“Israeli Boikot egitea da krimenak ordainarazteko egitura eraginkor bakarra”

  • 12 urte zituela heldu zen familiarekin batera Argentinatik Jerusalemera Sergio Yahni. Ordutik ezkerreko mugimenduekin batera lanean aritu da Palestinako okupazioaren eta apartheidaren aurka. Lau aldiz kartzelan izan da Israelgo armada desobeditzeagatik. Palestinarrek eta israeldarrek osatutako Alternative Information Center (AIC) hedabideko zuzendaria da 1992tik. Askapenaren aurkako epaiketan testigantza eman ostean etorri da Iruñera.

Nolakoa da Palestinan kazetaritza egitea?

Eguneroko lanean traba gutxi topatzen duzu. Bada jendea kazetariak gustuko ez dituena, beste batzuek oihuren bat botatzen dizute, badira jarrera oldarkorra duten soldaduak, baina halere lan egiteko eta informatzeko askatasuna dugu. Zergatik? Erabateko inpunitatea dutela jakitun direlako. Beste herrialdeak zenbait kontu ezkutatzen saiatzen dira, Israel ez.

Nola ikusten duzu Israelgo panorama komunikatiboa?

Informazioa negozio bilakatu zutenean, egia erlatiboa izatera pasa zen. Hedabide handiak negoziorako egiturak dira eta ikusle-ratioa handitzeko lehia basatia dute haien artean. Oso bide sinpleak erabiltzen dituzte horretarako: zirikatzea, sasi-informazioa eskaintzea, nazionalismoa sustatzea, histeria faltsuak sortzea edo, zuzenean, gezurra esatea. 

Zer ari da gertatzen Jerusalemen?

Urrian labanaz egindako zenbait eraso gertatu ziren bi krisik eraginda. Aurrena, irailaren hasieran, Dawabcheh sendiaren hilketak eragin zuen. Kolonoen komando batek haien etxeari su eman zion familia barruan zela. Defentsa ministerioak adierazi zuen bazekiela zeintzuk izan ziren egileak, baina ez zituztela epaituko, hala eginez gero informazioa lortzeko darabiltzaten bitarteko informatikoen berri eman beharko zuelako. Hau da, bizitzak, palestinarra bada, ez du ezertxo ere balio. Hori izan zen jendea kalera ateratzeko arrazoietako bat. Bigarren krisialdia piztu zuen Al-Aqsa meskitarekiko Israelek hartu dituen politika berriak. Testuinguru horrek eragin ditu erasoak eta, egunen joan etorriarekin batera, histeria egoera sortu da. Ez da kontu politikoa, Jerusalemgo herritar israeldarrak beldur dira. Nik egiten dizkiot erosketak amaginarrebari edo berak telefonoz eskatzen ditu, kalera ateratzeko beldurrak jota baita. Izu giroaren errudunetako bat komunikabideak dira.

Okupazioaren ondorioei klase gatazka gehitu behar zaie. 

Bi komunitateak batera bizi dira Jerusalemen: israeldarrak (kolonoak barne) eta palestinarrak. Gizartea pobrea da, oro har, bi aldeetan. Palestinarren %80 pobrezian bizi da eta juduentzako zerbitzuetan egiten dute lan. Hor garatzen da egungo etnia-arteko borroka.

Zergatik labanaz eraso egin? Ez al da suizidioa?

Bai. Palestinan poliziaren aurrean labana ateratzen baduzu, badakizu ez zarela onik aterako. Egun bizitzen ari garena biolentziaren pertsonalizazioa da. Halere, azpimarratu nahi dut uste baino gutxiago izan direla erasoak. Nire kalkuluen arabera, kasuen erdia baino ez dira egiazko erasoak izan. Gainerako guztiak “positibo faltsuak” izan dira –tartean hildakoak egote hutsagatik eraso terroristatzat saltzen dituzten gertaerak–.

Afera da antolakunde politikoek sinesgarritasuna galdu dutela. Guztiz antzua da Palestinako Agintearen (PA) estrategia diplomatikoa –Nazio Batuen Erakundean eta Arabiar Ligan eragiteko bideratua– eta bien bitartean egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Jerusalem galdutzat eman dute. Hamasek bere lurralde-kontraesana konpondu nahi du. Eta historikoki oso kolpatua izan den ezkerrak ez du gaitasunik lidergora heltzeko. Labankadek ez diote estrategia bati jarraitzen, erantzun herrikoiaren isla izan dira, eta horrek agerian utzi du, hain zuzen, estrategia politikoaren falta.

Noiz arte luzatu dezakete bide diplomatikoa?

APri buruz ari garenean, burokraziaz eta Palestinako herri mugimenduaren aurkako errepresioaren kolaborazioaz ari gara. Asko du galtzeko. Jerusalemen labanak ditugu mintzagai, eta Zisjordanian, berriz, APk zapaldu dituen manifestazio erraldoiei buruz hitz egin beharko genuke. Palestinako gizartean interes ekonomiko handiak dituzten zenbait taldek lotura estua dute APrekin eta horregatik Abu Mazen saiatzen ari da egungo egoera ahalik eta gehien luzatzen. Bide hori ez da egiazko alternatiba. Are gutxiago kontuan izanik Israelek oso argi adierazi duela Palestinarekin negoziatzeko inolako asmorik ez duela.

Gaza Hamasen esku dagoen sabairik gabeko kartzela izatea politikoki errentagarria al da Israelentzat? 

Gaitzik txikiena da Israelentzat. Nazioarteko komunitateak Israeli erabateko zigorgabetasuna eman dio. Inork ez zuen ezertxo ere egin iaz Gazaren aurka egindako eraso militarraren aurrean –2.000 lagun hil zituzten–. Hau da, ziklikoak diren erasoek sortzen dien kostu politikoa txikiagoa da beste edozein alternatiba eraikitzea baino, nazioarteko komunitateak ez baitio inolako kostu edo baliorik ematen palestinarren bizitzei. Horretan du garrantzia BDZ mugimenduak (Boikot, Desinbertsioa eta Zigorrak). BDZ da Israeli krimenak ordainarazteko egun dagoen egitura eraginkor bakarra. Eragin handiagoa edo txikiagoa izan dezake, baina boikota eta zigorrak dira geratzen zaigun bakarra.

Ez dirudi Palestinako ezkerrak burua jasotzen duenik.

Fatah eta Hamas artean harrapatuta dago. Barne gatazkak garrantzi handiagoa du okupazioaren aurkako borrokak baino. Ezkerrak indar handia duen lekuak badira ere –Hebron edo Al-Aida errefuxiatu eremua kasu–, Hamas/Fatah bipolaritateak eragozten du ezkerrak maila nazionalean lekua egitea.

Adibidez, ezkerrak gaur egun Gazan indarra badu ere, lehen Intifadaren garaian botere hegemonikoa izan zen, baita Zisjordaniako unibertsitateetan ere. Erresistentzia zen ezkerraren lekua, horregatik Israelek ezkerreko mugimenduetara bideratu zituen kolpeak. Lehen eta bigarren Intifaden artean beren koadroen bi herenak galdu zituztela esango nuke. Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF) kide egitea zen heriotzarako biderik laburrena. Herri Frontea eta ezkerreko mugimenduak ez ziren bakezaleak, baina ez zuten inoiz gerrillaren bidea hartu. Herri borroka zen, eta testuinguru horretan militanteak hiltzen, atxilotzen, deportatzen… mugimendua indargabetu zuten. Ia miraria da gaur egun mugimenduak bizirik jarraitzea.

Eta Israelgo ezkerra, halakorik ba al da?

Garrantzirik gabeko mailetara txikitu da ezker judua. Sionismo barruko indarren metaketak isolatuta utzi du eta, gatazkari dagokionez, ezkerra eraginik gabeko aldagaia da gaur egun.

Israelgo presidente Benjamin Netanyahuk Holokaustoaren egiletza intelektuala palestinarrei egotzi die. Zergatik?

Esan zuen, berez, Hitlerrek ez zituela juduak akabatu nahi, palestinar batek konbentzituta egin zuela. Holokaustoaren erabilera harago doa. Historialari batek esan zuen behin: “historia guztia historia garaikidea da”. Eta egun Europan ikusten ari gara. Giro kontserbadoreetan esaten ari dira Islama izan dela beti etsaia. Kontua ez da gaur egun Islama etsai koiunturala izatea, baizik eta Islama kristautasunaren eta juduen etsai esentziala dela adieraztea. 

Henri Levy talka esentzialaz mintzo da. Hain da esentziala ezen Holokaustoaren ideia Islamaren asmoa dela esaten dute, edo, are okerragoa dena, palestinarren ideia dela. Beraz, Jerusalemgo labankaden kasuak Holokaustoaren jarraipena besterik ez dira, zibilizazio judukristauaren aurkako gorroto esentzialaren ondorioa. Hau da, errealitatea hankaz gora aurkeztu nahi dute. Juduak jopuntuan jartzeari utzi dion eskuin mutur atzerakoiari zilegitasuna ematen ari dira. Horregatik, adibidez, Marine Le Penek bere aita bota zuen Frantziako Fronte Nazionaletik, azken honek ez baitzuen ulertu egun arazoa ez direla juduak, arabiarrak baizik. Berdina gertatzen ari da lehen Hyderren esku zegoen Austriako Freedom Party alderdian. Historia nahieran moldatzen ari dira gaur politikoki errentagarri gerta dakien. Eta hau ez da soilik Israeli eta Netanyahuri dagokien kontua. Netanyahu da horrelakorik esan dezakeen bakarra, beste batek hori esan izan balu legez kanpokotzat hartuko litzateke-eta. Alemaniako buruzagi politikoren batek esango balu Hitler ez zela erruduna izan, segituan hartuko lukete preso. Hori Holokaustoa ukatzea baita.

Zer gertatu behar da herrialde arabiarrek erreakziona dezaten?

Herrialde arabiarrak erantzuten ari dira. Mundu arabiarrean ez dago egonkortasunik, kolapsatu egin da. Trantsizio egoeran dago eta inork ez daki norantz. Ez dakigu zer gertatuko den Sirian, zein bide hartuko duen Egiptok… Oso trantsizio odoltsua izaten ari da. Eta horiek ez dira berri onak Israelentzat.

Europako ezker instituzionalaren gehiengoak, baita Euskal Herrikoak ere, bi estatuen irtenbidea bere egin du. 

Palestinako gatazkaren arazoa ez da aritmetikoa, erregimen arazoa da. Erregimen sionista aldatu ezean, estatu bat do biren inguruko eztabaida guztiz hutsala da. Begiratu Hegoafrikan gertatutakoa, erregimena aldatzearekin batera etorri zen demokrazia. Horregatik gu erresistentzia partekatuaz [corresistencia erabili du gaztelaniaz] mintzo gara. Okupazioa eta apartheidaren aurkako borroka palestinarraz gain, erregimen aldaketa lortzeko borrokak israeldarrena ere izan behar du. Borroka horrek bildu behar ditu Israelgo indar demokratikoak, txikitxoak izanik ere, baita gutxiengo etnikoak ere. Tel-Aviven etiopiarra izatea ez da kontu erraza; halaxe erakutsi dute poliziarekin borrokan amaitu duten etiopiarren manifestazioek. Jatorri arabiarreko judua izatea ere ez da xamurra. Erresistentzia bateratua behar dugu.

Hamar urteko ibilbidea du BDZ ekimenak. Nola ikusten duzu egun?

BDZrik gabeko bideren bat proposatzen duen edonori ondorengoa galdetuko nioke: “hik Israeli nola eskatu nahi dion/k erantzukizuna eragin dituen hildako, zauritu, preso eta galdutako bizitza –hiltzea ez baita beharrekoa bizitza galtzeko– saldoarengatik?”. Horren aurrean zera dio nazioarteko komunitateak: “tira, negoziatu beharra dago”. Zer negoziatu, ordea?! NBEren Justizia Auzitegiaren ebazpena oso argia da. Beraz, non da nazioarteko legedia? Horrexegatik orain dela 10 urte gizarte zibila agertu zen plazara kontu eske. BDZ oinarrizko tresna da etorkizuneko edozein motatako konponbideri begira. BDZ ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Mobilizazio molde eta elkartasuna adierazteko bide berriak behar ditugu; nazioarteko elkartasun brigada gehiago Palestinara eramatea, kontzientzia handitzeko bideak sortzea, eta abar. Baina hori guztia ezin da egin BDZrik gabe, Israeli boikot egin gabe.

Nolakoa izan da Espainiako Auzitegi Nazionalera egindako bisita?

Surrealista xamarra. Madrilgo aldirietako industriagune­ batean dago. Ez dakizu oso ondo ea Auzitegi Nazionala den ala Mercedes Benzeko kontzesionarioa. Oso espazio bitxia da. Ni hara joan nintzen BDZri buruzko argibideak ematera. Fiskaltzak zioen ETAren asmakuntza izan zela BDZ kanpaina. Nire testigantzaren bitartez azaldu nuen Palestinako komunitate zibilak noiz, nola eta zergatik egin zion dei nazioarteko komunitateari Israeli boikot, desinbertsioak eta zigorrak egiteko.

Nolakoa izan da Espainiako Auzitegi Nazionalera egindako bisita?

“Surrealista xamarra. Madrilgo aldirietako industriagune batean dago. Ez dakizu oso ondo ea Auzitegi Nazionala den ala Mercedes Benzeko kontzesionarioa. Oso espazio bitxia da. Ni hara joan nintzen BDZri buruzko argibideak ematera. Fiskaltzak zioen ETAren asmakuntza izan zela BDZ kanpaina. Nire testigantzaren bitartez azaldu nuen Palestinako komunitate zibilak noiz, nola eta zergatik egin zion dei nazioarteko komunitateari Israeli boikot, desinbertsioak eta zigorrak egiteko.”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
2024-12-16 | Leire Ibar
McDonald’si boikota egiteko eskatu dute Bilboko Santutxu auzoan, Israelekin duen harremanagatik

Ehunka pertsona mobilizatu dira ostiralean Santutxun ireki berri dutenMcDonald’s jatetxearen itxiera eskatzeko. Enpresa amerikarraren aurkako boikot kanpainan aktiboki parte hartzea eskatu du mobilizazioa deitu duen Bilbo-Palestina herri ekimenak.


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-06 | Julene Flamarique
Gabonei begira, Carrefourri boikota egiteko dei egin du BDZ taldeak

Gabonetan “mahaian sionistarik ez esertzeko” galdegin du taldeak. Boikotaren eraginez, supermerkatu kate frantziarrak behera egin du salmentetan, eta berriki Jordanian saltokiak itxi ditu.


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Hamza Abuhamdia (palestinar ekintzaile 'queer'-a)
“Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa”

Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]


Palestinarekin elkartasuna, sionismoa eta alderdi instituzionalak

Urtebete pasa da palestinar erresistentziak burua altxatu eta Israelek inoiz egin duen ofentsibarik bortitzena hasi zuenetik. Tamalez, egoerak okerrera egin du, Israelek bere ofentsiba areagotu baitu palestinar lurrez harago, Libano, Siria, Yemen edota Iranen aurkako eraso... [+]


2024-10-10 | Julene Flamarique
Arrasateko Eroskitik eta Alcampotik produktu israeldarrak kentzea lortu dute, orain Lidl eta BM-n gauza bera nahi dute

Herriko supermerkatuetan salgai dituzten produktu eta saltokiei eskatu diete Israelen ekoitzitako produktuak saltzeari uztea: Arrasateko Eroskik eta Alcampok eskaria onartu dute; Lidl eta BMk ez. Elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan Lidl supermerkatu aurrean.


2024-10-07 | Leire Ibar
Espainia “gorrotoa ereiteko paradisua” dela dio Israelgo Gobernuak

Asteburuan Espainiako Estatuko hiri ugaritan egindako mobilizazioen harira, Israelgo Atzerri Gaietarako Ministerioak eta Israelen Espainiako Enbaxadak "terrorismoa goraipatzea" egotzi diote Espainiari.


Bonba hotsak Libanon eta Gazan, urriaren 7 hartatik urtebetera

Israelgo armadak bortizki egin du eraso igandetik astelehenerako gauean, Hamasen urriaren 7ko erasoaldiaren urtemugarekin bat eginez. Libanoko Beirut hiriburuaren hegoaldea bonbardatu du, eta Gaza erdiguneko beste ospitale bat ere bai.


2024-09-03 | Jon Torner Zabala
FIFAk berriro atzeratu du Israel zigortzeko eskaerari buruzko erabakia

"Kanporatuko al du FIFAk Israel?", galdegin du hainbat mediok, futbol erakunde gorenak adierazi ostean Palestinako Federazioak egindako eskaera aztertuko duela. FIFAren izaera ezagututa, are gehiago eskaeraren bueltan zein epel jokatzen ari den, inplikatutako bi aldeak... [+]


Israel Donostiako Klasikotik kanporatzeko eskatu du Gernika-Palestina herri ekimenak

Larunbatean zeharkatuko ditu hiriko kaleak Donostiako Klasikoak, eta Gernika-Palestina herri ekimenak Israelek bertan duen presentzia salatu du, prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “genozidioa eteten ez duten bitartean” klasikoak ez luke Israel-Premier Tech... [+]


Israelgo armagile nagusiaren fabrika batera sartu eta gerrarako materiala suntsitu dute Erresuma Batuan

Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika "inbaditu" dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.


Eguneraketa berriak daude