Mangladiak, itsas bazterrean marea beteak gerriraino estaltzen dituen eta bajamarrean sustraiak airean erakusten dituzten zuhaitzezko oihanak, suntsitzen ari gara planetako bazter guztietan. Guztietan? Ez: badira tropiko guztietan elkarte eta jendeak zuhaitz ‘anfibiook’ milioika landatzen ari direnak, milimetroka gora datorkien itsasoari aurre egin nahian.
Ehun milioi zuhaitz txiki berri Senegaleko itsas bazterrean bertan: munduko basoberritze ahalegin harrigarrienetako baten irudiak eskaini ditu ARTE telebista franko-alemaniarrean Vu du Ciel (Zerutik ikusita) programan. COP21 biltzarraren asteetan telebistek erakutsi dituzten milaka katastrofe beldurgarrien artean, baikortasun printzak pizten dituzten esperientziak pantailaratu nahi izan ditu Yann Arthus Bertrand zinegileak.
Dokumentalean dioenez, Senegaleko desafio ekologiko handienetako bat da itsas bazterreko mangladietako arrainen eta ekosistemen bizirautea. Eta Senegaleko mangladiak aipatutakoan, heroia deitzen da Haidar El Ali, munduko 100 ekologista ekintzaileenen artean izendatua: Senegaleko milaka herritar konbentzitu ditu mangle txikiak milioika landatu ditzaten.
Mangladiak dira itsas bazter tropikal eta subtropikaletan mareak egunetan bitan estaltzen eta husten dituen eremuetako oihanak, zuhaitz eta sastrakaz osatuak. Ur gazitan bizitzera egokitu dira, itsas hegietako baldintza zailetara. Sustrai sistema bereziz hornituta daude, mareagoran ur gazi eta olatu artean oxigeno urriko lokatzetan bizirauteko eta mareabeheran enborrari airean zutik eusteko gai.
1980an planetan oihan bereziok 188.000 km2 betetzen bazituzten, 2005era bitartean 152.000 km2ra murriztu ziren. 25 urtean %20ko galera, gehienik industria, etxebizitza eta turismorako egiturak eraikitzeko, gero eta gehiago otarrainxka edo izkiren haztegi erraldoiez betetzeko, edo inguruko ur gezak agorrarazi dizkieten urtegi, errepide, kanal eta abar urratzeko.
Mangladien txikizioaren erdian, ordea, badira horiek babesteko borrokatzeaz gain hondatuak edo arriskuan diren itsasadar, errio eta paduretako basatzetan zuhaitz gazte berriak landatzen saiatzen direnak, Vietnamen edo Bangladeshen bezala Madagaskarren edo Senegalen.
Esperientzia famatuenetako bat hautatu dute ARTErako, Senegalekoa. Haidar El Ali (1953) da Oceanium Gobernuz Kanpoko Erakundearen arima. 1984an sortuz geroztik, Oceaniumek hiru ardatzetan biltzen ditu ingurumenaren aldeko lanak: itsas bazterreko oihanak mangle (Rhizophora mangle) gazteak landatuz biziberritzea, eko-turismoa eta honi lotutako urpekaritza, uretako bezala lehorreko kutsaduren garbiketaz gain.
2006an ekin zieten landaketei Casamanceko deltako Tobor herrian, suntsitutako padura batean 65.000 arbola sartuz. Frogatu ostean oin gazteen %85 aurrera ateratzen zutela –aurretik zenbait porrot jasanak ziren– 2008an 5 millions de palétuviers –izen hori dauka frantsesez mangleak– kanpainari ekinda, sei milioiz goiti landatzea lortu zuten 110 herritako 32.500 jende mobilizatuz hilabete eta erdian.
2010erako zifrak harrigarriak ziren: 62 milioi zuhaitz 5.000 hektareatan, 408 herritako 110.000 pertsonaren artean... Casamance eta Sine Saloumgo deltetako basoberritze arrakastatsuen jakin minez dabilen irakurleak hainbat erreportaje aurkituko du interneten, idatziz bezala bideotan.
Zer prezio dauka otarrainxkak?
Oceania Senegalen moduan, beste GKE eta elkarte asko ari da antzeko lana egiten munduan zehar, esaterako Mangrove Action Project. MAPek aldarrikatzen du lehen munduko fundazioetatik lortutako dirulaguntzak erabiltzen dituela elkarlanean mangladietan berezitutako ekologistekin, lekuko GKEekin eta administrazioekin.
Erakunde bakoitzak dauka bere berezitasuna. MAPek azpimarratzen du itsas bazterreko oihanak berreskuratzeko metodologia propioa daukala, garrantzia emanez landatzen diren zuhaitzen aniztasunari –zeharka kritikatuz beste batzuek espezie bakarreko oihanak sustatzen dituztela–. Oihanberritze tekniketan eta herritarren parte hartzean asmatzea garrantzitsua da zuhaitz txikietatik gehienek urte batzuen ondoren bizirik dirautela bermatzeko, areago klimaren aldaketarekin eremuok direnean itsasaldien eta ekaitz handien biktima minberenetakoak.
MAPek 130 lagun enplegatzen ditu denbora osoz eta proiektuak dauzka Kanbodian, El Salvadorren, Indian, Indonesian, Malasian, Myanmarren, Sri Lankan eta Thailandian. Heziketa eta sustapen lanak egiten ditu ere Txinan eta Bangladeshen oraindik osasuntsu dauden mangladien defentsan.
Herrialde aberatsetako kontsumitzaileei ere badakarkie mezua MAPek: Question Your Shrimp, alegia galdetzeko gure izkirei. Bai, pintxoetan, entremesetan eta entsalada xumeenetan egunero jaten ditugun izkirei eta eguberrietako tripakadetan falta ezin diren otarrainxkei. Asko dakite mangladien suntsitzeez.
Marea arteko oihanak erruz suntsitu dituzte izkirentzako haztegiak eraikitzeko, gehienak herrialde txiroetan: “Munduan barrena milioi bat hektareatik gora mangladi birrindu dira azken hiru hamarkadotan izkira haztegiak bertan antolatzeko”, dio MAPek bere kanpainan. Itsas bazter tropikaletara iristen diren industrien artean izkiren haztegiena da suntsitzaileenetakoa: eremu zabalak merke berenganatu, dena birrindu, etekinak azkar atera eta martxa!, atzean hondamendia baizik utzi gabe. Akuikultura mota honek urtean haztegietan 8.000 milioi dolar eta saltokietan 50-60.000 milioi dolar balio duen jeneroa ekoizten du. Espekulatzaileentzako pagotxa, lekuko gobernu ustelez gain Munduko Bankuak eta beste erakunde gotorrek bereziki babesten dutelako.
Dena libre eta haizu duten erraldoiek burututako triskantzez gain, herritarrek berek eragindakoak daude. Populazioa ari da handitzen herrialde txiroetan, egurra behar dute sutarako, zura eraikuntzarako, gosea zerekin asea ere bai. Leku epel eta hotzagoetako jendeok duela mende batzuk gureak suntsitu genituen bezala, orain bizi beharrak daramatza txiroak beren basoak eraistera.
Blue Venture GKEa, kontserbazio eta birlandaketan saiatzen direnetako beste bat, Madagaskarren ari da. Sylvia Paulot eta Kate England ekintzaileek kontatu dute Tsiribihina deltako Antanandahy herixkan aurkitu duten giroa: “Bizitza gogorra da 400 biztanleontzako. Bizirauteko ez daukate itsasoa, mangladia eta ibaia besterik, ez iturriko ur, ez azoka eta ez mediku. Gaizkileek atakatzen dituzte sarritan, eskuratu duten edo etxeetan jasota daukaten apurra ostuz”. Ez dira mangleetatik oso ezberdin bizi, lokatzetan itota, edozein haize edo itsas kolperen beldur. Beldurrez, baina sakon errotuta”.
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]
AEBetako Ozeanoko eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren (NOAA) ikerketaren emaitza zabaldu du Nature Climate Change aldizkariak: bereganatzen zuen karbono dioxido eta metano kopurua baino gehiago isurtzen du orain tundrak.
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]
Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
220km/h baino abiadura handiagoko haize-boladek astindu dute Frantziako kolonia den Mayotte uhartea. Funtsezko azpiegiturak suntsitu, eta irlaren zati handi bat inkomunikaturik utzi du; biktimen zenbaketa zaildu du horrek. “Premiazko neurriak” hartuko dituela iragarri... [+]