Gasteiz, 1989. Ingeniari informatikoa da. Familia abertzalean hezia. Euskara etxean eta ikastolan jaso du. Unibertsitateko ikasketek Bilbora bideratu zuten duela bederatzi urte. Ahal Duguko kidea da. Hiru urtetarako konpromisoa hartu du Bilboko Ahal Dugukin. Hiriburuko idazkari nagusia da. Espainiako hauteskunde orokorretako kanpainaren koordinatzailea izan da EAEn. Otsail-martxoan alderdiaren kongresua eginen dute EAEko idazkari nagusia aukeratzeko. Lander Martinezek esan digunez, berak ez du kargu horretarako bere burua aurkeztuko.
Zer dela eta politikan?
Politika betidanik interesatu zait. Etxean politikaz asko hitz egiten genuen, orain konturatu naiz horretaz, orduan ez nuen horren kontzientziarik. Ikastolan [Gasteizko Olabide] ikasleon aldarrikapenen aldeko lanetan eta borrokan aritu nintzen. Esate baterako, ikastoletan ez genuen greba egiteko eskubiderik.
EAEko Ahal Duguren barne antolamendua hizpide: sektore ofizialistako kidetzat hartu behar al zaitugu?
Zer da sektore ofizialista? Datorren hilabeteko kongresuan aurkeztuko garenok azken hauteskunde kanpainan aritu gara. Denok bat egiten dugu Ahal Duguko puntu nagusietan. Une honetan, kontua da gure barne antolakuntza denok batera ulertzea. Ez dago sektore ofizialik.
Beraz, kongresuan ez duzu ikusten alderdiaren homogeneotasunari eusteko zailtasunik.
Homogeneotasuna ere nola ulertzen den. Noski, Ahal Dugu ez da homogeneoa. Baina, uste dut ez dela ona ere erabateko homogeneotasunik izatea. Era berean, ez dut sektore ofizialistakotzat kalifikatua izatea nahi. Ez Bilbon ari garenok [Eduardo Maura Bizkaiko diputatua eta bera hurbilekoak dira alderdian], ezta idazkari nagusia izateko aurkeztuko diren beste hautagaiak ere.
Zu izan zaitezke idazkari nagusia?
Ez. Ez naizelako aurkeztuko.
Zer antolamendu mota nahi duzu EAEko Podemosen?
Kanpainan ikusi dudanaren ildoan eratu nahi nuke gure alderdia. Azken hiru urte hauetan gure zuzendaritza osatzeko nolabaiteko homogeneotasuna behar izan dugun arren, azken urtean herriz herri eta herrietako zirkuluetan lan handia egin da. Beraz, nire gusturako, tokian tokiko taldeei utzi behar zaie beren lana egiten, hori oso garrantzizkoa da. Herrietako kideak uzten baditugu beraien lanetan, ekitaldiak eta bilerak antolatzen, taldeek oso ongi funtzionatzen dute. Beraz, gure oinarriak indartu behar dira, ulertu behar da uneon erakundea eraikitzen ari garela, kontua ez da sektoreka banatzea, bat bestearen kontra jardutea, heterogeneotasuna onartu behar da alderdia eratzeko. Ahal Dugu oso plurala da Euskadin. Batasun lana egin behar dugu azken hilabeteotan izan ditugun iskanbilak atzera uzteko [Roberto Uriarte idazkari ohiaren dimisioa]. Laster, berriz ere, primarioak izango ditugu, zerrenda prestatzen ari gara. Gero eta hobeto eratuta gaude. Zorionez, lurralde guztietan baditugu zinegotziak eta diputatuak. Horietako batzuk zerrenda batzuetan izango dira, beste batzuk besteetan. Lorpen handia da hori. Idazkari nagusia izendatu ondoren, EAEko hauteskundeetara begira denok batera lan egin behar dugu.
Zein dira zuen lehentasunak eta helburu behinenak?
Gure helburua Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak irabaztea eta gobernu berria eratzea da. Eta hori lortzeko argi daukat, Euskadin autonomia izan behar dugula geure lan politikoa aurrera eramateko, eta aldi berean, estatu osoko erakundea garenez, harremanak mantendu behar ditugu, eta ez bakarrik Estatuko organoekin, beste herrialdeetako organoekin ere bai, konkretuki beste nazioekin, beraien espezifikotasunak kontuan hartuz. Estatuko Podemosekin eta lurralde horietan lan egiten dutenekin konfluentzia batzuk gauzatu dira. Euskadiko hauteskundeei begira, EAJ gailenduko duen erakundea indartu behar dugu. Azken hauteskundeetan hartutako bidean jarraitu behar dugu, hemendik bertatik politika landuz, betiere estatuan ari den alderdi bat garela ahaztu gabe.
EH Bildu garai berri honetan lagun izan daiteke edo arerio?
Guk EH Bildu ez dugu kontrako indartzat jotzen, gai ekonomikoetan eta sozialean bereziki gauza askotan ados gaude. Udaletxeetan eta batzar nagusietan lan asko batera egiten dugu, hainbat gai elkarrekin landu dezakegula ikusi dugu. Noski, bake eta normalizazio arloan, indarkeriaren arazoan eta ildo independentistan iritzi ezberdinak ditugu. Dena den, guretzat argi dago, EH Bildu aldaketarako alderdia da, eta lan egiteko eskua luzatzen diogu. Gu denekin lan egiteko prest gaude egoera ekonomikoa eta soziala hobetzeko, eta dudarik gabe, zentzu horretan alderdi hurbilena EH Bildu da.
EAJren alternatiba izateko, gobernu berria osatzeko, EH Bildu lagun izan liteke.
Ez dakit. Oraindik ere, gauza asko falta da horretan bat egiteko, goizegi da gure burua gobernu berri horren jokalekuan ikusteko. Hauteskundeak urrun daude, egoera berri batera iristeko denbora gehiago behar da. Alderdi bakoitzak berezko zailtasunak ditu –gu berriak gara, EH Bildu lau alderdik osatuta dago–. Koalizioa osatzen duten indarrek beren bidea egin behar dute. Oraindik, alderdi fronte bat da, hainbat erabaki hartu behar dute subiranotasunaren bidean. EH Bildu eta Ahal Dugu bidelagunak izan daitezke, baldin bakoitzak bestearen bidea errespetatzen badu. Guk behintzat haiena errespetatzen dugu. Hasteko, Euskal Herriaren independentziaren alde ari den alderdia izatea errespetatzen dugu, eta eurek errespetatu behar dute gu estatu osoan ari garen alderdia izatea, Espainiako Estatua plurinazionala dela ulertuz eta onartuz. Beraz, elkar errespetatu behar dugu, baina ez derrigorrez bi aukeren espazioak batzeko. Gu saiatzen ari gara transbertsalitate berriak sortzen. Horretan sartzen ditut Ezker Anitza, Equo, eta aldaketaren alde lan egite duten alderdi guztiak, bidea zabalduz eta alternatibak sortuz joan gaitezen EAJren hegemoniarekin bukatzeko. Helburu hori lortzeko hori da guk urratu nahi dugun bidea.
Kontziente zarete oso zaila dela gobernatzea? Ez duzue burokrazian erortzeko bertigorik?
Bertigoa beti daukazu, baina hori da hain justu gainditu behar dena, beldurra atzera utzi behar dugu. Bi urte egin dugu politikan eta orain boterea hartu nahi dugula esan behar dugu argi eta garbi. Oposizioan egotea eta kalean borrokatzea ondo dago, baina orain, adibidez, Euskadiko hauteskundeak irabaztea izan behar dugu helburu, bestela ezin da aldaketa lortu.
Horiek horrela, zer harreman edo sintonia duzue PP, PSE-EE eta EAJrekin?
Harreman formalak EH Bildurekin izan ditugu soilik, EAJrekin ere bai, baina ez asko. Nik Bilboko Ahal Dugu udal taldearen barruan lan egiten dut. Hiru alderdi horietako taldeekin hitz egin behar izaten dugu politika aurrerazaleago bat gauzatzeko. Lasaitasunez aritzen gara denekin, nahiz eta PPkoak oraindik ere oso burugogorrak diren. Adibiderako, hor dago Arantza Quirogaren kasua. PP euskal gizartea eskatzen ari denarekiko atzean geratu da, ez dute ausardiarik beren politika aldatzeko. Hala ere, egiari zor, denek, bakoitza modu ezberdinean bada ere, EH Bildu barne, Euskadin oraindik ere ez gaituzte aintzat hartzen, ez gaituzte hemen sortutako alderdi bezala hartzen, luzerako egongo den alderdi bat bezala. PP, PSOE eta EAJri bereziki molestatzen diegu. Andoni Ortuzarren hitzak entzunda, EAJk ez gaitu onartzen hemengo joko politikoan, ez guztiz behintzat.
Estatuko Podemos hizpide orain: alderdia birfundatu beharko litzatekeela entzun diet zuen alderdiko batzuei. Besteak beste, hainbat kidek kargu politiko bikoiztua izango dutelako. Zer iritzi duzu kargu bikoitza izateari buruz?
Ez dut uste kargu bikoiztua izatea txarra denik, kide horiek alderdiko barne bizitzarekin harremanetan izatea ez dut gaizki ikusten eta, alderantziz, ona dela uste dut. Nik pertsona batzuk hobesten ditut alderdiko zereginean aritzeko eta bestetzuk egoki ikusten ditut instituzioetan. Aldi berean, kide batzuek bi kargu izateak alderdiko eta instituzioetako lana garatzen laguntzen du, alderdia eta instituzioen artean konexioa egon behar delako. Noski, ez nuke nahi bakar batek ere bi kargu baino gehiago izatea.
Eta Podemos birfundatzeaz zer diozu?
Orain arte osatu dugun alderdia hauteskundeetara joateko izan da, erabaki azkarrak hartzeko. Lerro politikoak azkar definitzeko hori oso eraginkorra izan dela konturatu gara. EAEko hauteskunde autonomikoak ditugu aurten eta horiek izan arte hoberena alderdia dagoen-dagoenean jarraitzea da. Hauteskunde ziklo hau amaitu ondoren, herrialdeka lan asko egin beharko dugu, herri mugimenduaren forma izatetik alderdi forma gehiago izatera joan behar dugu. Horri birfundatzea deitzen al zaio? Ez dut uste. Guk lan egiteko modu bat dugu herri kontseiluetan eta herri zirkuluetan, horiek ondo landuz gero alderdia indartua atera daiteke. Egia da, hurrengo hauteskundeen ondoren inflexio unea izango da, harremanak sendotu beharko ditugu hainbat mugimendu, pertsona eta alderdiekin. Alderdia indartu behar dugu herri mugimendua atzean utzi gabe.
Espainiako Gobernuan edo oposizioan egotea nahiago duzu? Nola jokatu behar du Podemosek?
Aukeran, gobernuan egon nahi nuke. Eta posible balitz bakarrik. Ez dut uste gobernu koalizioak onak direnik. Une honetan ez dago gehiengo osorik duen alderdirik, hala ere, nahiz eta gobernuan gutxiengoan izan, Podemos saiatu behar da Gobernuan izaten. Noski, une honetan Podemosen zeregina ez da gobernua sortzea, PP eta PSOE gure aurretik daudenez, haiek saiatu behar dute lehenik. Katalunian gertatutakoak erraztu egiten du oraingo estatu ereduan sinesten dutenek pixka bat hurbiltzea, horiek zenbait puntutan ados jartzea (PP, PSOE, Ciudadanos). Guk akordioa lortzeko ez ditugu haien nahi berberak, haienak ez dira gureak. Dena den, Kongresua oso zatituta dago eta hauteskundeak errepika litezke, errepikapenaren beldurra hor dago.
Horiek saihesteko PSOErekin osatuko zenuke Gobernua?
Hori ez dago nire esku. Nik ez nuke aukera hori egingo. Ez da unea.
Kataluniako Gobernua osatu da. Nola ikusten duzu prozesu independentista?
Prozesuaren bidea deskonexioa aurrera eramatekoa da, unilateralki, eta bide unilaterala ez da ona gizarte katalanarentzat, gure ustez. Ulertzen dugu Espainiako Gobernuak behin ere ez duela lagundu arazoa bideratzen eta konpontzen. Jarrera oso borrokatuak izan dira: alde baten eskaerari entzungor egin dio besteak, arazoa politiko denari eta orobat Katalunian gertatzen ari zenari bizkarra eman diote Madrilen. Hori ulertuta ere, ez dugu egoki ikusten prozesuaren bultzatzaileak bestearen kontrako jokalekua bilatzea, hau da, unilateralki jokatzea ez da modu ona deskonexio prozesua aurrera eramateko. Erreferenduma edota erabakitzeko eskubidea gauzatzeko alderdi nagusia CDC da, murrizketen eta ustelkeriaren alderdia. Estatu Katalana sortu nahi bada, gutxienez, murrizketa sozialak gutxitzeko izan dadila.
Podemos EAEn, Katalunian eta Galizian lehen indarra izan da. Zer balorazio egin duzue emaitza horiez?
Emaitzek erakutsi dute tokian tokiko alderdiekin funtzionatzeko gure estrategiak balio duela, eta ez bakarrik herrialde horietan, emaitzek ere erakutsi dute estatu plurinazionala osatzen dugula. Eta dugun estatua ez soilik zahartua dagoela, ez dela inoiz erreala izan baizik. Zoritzarrez, oraindik jarraitzen dute diskurtso horrekin. PSOEko Susana Diezi entzun diogunez “Lo primero es la unidad de España”. Nola zabaldu daiteke tankerako mezu bat? Azken hauteskundeek erakutsi dute berriz ere zein den errealitatea. Gure ustez, estatu proiektu berri bat sortu daiteke, komuna edo ez, baina proiektuak herriek nahi duten bezalakoa izan behar du. Gure aldetik erabakitzeko eskubidea bermatzeko borondatea dago, estatua plurinazionala da eta hainbat puntu adostu daitezke. Ideia hori estatu osoan agertu da, Ahal Duguri bozka eman diotenek mezua ulertu dute. Duela bi urte inork ez zuen pentsatzen 5.000.000 herritarrek boza emango ziotela Katalunian erreferenduma defendatzen duen Ahal Duguri. Orain berriz, jendetza bat dago horren alde. Hori klabeetako bat da.
Estatu periferiako Podemosek eta Espainiako Podemosek espainiartasuna berdin bizi edo defendatzen dute?
Bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ziur aski, Katalunian batzuk espainiar sentitzen dira eta bestetzuk katalanak. Espainian espainiar sentituko dira, normala den bezala, baina nazio artekotasunak ez du oztopo izan behar estatua plurinazionala izan dadin. Kontua da bakoitza bere naziotasunarekin eroso sentitzea bai politikan bai bizitzan, beste nazionalitateak errespetatzea, lagun bezala ikustea eta unea iristen bada, bestearen proiektua errespetatzea. Alegia, espainiar sentitu edo ez, inork ez du katalanen bidea oztopatu behar, aitzitik, bakoitzak bere eskua luzatu behar du besteak bere bidea egin dezan.
Pablo Iglesias eta Iñigo Errejón erabakitzeko eskubidearen alde irmo ikusten dituzu?
Bai. Nik uste dut hori argi dagoela erakunde osoan.
Iglesias gabe, Podemosen proiektua gauzagarria al da egun? Ez al da arriskutsua liderraren figura indartsua?
Pablo Iglesiasek badu irudi indartsu bat, baina bere azpian badago erakunde handi eta sendo bat. Podemos jende anitzek eta ezberdinek osatuta dago, jende gazteak sortua da gehienbat. Nahiz eta hedabideetan lider indartsuaren irudia agertu, bozeramailea da, eta Pablo Iglesiasek bere rola dauka. Bere jokabidea komunikabideetan gure alderdiaren zereginaren parte bat da. Baina, adibidez, Bilbon guk hartzen ditugu geure erabakiak, gu gara gure taldeen bozeramaileak.
Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]
95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.
Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Duela bost urte Bilboko Atxuri auzoan Voxen diskurtsoaren aurka mobilizatu ziren bederatzi gazte epaituko dituzte. Goizean bildu dira Bilboko Probintzia Auzitegiaren aurrean zenbait kide, akusatuen absoluzioa eskatzeko eta faxismoaren gorakada salatzeko.
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
Lo Que No Te Cuentan de Donosti-k 30 pertsona soilik batu zituen Easo plazan larunbatean, eta haren aurkako deialdi antifaxistak 300. Bestalde, Gasteizko Errota auzoko mobilizazio arrazisten sustatzaileek auzotik irten eta Gasteiz mailako mobilizazioa deitu zuten iragan... [+]
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]