Afrika, Latinoamerika eta Asiako zati handi baten energia hornidura 2030rako oso-osorik berriztagarriz osatuta legoke une honetan munduko 738 pertsonarik aberatsenek pilatuta dauzkaten dirutzak erabilita. Horietatik 53ren ondasunak aski lirateke 2030erako Afrikak behar duen energia guztia berriztagarria izateko.
Badaezpada ere, hau politika ez dela ohartaraziz hasi da Lurraren Lagunak (Friends of the Earth International, FEI) nazioarteko erakundea: ez dela defenditzen ari aberatsei beren urreak desjabetzea. Tentuz jokatu beharra dago arerio funtsezkorik ez daukan kapitalismo basatiaren garaiotan...
Baina zenbakiek garrasi egiten dute FEIrentzat ere: “Gure munduak bi krisi suntsitzaile eta elkarri estu lotuak dauzka aurrean: berdintasun eza gero eta handiagoa eta klimaren aldaketa. Biei aurre aldi berean egiteko garaia iritsi da”.
COP21 klimaren gailurra giro berezian iritsi da Parisera, azaroaren 13ko sarraskietatik hamabost egunera. Baina sakonean datzan eztabaida multzoa lehendik zegoen itota udaz geroztik hedabide nagusiek antolatutako espektakuluaren erdian.
Esku batekin garapen ereduak lehengo ildotik ahurra bete urrutiratu gabe defenditzen dutenek, bestearekin herritarrak ikararazten dituzte gainera datozkien katastrofeak banan-banan kontatuz irudi zein baino zein zirraragarriagoekin. Esanaz bezala, “denok harrapatuko gaitu katastrofeak mendea amaitzerako baina jarrai dezagun deus gerta ez baledi bezala”.
Zalapartaren erdian eskertzen dira mezu argiak, Lurraren Lagunek zabaldu dutena bezalakoak An Energy Revolution is possible agiriarekin. Lurra planetako 782 jende aberatsenek, asko multinazional handienen buruzagiak, beren altxor pertsonaletan metatzen dituzte 5,149 bilioi dolar. Fortuna horrekin FEIk kalkulatu du 2030rako Afrika, Latino Amerika eta Asiako lurraldeetako asko %100ean energia berriztagarriz hornitzea posible litzatekeela. Munduko 53 aberatsenek dauzkaten sosak aski lirateke Afrikako eremu osoa %100 berriztagarriz elikatzeko.
FEIk txostenean nabarmendu ditu munduko aberatsenen arteko batzuk, Oxfam erakundearentzako Deborah Hardoonek idatzitako Wealth: Having it all and wanting more: Data Summaries 2015 (Aberastasuna: dena eduki eta hala ere gehiago nahi. Informazioen laburpena) ikerlaneko datuetan oinarriturik.
Horrela, 2014ko datuetan, Bill Gatesek 76.000 milioi dolar dauzka jabegoan, Carlos Slimek bere familiarekin batera 72.000 milioi, Amancio Ortegak 64.000 milioi, Warren Buffetek 52.800, Larry Ellsionek 48.000, eta abar.
Afrikak 2030erako energia guztia berriztagarri edukitzeko beharko luke 1,501 bilioi gehiago inbertsiotan, Latino Amerikak 1,165 eta Asiaren zati handi batek (kendurik Txina, India eta herrialde arabiar petroliodunak) 2,482.
Kontraste eginez, COP21erako prestaketa lanetan ez dute horrelako nahikaririk agertu munduko klimaren okerragotzea beren eskuetan daukaten botere nagusiek. Ez dago beroketa graduen saltsan asko barneratu beharrik ohartzeko bai estatu aberatsek eta bai korporazio nagusiek mahaian jarri dituzten neurriak urrundik ere ahulegiak direla.
Mundutarren % 0,00001 hori
Energiazko trantsizioa mundu mailan harturik gauza konplexua izanen da, eta garestia. Inbertsio oso handiak eskatuko ditu. Greenpeacek berak 2015ean argitaratutako Energy [R]evolution analisian aurreikusi du munduak bere osotasunean 2050erako elektrizitatea osorik berriztagarrietatik jasotzera iritsiz gero, 42 bilioi dolar aurreztuko liratekeela soilik petrolio kontsumoan. Horrek erakutsiko luke egin beharreko inbertsio erraldoiak errentagarriak direla.
Lurraren Lagunek herrialde txiroen trantsizio beharrei erreparatu diete. Jakin nahi izan dute ea zenbat inbertsio berezi beharko luketen argindarra iturri berriztagarrietatik hornitzeko garapen bidean diren herrialdeetan, hain zuzen klimaren aldaketaren errurik gutxien dutenetan. Hortik iritsi dira, 5,148 bilioi dolarren beharra kalkulatzera.
Abiapuntu hartu dituzte ENE Energiaren Nazioarteko Erakundearen World Energy Outlook (2014) txostenean egindako aurreikuspenak, hautatuz Latino Amerikako, Afrikako eta “Asiako besteak” ataletako herrialdeak. Egia da eskualde batetik bestera alde handiak daudela, baina munduko herrialde txiroenak barne hartzen dituzten heinean oso neurgailu egokia eskaintzen dute.
Herrialde aberatsen eta multinazionalen mesedetan business as usual sustatzen duen ENEren kalkuluak izaki, World Energy Outlookek aurreikusten ditu mundu osoan handituko diren elektrizitate eskariak, populazioaren eta jarduera ekonomikoaren hazkundeari lotuta. Horren arabera, Hegoaldeko herrialde txiroetan energia eskaria izugarri handituko omen da datozen urteetan, aberatsen aldean apal segitu arren.
Aldiz, ENEk eskari berriak gehienik iturri fosiletatik asetzea aurreikusten duen bitartean, Lurraren Lagunek kalkulatu dute herrialde txiroek falta duten energia hori guztia berriztagarriek hornitzea, horretarako erabiliz era deszentralizatuan antolatutako iturriak, bertako gizarteen kontrolpean antolatuak.
Garapen bidean diren herrialdeek energia asko eskuratu dezakete eguzkiaren eta haizearen indarretik, haize erroten eta panel fotovoltaikoen bidez, horiek metatzeko azpiegituraz osatuta. Hidraulikoari dagokionez, turbina txikiez landa dagoenekoz eraikita dauden urtegiek sortutako energia kontabilizatu dute, berririk eraikitzea aurreikusi gabe. Zenbait lekutan geotermiaren ahalak ere sartu dituzte kontuetan.
Informeak nabarmentzen du mingarriki injustua dela munduan 90 enpresa handi direnean klimaren aldaketa eragiten duten isurien bi herenen errudunak, horien etekinetatik aberastu den “munduko populazioaren % 0,00001ak beretzako gordeta edukitzea klimaren hondamendia konpondu lezakeen aberastasuna”.
2011n International Forum of Globalisation elkarteak plazaratu zuen ildo beretik Outing the Oligarchy (Oligarkiari mozorroa kenduz) ikerlana, zeinetan izen-abizenez markatzen baitzituen klimaren krisian erantzukizun berezia duten 50 aberats handiak.
Amerikako Estatu Batuetakoak, israeldarrak, errusiarrak, europarrak, txinatarrak.... beroketa globalaren supiztaileok ez ditu ezagutzen oinezko herritarrak, kenduta bere ongile irudia ondo landu duen Bill Gates. Baina Carlos Slim, Lakshmi Mittal, Roman Abramovitch, Bernard Arnault eta abarrek, beren konpainietako batzuekin planeta berotzen dute eta berenak diren hedabide eta espektakulu korporazioekin herritarrak despistatzen sakoneko arazotik.
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira karbono dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.