"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu"

  • “Argentinarra naiz eta, Euskadi dut maite…” kantu zaharraren bertsio berria litzateke, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari andrea kantari.

Arantxa Anitua abokatu da lanbidez, eta Laurak Bat, FEVA, frankismoaren krimenen kontrako kereila, Onda Vascako Gabon irratsaioa, Argentinako kolektibitateen emakumeen foroa eta familia ditu pizgarri, besteak beste.
Arantxa Anitua abokatu da lanbidez, eta Laurak Bat, FEVA, frankismoaren krimenen kontrako kereila, Onda Vascako Gabon irratsaioa, Argentinako kolektibitateen emakumeen foroa eta familia ditu pizgarri, besteak beste.Zaldi Ero

Laurak Bateko lehendakaria da mintzo.

Lehendakari izan aurretik ere Laurak Batekoa izan naiz ni beti, txikitandik. Munduko euskal etxerik zaharrena duzu. 140 urte beteko ditu 2017an. Habanan bada gurea baino lehenago ireki zuten elkarte bat [Asociación Vasco Navarra de Beneficiencia, 1877], baina urte askoan batere jarduerarik ez du izan, gureak ez bezala. Gaur egun, 1936ko Espainiako gerra garaiko eta gerra osteko jendearen kutsua du oraindik. Jakina, horrek nahitaez eduki politiko handia ematen dio elkarteari. Esaterako, gu txikitandik panfletotxo ibiltariak izan ginen. “Izena: Arantxa”. “Azalpena: euskalduna naiz, ez naiz espainola…”. Eta tar-tar-tar...

Euskalduna eskuineko erregimen eta diktadura askoren sostengatzaile delakoan da hemen zenbait herritar. Zuk bestelakorik diozu.

Denetarik dago, adiskidea, denetarik dago! Adierazgarria da oso: euskal etxean biltzen den jendea oso eskuina da hango [Argentinako] politikan, baina guztiz ezkerrekoa hemengoari dagokionean, presoen aldeko borroka, giza eskubideak eta hau eta hura. Ondo da, baina giza eskubideak unibertsalak dira, ezta? Harrigarria zait. Hemen, kaputxa jantziko lukete. Han, eskuin muturrekoak dira. Ez da erraz ulertzen. Dena dela, gu Laurak Baten haziak gara, bertan ikasi dugu dantzan, kantatzen… hantxe egin dugu bizitza soziala, hantxe senide eta lagunak –fakultatekoak izan ezik–, eta txikitandik ezagutzen ditugu gu baino zaharrago diren horiek.

Laurak Baten giroan haziagatik ere, argentinarrak zarete.

Hori ere bai. Argentinarra, esaterako, oso apasionatua da, lagunak erraz egitekoa. Hortaz, bietarik dugu: alde batetik, euskal sen hori –senideak eta hurreko adiskideak zaindu beharra–, eta argentinar giroa, italiar-argentinarra konparazio batera, non buila eta eskandalua den. Gogoan dut behin mutil gazte bat heldu zela Laurak Batera, maleta hartuta, odontologia ikasteko asmoz. Ez zuen non lo egin, eta gure aitak esan zion: “Hi gure etxera!”, eta gurean egin zuen urtea. Eta ez genuen ezagutzen, ez genekien nondik zetorren, euskalduna zela besterik. Horrelaxe!

Diozunez, Laurak Baten bada gune gotor bat, gerrak markatutako generazioak osatzen duena, bi joera politiko dituena, hangoa bata, hemengoa bestea. Non zabiltza zu zeu?

Ez naiz alderdi politiko jakin bateko kide. Oraindik batek ere ez nau behar beste maiteminarazi, eta ez naiz inoiz afiliatu, ez han, ez hemen. Ideietan sinesten dut, oinarrizko gauzetan, giza eskubideetan. Adibidez, frankismoaren krimenen kontrako kereila heldu zitzaigunean, zalantza bihirik ez nuen izan, eta nik bezala, Laurak Batek. Kereilaren alde egiteak konpromisoa dakar, eta asko izu da konpromisoaren aurrean. Neba abokatu jurista dut –Iñaki Anitua–, abokatu errekonozitua da Argentinan, garantista, eta beraren bidez etorri zitzaizkigun kereilaren abokatuak. Zuzendaritza batzordean gaia azaldu, eta eztabaidarik ere ez zen izan, aho batez onartu genuen kereila bultzatzea. Egia esan, harrigarri zaigu hemen jendeak ez gogorrago egitea frankismoaren krimenen kontra.

Argentinan baduzue eskarmentua.

Bai, 70eko hamarkadan giro beldurgarria bizi izan genuen Argentinan. Bateko asasinatuak, besteko bortxazko desagertzeak. Baina gaur egun ez dago eztabaidarik. Inork ez du auzi-mauzirik jarriko ez zalapartarik piztuko giza eskubideen inguruan, inork ez dio memoria osatzeko beharrari aitzakiarik jarriko, erreparazio historikoari muzin egingo, biktimak aitortzeari kontra egingo. Inork ez, esan dut, nahiz eta hor diren beti sektore erreakzionarioak, militarrekin komulgatzen dutenak. Halarik ere, gaur egun Argentinan pentsaezina da militarren omenezko monumentu bat ikustea. Hemen, aldiz, Francoren izena edo haren garaikurrak ageri dira zenbait lekutan. Eta botoak ere jasotzen dituzte haren oinordeek. Horixe ez dugu ulertzen guk.

Diktaduraren buruzagiak preso sartu zenituzten Argentinan, Videla eta beste.

Eta kartzelan hil ziren baten batzuk. Harremanak ditut Desagertuen seme-alaben elkarteko zenbait lagunekin, eta juizioak ez direla gelditu esaten didate. Adibidez, behialako Maiatza plazako ama haiek amondu egin dira, eta haien seme-alabak borrokan dira oraindik. 30-50 urte bitarteko jendea da, eta borrokan segitzen dute. Azkenaldiko gobernuek hainbat gauza egin dituzte oker, baina oker bezainbat egin dituzte ondo. Giza eskubideak errebindikatzeari dagokionean, edo erreparazioari, memoriari lotutako gaietan... irmo azaldu dira. Beste arlo bat bereziki zaindu dutena –eta militarren garaian zeharo alboratu zena–, nazioaren goresmenezko keinuak berreskuratzea izan da: banderarekiko maitasuna eta gainerakoak. Argentinarrak oso suhar sentitu ditu keinu horiek, eta oraingo neska-mutilak bide horretatik datoz berriz, oso abertzale. Eta ondo iruditzen zait.

Euskaldunak galdua du harrotasun hori hemen.

Handik begiraturik, iruditzen zaigu euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela. Patetikoa iruditzen zaigu, egia esan. Euskadi-Basque Country ikusi eta atzerakada itzela eragiten digu. Euskadi amerikarrekin lotzea izugarria iruditzen zait. Adorazio anglofonoa bizi duzuela ematen du. Boiseko Jaialdi eta hau eta hura! Argentinan 120 urte daramatzagu euskal asteak egiten. Milaka dantzari biltzen ditugu urtero han eta hemen. Sentimendua halakoxea dugu. Urrian egin zen mundu biltzarrean erakutsi genuen: 25 urte egin ditu Argentinan euskaraz programak. Argentinan jaiotakoak ditugu irakasleak. Eredugarritzat jo zuten biltzarrean bildutako beste zenbait komunitatek. “Nola egin duzue?”, galdetzen ziguten.

Eta nola egin duzue, jakin baliteke?

Pasio handiz. Nola hasi bestela euskaraz ikasten Argentinan? Edo dantzan, edo kantuan? Pasioak biltzen gaitu, elkarrekin egoteko nahiak eta beharrak. Pasioa da. Horretan oso gara argentinarrak, bipolarrak. Oraintxe gara gaina eta bikaina, oraintxe kakaren hurrena! Gure komunitatea oso da pasioduna, pasio handiz egiten ditugu gauza guztiak. Hargatik hainbeste psikoanalisi Argentinan. Kar, kar… Han ez dago neurririk, zerotik zorora jo ohi dugu, eta oraintxe, esaterako, Latinoamerikan izan zitekeen herrialderik atzerakoiena izatetik bertako Holanda izatera igaro gara. Orekari eusten lanak guk!

Laurak Bateko lehendakari eta FEVAko lehendakariorde zaitugu.

Ardura handia da, eta urguilua ere bai. Abokatua ere banaiz, eta badakit noiz ari naizen Arantxaren izenean, eta noiz Laurak Bateko buruaren edo FEVAko (Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna) lehendakariordearen izenean. Bat nator Laurak Bateko estatutuekin, abertzaletasuna azpimarratzen baitu. Duela bost urtetik hona naiz Laurak Bateko buru, 40.a elkartearen historian, eta lehenbiziko emakumea goren graduan. Emakumearekiko errekonozimendutzat hartu dut, emakumea ezinbestekoa izan baita Laurak Baten ibilian: euskara irakatsi dute, dantza, ohitura eta legeen berri eman dute, erbesteratzearen eta deserrotzearen historia kontatu digute –itxaropenez beterik beti–, eta horrek diaspora batu, indartsu, jakitun eta bizia egin gaitu. Guk ez dugu [Espainiako] gerraren historia ahaztu.

Zer diozu Gasteizen egin zaharra ez den diasporaren mundu biltzarraren gainean? Inoiz baino isilago igaro da, inoiz baino itxiago. Krisiak ere izango zuen eraginik, beharbada.

Hemen krisiari buruz hasten zaretenean barre egiten dugu Argentinan. Krisia? Zuek ideia aztarrenik ere ez duzue zer den krisia! Giroa baretu dela ematen du, baina ez duzue krisiaz hitz egiterik. Siriakoa da krisia, edo Haitikoa. Hemen ezin duzue krisiaz hitz egin. Biltzarra dela eta, arlo pribatuan baliatu genuen gehiena, gosari garaietan, ibilaldietan, han eta hemen. Hegoamerikarrak oso irekiak gara mihiari eragin behar zaionean, eta halaxe egin genuen informazio trukea, giza harremanen bidez: “Nola ari haiz hi? Hiri zer funtzionatzen din? Nola asmatu duzue batean eta bestean?”. Biltzarrean bertan ezin egin izan duguna, zehar bideak baliatuz egin dugu. Halaxe etorri zitzaigun Kaliforniako mutikoa: “Nola moldatu zineten Argentinan euskaraz programa gauzatzeko?”.

Giza harremanen sarea.

Ez dago besterik. Begira, jaialdi bat egin genuen maiatzean: “Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du” zuen izena. Hiriko udalak urtero kolektibitate bati eskaintzen dio egun bat. Aurten, guri etorri zitzaizkigun, ondo iruditzen ote zitzaigun galdezka. Guk geure baldintzak jarri –Espainiako enbaxadorerik ez, Espainiako banderarik ez, hau, hori eta hura ez, ez, ez…–, eta baldintza haien pean pozik parte hartuko genukeela. Bestela, ahazteko. Bestalde, jaiaren arrazoia ezinago egoki iruditzen zitzaigula esan genien. Egun oso bat ohi da. Maiatza hiribidea moztu zuten, 200, 300 metro txosnaz eta agertokiz bete genituen, hedabidez mukuru zegoen –nahiz eta hedabideak beti uzkur diren euskal albisteak zabaltzen, badakite-eta zelatan dutela beti Espainiako enbaxada–… hitz batean, jai biribila. Ez alferrik. Jaiaren bezperan, denak lanean afaneko, eta telefono deia. Hariaren bestaldetik: “Espainiako enbaxadatik hots egin dute!”. “Bai, eta?”, nik. “Jaia egiteko baldintzak elkarrekin hitzartuak ditugula esan diegu”. “Aurrera, orduan”, erantzun nion. Hernaniko festak ematen zuten, baina Maiatza hiribidean. Dena ikurrinaz betea, mikroa zabalik, nahi genuena eta gehiago esan genuen. Jakina, hemendik 14.000 kilometrora errazago ere bada. Kontra egingo dizunik ez duzu han.

Ez zarete Boiseko Jaialdiren inbidiatan.

Pentsatu ere ez! Edukiz beterik dago gure jaia. Festaren une bat iritsi zen non zeharo nekaturik nengoen, baina gure kolektibitate osoa han ikusi eta indarrez betea nintzen unean bertan: presoen aldeko aldarria batean, Holandako erregina Maxima Zorregietaren aita bestean –denik eta gauzarik atzerakoiena, Juan de Garay elkarteko presidentea–, eta neure buruari esan nion: “Une honetako argazkia nahi dut”. Bai, zeren eta elkarrekin bizi gara denok, presoen aldekoak eta erreginaren aita, eta erdian, milaka dantzari ezpatadantzan. “Hauxe da diaspora”. Hunkigarria da, arima betetzeko modukoa. Gure jendea pozik, hedabideak honetaz eta hartaz galdezka. Badakigu nor garen, zer garen, nondik gatozen… Hemendik atzera, lau haizetara zabaltzea dagokigu. Horixe dugu orain helburu Laurak Baten, egiten duguna ondokoari erakustea. Urtean bizpahiru aldiz, irtetea. Ondorioak zinez onuragarriak dira.

Boiseko berri heldu zaigu, nekez Buenos Aireseko berri.

Askotan hitz egin dugu horretaz gure artean, talde terapia egiten dugunero. 140 urteko historia dugu, sasoi batean hemengo Jaurlaritzari han eutsi zioten, baita diruz ere. Ez dago inori haserre egiteko arrazoirik, memoria historikoa berreskuratzea besterik. Egonda nago hemengo osaba-izebei gerrako eta gerra osteko historiak aditzen. Guk procere handitzat izango genituzke Argentinan. Hemen, aldiz, gauzak ahazteko amorrazioa dagoela ematen du. Sintomatikoa da: zikinkeria alfonbra azpian gorde eta aurrera egiteko antsia dago hemen.

Ba ote?

Bai, bai, eta kereilarekin ere ikusi nuen nik hori. Kereilaren abokatuak etorri zitzaizkidan. Tartean, Zamorano doktorea, gizon adinekoa, bizitzarekin konprometitua zeharo. Gure diktaduraren garaian larrua jokatu zuena. Kartzela barruraino sartu zen, jendearen bila. Zoragarria, gizona. Etorri eta esan zidan: “Zorretan naiz, kereila abiarazi dugu baina uste dut ez dugula askorik aurreratu euskaldunei dagokienean”. “Zorretan zu? Munduan zeu izan zara-eta auzia mugitu duen bakarra! Kereila abian da, horretaz ari dira hizketan han eta hemen. Baliteke Espainiak estradiziorik ez ematea, baina jendilaje hori deseroso sentiaraziko dugu, behintzat. Ez da gutxi”. Kereila Argentinan jarri da martxan, ez hemen. Zertan da hemen jendea, zergatik ez dio horri lehenago ekin?

Arantxa Anitua

1971, Buenos Aires

Aitaren aldetik Hernanikoa zuen amona, herritik Argentinara joana iragan mendeko 20ko hamarkadaren hasieran, 19 urte zituela; han zituen ordurako ahizpak. Arteagakoa zuen aitona, lehenago emigratua. Laurak Baten ezagutu zuten batak bestea, dantzaldi bat medio. Amaren adarrean, birraitona-amonak Iparraldekoak zituen. Aitona zeharo argentinar nazionalista izan zen. Emaztea ingelesa hartu zuelarik, etxean ingelesik aditu zedin galarazi zuen. Gurasoei dagokienean, aita dantzari izan zuen Laurak Baten, eta zuzendaritza batzordeko kide hainbat urtez. “Apasionatu hutsa da aita. Haren bidetik jaso ditugu lan, esfortzu eta elkartasun balioak. Ama ingelesa dugu, euskal-ingelesa honezkero. Hark ere lagundu zuen”.

Arantxa Anitua abokatu da lanbidez, eta Laurak Bat, FEVA, frankismoaren krimenen kontrako kereila, Onda Vascako Gabon irratsaioa, Argentinako kolektibitateen emakumeen foroa eta familia ditu pizgarri, besteak beste.

Pasioa

“Armeniarrak, juduak, italiarrak –hau da, Argentinako kolektibitate inportanteetakoak–, galdezka etorri izan zaizkigu: ‘Nola egiten duzue, ordea, hainbeste gazte mugiarazteko?’. Euskal festan, ehunka mutil gazte ezpatadantzan, 30 urtez azpikoak. Oso errekonozitua dago gure kolektibitatea han, eta hainbeste gazte konprometituta ikustea zaie harrigarrien”.
 

Han-hemengo kontuak

“Hango adinekoentzat, lehendakariaren figurak lortu zen zerbait irudikatzen du. Gaur egun Jaurlaritza dago, hegan ageri da ikurrina… Jakina, ondoan besterik ez duela nahiko genuke, harrigarri zaigu bandera espainola ikurrinaren ondoan ikustea. ‘Lasai! Hango kontuak dira!’, esan behar izaten diegu adineko horiei. Lehendakaria ukitzea, berriz, Jesukristo ukitzea iruditzen zaie. Ikaragarri zaie lehendakariak ordezkatzen duena”.

Azken hitza:
Aita santua Laurak Baten

“Errepublikan eman zuen azken meza gurean eman zuen Bergogliok [Frantzisko aita santua], San Ignazio jaiaren barruan. Haren eskuin eskua Laurak Baten hazi zen, Sukunza monsinorea. Honen aita alargundu zenean, Laurak Batek garbitzaile lana eman zion eta bertara ekarri zituen seme-alabak. Haren seme Sukunza monsinorea tarteko, Bergoglio Laurak Baten izaten genuen beti San Ignazio meza esaten. Argazkietan ikurrina eta guzti ageri da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude