Errefuxiatuen gaia komunikabideetako lehen lerroetatik baztertu den arren, Europara milaka lagunek ihes egiten jarraitzen dute. Urtea hasi zenetik 800.000 errefuxiatu inguru heldu dira Alemaniara; Italian iheslarientzat bideratutako dirua ez da iritsi eta ziurgabetasun egoeran bizi dira; Euskal Herrian, traba ugari aurkituko dituzte hona iristen direnek. Hiru errealitate horiei heldu diegu.
Hassan Siriatik dator eta hamaika hilabete daramatza Alemanian. Siriako hiriburu Damaskon emaztea eta bi semeak utzi zituen. Schierling-en izan gara berarekin, Regensburg hiritik 20 bat kilometrora dagoen 7.000 biztanleko herrian. Duela urtebetetik hainbat errefuxiatu bizi dira bertan, eta horietako bat da Hassan.
Damaskon inprenta baten jabea zen, baina bonbardaketa batek enpresa eta etxea txikitu zizkiotenean ihes egin behar izan zuen. Europara iristeko pasatakoak kontatu dizkigu: “1.500 euro ordaindu behar izan nituen beste 33 pertsonekin hamar baino eraman zitzakeen plastikozko ontzi batean Turkiatik Greziara iristeko. Bidaiaren erdian motorea hondatu egin zen eta Greziako armadak erreskatatu gintuen”. Beti giza trafikatzaileen menpe, herrialde heleniarraren eta Mazedoniaren arteko muga bost aldiz igarotzen saiatu ondoren Serbia, Hungaria eta Austria zeharkatu eta iritsi zen Alemaniara.
Herri txikia izanik, Schierlingek ez dauka Alemaniako beste hainbat tokitan dauden errefuxiatuak hartzeko eraikin handirik. Momentu honetan etxe pribatu batean bizi da Hassan, beste 19 siriarrekin batera. Schierlingera ailegatu berri direnekin fenomeno hau oso ohikoa dela esan digu Uschi Grandelek. Bera errefuxiatuei laguntza eskaintzen dion elkarte batekoa da, baita Alemaniako Euskal Herriaren Lagunak-eko arduradun eta Partizan Travel-eko kide ere. Asilo eskaera egin dutenak etxe pribatuetan hartzea diru iturri bilakatu da hainbat herritarrentzat. Babariako Gobernuak errefuxiatuak hartuz gero jabeei pertsona bakoitzeko egunean 15 eta 30 euro tartean ordaintzen die: “Etxe batean 20 errefuxiatu sartzen badira hilabetean 9.000 eta 18.000 euro artean irabaz dezakezu –esan digu duela 15 urtetik Schierligen bizi den Grandelek–; herriko hainbat lagun bankuei etxeak erosteko kredituak eskatzen ari da: negozio borobila da”.
Siriara itzuli nahi duen galdetuta, Alemaniak herrialdean gelditzeko eman dion aukeraz eskertuta dagoela erantzun digu Hassanek: “Gu ez gara sofan eserita egotera etorri, gu lan egiteko gogoz etorri gara”. Integrazioa, ordea, ez da batere erraza izan Hassanentzat. Edonola ere, eguneroko bizikidetzak herritarren aurreiritziak apurtzen lagundu du: “Gaur da eguna bizilagunekin erlazio ona daukadana eta elkar laguntzen duguna”.
Hassani asilo eskaera berriki onartu diote. Momentu honetan gobernuak antolatzen duen aleman kurtsoarekin has daiteke, “orain arte soilik Schierlingeko laguntza taldeak antolatzen zituen kurtsoetara joan nintekeen”. Beste hainbat siriarrek jada lortu dituzte paperak eta gainontzekoek, Grandelen ustez, denbora gutxi barru eskuratuko dituzte. Baina asilo eskaera aztertu bitartean ezin dute ez lanik egin ezta estatuak antolatzen dituen klaseetara joan ere, eta horrek egoera gogorrak sortzen ditu, errefuxiatuen aldeko aktibistaren esanetan.
Denek ez dute Hassanen zorte bera izan. Schierlingera iritsi ziren lehen errefuxiatuak Etiopiakoak ziren eta deportatuak izateko arriskuan daude. Schierlingen, Balkanetako herrialdeetatik iritsitako errefuxiatuak ere bizi izan ziren eta herrialdetik kanporatu zituzten. Txetxeniar familia bat Schierlingen urtebetez izan ondoren deportatu egin zutela esan digu Grandelek: “Txetxeniara iristean errepresio handia jasan zuten. Poliziak gizona atxilotu zuen eta ez dakit emakumea bizirik ote dagoen ere”.
Babariako estatuan deportazioetara bideratutako bi etxe daude: bata Bambergen eta bestea Manchingen. “Erregistro zentroak” direlakoetan, groβekoalition edo koalizio handiaren –CDU Alemaniako alderdi demokristauak, eta CSU eta SPD alderdi sozialdemokratek osatua– esanetan, herrialde germaniarrean gelditzeko “perspektiba gutxi” dutenak eta “gerrarik ez dagoen” herrialdeetatik datozen asilo eskaeradunak pilatzen dituzte. Gutxienez halako beste hiru etxe eraikitzeko proiektuak onartu berri ditu gobernuak. Hala, hainbat hilabetez luzatzen ziren asilo eskaeren erantzunak hiru astetan erabakita izango dituzte hemendik aurrera. Emilia Müller CSUko politikariak esan du “politikoki jazartuak ez diren errefuxiatuak” herrialdetik kanporatuak izango direla –gehienak Balkanetako herrialdeetakoak dira, %40 estatistiken arabera–.
Alemaniako eskuina itsututa dago gerrak eta krisi ekonomikoak bultzatutako migratzaileak desberdintzen, hau da, errefuxiatuak mailakatzen. “Lehen mailako” migratzaileek –gehienak siriarrak eta klase ertainekoak– ikasketak dituzte eta herrialde germaniarrak interesa du horiengan. Statista estatistika atariaren arabera, gaur egun Alemaniako populazioaren ia laurdenak 60 urtetik gora dauka eta 2030ean zazpi milioi erretiratu izango ditu herrialdeak. Alemaniako Banku Zentraleko presidente Jens Weidmannek esana da “errefuxiatuen eskulan merkea” beharko dela etorkizunean ongizate ekonomikoa mantentzeko.
Azken hilabeteotan CDU eta CSUren arteko tentsioa areagotzen ari da, baita barne mailan ere. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hain famatua egin den “Wir schaffen es” (Guk ahal dugu) lema behin eta berriro errepikatzen ari da, hau da, Alemaniara etortzen diren errefuxiatu guztiak hartzeko ahalmena dutela. CSUko presidente Horst Seehoferek eta CDUko Barne Ministro Thomas de Maizierek esan dute ezin dela jende gehiago onartu. Migrazioaren gaiarekin uzkurragoa den CSUtik, berriz, hesi bat eraikitzea espekulatzen ari dira.
Herritarren iritziak ere polarizatzen ari dira: gero eta gehiago dira immigranteen aldeko ekimenez gain, diruz, arropaz edota janariz laguntzen dutenak. Egun, arazoa ez da bolondres falta, lagundu nahi duen jendea koordinatzeko zailtasuna baizik. Baina aurkako iritziak ere gero eta nabariagoak dira: duela hiru urte Europar Batasuna eta Euroaren aurka dagoen AfD alderdi eskuindarrak %5eko indarra zuen, bada egun bikoiztu egingo lituzke emaitzak, Alemaniako hirugarren indarra izateraino.
Schärding eta Salzburgeko kanpalekuetan Austriako armadako soldaduak ikus ditzakegu muga zaintzen. Duela zenbait astetik egunero milaka errefuxiatuk igarotzen dute Austriaren eta Alemaniaren arteko lerroa. Hasieran, errefuxiatu gehienek Alemania, Suedia edota Norvegia zituzten buruan, orain Austria ere asilo eskaera ugari jasotzen ari da.
Lagun askok jada bidaiaren zati gogorrena igaro dute. Gurutze Gorriko eta Caritaseko kideak laguntza humanitarioa koordinatzen ari dira, baina hala ere kaos handia nabari da kanpalekuetan. Bidaian bizitakoak, mesfidantzak edota hizkuntza ezin ulertzeak asko zailtzen dute harremana. Mattar Gazatik dator, duela bi hilabete anaiarekin Israelen okupaziotik ihesi Palestina uztea erabaki zuen. Emaztea eta bi seme utzi ditu, baina behin Europara iritsita, familia ere hona etortzea pentsatzen ari dira. Bere helburua Belgikara iristea zen eta gurekin egon eta hiru egunetara Bruselan zegoen.
Bidea ez da batere erraza izan: erbesteratu eta egun gutxira Israeleko armadak bere lagunik onena hil zuen. Turkiara iristeko bisaren bila Egiptora joan ondoren, hegazkinez iritsi zen Istanbulera: “Istanbulen giza trafikatzaileak edozein tokitan aurki ditzakezu: hoteletan, jatetxe edota komertzioetan”. Milaka migratzailek bezala, Mattarrek plastikozko ontzi batean zeharkatu zuen Turkia eta Greziaren arteko muga. “Bidaiaren prezioa ontzian jende gehiago edo gutxiago joan ahala merketzen edota garestitzen da: trafikatzaileek eskaintzen dizuten ontzia plastikozkoa eta segurtasun gutxikoa bada 600 eta 1.000 euro artean ordaintzen duzu, hobeagoa bada, 3.000 eurotik gora”.
2.000 euro ordainduta, 10 pertsonentzako lekua zuen plastikozko ontzi batean bidaiatu zuten beraiek, beste 40 lagunekin: “Europara datozen errefuxiatuen %99ak ontzi merkeenak aukeratzen ditu, horregatik hiltzen dira horrenbeste” dio Mattarrek. Giza trafikatzaileek labanak eta armak zituzten, eta Mattarrek eta anaiak nabigatzen zekitenez, ontzia gidatzera derrigortu zituzten. Trafikatzaileek Mattarren anaiari gainean zeraman guztia uretara bota zioten, mugikorra, ordenagailua eta dirua, besteak beste. Greziarako bidean ehunka ontzi ikusi zituztela ere kontatu digute: “Uretan hilotzak ikusten genituen, baina gindoazen baldintzetan ezin genuen ezer egin”.
Greziako Mitiliniki irlara iritsi zirenean masifikazioa handia zela diote palestinar gazteek. Kanpamentuan, herrialdean 15 egun egoteko baimena eman zieten, baina errefuxiatu gehienak ez dira hor gelditzen, hurrengo egunean Mazedoniarako bidea hartzen dute.
Hassan siriarraren iritzia partekatzen du Mattarrek: “Merkel jarrera egokia izaten ari da errefuxiatuekin. Gu Alemaniara lanera gatoz, ez etxean ezer egin gabe egotera. Errefuxiatu askok ikasketak dituzte: medikuntza, zuzenbidea, ingeniaritza… Hori baliatuko dugu alemaniar ekonomia indartzeko”. Orain Alemaniara eramango dion autobusa hartzeko zain dago, bizitza berri bat hasteko azken aurreko geltokian.
Euskal Herrian ere zail dute errefuxiatuek
HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]
Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.