Euskarazko egunkaria aldarrikatzetik egitera

  • 25 urte dira abenduaren 6an Euskaldunon Egunkariaren lehen aleak argia ikusi zuela. Herritar askoren izerdi eta ekarpenei esker izan zen. Nola iritsi zen baina jendea ia desagertzear zen ARGIAren bueltan bildu, hura indartu eta urte gutxian euskara hutsezko egunkaria, kale edo bale, egin egingo zuela erabakitzera? Zein suk mugitzen zituen?

1980ko hamarkada hasieran ARGIAko kideak Egian: Ostaizka Irastorza, Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria, Jon Barandiaran, Joseba Alvarez, Iñaki Uria eta Josu Landa. (Arg: ARGIA artxiboa)
1980ko hamarkada hasieran ARGIAko kideak Egian: Ostaizka Irastorza, Joxemi Zumalabe, Pello Zubiria, Jon Barandiaran, Joseba Alvarez, Iñaki Uria eta Josu Landa. (Arg: ARGIA artxiboa)

“Ekipo gaztea ginen, gehienek familiarik ez geneukan, beraz, konpromisorik gabe, eta eguna han pasatzen genuen. Donostiako Egia auzoko Kata tabernan gosaldu, bazkaldu eta askotan afaldu egiten genuen”. Pello Zubiriaren hitzak dira. “1980ko hamarkadan ARGIAn metatu genuen ezagutza eta azpiegitura guztia jarri genuen Egunkaria aurrera ateratzeko”. Euskaldunon Egunkariaren sorrera ulertzeko, baina, hamarkada osoan ARGIAn euskal prentsaren motor lana egin zuen nukleoak elkarrekin egindako bidea ezagutu behar da.

Joxe Mari Ostolaza 1977-78 bueltatik zebilen proiektu barruan, oraindik aldizkariak Zeruko Argia izena zuenean eta kaputxinoen esku zela. Baleren Bakaikoa joan zitzaion bila Ziburura. Enpresa ikuspuntutik oso gaizki zegoen, jasotzen zutenen erdiek ordaintzen baitzuten eta egiturari ezin eutsi. “Hortik bizi ez, baina horretara jarriko zen norbait nahi zuen Balerenek”. Eta Ostolaza jarri egin zen. Kaputxinoek utzi egin nahi zuten, eta berak, beste langile batzuekin batera, erosi.

Joxemi Zumalabek Egiako fotokonposizio enpresa batean egiten zuen lan. Zeruko Argiak bertan egiten zuen aurreinpresioa. Ostolazak lan bera egitera aldizkarira joateko proposatu zion. Zumalabek baietz, eta 1980ko udazkenean, azkenean, Zeruko Argia-tik ARGIAra Zumalabe eta Ostolaza bakarrik pasatu ziren, gainontzeko lankideek pauso bat atzera emanda. Panorama zaila zuten: 8 milioi pezetako zorrarekin eta nora jo eduki gabe geratu ziren. Inguruko lagunekin zorretan geratuta egin zuten aurrera eta jende berria bilatzen hasi ziren.

“Basamortua zen. Kiebran ginen, papera erosteko dirua ere agortu zitzaigun. Orduan indar handiz sartu ziren Josu Landa, Pello Zubiria, Iñaki Uria eta Jon Barandiaran gazteak; hala, taldea eginez problemak gaindituz joan ginen, urteetako bidean euskara hutsezko prentsaren aldarrian beti bakardade handia sentituz”.

ARGIAn lan egitea “numantino” gisa deskribatzen du Josu Landak Lorea Agirreren Ipurtargiaren itzal luzea liburuan. “Elkarrekin egoteak, gaupasak egiteak, dirua partekatzeak, ‘nirea den guztia zurea da eta alderantziz’ pentsatzeak, azkenean, oso giro afektibo eta humano aberatsa sortu zuen”. Liburuan jasotzen den datuaren arabera, 1981ean hogeita lau zenbaki baino ez ziren kaleratu. Hala ere, inguruan jendea biltzen hasi ziren: Pablo Sastre, Joseba Alvarez...

Elebitasunaren eztabaidak

Erdarazko prentsak erabateko nagusitasuna zuen orduan ere merkatuan. “Prentsa elebiduna deituan agian orain baino euskara gehiago erabiltzen zen sortu zirenean. Deia eta Egin egin zirenean %10-%20arekin hasi ziren, eta 1980an galdetu izan bagenu ‘2000an zenbat euskara erabiliko da egunkariotan?’, inork ez zukeen esango %30 baino gutxiago izango zela. Alde horretatik egitura euskaldun hutsak sortzearen teoriko onak ziren Josu Landa eta Joxemi Zumalabe, besteren artean. Gu konturatzen ginen arrazoi zutela. Euskaraz funtzionatuko duten egiturak eta elkarlan sareak sortu behar dira”, dio Pello Zubiriak.

“Beti geure burua defendatzen ibili behar genuen euskara hutsezko astekaria egin nahi genuelako”, dio Zubiriak. “Espainolez egiten baduzu egunkaria eta parte batzuk euskaraz, Iparraldea kondenatzen ari zara; harrigarria da nola ez dagoen debaterik gai honekin. Ezker abertzaleak egunkari bat egin eta Iparraldea horrela kanpoan uztea eskandalua zen guretzat”, dio Ostolazak, gerora aitortuz tentsioak izan dituztela urteetan ezker abertzaleko sektore batzuekin Iparraldeko informazioa jorratzeko moduagatik.

Prozesua bere egin eta enpresak sortu

ARGIAren inguruan enpresa egitura bat eraikitzea izan da filosofia. “Gure jarduera nagusiak ukitzen dituen lanak beste enpresa bihurtzeko, beren buruari eutsiko diotenak eta aldi berean, zentrala den horri babesa emango diotenak”, azaldu du Pello Zubiriak.

“ARGIAn hasi ginenean, prozesuak 15 egun behar zituen aldizkaria amaitu eta etxeetara heldu bitartean”, oroitzen du Iñaki Uriak. “Fotokonposizioa kanpoan egin beharrean, etxean egiten hasi ginen. Horrekin azkartasuna irabazi genuen eta prozesua ezagutzen joan ginen”.

Egunkarian serio pentsatzeko momentua nahiko azkar heldu zen, enpresak finkatuta egon gabe, pausoak ematen gindoazen, horietan ibiliko zen jendea gainean baikenuen”. Juanjo de Marcos Poco eta Simeon Barroso Sime teknikariek balentria handiak egin zituzten. Egin-en ezagutu zituzten eta ARGIAn sistema informatikoa jartzeko erronka beren gain hartu zuten. Makinak konpontzen benetan trebeak ziren, eta ARGIAko belaunaldi berriek askotan entzuten dituzten anekdotak dira Sime eta Pocok erretako ordenagailuko txipak usaimenez eta hauek miazkatuz aurkitzen zituztenekoak.

Madrilgo egunkari handi batean bazterturik zeuden fotokonposaketarako bi makina erosi eta jokaldi borobila egin zuten. Bietako bat garestiago saldu eta bestea debalde ARGIArako. “Ordurako fotokonposizio potente xamarra genuen, harpidetzen gestioa ere oso ongi informatizatuta, Josu Landak eskuz sartu baitzituen milaka harpidedunen datuak”, oroitzen du.

Halako operazio gehiagoren eta lan askoren ondoren, urte gutxitan, kiebran zegoen aldizkaria berrindartu zuten eta inguruan enpresak sortu zituzten: Apika informatikan eta Antza diseinu grafikoan.

ARGIAren erredakzioa Donostiako Egia auzoan, Virgen del Carmen kalean. (Arg: ARGIA artxiboa)

Ostolaza zorrotz mintzo da. “Garbi genuen euskarazko prentsa normalizatua egin nahi genuela. Hor bazen ametsa eta talde indartsua egiteko”. Beren bizimoduak ateratzeko, batzuk irakasle edo itzultzaile gisa lan egiten zuten, bestetzuk Eginen kolaboratzen zuten. Teknikoki hedabide handiak baino aurreratuago zeudela ikusten hasi ziren, disketeekin lan egiten hasi zirenean kasu. “Gu askoz pobreagoak ginen, haiek baino askoz gutxiago kobratzen genuen, txabola batekoak ginen ia egoitzak konparatuta; baina oso aurreratuta geunden teknikoki. Horrek kriston bentaja ematen dik”, dio Zubiriak.

“Egunkari bat egiteko behar zen guztia genuen, eta horrek ekarri gintuen, 1988-89an egitea posible zela ondorioztatzera. Eta horren ostean, 'egin egingo dugu' erabakitzea”, dio Uriak.

“Josu Landarena benetan nabarmentzekoa da, denbora gutxian ikasi zuen dena: elkarrizketa egin, grabatu, argazkiak atera, berak errebelatu, fotokonposizioa egin behar bazen egin, eta baita inprentan botatzen ere”. Ostolaza ziur da Egunkaria ezinezkoa zela Landa gabe. “Josu ez zen klabea bakarrik izan, ezinbestekoa baizik”.

“ARGIAn hasi nintzen Antza sortu baino urtebete lehenago, astean bi egunetan joaten nintzen testuak pikatzen laguntzera”. Orduan 26 urte zituen Maite Gil hunkitu egiten da gaiaz hizketan hasi eta berehala. Euskaraz ikasten ari zen eta giro erabat euskaldunarekin topo egitea, hitz egiten hasteko leku bikaina zen. “Oso ongi sentitu nintzen bertan, denok bat ginen, egin behar zena egiten zen eta ikaragarrizko giroa zegoen. Egin zidaten harrera ez dut sekula ahaztuko”.

Egunkaria egin zitekeen

Langileak kobratzen hasi ziren, gizarte-segurantza kotizatzen, zor informalak kreditu formal bilakatu zituzten. ARGIAk inguruan 40 bat lagun zituen, Antza eta Apika ere kontatuta. Argia Egunak egiten hasi ziren jendearengana heldu asmoz. 60 eta 100 herri bitartean, egun berean ARGIA sustatzeko mahaiak jartzen ziren, 1987an 300etik gora jartzera iritsiz, euskalgintzako herri mugimendu hainbaten laguntzarekin: AEK, EHE, herrietako elkarte eta talde euskaltzaleak... 1988an euskarazko egunkari baten beharra plazaratzeko baliatu zuten Argia Eguna.

Joxemi Zumalabe, Iñaki Uria, Inaki Irazabalbeitia tea Joxe Azurmendi euskal prentsaren eguna iragartzen, 1988an. (Arg: ARGIA artxiboa)

“Inguruko errekurtso guztiak erabiltzeko gaitasun hori zen ARGIA indartsu egiten zuena eta hori da historiatik kanpo geratzen dena beti”, dio Zubiriak.

Xabier Letona unibertsitatean kazetaritza euskaraz ikasi zuten lehen belaunaldietakoa da. ARGIAn kolaboratzen hasi zen 1988 hasieran Laura Mintegi, Pello Urzelai, Antton Azkargorta, Imanol Murua, Luistxo Fernandez, Jon Sarasua, Jesus Artetxe eta besterekin. “Hasieran gu ez ginen gehiegi enteratzen halako proiektu handiez, Bilbon bizi ginen ikasle”. Garai hartan euskalgintzan enfrentamendu handia zela gogoratzen du. Ikastolen publifikazioaren aurreko garaiak dira, autonomiaren hasierako urteak. “Batetik mundu instituzionala zegoen, EAJk indar handia zuena; eta bestetik euskararen herri mugimenduak zeuden, non ezker abertzaleak zuen indarra. Jaurlaritza eta Euskal Kulturaren Batzarra (EKB) zeuden aurrez aurre”.

1980ko hamarkada osoan zehar errepikatzen zen euskara hutsezko egunkariaren aldarrikapena. Joxemi Zumalabek 1986an proiektu bat idatzi ere egin zuen Jaurlaritzaren deialdi baterako, baina atzera bota zuten Egin eta Deiari euskarazko gehigarri bat jartzeko diru laguntza ematea erabakiz. “Diru laguntzak amaitu zirenean desagertu ziren gehigarriok, guk hor jarraitzen genuen gurean”, oroitzen da Ostolaza. Artikulu, hitzaldi eta mahai-inguruak asko izan ziren, eta horietan eragile zen ARGIA.

Iñaki Uriak gogoratzen du Egunkaria egingo zutela erabakitzea prozesu bat izan zela. “Hamarkada amaierarako ikusi genuen eskean ari ginela baina alperrik zela, aitzakiak jartzen zituztela: ez dagoela irakurlerik, guk badakigunean badaudela; kazetaririk ez dagoela guk badakigunean ongi prestatutako gazteak ateratzen ari direla unibertsitatetik, eta abar luze bat”. Urte haietan euskarazko egunkariaren aldeko diskurtso argumentatua sozializatzen aritu ziren han eta hemen.

Argia Egunaren ostean, sagardotegian ospatzen.
Egunkaria Sortzen aldarria

“ARGIAn ezin genuen bakarrik egin, lagunduko genuen muntatzen, baina hor beste koalizio bat behar zen”, dio Zubiriak. Proiektua ARGIAtik zetorren, baina aurrera ateratzeko bere bidea egin behar zuen. Hori izan zen Egunkaria Sortzen-en filosofia eta administrazio kontseiluan hala islatu zen.

Diru bilketa erraldoia egin zuten. 50.000 pezetako akzioak saldu zituzten puskaka. 500.000ko akzioak ere saltzen ziren, euskal munduarekin sentsibilitate berezia zuten enpresariak bilatu eta haiengana joanez. Mugimendu handia izan zen herri guztietan. Jendearen erantzunaz galdetuta, Pellok honela borobiltzen du: “Askok lagundu zuten, batzuek beti laguntzen dutelako; beste batzuk ez dute sekula laguntzen”.

Jaurlaritzaren beste egunkaria

“Ez zen ideia bat, egin behar genuen zerbait baizik”, dio Ostolazak. “Problemak izan ziren Jose Ramon Beloki eta Joseba Arregi buru, Jaurlaritza gu saboteatzen hasi zenean. Jaurlaritzan konturatu ziren serio ari ginela eta Egunkaria egin egingo genuela, eta orduan, beste bat jarri ziguten parean. Diru publikoa zutenez, bezerorik ez zuten behar, ikastolei debalde banatu nahi baitzieten eta horrela abortatu gure proiektua. Proiektua ez zen euskararentzat lortzea erdarek zituzten egiturak, batzuek negozio bat zuten buruan”. Ostolazak bereziki modu mingarrian oroitzen du, Ikastolen Federazioa proiektu horretara joan zela beste batzuekin batera, eta ez zela soilik beste proiektura pasa, baizik eta aurka egin zutela aktiboki bere esanetan. “Beste batzuk ere bai. Bakardadea beti izan dugu lagun, determinazioa ere bai”.

“Arregik kontrolatzen ez duen ezer ez du onartzen”, idatzi zuen amaitu gabe utzitako artikuluan Joxemi Zumalabek, Lorea Agirrek argitara eman zuenez. Iñaki Uriak honela gogoratzen du: “Gizartean zabaldu zuten egunkari publikoa egingo zutela, eta zenbait sektore dirua jartzeko orduan atzera eginarazi zuen  horrek, batez ere, diru gehien izan zezaketen sektoreak. Hortik kalte handia egin ziguten”.

Uriak prentsaurreko bat du gogoan, egoeraren adierazle, Egunkaria jaio bezperetan Jaurlaritzak bere berripapera iragartzeko egin zuena. “Ni joan nintzen, eta ezin nuen sinetsi. Esaten zuten Egunkariarena propaganda kontua zela, ez genuela egingo. Eta guk bi egunera edo atera behar genuen”.

Urte eroak

Iñaki Uriak oroitzen du lan eta lan ibili zirela urtetan. “Egunkaria sortu aurreko eta ondorengo urteak oso gogorrak izan ziren, lan handikoak”. 1989 bukaeran hasi ziren bilerak egiten EKBtik deituak, eta ondorengo urtebetean ondorengoak egin zituzten: Durangon bilerak, 1990eko urtarrilean Egunkaria Sortzen-en lehen bilerak, talde eragilea, ekonomi taldea eta kazetaritza taldea sortu proiektua diseinatzeko; udaberrian proiektua onartu eta enpresa sortu, kanpaina antolatu maiatzaren 15etik uztailaren 15era, amaieran Belodromoan 0 zenbakiarekin festa antolatuz; kazetari jendea prestatzeko ikastaroak antolatu Mundaizeko ARGIAko egoitzan, paraleloan Lasarteko egoitza bilatu eta atondu... eta bitartean astekaria aurrera atera. “Imajinatu ze eromena”.

Argiaren erredakzioa Mundaiz pasealekuan. Bertan trebatu ziren Egunkaria egingo zuten kazetariak.

0 zenbaki ugariak lokal definitiboa eduki aurretik atera ziren. Antza Donostian zegoen Mundaiz pasealekuan, “karka batean sartuta, bere garaian Tamayo izandako inprentan”, dio Zubiriak. “Ikusi behar litzateke zer zen hori. Egitura eta solairua egurrezkoak zituen pabilioia, 100 urte zituena gutxienez, eta han pilatutako ordenagailuetan jende pila bat atzera aurrera txingurriak bezala lanean. Dena inprenta batek berezkoa duen usainarekin, azpian ARGIAk eta lan komertzialak argitaratzen aritzen baitziren. Hor kriston bibentziak daude”.

“Gu bertatik bizi ez baginen ere, oso profesionalak ginen. Oso sare indartsua zegoen, eta adibidez, poesia idatzi nahi zutenek, Mikel Antza, Eneko Olasagasti eta hauek Josuren bidez egiten zuten Susan, baina baita lan zikina ere ARGIAn”, dio irribarrez Ostolazak.

“Euskara zen ardatza, naziogintzan ari ginen ezkerreko ikuspegi eta praktika batekin. Hori zen motorra”, irizten du Ostolazak. “Tamalez ez da hitz egiten enpresa munduan ezkerreko praktikak egiteaz, helburuez eta beste hitz egiten da. Baina helburuek medioetan egon behar dute. Esan ez, egin”, uste du Zubiriak.

Egunkariaren ekarpenak: naziotasuna, Estilo Liburua

Egunkariak euskalgintzaren eta herrigintzaren esparruan ekarpen ugari egin zituen. Ondorengo hamaika puntuekin definitu zuten proiektua: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, alderdi politikoetatik independentea, erdarazko medioetatik independentea, ez-instituzionala, erakundeek diruz lagundua, militantea eta berria.

“Estilo Liburuarekin eguneroko errealitate bihurtu zen nazio ikuspegi berri oso bat. Egun normalak diren Euskal Herri osoko mapak edo zazpi lurraldeetako datuak ematea, baina hori orduan hasi zen. Ordura arte abertzaleenetan ere, munduaren beste ikuskera bat ematen zen, estatuena. Guk Euskal Herria ataletik kanpo, atzerria edo mundua sortu genituen”, dio Iñaki Uriak. Horrekin koherente, Egunkariak bulegoak ireki zituen Baionan eta Iruñean, nahiz eta jakin, inbertsio hori gabe ere ziurrenik atera zitekeela aurrera berripapera. Estrategikoa zen baina.

“Nola idatzi behar zen: Kanboia, Camboya ala Kanbodia?” –galdetzen du Zubiriak–, intuizioaren arabera idazten zuen bakoitzak. Hor oso lan fina egin zuen askok: Koldo Izagirre, Koro Zumalabe, Malores Etxeberria, Luistxo Fernandez. Gero etorri ziren Huzeiren eta Euskaltzaindiaren arauak”.

ARGIAk eutsiko al zion?
ARGIAren azala Egunkaria sortu eta hurrengo astean.

Oso ahul geratu zen astekaria, berriz ere. “ARGIAko talde horrek daukan guztia jartzen du Egunkaria ateratzera, garantiatzat dauden gure etxeak barne. ARGIA zulora eramateko beldurra bagenuen, baina pribatua zen. Batzuek argi genuen astekariak ere jarraitu behar zuela, ezin zela desagertu. Hizkuntza guztietan dago denetarik, eta gu ez ginen iristen, baina euskarak behar zuela hori buruan genuen”.

“Gure ezagupide guztia sartu zen hor, gure bezero zerrendak eta genekien guzti-guztia akzionisten bila joateko”, dio Pello Zubiriak. Eta hala, abenduaren 6an Egunkaria atera zen, azalean Durangoko Azoka eta Kuwaiteko gudaren lehen iragarpenak jasoz.

“Zoramena izan zen, ilusio itzela. Ikusten zen egunkari bat euskaraz izatea izugarria zela”, dio orduan 24 urte zituen Xabier Letonak. “Denboraren perspektibarekin ikusten dut ez ginela ohartzen zer zetorkigun gainera ARGIAn jarraituko genuenoi. Ia langile guztiak Egunkariara pasa ziren egun batetik bestera, eta oso posizio ahulean geratu ginen ARGIAn. Gaztetxoak ginen, kide gutxi... enpresari aurre egin beharra eta periodistikoki geure lekua berriz ere bilatu beharra”. Garbine Ubeda zuzendari, Juan Jose Petrikorena, Iñigo Makazaga, Xabier Letona eta Pablo Sastre geratu ziren talde zaharretik, eta gero, apurka, jende gehiago hasi zen hurbiltzen.

Desafioari hortzakada

“Badaukak proiektua ala ez daukak? Proiektua hi-heu bahaiz ni ez mareatu”, haserretzen da Ostolaza atzera begira jarrita. “ARGIAn, inork ez du inoiz bere burua jarri ezeren aurretik. Koadrila oso sendoa osatu genuen. Eta talentu pixka bat ere bagenuen, indarraz gain. Horrek jarraitzen du, ez baita kasualitatea ARGIAn zuek oraindik jarraitzea eta talde hartatik sortu zen Susa argitaletxeak adibidez, oraindik ere hor egotea funtzioa betetzen. Eta guzti hori euro ziztrin bat gabe egin genuen”.

Antzako diseinatzaile Maite Gilek honela laburbiltzen du Egunkariaren sorrera: “Jendeak lan handia egin zuen; orain bai, ARGIAko espirituarekin atera zen aurrera hori. Hor zegoen ARGIA eta hori ez da ahaztu behar, orain euskarazko egunkari bat dugula besterik gabe esatea erraza baita, baina nor mugitu zen hori aurrera ateratzeko? Josu, Pello, Iñaki, Ostolaza, Zumalabe eta beste. Kriston taldea zen eta bere garaian dena eman zutelako egin zen Egunkaria”.

“Sasoiko jendea dago, eta desafioari gustuz egiten zaio hortzakada”. Pello Zubiriak ARGIAn, Egunkaria sortu eta hurrengo astean egindako elkarrizketan zioen hori. Lehen zuzendari izendatu zuten, nahiz eta berak askotan nabarmendu berak ez zuela zuzendari izan behar hasiera batean, ez zela agente printzipala izan, askoren artean bat.

Hilabete zailak bizitzea tokatu zitzaion euskarazko berripaperari. Besteren artean, diru-laguntzak ezin lortuan ibili zen Egunkaria, euskararen normalizazioan egiten zuen lana erakundeetatik aintzat hartua izan gabe. Bizkaiko Ahaldun Alberto Praderarekin zita eskatzeko hitz egitea ere lortu ezinean ibilitakoaz oroitzen dira. Beste erreportaje bat merezi lukete Jaurlaritzarekin harreman normalizatua izan eta diru laguntzak lortu arte bizitako urteek. Anekdota moduan oroitzen du Zubiriak, zein gogor hartu zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariak Martin Ugalde, hau joan zitzaionean Ajuria-Eneara Egunkaria sortu berria aurkeztera.

Epilogo tristea

Euskal Herri osoan ibilbide emankorra egin ostean, Euskaldunon Egunkaria 2003. urtean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak itxiarazi zuen. Atxilotu ugari torturatu egin zituzten. 2010eko epaiak erakutsi zuen itxierak eta atxiloketek inolako oinarririk ez zuela.

Egunkariaren itxiera salatzeko manifestazio jendetsua egin zen Donostian.

“Batzuk publikoki esan izan dugu ez dugula onartzen hori itxita egotea. Eraikitzen hainbeste kostatakoa ixten dute, errurik txikiena gabe ateratzen dira gero, eta Egunkaria itxita geratzen da? Oso gogorra da hori, ez da onargarria”.

“Lezio inportanteena litzateke ezinezkoa zirudiena egin egin zela. Hauek posible zela ikusten zuten eta mentalki oso aurreratuta zihoazen”, laburbiltzen du Xabier Letonak. “Aldarrikatzetik egitera igaro ginen", hori da gakoa Iñaki Uriaren ustez.

Egin eta Egunkaria itxi zizkiguten, baina hemen ez da ezer gertatzen. Hori bai, dabilenari bai pasatzen zaio: baina proiektuan hainbeste lan eta arrisku hartu duenak zer egin? Nola konpondu hori? Hala ere, gustura egin genuen egin beharrekoa. Eta damurik ez”, amaitu du Ostolazak. Egun, ARGIAk bizirik jarraitzen duela ikusita, Ostolaza erredakziora bisitan etortzen denean ozen “¡Qué hermosura!” esaka sartzen da beti.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Euskaltzaleen Topaguneak ‘Taupa' mugimenduari eman dio lekukoa

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


“Irungo Udalera joango gara euskaldunekiko duen jarreraz hitz egitera, ez ekitaldi bat erdaraz egin izanaz”

Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]


2024-12-04 | Julene Flamarique
Baionako Epaitegian euskara aldarrikatzeko ekintzagatik atxilotutako EHEko kideak askatu dituzte

Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Euskalgintza apolitikoari deia

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]


2024-11-14 | Uriola.eus
Bilboko euskaltzaleen GUKA mugimenduak euskaraz bizitzeko erronkak irudikatu ditu metroko eskailera mekanikoetan

GUKA Bilboko euskaltzaleen mugimenduak euskararen aldeko ekintza esanguratsua burutu du astearte arratsaldean Deustuko metro geltokian, Bilbon euskaraz bizitzeko oztopoak eta aukerak irudikatzeko.


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-11 | ARGIA
Euskara “larrialdi linguistikoan” dagoela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak

Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi du Kontseiluak. Ohartarazi du “indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak itzulikatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean”, atzeraldia datorrela. Kontseiluak... [+]


2024-11-07 | Leire Ibar
Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute, “bati esaten zaiona hamaikak jakiten duelako”

Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako euskaldunekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.


2024-11-06 | Leire Ibar
Hamabi hilabeteren ostean, euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

Bilboko kaleak bete zituen mobilizaziotik urtebetera, auzitegiek euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak gutxiesten jarraitu dutela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Auzia gainditzeko euskararen "normalizazioa eta biziberritzea" ezinbestekoak direla... [+]


Eguneraketa berriak daude