ere aurkitu dute, jadanik Lehen Mundu Gerran erabilitakoa.
Bala-zorroen eta lehergailu zatien azterketa ez da bigarren mailakoa, eta horretaz asko daki Joxe Agustin Muguruzak. Han eta hemen ibili izan da interes historiko hutsez: Urkiolako Saibigainen, Legution, Intxortan… Bere esanetan, bestela ere txatarreroak aspaldi ibili izan dira mendietan, zenbait objektu “ondo pagatzen” baitira arautu gabeko merkatuan.
Zubietamendiko Txaldatxurren aurkitu dituzten eskuzko granada errepublikarrak oso preziatuak lirateke merkatu horretan, baina zorionez Lasarte-Oriako udaletxean egongo dira ikusgai bitrinatan. Muguruza Islada Ezkutatuak-eko kide da, eskualdeko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den taldea. 2013an lehen arrastoen bila abiatu ziren Txaldatxurrera eta geroztik gutxienez 120 metro lubaki aurkitu dituzte, baita munizio berezia ere.
Eskuz egindako 22 lehergailu atera dituzte lur azpitik. Iturgintzako hodiekin egindako granadak dira, 1936ko testuinguruan eta aurretik oso erabiliak –txorizoak, txurroak edota ukondoak izenez ezagunak–. Seguruenik hortik gertu zegoen Brunet y Cía ehun lantegian manufakturatu zituzten. Ez dira herdoildutako pieza hutsak. Aurkikuntza horrek erakusten du zein baliabide kaskarrekin egin behar izan zieten aurre errepublikarrek altxamendu militarrari.
Andatzako fronteko erpin batean zegoen Txaldatxur, “fronte horrek mantendu zuen Gipuzkoa denbora askoan errepublikarren esku”, dio Muguruzak. Eusko Legebiltzarrak eskatuta EHUko ikerkuntza talde batek egin berri duen Memoriaren ibilbideak txostenean, “gerra memoriaren” tokien zerrendan ageri dira inguru horiek. Bertan ibili ziren atzera eta aurrera Amuategi batailoiko sozialistak, Eusko Gaztedikoak, anarkistak, Kandido Saseta komandantea, Koldo Mitxelena euskaltzalea…
Gerra hasi berritan, jendea ez zegoen prestatuta, Muguruzaren esanetan, “horregatik Intxortako lubakiak eta hemengoak ez dira berdinak”. Diferentzia hori ere agerian geratu da faxisten eremuan aurkitutako beste lubaki bateko materiala inbentariatzean: jaurtigai aerodinamikoak, bala-zorro berriak, atun lata ugari… Molarena ejertzito profesionala zen. Eguneroko bizimoduaren berri ematen duten eraikuntzak ere azaldu dira. Lanean ari zirela, zeharrean zihoan zulo bati erreparatu zioten Islada Ezkutatuak taldekoek, eta industen hasterakoan, muniziorik ez baina iltzeak atera zituzten atzaparrak betean: “Hasieran flash bat izan zen, gero ohartu ginen komunak zirela eta iltze horiekin lotzen zituztela egur-olak”.
Herri-ekimenean eta administrazioetan dabiltzan eragileek garbi dute lubakien berreskurapenak ez lukeela zentzurik ondare hori oroimen kolektiboan zabaltzeko ahaleginik egiten ez bada: “Guk ez genuen izan nahi arkeologo talde bat hilabetea mendian pasa eta ondoren laborategian ixten dena”, dio Etor Telleriak. Aramaioko udalak ere proiektu irekia proposatu zien, indusketak auzolanean egitea: “Ondo koordinatuz gero emaitza onak eman ditzake, parte hartzearen bidez lortzen da jendea sentsibilizatzea herriko ondarearen inguruan”.
Eta zerk bultzatzen du pertsona bat duela ia 80 urteko lubaki batean sartzera? Zer sentitzen du? Joxe Agustin Muguruzaren hitzetan, jendeak zer gertatu zen jakin nahi du: “Gauza bat dira banderak eta malkoak, eta bestea ikustea zer pasa zen. Gudarien artean amorru handia geratu zen; niri haietako batek esan zidan: ‘nazkagarri horiek nola irabazi ziguten?’. Sentimendu hori belaunaldiz belaunaldi igaro da, baina inork ez digu azaldu zer gertatu zen eta orain jendeak hori jakin nahi du”.
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.
Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.
Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]
Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]
Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]
Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]
Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.
Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.
Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.
Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]
Maiatzaren 12an Filipinetan egingo diren Bongbong Marcosen agintaldiaren erdiko hauteskundeek eman dezakete argibideren bat herritar xeheen artean kezka noraino errotu den begiztatzeko.
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute astelehen goizean Ipar Itsasoan, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Talkak Jet-A1 erregaia zuen petrolio-ontziaren tanke bat apurtu du eta kezka da nagusi, izan ditzakeen ondorio ekologikoengatik.