Albiste txarrekin gatoz: aurtengoa ez da errekuperazioaren urtea izanen. 2008tik bizi dugun krisia okerrera egiten ari da jauzi; Txinaren finantzen lurrikara errepikakorrak eta lehengaiak –petrolioak bidenabar– hain merke egotea seinale oso txarrak dira. 2016an bigarrenez lehertu daiteke duela zortzi utzi adabakiz sendatu nahi izan zen zor itzelaren krisia.
“Kataklismoaren urtea” gerta daiteke 2016 hau. Ez du esan ekonomialari katastrofistaren batek, RBS Royal Bank of Scotlandek abisatu die bere inbertsiogileei. Baliteke burtsek %20 arte galtzea, petrolio upela 16 dolarretaraino merkatzen ahal da... “Saldu ahal dituzun akzio guztiak, kalitatezko bonoak salbu. Sala jendez gainezka dagoenean irteerako ateak txikiegi gertatzen dira”. Panikoaren iragarpena.
Egia da beste aditu batzuek gehiegizkotzat jo dituztela alerta horiek: Txinaren arazoak besteongan edukiko dituzten eraginetan esajeratu egin dutela, koadro orokorrean zantzu itxaropentsuak ere badirela, Alemaniak bigarren urtez segidan lortu duen hazkundea eta abar. Baina RBSren oharrok ezagutzea merezi dute asteotan “Langabezia Espainian milioi erdi jendez urritu da“ titular nahasgarriekin gosalduz lasaitu diren euskaldunek.
2008an Lehman Brothersen hondoratzea izan zen moduan eztanda eragin zuen txinparta, finantzetako aditu askoren ustez Txina gerta daiteke 2016an zapartaraziko gaituen metxa. Iazko abuztuko hondoratzea nola edo hala moldatu zutela Pekingo gobernutik, baina urtarril hasieran gertatutako deskalabru berriek erakusten dutela egoera ez daukatela kontrolpean.
RBSko kredituen arduradun Andrew Robertsek idatzi die bezeroei: “Txina hasi da beherakada handi batean eta hau elur-bola bilakatuko da. Akzioak eta kreditua txit arriskutsu bihurtu dira eta gu oraintxe hasten gara berridazten azken bi urteotan kontatu diguten ipuinak ezkutatzen zuen errealitatea”.
Urtea markatuko duen bigarren seinalea kredituen garestitzea izango da. Finantzen merkatuak bizirik atxikitzeko banku zentralek oso interes baxuan injektatu diete dirua. Baina AEBko Erreserba Federalak ekin dio, berandu eta gozo bada ere, interesen igotzeari. Ezin dira munduko finantzak betirako utzi doako kreditu ofizialari lotuta heroinomanoa debaldeko jakoari bezala.
Lehengaien prezioen merkatzea da hirugarren adierazgarria, petrolioarena bereziki. Petrolioa harrigarriki merkatu da eta hala jarraitzeko itxura du. RBSk aurreikusi du 16 dolarretaraino apaldu daitekeela, Satandard Chartered agentziak 10 dolar aipatzen ditu... Krisiagatik eskaria jaitsi da eta saltzaileek nola edo hala esportatu nahi dute, beren ekonomientzako diru iturri nagusia delako.
Puntu honetara iritsita, irakurleak galdetu dezake: baina ez al ginen Peak Oila gainditu eta erregaien gutxitzeko aroan sartzen ari? Edo beste hau: nola liteke orain petrolio eta lehengaien prezio merkea albiste txar izatea? Horren gakoak azaldu ditu Gail Tverbergek bere Our Finite World blogean.
Tverberg oso ezaguna da energiaren krisiaz interesatutako jendearen artean. Ofizioz, arriskuen analisietan aditu (actuary ingelesez) lanetan aritu da aseguru-etxeentzako. Berak ere zalantzarik ez du petrolioaren gailurra gainditzen ari garela, mundua bere muga fisikoetara iristen ari dela konbentzituta dago, baina arriskuen aurreikuspenean berezitu izanak darama beste faktore batzuei garrantzia berezia ematera. Zorpetze mailari, funtsean, urtarrilean plazaratutako “2016: Oil Limits and the End of the Debt Supercycle” mamitsuan azaldu duenez.
Gail Tverbergek idatzia du petrolioaren gailurra gainditu denean espero genituen sintomen justu kontrakoekin egin dugula topo. Askok aipatzen bagenuen petrolioa eta lehengaiak eten gabe garestitzen joango zirela, gertatu da justu kontrakoa: petrolio gehiegi dago eta hura produzitzeko kosteen azpira erori dira prezioak. Antzera gertatzen da gasarekin, ikatzarekin, burdina eta beste mineralekin, eta baita elikagai askorekin ere.
Oraintxe lehengaiok benetako kosteen azpitik ari dira eskaintzen merkatuan, horien esportaziotik bizi diren ekoizleek dirua behar dutelako. Krisiaren handiagatik eskariak huts egiteaz gain geroko kontsumo aurreikuspenak ere txarrak izateak merkatzen ditu lehengaiak. Azkenean, kostatua baino merkeago dirua galduz saldu beharraren poderioz, lehengaien industria asko joan daitezke hondora.
Ehun urteko historia eginez, hazkunde ekonomikoa beti etorri da energia kontsumoa haztearen eskutik. Ez dago produktibitatearen hobetzerik energia gehiago gabe. Energia merke gehiago, alegia. Horrela funtzionatu zuen 1973a arte, alegia, petrolioaren produkzio kostea upeleko 20 dolarren azpitik egon zen bitartean. Baina geroztik?
Energia garestitzean bigarren mekanismoa indartu zen hazkundeari eutsi ahal izateko: zorpetzea. Ordainketa denboran atzeratzea. Tverbergek demostratutzat dauka energiaren garestitzea eta mundu zorpetze mailaren handitzea parean gertatu direla, zor ahalmen handiagoa interes tasak apaldu ahala. Kontua da zorpetzeak bere epeak eta zikloak dauzkala. Eta hemen dago mundua zorpetze ziklo handi –Debt Supercycle– baten amaieran, metatutako zorrei arindu handi bat ematera derrigortua eta, aldi berean, hazkundeari arnasa emango dion energia merkerik aurkitu gabe.
Sistema ekonomikoaren osagai guztiak elkarri lotuta azterturik, Tverbergek uste du langile ez-elitekoen soldaten txikiagotzea dela krisi honetan beste faktore erabakigarria: “Soldata txikiagoak kobratuz, langile horiek ahalmen gutxiago dute sistemak ekoizten duen oro kontsumitzeko. Ondorioz, kontsumogaien soberakinak azaldu dira eta gero prezioz jaisten hasi. Horrek eragiten du produktuen prezioak merkatzea eta zorrengatiko kiebrak ugaritzea”.
2016a honela aurreikusten du arriskuen kudeaketan adituak. Arazoak larriagotuko dira, ekonomia are gehiago geldotuko. Txinarekin batera Brasil, Hego Afrika eta Australia bezalako ekoizleak atzeraldian hondoratuko dira. Moneten arteko gerrak gogortuko.
Petrolioaren pilaketa izango da arazo nagusietakoa, biltegiek gainez egingo dute, petrolioa 10 dolarretaraino jaitsiko. Lehengaien eta kontsumoaren jaitsierak kiebra ugari ekarriko ditu, batik bat lehengaien ustiapenetik bizi diren enpresen artean, elektrikoak barne. Petrolioa esportatzetik bizi diren zenbait gobernuk ere jo dezake porrota, aurrekontuak berdindu ezinik. Zorraren beste eztanda bat espero daiteke finantza sistema astinduko duena, 2008koaren pareko edo handiagoa
Iragarpen ezkorrekin amaitzen du Gail Tverbergek: “Ekonomia orok dauka iraupen bat, gizakiek, abereek, landareek eta ekaitzek bezala. Tamalez, gure ekonomiaren iraupenaren akaberaren lekuko izatea tokatu zaigu”. Baina lasaitu gaitezen: eredu ekonomiko baten akabera besterik ez du iragarri.
Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]
Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.
Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.
Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]
2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.
Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]