Telesail zaharrak berpizten; zergatik?

  • Azken urteetan hainbestetan entzun dugun “gaur egungo zinema onena, telebistatik dator” esaldia egia bada, zergatik berpiztu orduan Twin Peaks, Roots, Star Trek edo V bezalako telesailak? Originaltasun falta larriagatik-edo, film-industriak urteak daramatza ditxosozko remake famatuekin gora eta behera. Baina orain arte behintzat, pantaila txikiaren barruan panorama oso desberdina izan da. Zer ari da gertatzen? Zergatik eta zertarako berpiztu orain telesail horiek?

Twin Peaks bezalako telesailak pantaila txikira itzularazteak helburu ekonomiko argiak ditu: nostalgiaren merkatutik etor daitezkeen irabaziak zukutzea.
Twin Peaks bezalako telesailak pantaila txikira itzularazteak helburu ekonomiko argiak ditu: nostalgiaren merkatutik etor daitezkeen irabaziak zukutzea.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Internet bidezko ikus-entzunezkoen zabalkundearekin (Netflix da adibide nabarmenena), lehia eta konpetentzia askoz handiagoa da eta ondorioz, gakoetako bat edukien artean bilatzen hasi dira, gidoi eta istorioen lanketetan alegia. Gaur egun nahiko erraza da diru gutxirekin ekoizpen ikusgarria egitea –neurri batean, jakina–, doako aplikazio ikusgarriak daudelako eta merkatuan kamera nahiko merkeak aurki daitezkeelako kalitate zoragarrian grabatzeko. Konpetentzia bortitz horrek nabarmentzeko beharra sortu du eta horri esker, edukiari askoz ere arreta handiagoa eskaintzen hasi zaio. Gidoiak askoz landuagoak daude eta konturatzen hasiak dira gakoetako bat hor egon litekeela, istorioetan. Hauxe da nire ustez pantaila txikiaren mundua tinko eta sendo manten dezakeena. Zorionez, prozesu hori ezinbestekotzat duten sortzaile ugari dago eta horri esker, azken urteetan mundu osoan harribitxi ugari ikusteko aukera izan dugu, Britainia Handitik edo herrialde nordikoetatik datozkigun telesail biribilak esaterako.  

Nostalgia efektua?

Baina hasieran aipaturiko telesailen itzuleran ez dut uste sormen-arrazoirik dagoenik. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla “produktu berriak”, azken urteetan loratzen ari den efektu bitxi bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. Bai, azken urteetan nostalgia modan dagoela nabarmena da. 1980ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Sekulako pasioa sentitzen dugu garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkigun bakoitzean. 

Telebista kateetako arduradun eta ekoizle asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira. Telesail konkretu horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako. X filesen itzulera iragarri zutenean, adibidez, asko aurreko denboraldien DVD bilduma erostera joan ziren, estreinatzen duten egunean fresko izateko. Malenkonia kontrolaezinaren menpe daudenak Star treken kamisetak erosten hasi ziren. Ekoizpen hauen atzean sortzen den merchandising guztiak diru kantitate harrigarria mugitzen du. Argi dago gainera 80 eta 90eko hamarkadetan, telesail horien zale izan ginenok estreinaldi berriak gertutik jarraituko ditugula, hori bai, gillotina esku artean dugula eta gure eskaera maila oso altua izango dela kontuan izanik.

Gizarte gaiak eta modak?

Beste bi faktore garrantzitsu ere aipatu nahi nituzke: alde batetik, urte jakin horretan munduan gertatzen ari dena. Hau da, gizartean pil-pilean dauden gaiak aprobetxatuz, konexioa duten istorioak berpiztea, modu horretan ia doako marketin kanpainak lortuz. Politikarekin erlazionaturiko gai bat izan liteke, gatazka konkretu batekin edo dena delakoarekin. Estreinatu zen urtean modan ez zegoen gai batek gaur egun agian informatiboa irekitzen du. Eta batzuetan gaurkotasunarekin oso pegatuta dantzatu nahi izateak errealitatearekin gurutzatzea ekar lezake. Virginiako tiroketaren ondorioz Mr. Robot telesailaren denboraldiko azken kapitulua atzeratu zutenean adibidez, antzeko “eszena grafikoa” zela-eta.

Eta bestetik aktore, zuzendari edo sortzaile bat modan dagoela aprobetxatzea. Hau da, antzinako istorioaren remake bat egin, baina garai hartako protagonista erabili beharrean gaur egun oso ezaguna den aktore bat hartuz. Horrela, izen horren atzetik dabilen zale mordoa irabaz dezakezu, audientzia datuak puztuz. Baita istorioaren kokalekua erabat aldatu ere, herrialde jakin horren testuinguruan hobeto funtziona dezan; Forbrydelsen (Danimarka) telesailetik, The Killing (AEB) sortu zuten adibidez. Bron/broen (Suedia/Danimarka) hartuz, The Bridge (AEB/Mexiko) eta The Tunnel (Frantzia/Ingalaterra). Berdin Hatufim (Israel) ekoizpena moldatuz Homeland (AEB) egin zutenean ere.

Formula honekin, etorkizunik ez

Ikaragarri gustatuko litzaiguke telesail baten biziraupena ziurtatuko lukeen faktorea  sentimentala izatea, edo behintzat artistikoa. Baina logikak dio, kontu komertziala besterik ez dela. The Simpsons, The Big Bang theory edo Modern Family telesailen iraupen luzea kalitate kontu batengatik dela uste duena oker dabil. Errentagarriak diren bitartean, hortxe jarraituko dute, bestela kanpora. Formula honekin jarraituz gero, telebistaren hirugarren urrezko aroa delakoa ez da existitu ere egingo, horren ordez, telebistaren lehen izotzezko aroa iritsiko da. Kanpoan, hotz handia egiten duela dakitenek soilik biziraungo dute. Oihanaren legea ezarriz, diru gosez hiltzear dauden lehoiak azalduko dira. 

Ezabaezina ziruditen The Sopranos, The Wire, Lost eta Breaking bad bezalako telesailek utzitako arrastoa pixkanaka ezabatzen joango da. Horiei esker fikzio mota honekin zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora joan ziren eta telesailak beste modu batean ikusten hasi zen publiko espezializatua ere. Baina argudio artistikorik gabe, reboot, remake eta berpizketa hauen guztien atzean dagoen arrazoi bakarra nostalgiaren kontura aberastea bada, oso gaizki goaz. Ekoizpen horiek denek lortutakoa ezerezean geratu daiteke eta orain urte batzuk bezala, kalitate eskaseko eta exijentzia murritzeko produktu eta saioekin lotuko dugu berriro pantaila txikia. “Winter is coming”. Erne. 


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute “The Lord of the Rings” telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Heartstopper telesailak agerian utzi du kolektibo oso baten “nerabezaro lapurtua”

Kritika eta publikoaren arrakastatik harago, Heartstopper telesailaren ikusle asko mezu bera uzten ari da sare sozialetan: belaunaldi berrientzat erreferente pozgarria dela bi mutikoren arteko lehen maitasun istorio ezti eta jostari hau, hainbeste eta hainbeste izanik... [+]


Hype kultura, etengabeko frustrazioa

Gertatuko zitzaizuen: leku guztietan sekulakoa balitz bezala iragarri duten pelikula edo telesaila ikusi ondoren, frustrazio pixka batekin, “ez zen hainbesterako” esaten bukatu duzue. Eta azkenaldian inoiz baino gehiagotan gertatzen zaizue. Lasai, ez zaudete seko... [+]


Nazionalismo espainiarraren armak gerra kulturala irabazteko

Hamarkada hau arma sinboliko berriak karga-karga eginda abiatu du nazionalismo espainiarrak. Sumatzen da. Sentitzen da. Zenbatu daiteke. Baina nola lortu dute eztabaida publikoan horrela eragitea? Pablo Batalla Cueto historialari eta idazle asturiarrak iaz argitaratu zuen Los... [+]


2021-08-02 | ARGIA
2021ean gozatzeko hamabi ikus-entzunezko

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.


2021-02-01 | ARGIA
2021eko ikus-entzunezko Argia Saria: ‘Hondar Ahoak’ telesaila

Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thrillerra da aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria.


2020-12-10 | Kepa Matxain
Etiketak zauritu du fikziozko begirada

“Tarantinokeriak”, “klima aldaketa” edota “arrazismoa AEBetan”. Ikus-entzunezko streaming plataformek etiketetan sailkatuta eskaintzen dute fikzioa. Kultur industriaren azken jokaldietako bat da: fikzioa tematizatuta sartzen zaigu... [+]


Omar Diop.'Hondar Ahoak' telesaileko aktorea
“Hizkuntza da biderik onena hemen integratzeko”

'Hondar Ahoak' teleisailean agertzen da astero Omar Diop 24 urteko gazte berriatuarra. Senegaletik heldu, eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan hasi zen euskara ikasten. AEKn ere aritu zen.


‘Hondar ahoak’ telesailak mugarri bat jarri du ETBrentzat sortutako fikzioan

Buelta askorik eman gabe esango dut: bart gauean Hondar ahoak-ek inflexio-puntu bat markatu zuen euskarazko telesailen historian. Koldo Almandozek zuzendutako serie berriaren lehen kapitulua ikusi ondoren, ikusle askok izan dute sentsazioa, eta hala adierazi dute sare... [+]


Eguneraketa berriak daude