Ordezkari politikoentzat herritarren hizkuntzan egitea bigarren mailakoa da

  • Ezinbestekoa al da ordezkari politikoek euskaraz jakitea? Hauteskundeetako zerrendetan sartzen diren hautagaiek zein irizpide bete behar dituzte? Alderdi politikoei galdetu diegu, eta gehien errepikatu duten irizpidea parekidetasuna da, legez ezarria baita ezaugarri hori. Euskara... garrantzitsua bai, baina ezinbestekoa...

Iñigo Uriz, Juanan Ruiz, Marisol Ramirez/ Argazki Press
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Herritarrak ertzainari eskatu dio euskaraz egiteko. Ertzainak hala erantzun dio: “Gaztelaniaz, ez dakit euskaraz. Euskaraz egin nahi baduzu hitz egin iezaiozu Beltrán de Heredia sailburuari”. Txio batean kontatu zuen norbaitek, eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ekarri du gogora gai hau dela-eta Kontseiluaren iritzia eskatu diogunean. Estefanía Beltrán de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua da eta ez du euskaraz egiten. Ordezkari politikoak eta euskara gai hartuta ari garela, testuinguru honetan, Bilbaorentzat erantzun bikaina da ertzainarena, gaia kokatzen ederki laguntzen baitu: “Hari zer esango diozu? Batetik, esan dezakezu ‘ze kabroia!’ eta bestetik, arrazoia dauka!  Demagun Ertzaintzan sartzeko zailtasunak izan zituela. Lehenengoan ez zela sartu puntuazio kaskarragatik, bigarrengoan lortu zuela. Agian, bera kexatu zen lan deialdian eskatutako euskara maila altuegia zela uste zuelako. Bistan da, ez da ertzain euskaltzalea. Baina horrelako zerbait izango du buruan: Herritarrak euskaraz egiteko eskatzen dit, lanpostua lortzeko hizkuntza eskakizunak bete behar ditut eta eskakizun hori izatera derrigortu nauenak ez daki euskaraz?”. Langileak euskara jakin behar du, baina nagusiak, politikariak, ez jakitea ez da arazoa. Hizkuntzaren gorabeherek eragina dute herritarrengan eta langileengan, nagusiengan ez, ordea.

Ez da ordezkari politikoek euskara jakin beharra izateko argudio bakarra eta garrantzitsuena, baina Bilbaoren ustez, kontraesan handi horrek begi-bistan uzten du egoeraren ulergaitza: “Gobernuko kideak, alderdi batekoak, bestekoak edo independenteak izan, herritar guztien zerbitzura daude. Toki horietan hizkuntzen ezagutza nahitaezkoa da”.

18 urte izatea nahikoa

Ordezkari politikoak diogunean zinegotziez, alkateez, legebiltzarkideez, gobernu kideez ari gara. Aginte postua hartzeko, hautagaien zerrendan joateko, baldintza bat baino ez dute bete behar: 18 urte izatea. Espainiako Estatuan, norbanakoez gain, alderdi osoari begira ordea, bada beste irizpide bat denek bete behar dutena: parekidetasuna. Paul Bilbaoren ustez, bertako hizkuntza jakitearen exijentziak aparteko kontua beharko luke izan. Agintariek euskaraz ez jakiteak ondorioak dauzka.

Ondorioetako bat etxe barruan komunikatzeko oztopoak sortzea da. Euskaraz ez dakiten sailburuek, legebiltzarkideek, zinegotziek haien kideekin egiten dituzten bilkurak, txostenak, eta abar baldintzatzen dituzte. Jarduera politikoan, euskaldunak direnek, hizkuntza aldatu beste erremediorik ez dute, ez bada garesti diren itzulpen eta interprete zerbitzuetara jotzen. Herritarrengan ere badu eragina. Adibide izan daiteke udal plenoa. Zein hizkuntzatan hartuko dute parte herritarrek zinegotziren batek edo alkateak euskaraz ez badakite? Bai, badira baliabideak herritarrari mezua bere hizkuntzan helarazteko, itzulpen zerbitzua erabiliz adibidez. Beti ez dira ordea, eskura, eta ez dira merkeak. Errentagarriagoa izan daiteke prebentzio neurriak hartzea, alegia, ordezkari politikoak euskara ikastea.

Eta itzultze sistema bikain eta merkea ere ez da soluzio. Nork prestigiatuko du bada hizkuntza? Hala dio Bilbaok: “Lehendakari euskalduna izateak ez du esan nahi herritar gehiago euskaldunduko direnik, ez. Baina lehendakariak, kontseilariak, euskaraz funtzionatzeak badauka eragina. Horrela erakusten da hizkuntza erabakiguneetan kokatuta dagoela”. Gogoratu ertzainaren pasartea.  

Progresibitatea

Ez zaio asko gustatzen termino hori Bilbaori, uste baitu gero eta euskaldun gehiago bagara (eta datuek hala diote) aitzakia gutxiago dagoela hizkuntza eskakizunak oraingoak baino indartsuagoak izateko. Hala ere, ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartzearen aldekoa da ordezkari politikoei euskara exijitzeko orduan. Dena dela, bi ezaugarri azpimarratu ditu beste guztien gainetik. Batetik, udal batzuetan (txikietan gehienetan) alkateak berak baino indar handiagoa du idazkariak edo kontu-hartzaileak, eta haien hizkuntza ezagutzak baldintza dezake politikarien jarduna. Beraz, udal horietan idazkari edo kontu-hartzaileek euskara jakitea zaindu behar da. Bestetik, Bilbaoren ustez ez da gauza bera progresibitatea aplikatzea biztanleen %10 euskalduna den 100 biztanleko udal batean edo ehuneko bera duen 10.000 biztanleko udalean. Bigarrengoan euskaldunak askoz gehiago dira.

Legediari begira, lasai egin dezakete lo politikariek edo politikagintzan hasi nahi dutenek, Espainiako eta Frantziako Konstituzioek diote gaztelaniaz eta frantsesez (hurrenez hurren) jakitea dela derrigorra, eta euskara jakitea ez. Beste kontu bat da euskararen garrantziaz jardutea zilegi den norberak edo alderdikideak ez dakienean. Aldi berean, EAEn eta Nafarroako zati batean euskara koofiziala da, beraz herritarrek euskaraz aritzeko eskubidea dute. Eskubide talka bitartekoak jarriz gaindituko da, ez ordea euskarazko harremana oztopatzen duenari hizkuntza exijituz.

Alderdi politikoei hizkuntza irizpideez galdezka

Garbiñe Zurutuza, EH Bildu: “Hautagaiek euskaraz ez badakite, legegintzaldian ikasteko konpromisoa eskatzen diegu”

Guretzat oso garrantzitsua da ordezkari politikoek, alkateek, zinegotziek, parlamentariek... euskara jakitea. Gure lan egiteko hizkuntza euskara izanik, zerrendak egiteko momentuan, saiatzen gara euskaraz dakiten pertsonak hautatzen, eta baldin eta ez badakite, legegintzaldiak irauten duen bitartean ikasteko konpromisoa eskatzen diegu. Gure helburua, ordezkari elebidunak edukitzea da.

Adibidez, Gasteizko legebiltzarkideak diren Oscar Matute eta Diana Urreak kargua hartu zutenean ez zekiten euskaraz, baina orain, hiru urte pasa ostean, euskara ikasteko ahalegina egin dute, ikasi dute eta geroz eta maila hobeagoa dute. Bestalde, Gasteizko gure legebiltzarkide taldeak, Bai Euskarari ziurtagiria dauka, eta nabarmentzekoa da ziurtagiri hori duen talde bakarra dela.

Maria Solana, Geroa Bai: “Zerrendaburu izango direnek euskara jakin behar dute nahitaez”

Gure irizpideetako bat da Nafarroako hainbat eskualdetako jendea biltzea, ez daitezen denak Iruñerrikoak izan. Legez ezartzen zaigu parekidetasuna.  Gainerakoan, zerrendaburu izango direnek euskara jakin behar dute nahitaez, edozein hauteskundeetarako. Dela Espainiako Kongresua, dela Nafarroako Parlamentua, dela lehendakarigai izateko. Hautagai denak euskaldunak izatea ez dugu eskatzen, eta ez zaigu iruditzen gai hau derrigortzat hartzea ona denik. Bestela ere nahiko lan izaten dugu zerrendak osatzen. Beste kontu bat da hautagaien artean euskaldunak izatea ongi ikusteaz gain, bultzatzea, saiatzea ahalik eta gehien izan daitezen. Derrigorrez baino printzipioz jokatzen dugu. Adibidez, parlamentuan euskara eskolak ematen dizkie AEK-k nahi duten parlamentari eta langile guztiei. Gure zerrendetan guztiak ez dira euskaldunak izaten baina bai euskaltzaleak.

Udalerri mailan ari garela, nola eskatu Ribaforadan (zonalde ez euskalduna) zerrendaburu euskalduna? Batez ere zonalde euskaldunean eta mistoan eskatzen dugu euskaldunak izatea, eta haietan ere herriaren arabera.

Santos Cerdán, PSN: “Nafarroan politikaria izateko ez daukazu zertan euskara hitz egin”

Euskararen Legearen azken aldaketa babestu genuen, baina horrek ez du esan nahi alderdi sozialistan hautagai izateko euskara hitz egiteak baldintza ezinbestekoa izan behar duenik. Nafarroako populazioaren %88k ere ez daki. Euskarari errespetua bai, baina baldintza ezinbestekoa ez.

Bestelako irizpideak bai

Orain dela legegintzali batzuk hasi ginen parekidetasunaren baldintza ezartzen. 10.000tik gorako herrietan eskailera egiten dugu, emakumeak eta gizonak txandaka. Bestalde, formazioa eta lanean dena emateko borondatea hartzen ditugu kontuan.

Derrigortasunaz

Nafarroan bi hizkuntza dauzkagu eta euskara leku batzuetan koofiziala da. Zorionez hizkuntza amankomuna daukagu, gaztelania da hizkuntza hori. Hizkuntzek ez dute ghettoak sortzen lagundu behar. Nafarroan politikaria izateko ez daukazu zertan euskara hitz egin, lanerako gogoa izan behar duzu.

Gorka Maneiro, UPyD: “Guk askatasuna defendatzen dugu, bakoitzak dakiena erabiltzea”
Ez dugu hizkuntza irizpiderik. Euskaraz hitz egitea, jakitea, ondo dago, baina ez dugu diferentziarik egiten. UPyDren ideiak defendatzeko prest egotea da inportanteena guretzat. Gauza bat exijitzen dugu: gutxienez lau urtez edozein lekutan, administrazioan, enpresan... lan egin izana.

Ondo iruditzen zait jendeak bi hizkuntzak erabili ahal izatea, niri zurekin hitz egiteko balio dit hedabideekin aritzeko, baina momentu honetan EAEn jende asko dago euskaraz ez dakiena.

EH Bilduk bakarrik defendatzen du derrigortasuna. Guk askatasuna defendatzen dugu, bakoitzak dakiena erabiltzea. Ezin dugu ahaztu denok dakigula erdaraz, eta euskaraz ez. Euskaraz baldin badaki ondo.

Herritarra euskalduna eta parlamentaria erdalduna?

Herritar batzuei hori ez gustatzea errespetatzen dut. Batzuek jende guztiak euskaraz egitea nahi dute, baina momentu honetan ezin da. Herritarrek beren botoarekin erabakiko dute zeintzuk izan behar duten politikari hautatuak.

Rafaela Romero, PSE: “Alderdian bi hizkuntzak menperatzeko borondatea dago”

Egoera desberdina da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Bizkaian eta Araban zerrendak egiteko arazoak izan ditugu eta egia da toki batzuetan bi hizkuntza kontrolatzen dituztenak ez daudela, baina gero eta gehiago, batik bat alderdia indartsu dagoen herrietan. Hautagai guztiek menperatzen dute euskara Gipuzkoan, Batzar Nagusietan eta Foru Aldundian. Agian hitz egiteko arazoak badaude, baina ulertzeko ez. Euskara jakitea ez da hautagai izateko derrigorra, baina gero eta inportanteagoa da, alderdian barneratuta dago, bi hizkuntzak menperatzeko borondatea dago, eta jende asko ari da ikasten. Euskararen beharra ez dago idatzita, baina oso garrantzitsua da. Azken hamar urteetan aldaketa funtsezkoa izan da. Hautagaiak elebiduna izan behar du.

Derrigortu beharko litzateke?

Ez da positiboa, ez da beharrezkoa. Badakit euskara eta gaztelania hitz egin behar direla. Herri hau eraikitzeko modurik onena bi hizkuntzak hitz egitea dela uste dut, bestela herri erdia galtzen duzu. Politikan hainbeste denbora daramazula, ez dago derrigortu beharrik, konturatzen zara.

Joseba Ezeolaza, Izquierda-Ezkerra: “Derrigortasuna ideia txarra da euskara sustatzeko, pedagogikoagoak izan behar dugu”

Euskara jakitea ezaugarri oso garrantzitsua da, positiboa, baina ez du muga izan behar. Hobe da jakitea ez jakitea baino. Gure bi parlamentariak erdaldunak dira, baina Iruñeko Udaleko zinegotzi bakarra euskalduna da, Atarrabiako zerrendaburua hala zen, Baztangoa... herri askotakoak.

Ordezkari politikoek euskara jakiteko beharra izatearen kontra gaude. Zerrenda osatzeko baldintza bakarra daukagu: parekidetasuna. Derrigortasuna ideia txarra da euskara sustatzeko, pedagogikoagoak izan behar dugu. Euskara jakitea saritu behar dugu.

Aitor Olaizola, EAJ: “Zerrendaburuei euskararen ezagutza eskatzen zaie”

EAJ-PNVrentzat euskara da gure ezaugarri propio nabarmenena, euskal gizartearen identitate zeinu behinena.

Badira jada urte batzuk EAJ-PNVk bere jarduerarako euskara plana onartua duena. Euskara plan horretan biltzen ditugu alderdi barrura (alderdi barruko kargudunei, kargudun publikoei zein alderdikideei) begirako aholku, irizpide eta betebeharrak ez eze, gizartera begirako jardueretan, hauteskunde zerrendak kasuko, kontuan izan beharreko hizkuntza irizpideak. Irizpide horien arabera adibidez, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzar, Nafarroako Foru Parlamentu, Kongresu eta Senatu, eta Europako Parlamenturako zerrendaburuei euskararen ezagutza eskatzen zaie.

EAJk Hizkuntza Politika gobernu jardueraren erdigunean kokatuko du berak gobernatzen dituen erakundeetan.

Haritza Camblong, Hendaia biltzen: “Kontseiluan hiruk hartzen dugu hitza euskaraz”

Hendaiako Herriko Etxean  33 hautetsi gara, euskaldunak 8-10 bat errango nuke. Auzapeza bera, Kotte Ezenarro, euskaldun berria da. Kontseiluan ez dugu 33 lagunek hitza hartzen, baina aritzen direnetatik euskaraz hiruk egiten dugu. Iker Elizalde izan zen lehena kontseiluan hitza euskaraz hartzen. Itzulpenik ez denez, gero frantsesez egiten dugu. Beste biak Mixel Muñoz eta ni neu gara.

Zergatik ez duten egiten dakitenek euskaraz? Batzuk ez dira oso trebeak, eta agian horregatik ez dira ausartzen, irudi txarra emango dutelakoan daude, nahiz eta batzuek beraiek uste baino hobeto egiten duten.

Beste arrazoi bat izan daiteke politikoa (beti ere nire irudipena da), norberaren hautesleen zati bat galtzeko beldur izatea. Bestalde, euskara ez dute beste hizkuntzen mailan ezartzen. Eta orokorrean errango nuke euskara ez dela lehentasunen artean, eta alderdi guztietan gertatzen dela hori uste dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
Kronika
Euskarak zergatik ez du ganorazko kuotarik hedabideetan?

Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.


2024-09-25 | ARGIA
Epaiketak euskaraz egin ahal izatea bermatu behar duela esan dio Europako Kontseiluak Espainiari

Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]


Hizkuntza politika “sendoak” eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Europar Batasunean euskara, katalana eta galiziera ofizialtzearen erabakia atzeratu dute, eta Espainiako Kongresuan hasi dira erabiltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Euskara, ofiziala Europan eta Nafarroan ez?

Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.


Kontseilua: “Nafarroako Gobernu akordioa atzerapausoa da euskarari dagokionez”

Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.


Nafarroako Gobernua murrizketak egiten ari da hizkuntza eskoletako euskara taldeetan

Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]


Berritzeguneetako lanposturako proba gaztelaniaz egin ahal izango da, deialdia aldatu baitu Jaurlaritzak

EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]


Hizkuntz eskubideen aurkako erasoei aurre egiteko dinamika prestatuko du Kontseiluak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean edo Administraziorako Euskararen Legean eragin nahi du Kontseiluak; Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jarri; eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea... [+]


2022-11-18 | Lide Iraola
Mitxel Elortza Exea, Pantailaldiako bolondresa
“Euskal Herriko zinemetan eskaintzen diren filmeen %1 da euskaraz”

Pantailaldiaren Arabako ordezkaria izan da Mitxel Elortza Exea. Ekimena arrakastatsua izan dela uste du herritarren parte hartzeagatik, baina astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik ikusteko erronka egunerokoan bete dadin lan asko geratzen da egiteko Elortzaren ustez... [+]


2022-11-17 | ARGIA
Euskaltzaindiak euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea eskatu du

Euskararen Legea aldatzeko eskatu du Euskaltzaindiak eta bat egin du Euskararen Nafar Kontseiluak irailean egindako adierazpenarekin. Gogorarazi du euskararen akademia dela lurralde guztietan, hizkuntzari dagokionez, "instituzio aholku-emaile ofiziala".


Chivitek Irulegiko eskuaz esandakoak, hizkuntza politiketan badu islarik?

Arangurengo Gongora jauregian Irulegiko eskuaren aurkezpenean María Chiviteren diskurtsoa izan da, askoren harridurarako, Aranzadiren aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzeko indartsuenetakoa eta mamitsuenetakoa.


2022-10-17 | Sustatu
XXI. menderako Hizkuntza Politikaz hausnartzeko zita

Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrenean, Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatu dute XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia, XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza politika behar dugun argitu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude