"Oso interesgarria da isiltasuna: dena entzuten duzu, baita zure beldurrak ere"

  • Donostia, lurpeko lokal bat, argi izpi bat sartzen uzten duen leiho modukoa, pianoa, pantailatzarra, bozgorailuak, sarien apala, partiturak, liburuak, DVDak, kartel zahar batzuk, besaulki erosoak... Ongi etorri Pascal Gaigneren burbuilara.

Musikari eta konposatzaile polifazetikoa. Oholtzak utzi eta estudioan konposatzen dabil azken aldian.
Musikari eta konposatzaile polifazetikoa. Oholtzak utzi eta estudioan konposatzen dabil azken aldian. Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Soinu banda orok lehen notak ditu abiapuntu. Bizitzak haurtzaroa eta gaztaroa.

Gure aita militarra zen, militar bitxia baina militarra. Martxa militarrekin esnatzen genituen igandeak, baina aldi berean, Brassens, Brel eta musika klasikoa entzuten ziren gurean. Aitaren ofizioaren erruz sarri mudatzen ginen hiriz. Izugarri gogorra egiten zitzaidan, ez lagunik ez koordenadarik, aldiro hutsetik hasi beharra. 10 urterekin, ordea, eskolako maisu batek musikarako dohaina antzeman zidan, 12rekin nire kabuz gitarra jotzen hasi nintzen. Nire gurasoentzat ezinezkoa zen bizitza musikari ematea, aisia baizik ezin zitekeen izan, libertimendu hutsa, baina unibertsitaterako orduan ez nien aukerarik utzi: “Musika fakultatean eta kontserbatorioan sartzen uzten didazue ala etxetik noa!”. Hiru urtez babestu ninduten, unibertsitateko lagunekin kontzertuak ematen hasi arte. Nire argazkia Sud-Ouest egunkarian ikusi zutenean lasaitu ziren. Beste garai batzuk ziren, musikatik bizirauteko askoz sasoi aproposagoak. Arlo guztietako kontzientzia politikoa garatuagoa eta hedatuagoa zegoen, militantzia ekitaldi kulturaletarako amua zen. Urrezko aro bat ezagutu dugu Euskal Herrian, denboraren higatzearekin eta moldea sistematizatzearekin gainbehera etorri den urrezko aro bat.

Nola eragin dio denboraren higatzeak musikarekiko zure harremanari?

Hastapenean gitarra-jotzaile izan nahi nuen, jendearekin elkartu, kontzertuak eman. Batere gustatzen ez zitzaidan jendartetik ihes egiteko nire burbuila zen musika. Ihesbide horri esker jasaten nuen gainontzekoa. Betitik baztertu dut enpresan, nagusiaren menpe, lan egitea. Ezinezkoa zitzaidan, pentsaezina. Garbi nuen musika zela independentziarako atea. Alabaina, ez nuen nire burua konposatzaile irudikatzen. Ez zitzaidan gogorik falta, baina aukeratu bakanen mundua iruditzen zitzaidan. Egun batez, alta, ezagun batek film baterako musika eskatu zidan, hura gustaturik beste baterako enkargua egin zidaten, antzerkirako eta orkestrentzako konposatzen hasi nintzen, eta gauzak zer diren, benetan gustatzen zitzaidana horixe zela ohartu nintzen. Orduan ikusi nuen jendaurreko jardunak ez ninduela erakartzen, kontzertuetan ez nintzela sekula erabat gustura sentitu, arraroa zitzaidala jendaurrean eseri eta jotzea. Geroztik, lan-erauntsiak eta lehorteak pasa ditut, batzuetan ezetz esateko aukerarik ez ukaiteak nire independentziaren ideia berrikustera eraman nau, baina hala ere, akzionisten batzarren menpe dauden langile esklabizatuak edota langabeak baino libreago bizi naiz.

Oholtzan zein estudioan, beti itzalean, ia beti besteentzako.

Ikusgarritasunak ez nau erakartzen. Nahiago dut zuzendari eta muntatzaileekin eskuz esku lan egin, talde-lanean nire hondar aletxoa jarriz eragin. Horrek nire burua nire lanaren bidez promozionatzeko aukera ematen dit. Ez dut idazkaririk edo agenterik behar nire karrera kudeatu eta nire dohainak saltzeko. Norbaiti nire soinu banda bat gustatzen bazaio, hots egingo dit. Hori da nire neurria. Izan ere, kea saltzen ibili zaitezkeen arren, gurean ez dago formula ziurrik, inork ez daki zer izango den arrakastatsu. Gustuek eta intuizioak zeresan handia dute, zuzendariak proposatzen dizunaren eta zuzendariari proposatzen diozunaren arteko trukaketak hartzen duen bidea erabakigarria da, estilo bat definitu behar duzu, nortasun propioa izan. Horregatik diot soinu banda ona harritzen nauen musika dela, filmaren osotasunari burutik pasa ez zitzaidan funtzionatzeko modu bat emateko gai dena, horma gotor baten erdian leiho bat zabaltzen didana.   

Hori da soinu bandaren egitekoa?

Niri gustatzen zaidan zinerako musikak pantailan ikusten ez denari buruzko pistak eman behar ditu, emozioak hauspotu, irudi bihurtu ezin diren gidoiaren xehetasunak helarazi. Bide paraleloa da, sentimenduetarako lasterbidea. Zinema europarrean filmeko pertsonaia da musika, sekuentziak eraldatzeko dago, istorioari bere kutsua emateko. Hollywoodeko film gehienetan, aldiz, komentarista hutsa da, irudiek erakusten dutena azpimarratu baizik ez du egiten. Hori ere egin dezaket, baina ez zait interesatzen. Izan ere, artisautza lana da gurea, zapatariarena bezalakoa. Aldiro zapata ezberdin bat egin nahi nuke, patroia pentsatzetik hasita azken orratz puntadaraino, baina zapata gorri industrialaren eske itsututa etortzen bazaizkit moldatzen naiz, badakit egiten. Gure lanean, ezinbestekoa baita ezer demostratzen ez saiatzea. Musikak pelikulan funtzionatu behar du, eta musika dena delakoa izanda ere, filmak funtzionatzea da axola duena.

Zuk nola funtzionatzen duzu?

Sortzaile zein entzule gisan, dibertsioa eta sorpresak ditut gustuko. Beti gauza bera egiteak nekatzen nau. Nire buruarekin oso erraz aspertzen naiz. Patroiak agertzen zaizkidala, ezagutzen ditudan bideetan barna noala, jabetzen naizenero aldaketa eskatzen dit senak. Pieza interesgarrienak lur arrotzak deskubrituz sortu ditut. Zure burua etengabe berritzea da osasun mental eta artistikoaren giltza. Gurea ez da torlojuak egitea. Aniztasuna behar dut eta horregatik egiten dut lan zinerako, baleterako, antzerkirako, orkestrentzako, arte erakusketetarako... Betikoa ezberdin egiteko zidorrak atzeman ezean berehala itotzen naiz. Hala, deseraikiz eraikitzen saiatzen naiz, ez dadila ezer sobratu eta ez dadila ezer falta. Metodorik dudan galdetzen didatenean munduko metodo guztiak eta aldi berean bakar bat ez daukadala erantzun ohi dut. Eseri eta lan egitea baita metodo fidagarriena. Metodo bakarra duenak, ordea, aldiro arau berberak aplikatzen dizkio bere buruari, eta konturatzerako jausten da errepikapenaren inertzian. Etengabe joko-arauak aldatzea da gakoa, gaur hemendik ekitea, bihar beste hura probatzea. Bizitza daramat musika sortzen, niretzat ez da lan soila, beharrizana ere bada.

Isiltasuna ere beharrizana da?

Frantzian sortua naiz, urte mordoxkaz bizi izan naiz han, eta Donostiara etortzean sor eta gor geratu nintzen zarata eta zalaparta etengabearekin. Ihesbidea eskatzen didan sufrimendu handia da niretzat. Zinemak eta telebistak etengabe darabilte musika jendea alerta mantentzeko, saltoki zein igogailuetan musika jartzen dute... ez dakit zarata erauntsi horrek ez ote digun garuna atrofiatzen. Oso interesgarria da isiltasuna: dena entzuten duzu, baita zure beldurrak ere. Jatetxe batean jendea zein baino zein ozenago ari denean altxa eta “ixo!” oihukatzeko zorian geratzen naiz, eta zinean ere, behar-beharrezkoa den musika soilik jartzea dut gustuko. Musikak ez badu garrantzirik, ez badu deusetarako balio, zertarako jarri? Isiltasunak ere badu bere funtzioa.

Zaratak ez ezik, sariek ere eragiten dute zalaparta.

Harreman gatazkatsua dut sariekin, arantzaz betea. Badute alde ederra, atsegina. Zure lanaren aitortza dira, txalo jotzen dizute, mundu guztiak zoriontzen zaitu... denoi gustatzen zaizkigun gauzak. Alabaina, badakit nola funtzionatzen duten, badakit haizea bezain aleatorioak direla, injustuak izan daitezkeela. Horregatik diot lana ukaitea dela garrantzitsuena, irabazitako sari guztiak aldatuko nituzkeela lanagatik. Lana baduzu aktibo zaude, zure musika aintzat hartzen den seinale da. Izan ere, sariek satisfakzio pertsonalez betetzen zaituzte, baina lanez? Ezagutzen ditut oso sari arranditsuak irabazi dituzten konposatzaile eta aktoreak lanik gabe, basamortuaren zeharkaldian bizirauteko borrokan ari direnak. Saritutako filmarekin gehiegi identifikatzen zaituztelako, saritutako soinu bandaren estiloak etiketatzen zaituelako, jendeak ez dakizula besterik egiten sinetsi dezake. Opari pozoitsuak izan daitezke sariak. Ez dizute bizitza konpontzen eta izorratzen ahal dizute.  

Gaur egun musikarik onena zinean egiten dela zioen Joserra Senperenak.

Denetik dago. Zorionez, konposatzaileen eskua geroz eta nabarmenagoa da, sortzaileen nortasunez zipriztindutako geroz eta pieza gehiago dago. Zine industrialera salto egiten badugu, ordea, nekezagoa da dena. Musika gustatzen zaien ala ez erabakitzeko hamabost pertsona daude bileretan eta zuk ez dakizu hamabost horietarik hamabi nortzuk diren, zer funtzio duten... Ez dakizu deus. Alta, denek dute iritzia emateko eskubidea, izugarrizko kontrol afana daukate eta erabateko arrakastaren formula baizik ez dute buruan. Gainera, telebistak tartean daudenez, euren pantailarako ekoizpenak nahi izaten dituzte, moldeak agertzen dira, eta asko kostatzen da soinu bandak egitea ez dela torlojuak ekoiztea ulertaraztea. Eskerrak orain, teknologiaren garapenari esker, oso pieza interesgarriak egin daitezkeen medio gutxirekin. Horrek errotik aldatu du zinemaren panorama. Komertzialtasunak ikuspegia murrizten baitu, planoa itxi, kalitatea leihatilan neurtarazi. Bankuarentzat oso irizpide interesgarria izango da, baina jendarteak ezin du pelikula baten maila bildu duen sosaren arabera soilik neurtu. Horrek best-sellerretara dedikatu eta poesia edo saiakera kondenatzea esan nahi du. Izan gaitezen zentzudunak, goazen best-sellerretan irabazia poesia eta saiakera filosofikoetan inbertitzera, film komertzialetako etekinak esperimentazioan baliatzera. Hori egiten ez duguno, ideia anitz galtzen ari gara bidean.

Eta teknologiaren eta sormenaren bideak gurutzatzen direnean?

Gizakia gizaki denetik eragin du teknologiak sorkuntzan. Ez da azken 30 urteetako sorpresa. Asko ikertu dut musika elektronikoa, nire buruaren jabe izateari bezainbateko garrantzia ematen diot nire lan tresnaren jabe izateari. Teknologia onartzen eta kontrolatzen ez baduzu, hankapean hartzen zaitu. Hori hala, teknologiak gure lan-moldeak erraztu ditu, trukeak sinplifikatu, aurrekontu txikiko egitasmoei aukera eman, baina zoritxarrez, tekla zapaldu eta melodia osoak ateratzen direla uste du orain jendeak. Ahantzi dugu sortze prozesua ez dela hain muturrekoa, denboraren pausa ezinbestekoa dela. Askotan gertatu zait soinu banda bat bukatu eta “orain bazekiat zer egin nahi dudan, berriz hasi behar nikek” pentsatzea. Baina ez, dena azkarragoa, berehalakoagoa, bihurtu du teknologiak, eta jakina, abiadurak inertziara darama. Izan ere, programa teknologikoek egin behar duzuna iradokitzen dizute, daukatena proposatzen dizute besterik existituko ez balitz bezala, eta ohartzerako, amua irentsi eta besterik ez dagoela sinesten duzu. Horregatik saiatzen naiz tresna kontrolatu eta ordenagailuak eskaintzen dizkidan aukera zein soinuak eraldatzen, niretik eta nire neurrira egindako soinu elektronikoak fabrikatzen eta estandarretik harago bizitza badagoela ez ahanzten.  

“... Elkarbizitza jokoan eta zu berriz bertso ttikietan...”.

Makinak nota guztiak afinatzen ditu eta ez da sekula nekatzen. Makinari kasu eginik esaldi musikal osoak konposatu ditzakezu arnasarik gabe. Ez dizu eragozpenik jartzen, zuk idatzi eta berak jo. Musika arte bizia da, ordea, ez nota zerrenda, ez matematika. Gizakiaren interpretazioaren esku dago, inperfekzioaren menpe. Ez daude esaldi musikal bat berdin joko duten bi artista. Bakoitzak dauka bere sonoritatea, bere musikalitatea, bere nortasuna. Hori aintzat ez hartzea musikariaren partez makina ikustea da. Makinak ongi daude, beharrezkoak dira, baina ezin dugu gizakiaren eskuaren premia kolokan jarri. Ezin gara jendarte hau dena ahanztera eraman duen zurrunbiloan ito. Antipodetakoa baino garestixeagoa izan arren, auzoko herrian ekoizten diren zapatak erosteak merezi duela ulertarazi diguten begiekin erreparatu behar zaio musikari. Urtetan, kontsumitzea baizik ez dugu izan buruan. Kontsumitzen dugunaren gibelean zer dagoen aztertzeko garaia da.

Pascal Gaigne

1958, Caen (Frantzia)

Musikari eta konposatzaile polifazetikoa. Oholtzak utzi eta estudioan konposatzen dabil azken aldian. Nazioarteko orkestra, talde instrumental eta bakarlariek kontzertuan interpretatzeko piezak, edo antzerkirako, arte erakusketetarako zein zinemarako soinu bandak konposatzen ditu. 80 film baino gehiagotan hartu du parte (El Sol del Membrillo; Azul oscuro, casi negro; Lasa y Zabala; Loreak...), zuzendari ospetsuekin lan eginez eta sari andana eskuratuz.

Azken hitza: Xarmak

“Musikaren lengoaia lausoa izateak egunero irekitzen dizkizu ate berriak. Bakoitzaren bizipenen araberako oihartzunak eragiten ditu musikak, hori da bere xarma. Hori eta siestatik pieza berria buruan esnatzea. Askotan erlaxatze hutsak garunean duzun nahaspila askatzen dizu, bestelako bizimodu bat ahalbidetu, jendartearen moldeetan ez sartzeko askatasun tanta bat oparituz”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-22 | Iker Barandiaran
Burmuinen borborra ezin eutsi

Deus
Kaskezur
Usopop, 2024

-----------------------------------------------------

Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]


Añube
Elkar besarkatzeko musika

Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Eguneraketa berriak daude