“Herri Elkargoa plantan jartzeko kapable gara euskaldunok, oinarriak sendoak dira”

  • Donibane Garazi, 1956. Europe Ecologie Les Verts (EELV) alderdiko  kidea da. Akitania Eskualdeko kontseilaria eta berdeen eleduna Iparraldean. Akitania, Limousin eta Poitou-Charantes Frantziako hamahiru eskualde berrietako bat da. Ipar Euskal Herriko biztanleek eskualdeko kontseilari berriak hautatuko dituzte abenduaren 6an eta 13an. Alice Leiciagueçahar departamenduko zerrendaburua da. Akitaniako Kontseiluko Azpiegiturak eta Hezkuntza sailetan aritu da azken legealdian. 

“Hegoaldeko gobernuekin harreman normalizatua izateko funtsezkoa da Euskal Herri Elkargoa ukaitea”, erran digu Iparraldeko ekologisten bozeramaileak.
“Hegoaldeko gobernuekin harreman normalizatua izateko funtsezkoa da Euskal Herri Elkargoa ukaitea”, erran digu Iparraldeko ekologisten bozeramaileak.

Zein da legealdiari buruzko berdeen bilana?

Berdeak PSko Alain Rousseten gobernuaren barnean aritu gara. Gobernuaren gehiengoa sostengatu dugu, oposizio lana eginez, oposizio baikorra betiere. Gobernuaren politika, oro har, eskasa izan da. Komunikazio esparruan lan egin du bereziki, funtsezko ekimenik ez du bururatu, alta, egin duen ñimiñoena handizki komunikatu du. Ekologistek ingurumenari buruz hainbat xede finkatu genituen. Gobernuak ikatzaren tasak eta klimari buruzko neurriak iragarri zituen, baina ez ditu bete. Enpresen baldintzak hobetzeko helburuak ere bazeuden, baina enpresen mozkinak ez dira emendatu. 

Alain Rousset izanen da presidentea berriz ere eskualde berrian?     

Ene ustez, bai. Frantziako presidentea eta Gobernua eskuinera aldatuko dira segurki, baina eskualde berrian Roussetek segituko du buru izaten, bere politika ez baita ezkerrekoa, sozialistek politika anitz eskuinarekin batera bozkatzen baitituzte. 

Hori ez al da zure alderdiaren kontraesan bat?

Nolabait. Gure hautu politikoa da, ekologistek ez dugu igurikitzen gobernuan eragiteko beste molderik. Iraganean, berdeak gobernuen alternatiba izateko gisan izan ginen. Egun ez dugu gobernatzeko xantzarik, eta politikan beste gisaz aritzerik ez dugu ikusten. Herrien eta eskualdeen Europa eraiki nahi dugu, baina europar eraikuntzan estatuen arteko tirabirak batetik eta alderdi nagusiek botereari lotzeko nahia bestetik, ekologistek ez dugu aukerarik ukan. Ekologistak ez gara bakarrak beste Europa bat eraikitzerakoan. Hemen, Alain Lammassoure da horren adibidea. Alabaina, estatuen jakobinismoa indartu da Europako boterera heltzeko. Halaber, Parisko legebiltzarretan gure hautetsiek botere handiegia hartu dute. Boterearen esferetan arazo izugarria dago. Europan ari diren berdeak, berriz, errazago atxikitzen zaizkie alderdiaren xedeei.   

Zer lortu duzue berdeek alderdi sozialistaren gobernua sostengatuz?    

Gobernantzan gardentasuna nahi genuen, hautetsiek ukaiten dugun dirua lanaren arau izatea, hau da, ez bagara Kontseilura lanera joaten deus ez irabaztea. Zerbait lortu dugu, ez baitzen deus eginik. Ekonomia sozial eta solidarioan aurrekontua bikoiztu dugu, lekuko eragileekin aritzeko arau bereziak ezarriz. Klimari buruzko plangintza berria proposatu dugu, 300 neurri berrirekin, baita Prevoir pour agir (Ekiteko aurreikusi) liburua publikatu ere. Etxeetako energia arraberritzeko proposamen zenbait bete dira. Kanbo-Garazi arteko trenbidea berritzea lortu dugu; gauza handia da. Eskualdean arazo handiena SNCF konpainiarekin akomeatzea da, ez da erraza. Trenak kendu nahi dituzte. Trena erabiltzen dutenek arazoak dituzte. Tokiko tren arruntak dira eskualdean plantan ezarri behar direnak, baina ez dugu lortu oraino. 

Zertan da AHTren proiektua? 

AHTri buruz gatazkan aritu gara Alain Roussetekin, gu AHTren kontra gaude. Gobernuak AHTren aldeko mozio batzuk aurkeztu ditu eta eskuinak bozkatu ditu sozialistekin, komunistak barne. Berdeek ez dugu aski pisu eskualdean, baina gure ezetzari esker mozio horiek ez dira bozkatuak izan aho batez, eta proiektua ez da aitzina joan. Gure ordezkaritza ttipia da –85 aulkietatik 10 ditugu– baina rol garrantzitsua jokatzen dugu. Ez du irudi, baina oposizioko gure politikak eragin du. 

Txosten ofizialak AHT ez dela egokia dio, baina proiektua aitzina doa.

Maleruski. Hasteko, zertarako egiten dira inkesta horiek, jendearen gehiengoa kontra agerturik ere, gero ez badira errespetatzen? Gizartearen gehiengoak ez du AHT nahi, baina ezarri nahi dute. Hor defizit demokratikoa dago. Laborantzarako lurrak suntsitzeaz gain, proiektuak alimaleko defizitak ekarri ditu jada. Estatuen Europa eraiki ahala, hiri handiak hurbildu nahi dituzte, alta, haien artean hutsune izugarriak gelditzen ari dira, hurbileko herrien arteko biztanleen komunikazioa galtzen ari da. Adibidez, Baionatik nahi baduzu hiri handi batera joan, denboran azkarrago da lehenik Parisera joatea eta handik Marseillara. Hemendik Marseillara joatea biziki konplikatua da. Erotzeko gisan gaude. Estatuaren zentraltasuna are gehiago indartzen ari da. 

Zer iritzi duzu Akitania, Limousin eta Poitou-Charantes eskualde berriaz?

Frantziako Estatua kontzentrazioan eraiki da. Zentraltasuna Parisen finkatua izan da orain arte, eta geroan, eskualde berrien bitartez ezarriko da. Oraingoa ez da okerragoa izanen, baina hobea ere ez. Eskualde handi horien bidez Parisek botere pixka bat galduko du eta Bordelek irabaziko, beraz, hori ez da deszentralizatzea. Nik ez nuke eskualdea handituko. Departamendua kendu ondoren, eskualdeek botere gehiago hartuko dute, horregatik euskaldunok beharrezkoa dugu Lurralde Kolektibitatea.

Euskal Kosta-Aturri hirigunea Herri Elkargo bakarraren kontra agertu da. 

Hiri handietako hautetsi horien politika egoista da. Hirigune azkarra nahi dute eta laborantza munduko herriak alde batera utzi. Alta, baserriaren beharra baloratu beharko lukete. Barazkiak nork lantzen ditu, nork kabalak hazten? Gizartea elkartasunez behar da eraiki. Auzapez horiek ohartu behar lukete gizarte zibila eta hautetsien gehiengoa aspaldi ari garela elkarrekin lanean, alderdi guztietako hautetsiak gaudela desmartxa horretan. Iraganeko politikari notableen garaia fini da.

Euskal instituzioa egingarria ikusten duzu?  

Herri Elkargoa plantan jartzeko kapable gara euskaldunok. Elkargoa eraikitzeko auzapez bakoitzak boz bat dauka, eta aukeratzeko mekanismoak molde orekatuan jarri dira. Orain diren bitartekoekin euskal instituzioa erdiesteko oinarriak sendoak dira, ni baikorra naiz.

Zein da ekologisten ekarpena Iparraldeko politikan?

Guk ez dugu anitz hautetsi herrietan. Herri Elkargoak ez digu ekologistei ordezkari edo botere gehiago ekarriko, baina Euskal Herriarentzako  instituzioa aldarrikatzen dugu fermuki. Instituzioa eraikitzeko prozedura gure politikaren ikusmoldean sartzen da. Abertzaleek Euskal Herriko politikari ematen diote lehentasuna, gu berriz, Estatuaren eta Europaren eskalan ari gara ikuspuntu ekologistatik. Alderdien artean ez dugu harreman organikorik, baina gizarte kolektiboetan ari gara. Adibidez, hor dugu Bizi! mugimendua, ez da lotzen ezein alderdi politikori, denei irekia da. Horrelako mugimenduak beharrezkoak dira. Alta, guk gizarte mugimenduei eskatzen diegu alderdi politikoen ordezkariekin harremanak izatea, hautetsiak instituzioetan ari direlako, ontsalaz herritarren nahiak erdiesteko. Berdin laborarien munduan. Lurrama azoka izan berri da, eta ekologistek ere ardura hartu dugu. Arazoa da, jende anitz ekologisten alde izanik ere, horiek ez doazela bozkatzera, sistemaren aurkakoak direlako. Hautu bat da, baina sistemak aurrera segitzen du beren boza kontuan hartu gabe. Hor arazo handia daukagu. Sistema politiko hau ez da nahi genukeen bezain demokratikoa, ados, baina, maleruski jende anitzek eskuin muturrari boza ematen diote, gizarte gaietan inolako inplikaziorik hartu gabe. 

Eskualdea handituko dela kontuan harturik, nola ikusten duzu Akitania-Euskadi mugaz gaindiko erakundearen bilakaera? 

Akitania-Euskadi funtsean Ipar Euskal Herriaren gainetik pasa da. Guk, hala ere, organismo horretan lan egin dugu, ez baita aulkirik hutsik utzi behar. Lehen Lot-et-Garonne, Dordoina eta Hegoaldearen arteko lotura nekeza bazen, orain Limousin eta Poitou-Charentes barnean badaude, herritar askok ez daki zein eskualdean dauden. Ez dute deus ikustekorik Euskal Herriarekin, horregatik Hegoaldeko gobernuekin harreman normalizatua izateko funtsezkoa da Euskal Herri Elkargoa ukaitea. Orain arteko eskualdea handiegia izan bada Euskadirekin harremana sustatzeko, bada aurrerantzean gaitzagoa.  

EH Baik zuria bozkatzera deituko du. “Ipar Euskal Herriak eskualde handi horretan lekurik ez du”, erran du.

Errespetatzen dut beren deliberoa. Alabaina, ezin dugu Kontseiluan hartzen diren deliberoei kasu ez eman, gu horren barnean gaude. Eskualdeko gobernuak erabakiak hartuko ditu gure eguneroko beharrei buruz. Ez badituzu ordezkariak hautatzen, beste batzuek hartzen dute zure aulkia. Beste hautetsiek beren politika ezartzen dute, enetako dolugarria da EH Bairen hautua. Abertzaleek indarra hartu dute. Azken herri bozetan hautetsi anitz irabazi dute eta eskualdean ere entseatu beharko lukete. 

Agian ez dute normaltasun politikorik ikusten. Bake prozesuari lehentasuna eman nahi diote.

Alta, ekologistak lurraldearen egituraketan ari gara, baita Euskal Herriak behar duen bake prozesuan ere. Anitz gauzetan ari gara lanean alderdi guztiak elkarrekin. Frantzian ez da beste inon hori ematen. Beraz, oraingo bozketatik kanpo geratzea domaia da. Gu anitz gauzetan ados gaude EH Bairekin. Borroka armatuaren aroa ez da horrela gelditu behar, gatazka ez da bukatzen batek bestea zanpatuz eta ezagutu gabe. Horrela eginez gero herra gelditzen da, gatazka noiznahi berpizten ahal da. Gatazken historian sekula ez da horrela egin. Gerlaren ondoren bakealdia finkatzeko lehenik elkarrekin mintzatu behar da biktima guztiak ezagutzeko. Beraz, bi estatuek  bizikidetza sustatuko duen prozesuan parte hartu behar dute absolutuki. Baina arranguratua naiz, estatuek oldarrean segitzea nahiago dutela iruditzen zait. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Espetxera bidali dute Ion Aranburu realzaleari Sorian egindako erasoaren harira atxilotuetako bat

Ion Aranburu koma egoeran eta ZIUan ingresatuta egon zen hainbat astez, erasoaren ondorioz.


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


2025-04-02 | Cira Crespo
Espainiako bandera

Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]


“Umeak ez dira ongi etorriak Debako udal liburutegian”

2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak... [+]


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


Eguneraketa berriak daude