Nafarroako hiru eskolak D ereduan hasi dute ikasturte berria lehen aldiz. Abartzuzako, Lezaungo eta Zudairiko Haur Hezkuntzako klaseetan euskarak bere tokia hartu du azkenean, eskolen eta gurasoen urteetako borrokari esker, eta Gobernu aldaketak lagunduta.
“Ikasturte hasierak beti izaten dira zirraragarriak, baina gaurkoa bereziki hunkigarria izan da. Hainbeste aldarrikatu eta amestu duguna, egia bihurtu da: Abartzuzan badugu D eredua!”. Honela hasten da Abartzuzako eskolako blogeko irailaren 10eko sarrera. Izan ere, hiru eskoletako langile eta gurasoek poz handiz hartu dute berria, “erabat hunkituta eta sinetsi ezinik”.
Nafarroako euskararen zonifikazioak eremu mistoan kokatu zituen Lezaun eta Abartzuza, eta Zudairik osatzen duen Ameskoabarrena Udalerria, berriz, eremu ez-euskaldunean. Legez, eta Nafarroako Parlamentuak otsailean Euskararen Legean egindako aldaketari esker, hiru eskolek bazuten D eredua martxan jartzeko eskubidea gurasoek hala eskatzen bazuten. UPNren Gobernuak etengabe jarritako oztopoen ondorioz, ordea, eskolei ezinezko izan zaie gehiengoaren borondatea aurrera ateratzea: “Urte luzez egon da D ereduaren eskaera, baina buruarekin paretaren kontra ematea bezala zen”, dio Laura Irigoyen Zudairiko eskolako amak.
Hiru eskoletako gurasoek salatu dute ezinezko zitzaiela haurrak eredu euskaldunean matrikulatzea. Tranpa honakoa zen: matrikulazioak egiterakoan, programa informatikoak ez zuen D eredua hautatzeko aukerarik ematen. Gurasoek D ereduan matrikulatzeko hautua egiten bazuten ere, ezin zuten aldaketa hori formalizatu, eta praktikan zeuden eskaera guztiak ez ziren inon jasota gelditzen.
Aukeratu beharra. Hori da bai Lezaunen bai Abartzuzan azpimarratu dutena. Gurasoek erabakia hartu beharra zuten: herriko eskola txikira bidali haurrak euskarazko hezkuntza sakrifikatuta, edo Lizarrako eskolan matrikulatu D ereduan, baina eskola txikietako hezkuntza eredua alde batera utzita.
Kalen Artze Abartzuzako eskolako zuzendariak argi azaltzen du, gurasoek apustu egin beharra zutela, hezkuntza ereduaren alde edo hizkuntza ereduaren alde. “Biak ez ziren pakete berean sartzen”.
Erabaki gogorra zen gurasoentzat. Haietako asko herri handiagoetatik herritxo horietara mugitu ziren bestelako bizitza baten bila, eta seme-alabak herri handiko eskolan matrikulatzeak ez zuen zentzurik haientzat: “Horretarako Iruñean gelditu izanen ginen, D eredua etxe atarian geneukan”, azaldu du Vicky Briongos Abartzuzako eskolako gurasoak.
Landa eremuko eskola txikia hezkuntza idealera gehien hurbiltzen den eredua dela uste du Artzek: “Gurasoen inplikazioa oso handia da, herriari eman eta berarengandik jaso egiten du eskolak. Gainera, haurren interes eta beharrizanak kanalizatzea errazagoa da, eta hainbat adinetako haurren arteko interakzioa benetan aberasgarria da”.
Lezaungo eskolan, Abartzuzako kasuaren antzera, urteetan guraso askok herriko eskola txikia bizirik mantentzeko hautua egin eta haurrak bertan matrikulatzen zituzten. Azken urteetan, berriz, jaiotza tasa baxuak eraginda eta gurasoek haurrak D ereduan matrikulatzea lehenesten zutelako, eskola txikia arrisku larrian zegoen. Elena Urabaien zuzendariak garbi du egoera zein zen: “Edo D eredua sartzen genuen, edo eskola itxi egingo zen”.
Gurasoek egindako lana goraipatzen du Kalen Artze Abartzuzako eskolako zuzendariak. Eta aldi berean, gurasoek hitz onak besterik ez dituzte eskolarentzat, “izandako jarreragatik eta etengabe emandako babesagatik”. Elkarlanaren eta alde guztiak batzearen arrakasta baita eskola horietan D eredua lortzearen emaitza: gurasoak, eskolak eta Udalak, elkarrekin.
Zudairiko eskolako gurasoek, Lezaungoen eta Abartzuzakoen urratsak jarraituz, Ameskoabarrenako kontzeju eta udal guztien instantziak aurkeztu zituzten Hezkuntza Departamenduan, D eredua eskatuz. Ainara Gallego eskolako amak azaldu duenez, otsailean Euskararen Legea aldatu izanak gurasoen artean itxaropena eta gogoa berpiztu zituen, eta berriz biltzen hasteko indarra eman zien. Gobernu aldaketarekin, benetako aukera zabaldu zela ikusi zuten.
Bestalde, eskoletan Lehen Hezkuntzan A ereduan matrikulatutako haurren gurasoak ere inplikatuta egon dira borroka horretan. Horietako asko penaz gelditu dira D eredua lehenago lortu ez eta haien seme-alabek aukera galdu dutelako. “Orain arte gertatzen ari zena ‘antinatura’ zen, denok nahi genuen D eredua”, dio Lizarragak, Lezaungo eskolako amak.
Abartzuzan, Lezaunen nahiz Zudairin, inguruko herri askotan bezala, urteetako nahia eta eskakizuna da D ereduarena. Hiru eskoletan eman den borrokak antzekotasunak ditu, baina herri bakoitzean esperientzia ezberdinak bizi dituzte aldaketara bidean.
Lezaunen, eskolako guraso den Iranzu Lizarraga haurra zenean egin zen D eredura pasatzeko lehen saiakera, duela hogei urte inguru: “Familia guztiek eskatu zuten aldatzea batek izan ezik, eta Nafarroako Gobernua familia bakar hartan oinarritu zen ezezkoa emateko”.
Bi hamarkada geroago, eman da azkenean aldaketa. Asko borrokatutako prozesua izan da, gurasoak eta eskola arriskatzera eraman dituena. Ixteko mehatxua hain hurbil ikusita, eta saiakera askoren ondoren Nafarroako Gobernuak D eredua emanen ez ziela garbi edukita, eskolak beste bide bat bilatu zuen: irakasle guztiak euskaldunak lortu ahal izateko, abian jarri zuten ingelesaren eta euskararen errefortzu programa bat (TIL programen antzekoa). Irakasle guztiak euskaldunak izanda, D eredu “alegala” jarri zuten martxan. Ofizialki A ereduan zegoen eskola, baina praktikan erabateko D ereduan ari ziren. Bi urtez aritu dira erdi ezkutuko ereduan, euskaraz funtzionatzen.
“Haurrek D ereduan zenbait urte egin ondoren atzera bueltarik ez egotea espero genuen, eta onartzen amaituko zutela”, azaldu du Lizarragak. Urabaien zuzendariak segituan gaineratu du benetako itxaropena Nafarroako Gobernu aldaketan zutela, egoera legeztatu ahal izateko: “Ez genekien noraino iritsi gintezkeen”. Bestalde, Udalaren eta ikuskariaren babesa izateak asko lagundu zien aurrera egiten.
Ingelera orduak handitu eta euskarazkoak murrizteko foru aginduaren kontrako helegitea aurkeztu du STEILAS sindikatuak. “Murgiltzea ataka larrian jartzen ari dira” salatu dute.
Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]
"Etorkizuneko zubiak" eraikiz, azpimarratu dute "garai nahasi hauetan" euskararen aldeko aldarriak ozen entzun behar direla aurrerantzean: "Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko".
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak
Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.
Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.
Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.