"‘Zutik Euskal Herria’ren ostean arrautza guztiak saski instituzionalean jarri ziren"

  • 1930ean sortutako ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza) 2008an utzi zuen legez kanpo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Alderdiaren historian hirugarren legez kanporaketa. Urte luzez Antxon Gomez (1964, Gasteiz) izan zen bere idazkari nagusia. 04/08 (Segura, EHAK-PCTV, eta EAE-ANVko) auzian auzipetu berri dute. Epaiketan lortutako akordioaz eta ezker abertzaleko azken 15 urteetako ibilbideaz jardun dugu berarekin.

Argazkilaria: Dani Blanco

2000. urtera arte egingo dugu atzera. Batasuna sortu zen orduan eta zuek alderdi berritik kanpo geratu zineten. Zergatik?

Batasuna alderdi gisa sortu zen eta ANVk esan zuen ez zuela parte hartuko HB zen herritarren batasunaren apurketan. ANVren kultura politikoan beti egon da herritarren frontean parte hartzea. 1930eko hamarkadan estatu mailako Fronte Popularrean aritu ginen, frankismoan Euskal Frontean eta 80etako hastapenetan HBren sorreran.

Bi arrazoirengatik egin dugu beti herritar batasunaren alde. Bat, ezker abertzalearen potentzialitate osoa jasotzeko modu bakarra da; ezinezkoa da enpresari txiki independentista eta alderdi komunistako kideak alderdi bakarrean egotea, baina bai herritarren batasunean. Bi, alderdi politiko bakarra ahula da Estatuaren aurrean eta bereziki errepresioaren aurrean, gero Batasunarekin argi ikusi zen gisan.

Gero ilegalizazioaren aroa iritsi zen. Ez zeundeten onenean Batasunarekin, baina 2007ko udal hauteskundeetan ezker abertzalearen marka izan zineten. Zer oroitzapen duzu?

Ezker abertzalea Euskal Herriko familia soziopolitiko handi bat da, ideologiaz eta antolaketaz oso anitza, Batasuna baino askoz gehiago da. Eremu komunista eta libertariotik sozialdemokrazia edo sozial-kristautasunerainoko esparrua har dezake. Eremu hori guztia geratu zen siglarik gabe hauteskundeetan, eta gure siglak haren sostengura jarri genituen; Aralar bazen, baina ezker abertzaleko oso esparru zehatza ordezkatzen zuen.

“Alderdi bakarraren ereduarekin ezinezkoa da estatuekin konfrontazio demokratikorik bideratzea”

Hauteskundeen ondoren zuek ere legez kanpo geratu zineten. Zeintzuk izan ziren horren ondorioak ANVrentzat?

Ondorio ekonomiko oso handiak izan zituen. Ezker abertzale osoan, seguruenik ANV zen egoera ekonomiko onena zuen erakundea, 36ko Gerran ebatsitako ondarearen zati txiki batekiko kalte-ordaina –600.000 euro inguru– eman zigulako Estatuak 2002an. Askoz gehiago ere izan zitekeen, milioi eta erdi euroraino ere bai agian. Gure hainbat zerrenda legez kanpo jarri ondoren, guk kalte-ordaina ez kobratzeko ad hoc egindako legea atera zuten, esanez alderdiren bat legez kanpo egonez gero, kalte-ordaina galduko zuela. Hainbat egoitza ere galdu genituen.

Ondorio pertsonalak ere izan ziren. Ilegalizaziorako abian zen bide administratiboaz gain, hauteskundeetara aurkeztu ahal ez izateko [Baltasar] Garzonek bide penala aktibatu zuen. Horretarako hainbat kide inputatu behar zituen eta hala egin zuen Kepa [Bereziartua], Alazne [Arozena] eta nirekin.

2010ean Zutik Euskal Herria agiria izan zen inflexio puntuetako bat. Nola bizi izan zenuten zuek?

Ziklo politiko-militarraren amaiera adierazten zuen testu hark eta beste ziklo baten hasiera. ANVkoak izandako zenbait kide historikok aktiboki parte hartu genuen aldaketaren alde. Halako testuak, dena den, sarritan bihurtzen dira testu sakratuen gisakoak eta interpretazio askorako ematen dute. Testu hark eman zezakeen gero Sortuk egin duena egiteko aukera edo bestelako urratsak egitekoa.

ANVren bueltan ibili zinetenontzat, ondo garatu al zen Zutik Euskal Herria?

Guk uste genuen ziklo politiko-militarra bukatu ondoren, Estatuarekiko konfrontazio demokratikoaren zikloa irekiko zela. Horretarako tresna bat zen, esaterako, Adierazi Euskal Herria: 70 bat eragile eta norbanakoak biltzen zituen koordinakundea zen, Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa bideratzeko, intsumisioa, desobedientzia zibila eta gisakoak erabiliz. Nonbait, batzuek bide hori eten egin zuten.

Independentistak Sarea zen beste tresna horietakoa, erreferentzialtasuna hartu zuen eta bat-batean leku guztietatik gasa galtzen hasi zen. Eta sortu zen Gure Esku Dago, zuzeneko planteamendu independentista batetik erabakitzeko eskubidera iraganez. Beste zenbait herri mugimendu ere likidatu ziren, kale mailako bor-bor hori galdu egin zen eta arrautza guztiak saski instituzionalean jarri ziren.

Kepa Bereziartua eta Antxon Gómez, 2007ko prentsaurreko
batean Barakaldon

EA, Aralar eta Alternatibarekin aliantza egin zen eta hori ona da gure tradizioan, hauteskundeetan ahalik eta bozka gehien biltzea ona delako eta instituzioak kudeatzeko aliatuak behar direlako. Okerrena da estrategia eta taktika nahasten direnean, hau da, EH Bilduko aliantzak estrategiko bihurtzea, zure proiektu politikoa hor lausotuz.
Ika-mika handia izan zen Zutik Euskal Herria dela eta, batez ere erabakia hartzeko moldeaz, nork, nola…

Talka betiko muinean sortu zen eta ezker abertzalearen bi ikuspegi kontrajarri agertu ziren: batetik, oinarrian herri mugimendu indartsu bat duen herritarren batasunaren antolaketa, gizartea aktibatua mantenduko duena; horrek, nahitaez, estatuekin konfrontazio demokratikora eramaten zaitu; eta bestetik, sistemaren barruan gero eta normalago ari den alderdia, gazteria eta sindikatuekin batera arituko dena, baina gero eta zarata gutxiago aterako duena. Alderdi bakarraren ereduarekin ezinezkoa da estatuekin konfrontazio demokratikorik bideratzea.

Eta ilegalizazio haietatik auzipetze hauek. Zu ere Segura Auzian sartu zintuen Auzitegi Nazionalak, baina aparteko abokatua izan duzun bakarra izan zara. Zer gertatu da?

Gure defentsa beti eraman du ezker abertzaleko abokatu oso ezagun batek eta Alderdien Legearen ildotik egin zen ANVren ilegalizazioaren defentsa hark bideratu zuen. Abokatu talde hark oso ongi ezagutzen zuen 18.000 orriko gure sumario zatia. Epaiketa hastea aurreikusitakotik lau bat hilabete lehenago, 2014an, Pernando Barrena etorri zen nirekin hitz egitera eta esan zidan jadanik ez nintzela ezker abertzalekoa eta ez zuela zentzurik abokatu talde berarekin izatea.

“Pernando Barrenak esan zidan jadanik ez nintzela ezker abertzalekoa eta ez zuela zentzurik abokatu talde berarekin izatea”

Horrek bi ondorio zituen. Batetik, epaiketa hasteko lau hilabeteren faltan, nork hartuko zuen sumario itzel hura? Ez zen erraza. Bestetik, ni deskolokatua geratu nintzen. Zer esan nahi zuen ni ez nintzela ezker abertzaleko kidea, beti mundu horretan lanean aritu naizenean? Nire interpretazioa da Sortuk oraindik baduela gainditu ezineko kontraesana herritar batasuna eta alderdi bakarraren artean. Horrez gain, haiek prozesua deitzen zuten horrekiko gu oso kritiko ginen. Jendeari ezin zaio kea saldu. Barrena etorri baino astebete lehenago iritzi artikulu batean esan genuen hori, ez dakit horrek ere eragina izango zuen gu baztertzeko, baina handik sei-zazpi hilabetera Arnaldo Otegik antzekoa esan zuen: prozesurik ez zegoela, prozesua izateko bi alde behar direlako. Ez zuen zentzurik epaiketara bi taldetan joateak –ni eta gainerako 34ak–, baina hala erabaki zuten, eta azkenean tartalarien defentsan eta beste hainbat kontutan militante euskaldunekin aritutako abokatuek hartu zuten nire defentsa: Haizea Nuñez eta Fidel Sanchez. Eskertu nahi diet horrelako epaiketa zailari aurre egiteko azaldu duten prestutasuna.

Gertaera horiek zertan eragin dute auzipetuekiko zure harremanean?

Jakina, harremanak gaiztotzen dira. Zenbait auzipeturekin harremana ona da, baina beste batzuekin ez dut hitz egiten.

Azkenean akordio bidez ebatzi da auzia. Nola izan da prozesua?

Urtarrilaren 11ko goizean fiskalaren zenbait lekukok deklaratu zuten eta arratsean akordioa eskaini ziguten. Hitzezkoa zen. Ondoren, fiskaltza, AVT, Dignidad y Justicia (DyJ) eta defentsako abokatuek behin betiko akordioa finkatu zuten, eta denok onartu ondoren epaian txertatu zen. Bestelako sukalde lanik egon bada, guk ez dugu ezagutzen.

Zeintzuk dira akordioaren gako nagusiak?

Gure kontrako akusazioak eta biktimei erreferentzia egitea onartu ditugu; zigorra onartu dugu eta trukean ez goaz espetxera. Akordioa aho batez berretsi beharrekoa zen. Nire aurkako akusazioak ondokoak dira: prentsaurrekoak ematea, manifestazioak antolatzea eta hauteskunde kanpaina prestatzea; eta guztia Batasunaren aginduz egin nuela.

Akordioari buruz bi aldeek egin dituzten interpretazioak oso ezberdinak dira. Adibidez, DyJ-k dio “dena da ETA” teoria berretsi duzuela.

DyJ-k berak esan du aukera asko zegoela hainbat auzipetu kargurik gabe ateratzeko eta, beraz, nahiago izan dute denok zigortu, gutako batzuk errugabe utzi baino. Epaiketetan akordio asko eman ohi dira, baina aurrenekoz gertatu da halako makroepaiketa batean. 10 urte eskatzetik, urte eta erdira jaitsi da, kartzela saihestu, inhabilitazioa txikiak jarri… deskolokatuta utzi gintuen lehen une horretan.

Argazkilaria: Dani Blanco

Interpretazioetan jarduera armatuaren gaitzespena agertu da.

Gaitzespen hitza ez da akordioan azaltzen. Gauza bat da akordioa eta beste bat hurrengo eguneko prentsaurrekoan akordioaz esaten dena. Aurrerantzean bortizkeriaren erabilerari uko egingo diogula sinatu dugu. Ni ANVko kidea izan naiz eta ez dut inoiz biolentzia erabili. Inoiz erabili ez duzunari uko egiteak ez dit kontraesanik sortzen.

Beraz, kartzela saihesteko aukera emanda eta kontraesanik sortzen ez dizula ikusita, akordioa oso ona da.

Ez da hain ona, ona izateko biktima guztien aitortza jaso beharko lukeelako. Biktima guztiekiko erreparazioa behar da aro politiko-militarra ixteko. Egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikapenerako eskubidea du biktima orok, baina bakarrik alde bateko biktimak aintzat hartzen ari dira. Horregatik ez gara normaltasun politikoan bizi. Ez da ahaztu behar kondena bat jaso dugula, espetxeratzea besterik ez dute eten.

Akordioak esperantzarik ematen al du etorkizuneko beste makro-prozesuei begira?

Gure ustez akordio hau puntuala da, baina denborak esango du. Gure “delituak” bi gradu jaitsarazi ditu aplikatutako artikuluak eta hori bakarrik erabil daiteke “delituen” ondorioak larriak ez badira; alegia, tartean biktimarik ez badago. Erakunde armatuko kideentzat edo kale borrokarekin lotutako kasuentzat ez luke balioko. Halere, ez da gutxi; beren jardun politiko publikoagatik 100 pertsona baino gehiago daude epaituak izateko zain.

Akordioaren bezperan, Rufi Etxeberriak urrats berriak ematera gonbidatu zuen EPPK. Bi gertakariek zerikusirik ba al dute?

Batzuek biak lotu nahi dituztela ematen du. Nik ez diot ikusten lotura errealik. Askotan ahazten zaigu preso politikoek eta beren senideek nahikoa lan dutela eguneroko bizitzan, dispertsioak eta kartzelatzeak berak sortutako arazoei aurre egiten. Rufi Etxeberria buruzagi politikoa da, eta ez luke presoen gainean zama handiagoa jarri beharko. Presoei sostengu soziopolitikoa ematea dagokigu. Benetan zatarra iruditzen zait zama berriro presoen eta senideen bizkar gainean jartzea.

Nola ikusten duzu amnistiaren inguruko eztabaida?

Nahasten da helburu estrategikoa taktikoarekin. Independentzia eta sozialismoa bezain estrategikoa da amnistia, eta hala izan da ezker abertzalean beti. Gatazka politikoa amaitzeko modu bakarra da militante politikoei amnistia ematea, gatazka eragin duten arrazoiak gainditzea ekartzen duelako. Amnistiaren aldarrikapenak izaera politikoa ematen die presoei.

“Giza eskubideen aldarrikapena amnistiaren aldeko borrokarekin batera eman beharko litzateke. Bi bideak ez dira kontrajarriak”

Giza eskubideen aldarrikapena amnistiaren aldeko borrokarekin batera eman beharko litzateke. Bi bideak ez dira kontrajarriak. Azken hilabeteotan, amnistiaren aldeko mugimenduaren eta Sareren arteko planteamenduen talka irudikatu nahi izan dute. Baten batek azaldu beharko du zergatik den posible Sarek Baionan antolatutako manifestazioa Ipar Euskal Herriko amnistiaren aldeko mugimenduak babestea eta zergatik hori ez den posible Hegoaldean. Horrelako barne gatazketan indar piloa galtzen da eta jende asko kokoteraino dago. Ilusio eta kemen falta nabarmena dago.

Gai hau akordioarekin lotuz, Filipe Bidarteren hitzak ekarri nahiko nituzke: “Gu kalean gaude, baina ez gara libre”. Preso politikoak ateratzen dira kartzelatik, baina ez dira libre, aurrekariak dauzkate –gure kasuan bezala–, kalte-ordainei aurre egin behar diete, markatuta daude, inhabilitazioak egon daitezke, eta abar. Amnistia beharrezkoa da jende hori guztia Euskal Herrian libre izan dadin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezker abertzalea
2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


Erabakitzeko eskubidearen alde egin dute EH Bilduk eta EAJk Araban ere

Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


Amiantoaren biktimentzako funtsa “behingoz” martxan jartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]


Donostiako Polloe hilerriko gurutze frankista eraisteko eskatu du EH Bilduk

CNT sindikatuak egin duen eskaera ofiziala babestu du udaleko koalizio abertzaleak, eta faxistekin batera lurperatu zituzten biktima guztiak bilatzeko eskatu du.


LAB-ek 50 urte bete ditu
Ezker abertzaleko baso hartatik, arbola bakarra zutik

1970eko hamarkadaren erdialdean sigla dantza itzela zegoen euskal panorama soziopolitikoan, eta horien artean mordoxka bat ezker abertzalekoak. Mende erdi geroago, denboraren higaduraren edo errepresioaren ondorioz, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, arbola bakarra... [+]


Olatz Dañobeitia
“Deigarria egiten zait euskal gatazkarekiko ikerketa mailan dagoen isiltasuna eta baliabide falta”

Martxoan aurkeztu zuen Olatz Dañobeitiak azken zortzi urteotan garatu duen lana, Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua tesia. Horren aitzakian, horretan sakontzeko, bildu gara Lekeition berarekin... [+]


Alardearekin legea betetzen hasteko eskatu diote EH Bilduko militanteek Hondarribiko alkateari

«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]


Usansolon herritarrak kexu dira erdigunea tren geltokirik gabe uzteko erabakiaren aurrean

L5 lineak Euskotrenen ibilbidea aldatuko du, eta geltoki batzuk eraitsiko dituzte, tartean Usansolokoa. Trenaren ibilbidea lurperatuko dute eta beste geltoki batzuk gehituko dituzte. 2022an, Eusko Jaurlaritzak linea horren jatorrizko proiektua aldatu zuen Usansoloko geltokia... [+]


2024-07-16 | Hamaika Telebista
Osakidetza aurrekontu eztabaidatik kanpo utziko du EH Bilduk, Gobernuari “oxigenoa” emateko

Giro onean burutu da astelehenean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako Lehendakariaren eta Euskal Herria Bilduko bozeramaile Pello Otxandianoren arteko bilera. Hala esan du Otxandianok berak ordu bat eta 40 minutu inguru luzatu den bilera bukatzerakoan. Pradalesek oposizioko... [+]


Asiron: “Sanferminak parte hartzaileak, herrikoiak eta jendetsuak izan dira”

Iruñeko alkateak balorazio positiboa egin badu ere, nabarmendu du 24 eraso erregistratu eta 23 pertsona atxilotu dituztela. Baionan ere, bestetan hamaika eraso salatu dituzte.


AHTren obrak eta Renfe: murrizketak eta buruhausteak Gipuzkoako tren zerbitzuan, zazpi urtez

2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]


Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezker abertzaleko familia baten etxearen aurka tiro egin zuen polizia ohiari

Astearte goizean egitekoa zen epaiketa, baina akordioa egin dute aurretik fiskaltzak, akusazio partikularrak eta akusatuaren defentsak. Akusatuak onartu du 2019an tiro egin ziola Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriari. Espetxeratzea ekiditeko indultua eskatuko... [+]


Eguneraketa berriak daude