Txanogorritxoren ipuina kontatzen zidatenean Hiru txerritxoena eskatzen nuen, Hiru txerritxoenarekin hasiz gero Edurne Zurirena, Edurne Zurirena zabaldu orduko Mari Errauskinena… denak ipuin berbera zirela ohartu nintzen arte.
Alarma, alarma, alarma, alarma...
Zibilizazioaren historian lehen aldiz, gizakia giza espeziea deuseztatzen ari da. Petrolioaren deskubrimenduak dolarrak jarri zizkigun begien partez, altzairugintzaren loraldiak orotariko gas festa ekarri zuen... Sistematikoki bihurtu ditugu aukerak mehatxu. Pentsa, 200 urte txatxu aski izan ditugu 200 milioi urte burutsu komunetik behera botatzeko. Lurraren gainean inoiz egon den espezierik kaltegarri eta toxikoena gara. Hori da arazo guztien erroa. Hori hala deno, jendea aski ongi bizi den, denentzat enplegua dagoen, denak ongi sendatu daitezkeen, eta haurrei heziketa aberatsa eskaintzeko aukera duen jendarte duina aldarrikatzea iraultzailea izatea da. Ahoa ireki orduko, “ezin dugu besterik egin”, “aukera txarren artean onena hautatu dugu”, “hauxe da egokitu zaigun garaia” bezalako fatalitateak aurpegiratuko dizkizute. Gure gogoetan alternatibarik eza txertatzea da sistemaren garaipena. Alternatibak, aitzitik, egon badaude, plantan ezartzeko borondatea da falta dena. Martxa honetan, alta, lehenago etorriko da giza espeziearen desagerpena patrikak bete eta bete ari direnen borondatea baino.
Gainontzeko krisiak krisi ekonomikoaren ke-gortinaren atzean ezkutatzeko borondatea ikusten dut nik.
Bi muturreko joera oker antzematen ditut. Hainbat krisiren arteko inoizko gurutzaketa nahasiena bizi dugun irudipena zabaltzeko interesa batetik, eta arazo guztien oihana krisi ekonomikoaren zuhaitzarekin estali nahia bestetik. Izan ere, ez da ahantzi behar medioak bozgorailuak direla. Interesa dutena azpimarratzeko bolumena igo egiten dute eta estali nahi dutena isiltzeko jaitsi. Egun osoan krisi ekonomikoa gora eta behera dabiltzala iruditu arren, krisi ekonomikoaren ikuspegi jakin batez baizik ez dira ari. Noiz aipatzen dira bankuen ankerkeriak? Noiz biluzten da finantza sistema? Irakurri duzu sistematik irteteko asmorik? 2008ko krisi basatiaren ondotik denak lehen bezala jarrai dezan utzi dugu. Ikusi besterik ez dago, merkatuetan finantza tresna deribatuak eta truke operazioak biderkatu egin dira. Hori ez da hedabideetan agertuko, baina horrek ez du esan nahi, ez gertatzen ez denik, ez gertatzen dela ez dakigunik. Askatasuna fakturak norberak ordaintzetik hasten da, ordea, eta hedabide handiak fortuna handiagoen esku daude.
Askatasunaren fakturetatik fakturen askatasunera pasa gara?
Eskubide sozialen eraistean urrats bat haratago joateko aitzakia baizik ez da izan krisi ekonomikoa. Reagan eta Thatcherrekin gorpuztu eta munduaren hegoaldean esperimentatu eta findu zen neoliberalismoa aplikatzen zaigu egun. Gu dolarean txikitu baino askoz lehenagotik dago doktrina asmatuta eta olioztatuta. Oso modu inteligentean pentsatu, garatu eta ehundu dute amarauna. Aspaldi ulertu zuten boterea iraunkorki lortzeko bortizkeriak soilik ez duela balio, jendearen garunean sartu behar dela, ideiak gogoetan txertatu, iritzi sortzaileak paisaian urtu... Dena egin dute zuk pentsatzea nahi dutena zuk zure kabuz pentsatzen duzula sinets dezazun. Neoliberalismoak dirutzak gastatu ditu ideiak fabrikatzen. Armagintzan zein kimikan ateratako fortunak fundazioetara bideratu dituzte ideiak sortu eta pestiziden gisan jendartean hedatzeko. Ordaindu behar denean ordaintzen dute, saritu behar denean saritu, ez daukate erreparorik bere burua alternatibotzat duen puntako ikerlaria fitxatu eta arrastoan sartzeko, eta batez ere, garaiezinak diren joko-zelai bihurtu dute mundua. Izan ere, neoliberalen arrakasta ez dator denetan onenak izatetik, beraiek onenak diren zelaian partidak jokatzera behartzetik baizik.
Zer egin du ezkerrak horri aurre egiteko?
Askorik ez. Errealitate gorria atarian ikusi arte ez gara mehatxuaz jabetu, eta okerragoa dena, gure ideiak askoz hobeak zirela uste genuenez ez ditugu defendatu ere egin. Arrazoia izatea aski zela konbentzituta bizi izan gara, lastoa eta garia aukeran jarrita jendeak gariaren alde berez egiten zuela sinetsita. Askatasuna zein aniztasuna ez badituzu defendatzen, merkatuak dena konpondu dezakeela eta aterabiderik onena merkatuarena dela sinesten bukatzen du jendeak. Pentsa, austeritate politikak iragarriz Thatcherrek “ez dago beste alternatibarik!” aldarrikatu zuenean, ezkerraren jokamolde eta pentsamolde guztia blokeatu zuen lau hitzeko esaldi batekin. Horren atzean, ordea, estrategia burutsua, dirutzak eta lana daude, ez espiritu santua.
Lau hitzeko esaldi batekin pitzatu daitezke klase sozialak?
Identitatearen politika garatuz irabazi du sistemak klase sozialen bataila. Dena dago eginda norbanakoak euren identitate pertsonalaz arduratu eta elkarrekin eraiki ahalko genukeena ahanzteko. Homosexualen ezkontza homosexualena soilik dela sinestarazten digute, etorkinen afera etorkinen kontua baizik ez dela, abortatzeko eskubidea abortatu behar dutenena bakarrik... Identitatearen politikak izugarri frenatu ditu borroka progresistak. Bestelako mundu hobe baten aukera identitatearen bidez zatitu eta pitzatzea izan da sistema neoliberalaren estrategia. Hori hala, nola ez dira aldatuko klaseak? Gure amamaren sasoian, diruak garrantzia zuen baina gaur egun duena baino askoz gutxiago. Diruaz gaindiko elementuek ere saretzen zuten klase soziala. Gaur egun, ordea, sozialki diruak jartzen zaitu zure lekuan, ez beste ezerk.
Sufrimenduaren eztandak aldatu dezake hori?
Jendeak pazientzia harrigarria du, behar baino askoz gehiago jasaten ari da. Erreboltarako, alta, elkartzeko egiturak, enpatizatzeko guneak behar dira, eta tamalez, sufritzen duen jendea biltzeko topagune eraginkorrak falta zaizkigu. Horregatik iruditzen zaie batzuei eskuin muturra dela euren minak arinduko dituen ukendua. Ez dira ohartzen desberdintasunak areagotzen duela pairamena. Izan ere, buru-gaixotasunen, suizidioen, alkoholismoaren, droga menpekotasunaren, gazteen delinkuentziaren, obesitatearen... erroan desberdintasun sozialak daude. Sufrimendua ez baita materiala soilik, jendartean zokoratua eta gutxietsia izatea ere bada. Eskailera sozialaren kontzeptua hain barneratua izateak izugarrizko kaltea egiten dio gure osasunari. Gora iritsi nahi eta ezina, eskaileran gorago daudenekiko malerus sentitzea, etengabe nork menostua izatea... Tortura hutsa da! Bazterketa sistema bat da gurea, onenak hartzen eta gainontzekoak alboratzen dituena. Horixe mundializazioaren ikur gorena. Hala, kimera da jendearen sufrimenduak politikak alda ditzakeela pentsatzea.
Bozkek alda dezakete mundua?
Hor dago Tsipras, hor dago garai batean esperantza iturri izan zen Obama... Ez dut nik esango bozkatzeak ez duela deusetarako balio, okerrenerako gonbitea litzateke. Arazoa da botoak salgai daudela. Estatu Batuetan, esaterako, aberaskiloek nahi beste diru sartu dezakete hautagaien kanpainetan zein propaganda aparatuetan, eta haragia ahula izateaz gain, patrikak beratzen du bihotza. Bozkak erostetik hasten da demokraziaren usurpazioa. Hala, politikariak merkatuaren erabakiei bedeinkazioa emateko besterik ez daude, eta bitartean, merkatuaren erabaki oro erabaki ona dela dioen doktrina zabaltzen eta sendotzen da. Izugarria da merkatuaren diktadura. Botere ekonomikoaren eragile nagusiei edozertarako eskubidea onartzen die ekonomikoki boteretsuak diren bitartean. 30 urtez lobbyak neurri eta kontrolik gabe hazten utzi dituzte, aditu batzordeetan parte hartzen dutenen %90 enpresa handietako jendea da... Ez dago miraririk, ereiten duzun ideologiaren araberako lege uzta biltzen duzu. Nork gobernatzen du? Norentzat? Zertarako behar dituzte enpresek estatuak itzaletik gobernatzeko ez bada?
Hori indartzera dator TTIP?
Enpresa transnazionalek 20 urte daramatzate jokaldia prestatzen eta aitzina jotzeko tenorea iritsi dela erabaki dute. Hala, tribunal pribatuak hobesten dituzte, legeak egin eta desegiteko aukeraren jabe egin nahi dute, enpresaren etekinak kaltetzeko moduko edozein neurri hartzen dituzten gobernuen aurkako auzibideak zabaltzeko modua izan. Aspalditik zebiltzan lotsa galduta eta disimulua galdu dute orain. Alabaina, jendea ez da tontoa, ulertu du zer dagoen jokoan eta TTIPen aurka altxa da. Hori da enpresek espero ez zutena. Bulegoetan pentsatu, bulegoetan adostu eta bulegoetan itxiko zen afera bat zela uste zuten, ez zela inor ezertaz konturatuko. Drakularekin egin zutena egitea dagokigu, banpiroa argitara ateratzea, ea horrela hiltzen den.
Egoera irauli daitekeela frogatzen du horrek?
Poliki eta pazientzia handiarekin egoera makurrena ere irauli daiteke. Bakoitzak egiten dakiena ahal bezain ongien egitea da bidea, ondokoa bere arloan zure antzeko bilaketan ari dela ohartzea, sinestarazi nahi diguten bezain aparte ez gaudela ez ahanztea. Iritsiko da indar guztiak bat egingo duten eguna. Ez da alferrik masa iritzia elur-jausien parekoa. Urteak joan eta etorri malutak elkarren gainean pilatzen dira, eta halako batean, itxuraz beste guztiak bezalakoa den maluta batek elur-jausia eragiten du. Mohamed Bouazizi-ren historiak frogatzen du inoiz ez dela jakiten noiz. Tunisiako barazki saltzaile bat zen, erabat ezezaguna. Enegarren jazarpenaren ostean bere barazkiak kendu zizkion poliziak. Baldintza horietan ezin zuenez familia aurrera atera, kalera irten eta bere burua imolatu zuen, udaberri arabiarrari hasiera emanez. Elur-jausia eragiteko hain gertakari lazgarririk behar ez izatea espero dut, baina...
Ez diezagula elurrak etorkizuna estali.
Geopolitikoki Txinak pisu handiagoa izango du, Ekialde Hurbileko etorkizuneko potentzia Iran izango da, klima aldaketak egun kolpatzen dituen eskualdeak bortizki kolpatzen segituko du, mundializazioak geroz eta jende gehiago utziko du bide bazterrean, harresiz jositako Europa militarizatu bat eraikiko da... Hori da sistemak errefuxiatuen krisiari emango dion irteera. Denok dakigu hilabete hauetako errefuxiatuen exodoa ñimiñoa dela ezagutuko dugunarekin alderatuta. Horregatik diot klima aldaketak errotik bereiziko duela mundua, euren ipurdia salbatzen ahalko dutenen eta ezingo dutenen artean. Gainera, euren ipurdia salbatu dezaketenak ere etengabe euren ipurdia salbatzera kondenatuta egongo dira, noiz arte biziraun ahal izango duten jakin ezinik. Klima aldaketari berehala adarretatik heldu ezean jai daukagu. Alferrik ikertuko ditugu ondorioak ez baditugu kausak desagerrarazten.
Norbere bizitzan, alta, badira elurra lurmendu arren desagertzen ez diren lorratzak.
Ez nintzen politizatua sortu, ez ninduten ardatz politikoen inguruan hezi, nerabe nintzela ez nion kasurik egiten politikari. Vietnameko gerrak politizatu nau, nire herrialdea hainbesteko sarraskiak burutzeko gai izateak. Behin politikoki aktibo bihurturik, han-hemenkako jende miresgarria ezagutu dut, bizitzan zer borrokatua izatea zarenari zentzua ematen dion altxor handi bat dela ohartu naiz, eta zorionez edo zoritxarrez, beti kausitu dut zeren alde borrokatua. Egun, badakit zer dagoen nire esku, badakit jakintza eta ezagutzaren artisau bat naizela, gauza konplexuak sinpleki esplikatzea dela nire ardura. Gainontzean, mundu guztia bezalakoa naiz, seme-alabak ditut, bilobak... Garai onean sortu, garai onean bizi eta okerrena ezagutu gabe hilko naiz, okerrena ekiditeko egin nezakeena eginik.
1934, Akron (Ohio, AEB)
Intelektual, idazle eta militante altermundialista. Sorbonan lizentziatua eta Pariseko goi-mailako Gizarte Zientzien eskolan doktoratua Gosearen estrategak izenburuko tesiarekin. Amsterdam Transnational Instituten sorreran partaide, Greenpeaceko administrazio kontseiluko kide ohi, Mundializazioaren Behatokiko lehendakari ohi, ATTACen sortzaile eta ohorezko presidentea da egun. 2012an, beste intelektual eta eragile sozio-politiko batzuekin batera, Roosevelt kolektiboa sortu zuen hondoratze ekonomikoa ekidin eta jendarte hobea sortzeko hamabost proposamen plazaratuz. Le Rapport Lugano, Un autre monde est possible si..., Leur crise, nos solutions eta Les usurpateurs dira bere liburu esanguratsuenak.
Bada egia handiak esateko boza altxa behar ez duen jende bat, energia transmititzeko neurriz kanpo mugitu behar ez duena. Horietarikoa da Susan George, dotorezia anglosaxoiaren eta heziketa frantsesaren arteko koktela. Elkarrizketa bukaturik, alta, siestatik esnatu berri den haurtxo batekin topo egin eta akabo heziketa frantsesa zein dotorezia anglosaxoia: mingaina ateratzea soilik falta izan zaio. Belarritik belarrirako irribarrez abiatu da hitzaldia ematera, haurtxo horrek mundu hobe bat ezagutu dezan.
Frantziako Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluak dio hiribideen berritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak barnebildu behar dituela. Betebehar hori betetzen ez duten Herriko Etxeak identifikatzeko deia luzatu die Bizi talde ekologistak herritarrei.
Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta... [+]
Metamorfosia ekologiko eta soziala bultzatzen duten alternatiben erakusleiho bat Baionan. Euskal Herria "burujabe, solidario eta iraunkorraren" aldeko ekimena ospatu du Bizi mugimendu ekologistak asteburuan, Lapurdiko hiriburuan. Parte hartze kopuruak antolatzaileek... [+]
Euskal Herria Burujabe "festa herrikoi eta ekintzailea" antolatzen ibili da Bizi! mugimendu ekologista, lurralde "jasangarri, solidario eta burujabea" osatzen duten alternatiben ezagutzeko asmoz.
2013ko Alternatiba Egunetik hamar urtera, 10.000 pertsona bildu nahi ditu Bizi mugimendu ekologistak bi egunez Baionan. ‘Euskal Herria Burujabe’ topaketak antolatu ditu urriaren 7tik 8ra, lurralde iraunkor, solidario eta burujabe baten aldarrikatzeko.
Datozen urriaren 7an eta 8an, eta Alternatiba 2013tik 10 urtera, Bizi! mugimenduak jai eta aldarrikapen giroko hitzordu herrikoi handi bat antolatu du Baionan. Helburua da Euskal Herriko metamorfosi ekologiko eta sozialerantz aro kolektibo berri bat sustatzea.
Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege... [+]
AHTren proiektua herriaren borondatearen aurka "inposatzen" ari direla salatzeko, Bizi mugimenduko ekintzaileek bi pankarta zintzilikatu dituzte Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren Kontseiluak Baionan duen egoitzatik.
Bizi mugimenduak segitzen du klima aldaketaren deiadarra jotzen eta bi ekimen abiatu ditu aste honetan. Alde batetik, hautetsiendako formakuntza proposatu du, azaro arte luzatuko dena eta, eta bestaldetik 'Txirrindiraultza' prestatua du iganderako Donibane Lohitzunen.
Jabetuko zinen, irakurle, opor aurreko azken astekarian ohar berezia zekarrela Net Hurbilek, testuaren amaieran. Pello Zubiria Kaminok sail horretako artikuluak idazteari utziko dio: “Lankide gazteago eta indartsuagoei heldu zaie txanda”, dio kazetari beteranoak... [+]
Walden Bello Filipinetako idazle, ikerlari eta antiglobalizazio aktibista ezaguna abuztuaren 8an atxilotu zuten; abuztuaren 9an fidantzapean atera zuten kartzelatik behin behinean. Focus on the Global South Gobernuz Kanpoko Erakundearen zuzendari exekutiboa da Bello, besteak... [+]
Ezpeletako gazteluko harresien inaugurazioan izan da Total energia enpresako Patrick Pouyanné zuzendaria. Ekitaldian protesta egin du Bizi! mugimenduak, enpresak larrialdi klimatikoan duen ardura salatzeko.
Klima aldaketaren eraginaz eta erabakiak hartzen dituztenak presionatzeko mobilizazio ereduez, etxebizitzaren krisiaz, justizia sozialaz eta etorkizun jasangarri baterako alternatibez ikasteko eta eztabaidatzeko kanpalekua antolatu dute Alda eta Bizi! kolektiboek.