Estitxu Eizagirre ARGIAko zuzendariak sariak eman aurretik lantaldearen izenean eskainitako hitzaldia (pdf) osorik duzu segidan.
Arratsalde on denoi
Jauziei buruz mintzatuko gara gaurkoan: ARGIAk aurten egin dituen jauzi txikiez, eta euskarazko komunikabideek eman dezakegun jauzi handiaz. Izan ere, norabide bera dute jauzi hauek guztiek: erreferentzialtasuna irabaztea.
ARGIAn, aurten Astekaria eta Urtekaria berritu ditugu. Eta Bizi-Baratzea liburua atera dugu. Horra gure jauzi txikiak:
Astekari berritu honek 8 orri gehiago ditu, 5 atal berri gehiago (tartean Beranduegi orri satirikoa edo Argi-kontra elkarrizketa berezia), goi mailako kolaboratzaile finko gehiago lotu ditugu...
Urtekaria hementxe dugu, atera berri-berri, oraindik bero bero: formatua eta izena ere aldatu diogu, behin dena aldatzen hasita;) eta aurrerantzean"AKTUALITATEAREN GAKOAK", horixe izango du izena. Eta zergatik? bada Kulturaz gain, gainerako eremuei ere eutsi diegulako, eta gure ustez "nagusiak" izan diren gaiak landu ditugulako, sakon. Alegia, urteak eman dituen gakoak aztertuko ditugu bertan, aurrera begiratzeko beti.
Zer esan Bizi-Baratzea liburuaz... Jakoba Errekondok, hainbeste urtean astero idazten jardun ondoren, ARGIAri eginiko opari bat izan dela. Baina Bizi-Baratzearekin ikuspegian ere eman dugu jauzi bat, eta Bizi Baratzea guretzat jada ez da liburu bat bakarrik, baizik, gure balioekin bat datorren ildo oso bat, jorratu nahi dugun eremu zabal bat, lotua dagoena lurra lantzearekin, elikadura burujabetzarekin, eredu jasangarriarekin, gure herriko kulturarekin... Urte askoan jarraitu dezagula auzolanean, Jakoba, baratzearen aitzakian bizitza jorratzen!
Zergatik ez esan, Bizi-Baratzea liburuak izan duen arrakastak lagundu digu ekonomikoki astekarian eta urtekarian aldaketa hauek guztiak egin eta urtea zenbakitan txukun bukatzea. Liburuari eskerrak! Izan ere, Astekari eta Urtekari berritu hauek gehiago balio dute. Kostu altuagoa dute. Eta berrikuntza hauek guztiak egin ditugu inongo I+GxW diru-laguntzarik gabe, inongo gestio plan konplexu jarraitu gabe... Jauzi hauek guztiak egin ditugu, barrutik kanpora, alegia, lehenik etxe barruan antolatzeko era aldatuta:
langile guztion artean etengabe ari gara egosten zer den ARGIA, zer den bere egitekoa, nola egin behar ditugun gauzak... langile guztiok proiektuarekiko dugun inplikazioa gori gori dugu egun, eta indar horrekin egin ditugu berrikuntzak.
ARGIAko aurtengo jauzi txikiak azalduta, goazen orain, euskarazko hedabideek eman dezakegun jauzi handira: bai, badakigu, euskarazko hedabideetan jauziez hitz egitea bada nahiko paradoxa, irautea bera baita eguneroko erronka, nahiko lan bada guretzat, urte bakoitza ekonomikoki salbatzea. Baina jauzia emateko beharra sentitzen dugu, iraupen hutserako eszenategi hau jada agortuta dagoelako. Irautea ez zaigu aski, bizi egin nahi dugu. Eragin. Eta zein den eman nahi dugun jauzia? bada euskal herritar denentzat euskarazko hedabideak erreferente oso indartsuak izatea. Herritar denentzat erreferente indartsu, eta herritar asko eta askorentzat, erreferente nagusi.
Jauzi hori emateko beharrezkoa dugu gizarteko eragile guztien bultzada. Horregatik, elkarlan zintzorako deia egin nahi dizuegu gaur, gizarteko hiru polo edo eragin-gune nagusiei: erakunde publikoak, enpresak eta ekimen kolektiboak.
Lehenik deia, ekimen kolektiboei.
Gizartean aldaketak bultzatzen dituen kolektibo bakoitzak beharrezko ditu balio berak partekatzen dituzten komunikabide biziak izatea. ARGIAren ardatz edo balio nagusietakoa bizitzaren burujabetza da:
herritarrok gure bizitzaren jabe izatea, gure gorputzen jabe, gure ekonomiaren, erakundeen, maila guztietako erabakien jabe... eta burujabe izateko, edo bizitza osoa demokratizatzeko, beharrezkoa dugu informazio independentea, kritikoa. Herritarrak euren bizitzan eta gure herrietan subjektu aktiboak izatea, hori da ARGIAk bere informazioarekin elikatu nahi duen irakurlea. Eta era berean, irakurle horrek informatu dezala ARGIAn, berak burutzen dituen ekimen kolektiboez, parte-hartze aktiboa izan dezala gure komunikazio proiektuan. Horregatik, ARGIAren moduko komunikazio proiektuak indartzea, ekimen kolektiboak indartzea da. Eta bistan dena, horrelako herritarrak izatea, burujabeak direnak, aktiboak, eguneroko bizitza hobetzeko inplikatzen direnak, jantziak, hori dena bada baita ere, erakunde publikoen mesedetan eta enpresa munduaren mesedetan. Gizarte aberatsago bat elikatzen baitu.
Elkarlanerako bigarren deia, guztion dirua gestionatzen duten erakunde publikoentzat. Euskal erakunde publikoen helburuetako bat bada herritarrak euskaraz bizitzea. Bada hori lortzeko modu eraginkorrenetakoa da herritarrentzat erreferente nagusietakoak euskarazko hedabideak izatea.
Zergatik? bada euskarazko hedabideetan ematen duten denbora horretan, herritarrak euskaraz bizi direlako. Eta euskarazko hedabideek dakartelako helduen mundua euskaratik pentsatzea, edozein gairi buruz euskaraz aritzeko trebetasuna irabaztea... Zorionez, gaur egun herritarrak ez gara medio bakarretik elikatzen. Horregatik behar ditugu era guztietako euskarazko hedabideak.
Animatu nahi genituzke erakunde publikoak, baliatu dezaten daukaten aukera, alegia, eragile aktibo izatea eman nahi dugun jauzian: euskarazko hedabideak irautera kondenatu beharrean, hortxe, iraun eta iraun eta iraun... bada horren ordez, erakundeek bultzada eman dezatela, hedabideok erreferentzialak izan daitezen. Eta askotan bultzada emateko modu bakarra ez da diru-laguntzak ematea; bultzada ikaragarria izan daiteke, adibidez, erdarazko medioetara bideratzen duten publizitatea euskarazkoetara bideratzea, edo erakunde publikoen esku dauden espazio publikoetan euskarazko medioen presentzia ziurtatzea, edo herritar guztiek euskarazko hedabideak ezagutu ditzaten, soilik ezagutu, bada horretarako bitartekoak jartzea... ziur denon artean bilatuko ditugula erreferentzialtasunean jauziak emateko modu bideragarriak.
Bukatzeko, jarduera ekonomikoan diharduten enpresei luzatzen diegu elkarlanerako deia. ARGIA ekonomia sozialeko enpresa da, langileok gara jabeak. Eta saiatzen gara, gure balioak eguneroko lanean ere praktikara eramaten: lurraldetasuna, euskara, bizitza duina erdian jartzea, berdintasun harremanak lantzea... Horregatik, egun korronte nagusi bihurtu den prekarietatearen aurrean eusten diogu, pozik eta harro eutsi ere. Izan ere, gaur egun denak justifikatzen du edozein enpresa prekarietateari zukua ateratzen aritu dadin: legeek, enpresei ematen zaizkien abantailek, konpetentziaren mantra horrek...
ARGIAren moduko ekonomia sozialeko enpresetan inbertitzea, gizarte osoa ahalik eta ongien bizi dadin inbertitzea da. Eta hori mesede da gure ekonomiarentzat, baina baita erakunde publiko eta ekimen kolektiboentzat ere. Gure gizartea aberasten baitugu.
Besterik gabe, jauzi txikiak eta jauzi handia elkarrekin emateko eskua luzatuta, goazen ezagutzera zein izan diren 2015ean euskarazko komunikazioan jauzia ematea lortu duten proiektuak.
Estitxu Eizagirre, ARGIAko zuzendaria
Usurbilen, 2016ko urtarrilaren 29an
Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.
Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]
Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.
Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.
ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]
Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.
Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]