Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?

  • Abenduan Parisen Lurraren klimaren beroketa aztertu eta erabakiak adosten saiatu behar du  COP21 gailurrak. Klimaren aldaketak pizten duen alarma estuki dago lotuta planetaren mugekin, horregatik aipatzen da hain sarri 1972an argitaratutako 'The Limits to Growth' (Hazkundearen mugak) informea. Hartan aurreikusitako hipotesirik txarrenetik doanez Lurra planeta, katastrofe klimatiko, ekologiko eta azkenean humanoari aurre egiteko egin diren saiakeretan –Kiotoko protokoloa, COP gailurrak...– erreferentzia saihestezina da. Bestalde, pentsamendu kritikoak lantzen dituen hazkunde eredua, justizia klimatikoa, garapen iraunkorra, desazkundea... denetan egiten du oihartzun oraindik ikerlan hark.

    1972ko 'The Limits to Growth' berrikusi eta eguneratu dutenetako bat Ugo Bardi italiarra da, 2011n The Limits to Growth Revisited publikatuz (gaztelaniazko bertsioa bada: Los límites del crecimiento retomados). Ugo Bardi (Florentzia, 1952), kimikako irakaslea Florentziako unibertsitatean, aditua da sistemen dinamikan, klimaren zientzian eta energia berriztagarrietan. Petrolioaren gailurraz eta lehengaien ustiaketaz zenbait liburu idatzia, Petrolioaren eta Gasaren Gailurra Aztertzeko Elkartearen (ASPO, ingelesez) Italiako saila sortu zuen. Bere bloga italieraz 'Effetto Cassandra' da eta ingelesez 'The Cassandra’s legacy'.

    Bardik 2009ko ekainean Italiako Alcatraz hirian emandako hitzaldiaren laburpena dakargu hona. 40 minutuko saioaren testu osoa Interneten eskuragai dago ingelesez: 'Peak Civilisation: The Fall of the Roman Empire'. Grezian eta Erromako Inperioan mamitutako zibilizazioak hondoa jo zuen V. mendean. Erdi Aroa etorri zen gero. Gizakia barne duen Lurra sistemak Erdi Aroan aurkitu zuen nolabaiteko oreka. Zergatik ez ote zuten oinaze eta txikizio gutxiagoko irtenbide bat aurkitu aurreko mendeetako zibilizatuek?

Erromako Inperioaren makaltze eta eroriarena behin eta berriro eztabaidatutako kontua da, uste dugulako gure zibilizazioak jarraitu lezakeela Erromakoaren patu bera: makaldu eta erortzea. Erromakoan ikusi dezakegu hondoa jotzen duten [collapsing] gizarteen paradigma.

Historialariak –eta jende gehiago– eztabaidan aritu dira honetaz, dozenaka esplikaziotara iristeko: barbaroen inbasioak, epidemiak, berunagatiko pozoitzea, dekadentzia morala eta beste hainbat. Zein ote da zuzena ala denak daude zuzen? Ni oinarrituko naiz Joseph Tainterren [AEB 1949, antropologo eta historialaria, Collapse of Complex Societies famatuaren egilea] interpretazioan, alegia inperioak eta zibilizazioak sistema ‘konplexutzat’ jotzen dituelako, eta sistemen dinamika erabiliko dut kolapsoa deskribitzeko.

Hondamendia barnetik ikusita

Hasi gaitezen hasieratik... Erromatarrek berek ulertu ote zuten zer ari zitzaien gertatzen? Garrantzizko kontua da: gizarte batek, honen agintariek esan nahi da, ulertu badezake kolapsoa datorkiola, egin ote dezake ezer hori saihesteko?

Historialari erromatarren testu ugari dauzkagu, baina inork ez zuen, antza, ulertu zer zihoan gertatzera. Garaiko historialariak nagusiki kronikariak ziren, gertakizunak kontatzen zituzten.  Beraz, interesgarria dirudi historialari ez ziren jendeen idatziei begiratzea, Erromatar Inperioaren kolapsoa bizi zutenenei.

Marcus Aurelius enperadorearekin hasiko naiz. Kristo ondorengo 120-180 urteetan bizi izan zen. Bera izan zen inperio sendo bat eduki zuen azken enperadorea. Bere bizitzaren gehiena pasa zuen inperioa osorik atxikitzeko borrokan, barbaroen kontra. Marcus Aurelius agertzen da “Gladiator” filmaren lehen irudietan. Inbasoreen kontrako borrokan hil zen.

Marcus Aureliusek lortu zuen barbaroak arrastoan edukitzea, baina bera hil eta hamarkada gutxira inperioa kolapsatu zen, historialariek “hirugarren mendeko krisia” deitu dutenean. Inperioak lortu zuen bizirautea mende pare bat gehiagoz, baina jada ez zen gauza bera, aski zuen bizirautearekin ahal bezala, borrokatuz  barbaroen, izurriteen, goseteen, jauntxoen eta bata bestearen ondotik iristen ziren hondamendien artean. Beranduago inperioa izaki politiko moduan desagertu egin zen, V. mendean, Mendebaldean bederen.

Marcus Aurelius “Enperadore filosofo” hark bere burutazioak utzi zizkigun Gogoetak [jatorrizko grekeraz Ta eis heauton] liburuan, honelako pasarteekin:

“Biziko bazina ere hiru mila urtez, edo baita hamar mila urtez ere, gogoan eduki ezazu gizonak ez duela galtzen orain bizi duen bizia baizik, ez duela bizitzen orain gaitzen duen bizia baizik”.

Gogoetak idatzi duen gizona ari da ikusten  bere mundua gainbehera erortzen eta ahalegintzen da halako oreka pertsonal bat mantentzen, jarrera moral bat. Aureliusek seguru ulertu zuela zerbait zebilela oker inperioan. Erromatarrak beti erasoan arituak ziren eta orain beren buruak defenditzen zebiltzan. Baina Gogoetak-en ez duzue inoiz irakurriko barbaroak borrokatzetik haragoko ezer egin beharraz, edo aldaketa sozialak, edo ekonomiaren martxa desastrosoa aldatzekoak. Itxuraz, berak ez zuen pentsatzen inperioa gaur ez bada bihar erori zitekenik.

Orain aipatu nahi nizueke Erromatar Inperioko beste dokumentu bat, De Reditu suo [Haren itzulera, euskaraz], Rutilius Namatianus batek idatzia. Bostgarren mende hasieran bizi izan zen Namatianus patrizioa. Karguren bat zeukan Erroman Inperioaren administrazioan, Mendebaldeko Erromatar Inperioa ‘ofizialki’ suntsitu (476. urtean) baino hamarkada batzuk lehenago. Bere liburuarekin ere film bat egina dute Italian, De Reditu – Il Ritorno.

Namatianus ohartu zen Erroman bizitzen jarraitzea ez zela posible. Dena gainbehera zetorren bere inguruan, horregatik itsasontzi bat hartu eta alde egin zuen bere sorterri Galiara, gaur Frantzia deitzen dugunera. Bidaiaren azalpen beldurgarria eskaintzen digu:

 “Itsasoz itzultzea hautatu dut, lehorreko bideak daudelako edo urak hartuak edo harriz beteak. Toskanatik Via Aurelia errepidetik abiatuta, Godoek suz edo ezpataz eraso ostean ez denez etxerik basoak kontrolatzeko eta ez zubirik ibaiak zeharkatzeko, handik abenturatzea baino nahiago izan dut itsasoz joatea”.

Sinesgaitza dirudi. Erromatarrak beti egon ziren harro beren errepideez. Erromatar inperiorik ezin da izan errepiderik gabe. Namatianusek aipatzen dizkigu Italiako kostan barrena iparraldera jo ahala ikusten dituen lokatzak hartutako portuak, jendeak ihes egindako hiriak, aurriz betetako paisaiak.
Ikusten du kolapsoa bere inguruan, baina ezin du ulertu. Buruhauste pasakor bat izan behar du, lehen ere Erromak bizi izan zituen garai latzak baina beti berpiztu zen eta etsaien gainetik garaitu zuen. Beti horrela izan da, Erroma berriro indartsu eta aberats izanen da.

Agiri gehiago ekar nitzake horrelakoak, baina horiekin aski da esateko erromatarrek ez zutela ulertu zer ari zitzaion gertatzen beren inperioari. Badirudi uste dutela makalaldiak konpondu ahalko direla armada handiagotuz edo harresi handiagoak eraikiz. Honek erakusten digu kolapsoa nola bizitzen den ‘barnetik’. Jende gehienak ez du ikusten gertatzen ari denik, arrainari gertatzen zaion bezala: ezin duzu ura ikusi.

Ugo Bardi irakaslea 'Extracted' liburua aurkezten.
Zerk suntsitu zuen Erromatar Inperioa

Dokumentu eta datu asko galdu ditugun arren, informazio asko daukagu inperio horretaz, kolapsatu eta desagertu diren antzinako beste inperioez baino askoz gehiago. Baina ez gara ados jartzen kolapsoaren arrazoietan.

Edward Gibbonek Decline and Fall of the Roman Empire famatuan aipatzen du kristautasunak eragin ezkorra eduki zuela, antzinako erromatarren bertute nobleak usteldu zituztela Ekialdetik iritsitako fanatiko haiek eta barbaroei aurre egiteko ahalmena galarazi zietela. Ziurrenik ados egongo zarete esaten badut mugatu samarra dirudiela esplikazio horrek, beranduago etorritako autoreenak bezala, Splenger eta Toynbee esaterako.

Nire ustean Erromaren gainbeheraren interpretazio orijinala Joseph Tainterrek ematen du 1990an plazaratu zuen The Collapse of Complex Societies liburuan. Kolapsoei buruzko informazio benetan aberatsa ematen du, erromatarrenaz baina baita beste askorenaz ere.

Gizarteak, dio Tainterrek, izaki konplexuak dira eta horregatik beren kolapsoa lotu behar zaio konplexutasunari. Blind Spot [2008, Puntu Itsua] dokumentalean galdekaturik esan zuenak laburbiltzen du Tainterren pentsakera:

“Aztertu ditudan antzinako gizarteetan, Erromatar Inperioan esaterako, arazo nagusia izan zuten soilik status quoari eusteko kostu handiei egin behar zietela aurre. Kopuru oso handiak inbertitu behar, dagoenekoz etekin positibo garbirik ematen ez zuten baina lehendik zeukatenari eustea bazik baimentzen ez zieten arazoak konpontzeko. Honek murrizten du gizarte konplexu izatearen etekina”.

Kontua da Erromatar Inperioa sartu zela konplexutasun galera katastrofiko batean hirugarren mendean. Hori zen benetako kolapsoa. Baina aipatu ditzagun kolapsoaz jendeak ematen dituen arrazoi ugariak. Behin eta berriro azaltzen dira kolapsoa esplikatzeko kausa bakarrak, bada jendea horiez maitemindua: “Nik daukat soluzioa, hau da eta ez besterik”.

Esan izan da Erromatar Inperioa suntsitu zela erromatarrek ardoa berunezko basoetan edaten zutelako, horrek pozoiturik  hilarazi zituela. Egiatik badu zerbait, antzinako erromatarren hezurduretan aurkitzen dira berunez pozoitu izanaren arrastoak. Ziurrenik bazen hor arazo bat, agian larria, baina ezin duzu hori isolaturik planteatu. Pentsa etorkizuneko historia batek esaten duela AEBen inperioa suntsitu zela amerikarrek hamburgerrak jaten zituztelako.

Antzera gertatzen da beste kausa bakarrekin, klimaren aldaketarekin esaterako. Frogek erakusten dute Erromatar Inperioaren eroria lehorteekin batera egokitu zela. Seguru arazoa izan zirela erromatarrentzako. Baina esan ahal izango du etorkizuneko historiak AEBen inperioa Katrina urakanak ekarri zuela?

Izaki konplexu batek era konplexuan erori behar du. Gizarteek beti klase askotako krisi eta desafioei egin behar diete aurre. Hauentzako erantzuna izan ohi da egiturak antolatzea, esaterako burokratiko edo militarrak. Krisi bat konpontzen duen aldi bakoitzean, gizartea aurkitzen da konplexutasunezko geruza berri batez hornitua. Orduan, konplexutasuna handitu ahala murrizten hasten da konplexutasun extra bakoitzaren etekina, Tainterrek ‘konplexutasunaren onura marjinala’ deitzen duena.

Gertatzen da konplexutasunak koste bat daukalako: sistema konplexuei eustea energia kostatzen da. Konplexutasuna handiagotuz zoazen heinean, etekina negatibo bilakatzen da, konplexutasunaren kosteak gainditzen du etekina. Une jakin batean, egitura konplexuen zama hain da handia ezen eta gizarte osoa amiltzen baita, hori da kolapsoa.

Gizarteak egokitu egiten zaizkie aldaketei. Sistema konplexuen ezaugarrietako bat da egokitzea aldatzen ari diren kanpoko baldintzei. “Homeostasia” deitzen zaio sistema bat konplexua dela (eta ez soilik konplikatua) definitzen duen ezaugarri honi. Sistema konplexuekin ari zarenean lanean, ez duzu pentsatzen “kausa eta eragina” terminoetan baizik eta  “forcing and feedback” terminoetan. “Forcing” da sistemari kanpotik datorkion zerbait. “Feed-back”, sistemaren erantzuna kanpoko presioari, nolabaiteko homeostasi bat dakarkiona.

Homeostasia oinarrizko kontzeptua da sistemen dinamiketan. Zerbaitek eragiten du beste zerbaitengan, baina azken honek ere erreakzionatzen du. Hori da feed-backa. Izan daiteke positiboa (reinforcing) edo negatiboa (damping, amortiguatzea) eta aipatzen ditugu feed-back zirkuituak, gehienetan sistemak egonkortzen dituztenak, muga batzuen barnean noski.

Homeostasia ondo ulertu behar da. Ez da orekaren (equilibrium) gauza bera termodinamikan definitzen den moduan. Konparazio batera, gizakia sistema konplexu bat da. Bizirik zaudenean, homeostasian zaude. Aldiz, orekan baldin bazaude esan nahi du hilda zaudela. Homeostasia da indarren oreka dinamikoa.

Bestalde, homeostasiak ez dauka fisikaren printzipioekin kontrajartzerik.  Pentsa igerian ari zarela itsasoan. Fisikak dio flotatzea badaukazula, baina zenbait energia xahutu beharra daukazu ur azaletik burua ateratzeko homeostasi baldintzak mantentzeko. Pentsa ezazu, orain, zangoa zerbait zamatsurekin kateatu zaizula. Orduan fisikak dio hondoratu egingo zarela. Baina energia gehiago xahutu dezakezu, gogorrago egin igeri eta horrela mantendu burua ur azalaren gainetik: berriro homeostasian. Baina ezer aldatzen ez bada, une bateran energia ahituko zaizu, nekatuko zara eta ezingo diozu homeostasiari atxiki. Une horretan fisika nagusituko eta hondoratu egingo zara, ito. Denbora batean eutsi diezaiokete homeostasiari, horretan xahutu beharreko baliabideak dauzkaten bitartean.

Kolapsoaren eredu dinamikoak

Konplexutasunaren inguruan ari garenez, Tainterren eredua erkatu dezakegu beste eredu batzuekin. Zuzenean jo dezakegu teoria guztien ama den 1972ko Hazkundearen Mugak azterketara. [The Limits to Growth  Erromako Klubaren enkarguz eta Volkswagen Fundazioak ordainduta egin zuten Donella H. Meadows, Dennis L. Meadows, Jorgen Randers eta William Behrensek. “World3” eredua erabiliz simulatu zituzten Lurraren eta sistema humanoen arteko interakzioak eta ondorioak].

Hazkundearen Mugak-en egileek gaur egungo mundua deskribatu nahi izan zuten, baina haiek erabilitako eredua oso orokorra da eta behar bada aplikatu diezaiokegu Erromatar Inperioari. Nola funtzionatzen duen ulertzeko, erakutsiko dizuet ereduaren irudi grafiko hau:

Hor dauzkazue: populazioa, nekazaritza, baliabide naturalak, kutsadura eta kapitala. Bost osagai dauzka ereduak, bakoitzaren esanahia intuitiboki ulertzen du. Garrantzitsuena da osagai horien arteko feed-back harremana. Behar bada feed-back-loturarik garrantzizkoena dago kapitalaren eta baliabideren artean. Honela deskribatzen dute Hazkundearen Mugak ikerlanean:

“Kapital industrialaren stocka hazten da maila bateraino ezen eta baliabideen input izugarri handia behar baitu. Hazkundearen prozesuan eskuragai diren baliabideetatik asko agortzen ditu. Baliabideen prezioak igo eta meategiak ahitu ahala, gero eta kapital gehiago erabili behar da baliabideak eskuratzeko, etorkizuneko hazkundean erabiltzeko gutxiago utziaz. Azkenerako inbertsioak ezin du jarraitu depreziazioaren erritmoa eta industriaren oinarria gainbehera dator [collapses], berekin herrestan eramanez zerbitzuen eta nekazaritzaren sistemak, industriatiko inputen menpe geratu direlako”.

Myrtveiten irudiekin jolas egin dezakezue eta hori alderatu Tainterrek gizarteez esandakoarekin. Tainterrek zioen krisi bat sortuz gero gizartea saiatuko dela hori gainditzen. Eskematik abiatuta, ikusi dezakezue zer gertatzen den denbora aurrera doan eta jendeek kolapsoa saihesten saiatu ahala.

Pentsa dezagun kutsadura arazo larria bilakatu dela. Tximiniek isuritako ke handiek jendeak hiltzen dituela; orduan gizarteak zenbait kapital ipiniko du keak murrizteko. Esaterako, filtroak ezarriko dizkie tximiniei. Baina filtroak egiteko energia eta natur baliabideak behar dira, eta horrek presio gehiago sortuko du natur baliabideen gain. Honek presio egingo du kapitalean, eta ondorioz poluzioa borrokatzeak kolapsoaren abiadura handitu dezake baina ez borrokatzeak ere kolapsoa ekar dezake, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik: kutsadurak jendea hiltzen du eta honek eragiten du kapitala nekezago ugaltzea, eta abar. Horrela funtzionatzen du ereduak.

Beste adibide bat. Suposatu dezagun populazioa hazten dela denentzako aski janari ez egoteraino. Erantzun gisa, gizarteak bere natur baliabide batzuk erabiliko ditu ongarriak ekoizteko, laborantzaren emankortasuna handitzeko. Honek, ordea, ekarriko du populazioa are gehiago handitzea, populazioaren gainean presio eginez eta kutsadura handituz; eta honek presio berri bat ekarriko die kapitalari eta baliabideei, eta abar. Muga batzuen barruan, gizartea beti egokitu daiteke modu horretan, hori da lehen aipatu dugun homeostasia. Baina soilik muga batzuen barruan.

Modu ezberdinetan jolastu zaitezke joko honetan. Magne Myrtveiten bost osagaizko irudia tresna ona da sentitzeko nola erreakzionatzen duen gizarteak kanpoko esku hartzeen aurrean eta nola doan aldatuz baliabide naturalak agortu ahala. Baliabide horiek ez-berriztagarriak direnean, gure mineralekin gertatzen den moduan, sortu eta atxiki daitekeen kapital kopurua gutxitu egingo da. Hau da kolapsoen arrazoi posibleetako bat, ziurrenik ohikoena. Baina nola gertatuko den ulertzeko, eredua ordenagailuan erabili behar duzu eta zer ematen dizun ikusi. Hona Hazkundearen Mugak-en 2004ko edizioaren emaitza (orrialdeko grafikoan).

Agertokiaren parametroak asko hurbiltzen zaizkio gaur egungo egoerari. Kolapsoa gertatzen ikus dezakezu, industriaren eta nekazaritzaren produkzioa hondoratzen ikusten dituzunean. Industriaren eta nekazaritzaren sistema blokatuta gelditzen denean, bere konplexutasuna gainbehera dator (eta populazioa ere bai, noski). Beraz, nolabait esateko, Limits to Growth informearen eredua bateragarria da Tainterren ereduarekin.

Jendea oso ona da ustiapena optimizatzen. Arazoa da esajeratu egiten duela eta sistematik hartzen duela sistemak berak ordezkatu dezakeena baino gehiago. Hori da kurbaren funtsa. Lehenik goraka zoaz baliabidea ustiatzen hain ona zarelako; gero beheraka zoaz gehiegi ustiatu duzulako. Erdian bada gailur bat: horra “peak resource”, baliabidearen gailurra. Petrolioaren kasuan, jendeak “peak oil” aipatzen du. Zibilizazioa osotasunean harturik “peak civilisation” esan beharko genuke, zibilizazioaren gailurra.

Eta esan dugunez, zibilizazioaren gailurra da konplexutasunaren gailurra (“peak complexity”), Tainterrek deskribatu moduan.

Kolapsoa ez da saihestezina. Gizartea urrunegi joan eta gero kolapsatu egiten da, baina kolapsoak denbora ematen dio larregi ustiatutako baliabideari aldatzeko, eta hazkundea hasi daiteke berriro aldi baten buruan. Baina hori gertatzen da baliabidea berriztagarria denean. Ez baldin bada, petrolioa edo uranioa ez diren moduan, behin xahutuz gero, gehiago ez da. Kasu honetan kolapsoak ez dauka atzera bueltarik.

Era berean, gizakiari dagokionez, gizarte bat kolapsotik berreskuratu daitekeen arren pertsona baten bizia baino luzeagoko joko du. Beraz, guri dagokigunez, kolapsoak atzera bueltarik ez du harrapatzen baldin bagaitu, eta hori, dudarik gabe, ez zaigu batere gustuko.  

Erromatar Inperioaren gainbeheraren dinamika

Erromatar Inperioa oinarritzen zen nagusiki bi baliabidetan: armada eta nekazaritza. Legionarioaren irudia ipini diot “kapital baliabideak” atalari, legioak zirelako Erromaren kapitala, kapital militarrak. Hau eraikita zegoen baliabide natural baten gainean: urrea. Legioek ez zuten urrea lurpetik ateratzen, hori aurrez lurpetik aterata (edo meatzariari ostuta) zuten jendeari hartzen zioten.

Tainterrek ondo azaldu du abentura militarrek funtsezko garrantzia eduki zutela inperioa zabaltzeko. Inperioak garaitzen zuen inguruko erresuma bat, hari urrea ostu eta biztanleen parte bat kendu esklabotzarako. Urrearekin legio gehiago ordaintzen zituen eta honela eremu berriak konkistatzen. Feedback positibo bat zegoen horretan: zenbat eta legio gehiago eduki, orduan eta urre gehiago lapurtu; zenbat eta urre gehiago eduki, orduan eta legio gehiago sortu. Eta abar.

Erromatarren asmakizunetako bat da urrea legio eta legioak urre bihurtzeko ahalmena. Oraindik “soldadu” (soldier, soldat, soldado…) esaten dugu, latinez “soldatadun” esan nahi duena.

Baina konkistek aurrera egin ahala, erromatarrak laster aurkitu ziren erraz konkistatzeko lurrik gabe. Arazoa zen Energiaren Itzulkin-Tasa, ingelesez EROEI Energy Return on Energy Invested esaten dena; kasu honetan litzateke GROGI (Gold Return On Gold Invested). Lehen mendeko konkisten ondoren gauzak zaildu egin ziren. Lurralde berriak konkistatzetik eskuratutako energi etekina jaitsi egin zen. Ipar-Ekialdean Germaniarrak pobreegiak ziren, eta gainera guduzaleak. Haiek konkistatzeak, zaila izateaz gain, ez zuen etekinik uzten. Ekialdean Partiarrak oso aberatsak ziren, baina militarki indartsuak. Gero, mendebalderago Atlantiar itsasoa zegoen, Iparraldea hotzegia zen, hegoaldea lehorregia. Feed-back negatiboa, ikusten?

Legioek ez ekartzean urre gehiago, urrea desagertu zen Inperiotik, zenbait arrazoirengatik. Batetik luxuzko gauzak atzerritik erosteko, Inperioak ez zituelako manufakturatzen, zeta esaterako. Bestetik, barbaroen buruzagiei pagatu behar zitzaielako Inperioa inbaditu edo borrokatu ez zezaten. Urrea zen Erromatar Inperioarentzako guretzako dena “urre beltza”, petrolioa. Garai oparoetan beren konkistetatik legioek ekarri zuten gastatutakoa baino urre gehiago, baina denborarekin balantzea negatibo bilakatu zen.

Eta gero zegoen nekazaritza. Honek ere eman ditzake feedback positiboak eta negatiboak, eskeman ikus daitekeenez. Nekazaritza onarekin populazioa handitu egiten da, eta ondorioz nekazari gehiago dauzkazu. Erromatar Inperioaren kasuan, populazioa handitu ahala legio gehiago eduki zitzaketen itzultzean esklaboak ekartzen zituztenak soroetan lan egin arazteko. Baina feedback negatiboa ere badauka nekazaritzak eta da erosioa, higadura.

Higadura jarri dezakegu eskeman kutsadura (“pollution”) dagoen lekuan. Nekazaritzari kalterako eragiten dio. Populazioa gutxi arazten du eta dena bihurtzen okerragora. Zenbat eta gehiago behartu nekazaritza populazio handiagoa (tartean legioak) elikatzeko, orduan eta gehiago bortxatzen duzu zoru emankorra. Hau ez da baliabide berriztagarria; mendeak behar da zoru emankorra berregiteko, behin galduz gero. Higadurak hondatzen dizu nekazaritza, populazioa gutxitzen zaizu, legioak ere gutxiago dauzkazu eta azkenean… barbaroek inbaditzen zaituzte.

Baliabideen gehiegizko ustiatzea

Dauzkagun datuetatik ulertu dezakegu Erromatar Inperioa zergatik zebilen larri. Bere armada handia, legioez osatua, pagatu beharra zegoen eta militarrek ez zuten etekinik sortzen. Urre-hemorragia baten hasiera zen, eten ezin izan zena. Gainera, Inperioak odol gehiago galtzen zuen mugak zaindu eta kudeatzeko gotorleku sistema zabal oso garesti bat eraiki beharragatik.

Gotorlekuen kontuak azaltzen du sistema konplexu bati gertatzen zaiona homeostasiari eutsi nahi dionean. Legioak garestiegiak zirenez mugak zaintzeko –legio gehiegi beharko ziren– hesiak eraikitzen hasi ziren. Esklaboek eraikiko zizuzten, eta esklaboa merkeagoa zen legionarioa baino. Baina esklaboak ez ziren onak borrokarako. Ezagutuko duzue Spartacusen historia, esklaboen matxinadaren liderra izan zenarena: erromatarrek ez zuten berriro gertatzerik nahiko. Hesietarako esklaboak erabili dituzte, legionario gutxiago behar delako gotorlekua zaintzeko muga zelai zabalean defenditzeko baino. Dirua aurreztu, horra homeostasi ahalegin bat.

Baina hala ere erromatarrek gizonak, legionarioak, behar zituzten hesi guztietan jartzeko eta horiek izugarri garestiak ziren. Inperioak bere burua zerratu zuen kaiola batean eta sekula ez zuen eskapo egiterik lortu. Feed-back negatiboak hil egiten du.

Gastu militarrak ez dira izan erorketaren kausa bakarra. Ikusirik higadurak nekazaritza lurrak hondatzen zituela eta meategien produktibitatea gainbeheran ari zela, ez genuke harritu behar inperioa hondoa jotzen ikusita. Ezin zen bestela gertatu. Erromatar Inperioaren hondorazea izan da elkar indartu duten faktore negatibo ezberdinez osatutako fenomeno konplexua. Feed-back negatiboak bata bestearen ondotik, horiek hondoratu zuten Inperioa. Horrek erakusten du zein hurbil gauden erromatarrengandik.

Dudarik gabe ezberdintasunak badira: gure gizartea gehiago da meatzaritzari lotua eta gutxiago armadetan oinarritua. Guk ez ditugu esklaboak erabiltzen baina makinak. Baditugu traste mordoa erromatarrek ez zeuzkatenak. Baina, azken finean, gure ekonomiako osagai ezberdinen arteko interakzioak ez dira hain ezberdinak.

Erromatarrak hondoratu zituenak hondoratuko gaitu gu ere: baliabideen gehiegizko ustiatzeak. Erromatarrek aurkitu balute modua beren baliabideak, nekazaritza adibidez, suntsitu gabe erabiltzeko, adibidez erosioa saihesteko, beren gizarteak denbora luzeagoz iraungo zuen. Baina sekula ez zuten aurkitu oreka puntua, eta hondoratu ziren zeukatenetik gehiegi usatzen jarraituz.

Kolapsoa saihestu

Pentsa dezagun norbaitek gauzak oso garbi zeuzkala Marcus Aureliusen garaian. Imaginatu Britainia Handiko Druida bat, Merlinen arbasoa, gertatzen ari zenaz ohartzeko bezain bizkorra, Inperioaren ezinegona feed-back negatiboek eragiten zutela, armadaren eta burokraziaren kosteengatik, lurzoru emankorraren gehiegizko ustiapenagatik eta Erromak konkistatzeko moduko jopuntu errazak agortu zituelako.

Merlinek Arturo erregearekin egin zuen bezala, druidak usteko zuen enperadoreari kontatu behar ziola Erromara joanik. Askotan pentsatu dut zer esango niokeen haren lekuan egonda.

Esate baterako, urrea urritu denez, zergatik ez esan Ameriketara espedizio bat antolatzeko? Horixe egin zuen Colonek mila urte eta piko geroago eta Espainiak horren gainean eraiki zuen inperioa. Baina erromatarrek ez zeukaten teknologia egokia ozeanoa zeharkatzeko eta hura garatzeko baliabideak agortuak zituzten. Europan geratu beharra zeukaten, okupatzen zuten guneko mugen barruan konpondu. Beraz, Britainiatik joandako Druidaren antzera zuk ere ezin diozu aholku bakarra baizik eman enperadoreari: itzuli behar duzu Inperioaren ekonomikak sostengatu ahal izango dituen mugen barrura.

Beraz, gizon jakintsutzat daukazun fama dela eta Enperadoreak hartzen zaitu bere jauregian eta zuk azaldukodiozu aurkitu duzuna:

- “Enperadore, inperioa kondenatuta dago. Ez baduzu zerbait egiten oraintxe, hamarkada gutxi barru hondoratuko da”.

Zur eta lur dago Enperadorea, baina pazientzia handiko gizona da. Filosofoa, azken finean. Ez du aginduko zuri lepoa moztea, beste enperadoreek egingo zuten moduan, eta galdetu dizu: “Baina zergatik diozu hori, druida jakintsua?”.

Eta zuk: “Begira, diru gehiegi xahutzen duzu legio eta gotorlekutan. Mendetako konkistetan pilatutako urrea desagertzen ari zaizu eta ezin duzu pagatu mugak defenditzeko adina legionario. Gainera, presio handiegia dagiozu nekazaritzari, lurzorua higatu eta galtzen ari da. Laster ez da izango aski janari erromatarrentzako. Bukatzeko, herria itotzen ari zara burokrazia handiegi eta garestiegi batekin”.

Enperadoreari berriro bururatu zaio zuri zintzurra moztea, baina ez du aginduko, zorte handia duzu enperadore filosofo batekin topo egin izanarekin. Eta galdetu dizu: “Egiaren bat egon daiteke diozun horretan, baina zer egin beharko nuke, druida jakintsu?”.

- “Lehenik zuhaitzak landatuk, lurrak deskantsua behar du. Denborarekin zuhaitzek lurra emankor bilakatuko dute”.

- “Baina –Enperadoreak– zuhaitzak landatuz gero jendearentzako ez da aski janari egongo”.

- “Inork ez du goserik pasako baldin eta patrizioek uko egiten badiete beren luxuei”.

- “Bueno, Druida jauna, ulertzen dut zure ikuspegia baina ez da erraza izango…”.

- “Eta zure legio ugariak murriztu behar dituzu eta harresiak abandonatu”.

- “Baina, baina… Druida… hori eginez gero barbaroek inbadituko gaituzte…”.

- “Hobe orian gero baino. Orain badaukazu hiriak defenditzeko adina tropa. Beranduago ezinezkoa izango da. Defentsa iraunkorra egin”.

- “Iraunkorra?”.

- “Bai, esan nahi du pagatu dezakezun defentsa. Legioak bihurtu behar dituzu hiriko milizia eta… ”.

- “Eta…?”.

- “Gutxiago gastatu behar duzu burokrazia inperialean. Inperioaren zergak altuegiak dira! Jendearekin batean egin behar duzu lan, ez jendea zanpatu! Zuhaitzak landatu, armada murriztu, elkarrekin lan egin!”.

Oraingoan Marcus Aureliusek seriotan aztertu du ez ote litzatekeen egokia zuri lepoa moztea. Baina gizon ona denez, berriro Britainiara bidali zaitu eskolta militar gogorrez zainduta, zu berriro Erromara itzuli ez zaitezen agindu zorrotzak emanik.

Sekula gertatu ez den pasadizo honek antza handia dauka “The Limitis to Growth”en egileei, druida moderno haiei, gertatu zitzaienarekin. Ahalegindu ziren beren garaian munduaren agintari zirenei esaten zerbait antzekoa. “The Limits tho Growth”en egileei ez zieten zintzurrik moztu, baina nolabait esateko “akademikoki dekapitatu” zituzten. Erabat baztertu. Ez bakarrik baztertu, irrigarri utzi zituzten, iseka egin zitzaien. Ez da erraza druida izatea.

Horra gure garaion eta Erromaren artekoen beste antzekotasun bat. Bizi dugu “arrainak uretan” bizi duen patua, ez dugu ulertzen urez inguratuta gaudela. Eta ez dugu entzun nahi ura esistitzen denik.

Erromatar Inperioak egin zuen bide beretik goaz alai aski. Gure liderrak ez dira gai ulertzeko sistema konplexuak eta jarraitzen dute ezartzen arazoa okerragotzen duten soluzioak. Druida jakintsua Marcus Aureliusi adierazten saiatu zen moduan, barbaroak kanpoan uzteko harresiak eraikitzea alferrikakoa izateaz gain baliabide galera handia zen. Imajinatu ditzakegu garai hartako politikariak esanez “Atxiki ditzagun barbaroak kanpoan! Eraiki hesi gehiago inperioa defenditzeko!”. Gaur berdin gertatzen zaigu. Esaiozu  politikari bati arazoak ditugula petrolioarekin eta erantzungo dizu “zulatu sakonago!” edo “drill, baby, drill!”. Feed-back negatiboak hil egiten du.

Trantsizio kontrolatua

Baina bada gehiago. Druidak esan zion Aureliusi “zuhaitzak landatu, armada murriztu, elkarlanean aritu”. Pentsatu duzue zer ari zitzaion proposatzen? Mundu bat osatua milizia urbanoek defenditutako hiriz, aginte zentralik ez edo oso ahula, nekazaritzan oinarritutako ekonomia. Ohartuak izango zarete: Erdi Aroa da! Ondo pentsatuz gero, Erdi Aroa izan da Erromatar Inperioaren arazoentzako soluzioa. Inperioa hartara zihoan eta ezin izan zuen ebitatu. Druidak proposatzen zuena zen horretara joatea baina era kontrolatu batean. Trantsizioa erraztu, ez haren kontra borrokatu! Baldin badakizu nora zoazen, bidaia egin dezakezu estiloz eta erosotasunez. Ez baldin badakizu… bidaia gogorra izango da.

“Trantsizio kontrolatu” bat egin izan balu Erromako Inperioak Marcus Aureliusen garaian, justu hori egingo zuen: harresiak abandonatu, legio kopurua muriztu eta milizia urbano bihurtu, burokrazia eta Inperioaren gastuak urritu, autoritatea deszentralizatu, nekazaritzaren gaineko presioa gutxitu: basoak landatu. Trantsizioa ez zen traumatikoa izango eta konplexutasun galera txikiagoa eragingo zuen: liburuak, jakintzak, arte-lanak eta asko gehiago salbatu ahal izango zen ondoko belaunaldien esku uzteko.

Baina hau ez da ameskeria baizik, prefosta. Erromako enperadore bati ere legioak desegitea ez zitzaion erraza gertatuko. Enperadorea komandante militarra zen eta Imperator izateko legioen gogoko izan beharra zegoen. Legioak suntsitu nahiko zituen Enperadore bat ez zen oso popularra izango eta seguruenik bizi laburra edukiko zuen. Beraz, sistemen dinamikak ulertu balitu ere, ezin izango zuen gauza  handirik egin. Egia esan, bizi osoan saiatu zen armada sendotzen, ahalik eta legio gehien edukiz.    

Enperadoreek eta Erromatarren munduak oro har gogor egin zuen borroka status quo ante delakoa atxikitzeko, alegia, gauzak beti egon diren moduan. III. Mendeko krisiaren ostean, Diocletianus enperadoreak Inperioa berpiztu zuen hau bilakatuz Brezneven garaiko Sobiet Batasuna gogorarazten digun zerbaiten antzeko. Diktadura zanpatzaile bat bere baitan zekartzana burokrazia itogarria, zerga handiak herritarrentzako eta egitura militar zamatsua. Inperioari hori guztia zama latza gertatu zitzaon eta mende baten buruan hondoratzera eraman zuen.

Gaurko Druidak izan daitezke hobeak Erromatarren garaikoak baino, ordenagailu digitalak bederen badauzkate. Baina gure liderrak ez daude Erromatarren garaikoak baino hobeto egokituak ulertzeko sistema konplexuak. Baina buruzagi hobeak bagenitu ere, arazo berdinei egin beharko liekete aurre: ez dago egiturarik gizartea eroso eramateko joaten ari den lekura. Dauzkagun egitura bakarrak dira gai gizartea edukitzeko dagoen moduan, axola gabe zein zaila eta deserosoa izango den hor jarraitzea. Horixe da Tainterrek dioena: arazoei aurre egiteko gure modua da egitura gero eta konplexuagoak eraikitzea, horrela azkenean etekin negatiboak eraginez. Horra zergatik hondoratzen diren gizarteak.

Gure ahalegin guztiak dira status quo ante horri eusteko. Horregatik ari gara desesperatuki bilaka zerbait petrolioa ordezkatuko duena eta gauza guztiak gaur diren bezala mantenduko dituena. Izan behar du zerbait likidoa, erregarria eta, ahal bada, kiratsa duena. Zulatu gehiago, zulatu sakonago, egosi hondar alkitrandunak, egin bio-erregaiak jendeak gosea pasatu behar badu ere. Edozer, denak berdin jarraitzekotan.

Baina jarraitzen dugu fisikaren legeek garamatzaten norabait: petrolio gutxiagoko, edo batere petroliorik gabeko, mundu bat ezingo da izan ohituta gauden munduaren berdina. Ez da preziso Erdi Arora itzultzea. Lortzen baldin badugu energia iturri berriak zabaltzea –berriztagarriak edo nuklearra– petrolioa eta beste erregai fosilak garaiz ordezkatzeko, kalkulatu dezakegu trantsizioak ez lukeela ekarriko konplexutasun galera handi bat, menturaz batere galerarik ez. Baina probableena da bestea, energia eta baliabide naturalen emaria urritzean sistema ekonomikoan horrek eragingo duela The Limits to Growth-eko simulazioetan erakutsitakoa bezalako kolapsoa. Ezin dugu saihestu joatea fisikaren legeek garamatzaten lekura.

Azken hitza: une erabakigarria Teutoburgen

Duela bi mila urte Erromaren hiru legio suntsitu zituzten erromatarrek “Germania” deitutako tribuek elkarturik Teutoburgeko oihanetan. Hainbeste urteren buruan eskualde horretako basoak leku baketsuak dira, argazkietan ageri denez.

Nekez irudikatu dezakegu zer izango ziren bataila hartako hiru egunak. Germaniarrek ezustean harrapatu zituzten legioak, hauek desesperatuta ahalegindu ziren erretiradan, euri handiak eta haize gogorrak ziren basoetan, legioek ez zuten lortu lerroak osatu eta entrenatuta zeuden moduan borrokatzerik. Banan bana gehienak hil zituzten; Varus generalak bere burua hil zuen. Germaniarrek gorpuak usteltzen utzi zituzten oihanean, guduaren oroigarri sakratuak bailiran.  Are desgrazia handiagoa, legioek beren estandarte sakratuak galdu zituzten. Hain handia izan zen hondamendia ezen eta legendak zioen Augustus enperadorea gauero paraje haietatik ibiltzen zela ohika “Varus, itzul’izkidak nire legioak!”.

Une batez ekarri ditzakegu gogora gizon horiek, germaniarrak eta erromatarrak, hain kartsuki gudukatu eta hil zirenak.  Ikusi ditzakegu antzekotasun handiak gure munduaren eta Erromakoaren artean, gizon haiek sentitzen zutena sentitu genezake guk ere. Zergatik borrokatu ziren, zergatik hil? Haietako askok, gerra egiteagatik pagatzen zituztelako. Beste batzuk komandanteak edo buruzagiak hala agindu zielako. Baina, ziur nago, kopuru eder batek usteko zutela borrokan ari zirela Erromatar Inperioa zen kontzeptu abstraktuaren alde (edo kontra). Batzuek sentituko zuten guduka ari zirela zibilizazioa defenditzearren barbaroen kontra, besteek berriz beren lurra defenditzen etsai inbaditzailearen kontra.

Bi mila urte beranduago ohartzen gara zein alferrikakoa izan zen borrokaldi hura euriak putzu bilakatutako oihanean. Urte gutxi beranduago, Germanicus jeneral erromatarra, Tiberius enperadorearen iloba, itzuli zen Teutoburgera berekin eramanez gutxienez zortzi legio. Germaniarrak garaitu zituzten, aurretik eroritako legioen estandarteak berreskuratu zituzten eta lurra eman hildako soldadu erromatarrei. Varus menderatu zuen Arminius lider germaniarrak bere izen ona galdu zuen eta laster bere jendeek hil zuten. Baina horrek ez zuen deus kanbiatu.

Erromatar Inperioak bere baliabideak agortuak zituen eta ezin zuen beste inora zabaldu. Germanicusek ezin izan zuen Germania konkistatu, Varusek bere legioak hildakoen erresumatik itzularazi ezin izan zituen gisa berean.

Zibilizazio eta inperioak, azken finean, ez dira uhinak baizik denbora den ozeanoan. Badatoz eta badoaz, arrasto gutxi utzita salbu eta beren handitasun eternoa aldarrikatzen duten harri landuak. Baina gizakiaren ikuspuntutik, inperioek luze zabal irauten dute eta, gutako batzuentzako, merezi du haien alde edo kontra borroka egitea. Baina Teutoburgen borrokatu zirenek ez zuten historiaren ildoa aldatu, geuk ezin dugun bezala. Esan dezakegun bakarra da –orduan bezala orain– bagoazela etorkizuneko mundu batera zeinari ezin baitiogu itxura lauso bat baino nabaritu.  Garbiki ikusiko bagenu nora goazen, agian ez genuke nahiko harantz joaterik; baina dena dela, bagoaz. Azkenean, menturaz Marcus Aurelius izan zen etorkizuna klaruen ikusi zuena:    

“Dena gobernatzen duen naturak laster aldatuko ditu ikusten dituzun gauza guztiak, eta substantzia beretik gauza ezberdinak egingo ditu, eta hauen sustantziatik berriro beste gauzak, mundua beti berria izan ahal dadin”. (Marcus Aurelius Verus - Meditazioak, Kristo ondorengo 167. urte inguruan)


LARRUN
2015eko azaroaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: COP21
2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Klimaren aldeko protestek Macron jo dute errudun

Bihar, larunbatean, deituta daude mobilizazio jendetsuenak. Ikasleek eskola eguna bertan behera utziz hasitako protestei segida emanen diote herritarrek, mobilizazio zabalekin.


2019-03-15 | Mikel Asurmendi
Gazteen protesta eta grebak, klimaren aldaketa geldiarazteko Lapurdiko BABn

Mobilizazioak abian dira Frantziako Estatuan. Goizean lizeoetako ikasle asko kalera atera da. Frantziako Gobernuak gaiaz eztabaidatzera eta kontzientzia hartzera deitu dute. Ikasleek harago joan nahi dute. Bihar larunbatean, nazioarteko mobilizazioek segituko dute karriketan.


2019-02-22 | Mikel Asurmendi
Klimaren arazoa salatu dute herriko etxeetan
Macronen argazkiak udaletxeetako paretetatik kentzeko deia egin dute Bizi! eta ANV-COP21 mugimenduek

Atzo, otsailaren 21ean, Action Non-Violente-COP21 eta bizi mugimenduek, Frantziako Errepublikaren presidente Macronen argazkiak eraitsi zituen Paris, Lyon, Uztaritz eta Biarritzeko Herriko Etxeetan. Macronen gobernuak klimaren arazoaren aurrean daraman politika geldia salatzeko... [+]


2018-03-09 | Mikel Asurmendi
Klimaren borroka galtzen ari ote gara?

Bizi! mugimenduaren iritziz, 2015eko COP21aren karietara hartu ziren engaiamenduek ez dute inolaz ere klimaren egonkortasuna segurtatzen. Galdera da: klimaren borroka galtzen ari ote gara?


2016-11-11 | Unai Brea
Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko?

Iaz Parisen egindako klimaren gailurrean lortutako akordioa ospatu zutenek akordio horretan AEBak sartu izana nabarmendu zuten ospatzeko arrazoien arte. Aurtengo gailurra hasi eta bigarren egunean, hara zer den bizitza, estatubatuarrek presidente aukeratu dute klima aldaketa... [+]


2016-11-04 | Unai Brea
Klima aldaketa: bitartekoak zehazten hasteko ordua iritsi da

Azaroaren 7an hasiko da Marrakexen klima aldaketari buruzko COP22 gailurra. Helburu nagusia 2015ean adostutako Parisko Hitzarmena nola beteko den zehaztea da. Momentuz, 72 estatuk berretsi dute hitzarmen hori, baina gas emisoak murrizteko aurkeztu dituzten planak ez dira nahikoa... [+]


2016-03-01 | Unai Brea
Parisko Hitzarmena: AEBak eta hidrokarburo ekoizleak garaile

Klima aldaketari buruzko lehenbiziko nazioarteko akordio globala utzi zigun 2015ak: Parisko Hitzarmena. Mugarri hori historikotzat joa izan zen, eta hala ospatu zuten adostu zutenek, baina ezin esan aurrerapausoa izan zenik, kontrakoa baizik. Aurreko hamarkada biak alferrik... [+]


Malkorik ez mangladien galeragatik: ekin 150 milioi zuhaitz landatzeari

Mangladiak, itsas bazterrean marea beteak gerriraino estaltzen dituen eta bajamarrean sustraiak airean erakusten dituzten zuhaitzezko oihanak, suntsitzen ari gara planetako bazter guztietan. Guztietan? Ez: badira tropiko guztietan elkarte eta jendeak zuhaitz ... [+]


Parisko kasinoa

Bi gradu, gradu eta erdi, funtsa berdea, erabaki loteslea ala lotzen ez duen asmoa, herrialde garatuak eta garapen bidean daudenak… Kontzeptu ugari erabili dituzte abenduaren lehen hamabostaldian Parisen. Mundu osoko herrialde eta mandatari ugari aritu dira... [+]


2015-12-17 | ARGIA
Joan Martinez Alier:
Joan Martinez Alier: “Parisko COP21 eta ‘Zero Eranskin’-ekoen proposamena”

Joan Martinez Alier (Bartzelona 1939) Ekonomia Ekologikoaren aitzindarietakoa da, Ecología Política aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria, eta katedratikoa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Parisen COP21a amaitzean, Mexikoko La Jornada egunkarian plazaratu du... [+]


Klima aldaketaren kontzientziaren aitak dio Parisko Hitzarmena “iruzurra” dela

NASAko zientzialari ohi James Hansen oso kritiko agertu da Parisen egin zen COP21 bilerako akordioarekin. The Guardian kazetari adierazi dionez, karbono dioxido isuriak murrizteko lorturiko hitzarmena “iruzurra” izan da, “konpromiso hutsalak” besterik... [+]


2015-12-10 | Unai Brea
Zazpi “klima kriminalen” bisaiak, Parisko karriketan ikusgai

Avaaz elkarteak COP21 klimaren goi-bileran parte hartzen ari diren zazpi “presio-taldetako” kideen argazkiak zabaldu ditu asteon Parisen, klima aldaketaren aurkako akordio eraginkorra oztopatzearren egiten duten lana salatzeko asmoz. Zazpi pertsona horien dosier bana... [+]


2015-12-10 | Mikel Hiribarren
Parisko sarraskien ondotik, Frantziako Estatua ixuri itsusian lerratzen ari ote?

Mundu guzia Frantziari eta Parisko hiriari begira dago azken denbora hauetan. Bazterrak harriturik utzi ditu azaroaren 13 gauan gertatu zen sarraskiak. Adin gordineko hainbeste gizon ala emazte gazte hilik edo larriki zauriturik izan zen. Erokeria beroaren ondorio gordina han... [+]


Debekuen gainetik, Danoneren aurkako ekintza egin du Via Campesinak Parisen

Parisen Danoneren egoitza nagusian ekintza egin dute Via Campesinako kideek. Multinazional frantziarra mundu osoan nekazaritza industrialaren bidez "nekazariak hiltzen" ari dela salatu dute. Lerro gorria marraztu diote atean bertan.


2015-12-09 | Juan Mari Arregi
Alda dezagun sistema eta ez klima

Milioika lagun ari dira mundu osoan mobilizatzen, baita Euskal Herrian ere, lurraren berotzeak sorturiko klima aldaketak mehatxaturik dagoen gure planetaren defentsan. Askoz garbiagoak eta jasangarriagoak diren energia berriztagarrien aurrean, erregai fosilak sustatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude