Industria lantegiak ekaitzaren ostean

  • Ez da ezer berdin izango, ez gara itzuliko krisiaren aurreko egoerara. Baina nola eutsi dio Euskal Herriko industria sareak enbatari? Nola geratu dira gure herrietako lantegi enblematikoak? Erreportaje honetan, ibilbide eta akabera oso ezberdinak izan dituzten zazpi enpresaren eta haien langileen berri emango dugu.

Laminaciones Arreguiko langileak 2015eko urtarrilean egindako bilkuran. Auzitegietan kaleratzeen inguruko epaia irabazi ondoren, enpresaren jarrera “mendekaria” salatu dute behin baino gehiagotan.
Laminaciones Arreguiko langileak 2015eko urtarrilean egindako bilkuran. Auzitegietan kaleratzeen inguruko epaia irabazi ondoren, enpresaren jarrera “mendekaria” salatu dute behin baino gehiagotan. Argazki Press / Raul Bogajo
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Astelehen beltzik izan bada euskal ekonomiaren historia hurbilean, hori 2013ko urriaren 21a izan zen: Fagor Etxetresna Elektrikoek ordainketak eten eta langabeziara bidali zituen 1.800 lagun. “Urteko albiste ekonomikorik txarrena” zela esan zuen Eusko Jaurlaritzak. Duela justu bi urte konkurtso-prozesu odoltsu batean murgilduta zegoen Arrasateko kooperatiba historikoa. Orain, CNA holding multinazionalaren esku dago, sozietate anonimo bihurtuta. Hari batetik zintzilik geratu dira hainbaten aurrezkiak eta “birkokatuak” izan ez direnen lanpostuak.

Fagor Etxetresna Elektrikoen kasua ez da ohikoa langabeziaren aurrean erresilientzia handia izan duen kooperatibagintzaren munduan; baina argi erakusten du krisialdiaren eskala norainokoa den. Azken zazpi urteetan, enpresa kapitalista konbentzional ugaritako lantegien ateak itxi dituzte euren nagusiek. Datu bat: Araban industria-enpleguaren %30 suntsitu da 2008tik ona.

Araban multinazionalen ihesa sekulakoa izan da, zenbaitetan diru publikoa poltsikoan dutela jaso dituzte polainak gainera –Daewoo Electronics-en kasuak erakusten duen bezala–. Baina beste toki batzuetan ere eragina izan du joera horrek: Sakanan adibidez, krisiaren hasieran Arfe, Isphording eta Gamesaren itxierek piko itzela ireki zuten. Gipuzkoan berriz, industria autoktonoa izan da kaltetuenetakoa, eta Bizkaian bereziki metalaren sektorea.

70eko hamarkadaren erditik hasitako krisi eta birmoldaketa industrialaren garaian, asko izan ziren kooperatibagintzaren bidea hartu zutenak. Urte horietan Euskal Herriko industria sektoreak enpleguaren %20 galdu zuen, bada Mondragon taldeko kooperatibetan goranzko bidean segi zuen lanak. 80ko hamarkadan lanpostuei eusteko SAL edo lan-elkarte bilakatu ziren sozietate anonimoen kopurua ere handia izan zen, eta langileak enpresaren jabe izatera igaro ziren figura juridiko horren bidez.

Gaurko testuinguruan, ekonomia sozialak –eta gero eta gehiago eraldatzaileak, solidarioak…– oihartzun are handiagoa duenean, enpresa esanguratsuotako langileek irtenbide horiei ekiteko bidea itxita aurkitu dute askotan, eta ekimen txikien aldean, ez dira hainbeste halako prozesuak abiatu dituzten tamaina ertain eta handiko enpresak. Zergatik? Agian zerikusia izan dezake haien zorpetze mailak, atzerriko inbertitzaile edo kapitalarekiko menpekotasunak, edota inoiz izan den krisi konplexuenaren aurrean aurki gaitezkeela.   

Nolanahi ere, langileek, modu batera edo bestera formula anitzetara jo dute: batzuk enpresaren jabe egiten saiatu dira, beste batzuek auzitegietan heldu diote paparretik euren arazoari, baina denak aritu dira birikak bota beharrean lanpostuen defentsan. Segidan, haietako batzuen atmosfera-presioa neurtu dugu.  

Azkue (Azpeitia): lan-elkartea behetik gora

Aurretik: Altzarigintzako sozietate-anomimoa, 200 langile zituen 2008an.
Ostean: SAL edo lan-elkarte bihurtuta, 80-100 langile aurreikusten dituzte 2016rako.

Azpeitiko Urrestilla auzoan lekutua 70eko hamarkadatik, herri hartako enpresa historiko eta erreferentziala zen Azcue. Higiezinen gorakadak kilikatuta inbertsio eta kontratazio handiak egin zituen 2000ko hamarkada hasierako oparoaldian. Baina 2008an burbuila lehertu zenean problemak izaten lehenengotakoa izan zen, fakturazioa %60 jaisteraino. Lantegiaren itxiera eta berrirekitzea eredutzat dute askok, “behetik gora eginiko kudeaketaren adibide” zela esan zuen konkurtso-administratzaileak. Kaleratze gehienak adostutakoak izan dira, eta enpresa batzordeak beti izan zuen negozio ildoaren zati bat berriz martxan jartzea ortzimugan.

Bi urte, hiru lapurreta eta bi milioi euro geroago, Azkue –oraingoan “k” hizkiz– berriaren inaugurazio festa egin zuten ekainean lan-elkarteko bazkide-langileek; eurak dira enpresaren kapitalaren gehiengoaren nagusi. Urtea bukatu baino lehen 50 lagun ariko dira lanean parketak eta altzariak egiten, eta hasierako defizitari aurre egitea dute erronka nagusi.

Troquenor (Sondika): krisiaren paganoak

Aurretik: Troqueleria del Norte SA, automobilgintza enpresa, 100 langile aritzen ziren.
Ostean: Okupazio ekintza eta kanpaldi luzeen ondoren, itxita dago.

2013ko ekainaren 18an Troquenor lantegiaren hesi aurrean “Troquenor ez itxi!” oihua inoiz baino ozenago entzun zen. Barruan, aldiz, “heriotza isiltasuna” omen zegoen. Egun hartan Ertzaintzak 120 behargin kaleratu zituen pabilioitik, makinen desjabetzea eragozteko birritan itxialdiak egin ondoren: “Gu gara egoera honetako paganoak, tokirik okerrenean gaude” zioen langileetako batek ernegatuta. Hurrengo egunean berriz itzuli ziren, ateak zarratuta aurkitu arren.

Historia luze baten azkenaurreko kapitulua izan zen hura. Troquenorreko estanpagailua 2012ko abenduan gelditu zen betiko, hainbat urtetan Enplegua Erregulatzeko Espedienteak jasan ondoren. Jabeak milioika euroko zorrak zituen –zati handi bat erakunde publikoei zor zien eta beste bat langileei, likidazio fasean soldatarik ez zuelako ordaindu–. Lan-elkartea sortzeko aukera ere aztertu zuten, baina alferrik. Azkenean, Bilboko epaile batek kaleratzeak baimendu zituen, lan erreformak ekarritako gutxieneko kalte-ordainak ezarrita gainera.

Koxka (Iruñea): lehiakide zailak

Aurretik: Atzerriko inbertsio funts baten esku zegoen eta 250 langile zituen.
Ostean: Langileak jabetza eskuratzen saiatu dira, baina azkenean inbertitzaile talde batek erosi du. 2015 amaitzerako 100 lagun aritzea espero dute.

Izozkailuak egiten dituen Koxka enpresaren adibideak erakusten du zenbaitetan norbere lanaren jabe izatea ez dagoela soilik borondatearen esku, batez ere txin-txin hotsa entzuten denean.

Krisiaren hastapenetan Iruñeko Landabengo poligonoan eta Azkoienen –Kobol izenarekin– zituen lantegietako ia 300 lagun kaleratzeko espedientea abiatu zuen orduko zuzendaritzak –ELAk, ESK-k eta LABek jazarpen sindikala salatu zuten–. Epaitegiak atzera bota zuen erabakia, baina ordurako AEBetako arrisku kapital baten menpe zegoen bere etorkizuna. Honek, katamarrua gizendu ostean, zorretan itota utzi zuen enpresa –multinazionalaren ordezkariek lantegiko atzeko atetik ihes egin behar izan zuten, literalki, beharginek inguratuta zeudela ikustean–.

Gero, negozioa berriz martxan jartzeko hautagaiak aurkezteko ordua iritsi zen, eta langileek pausu bat aurrera egin zuten: SAL edo lan-elkartea sortzeko prozesua abiatu zuten 108 kidek. Haien irudikoz enpresa bideragarria baita eta horretarako plana ere egin zuten. Lehiakide gogorrak izan dituzte parean baina: zuzendari-ohi eta eskuarte handiko inbertitzaileez osaturiko taldea. Epaileak bi aukeren arteko “alde ekonomikoari” erreparatu dio eta urriaren erditik Grupo K Refrigeración enpresarentzat produzitzen hasi dira 50 langile inguru.

Laminaciones Arregui (Gasteiz): auzitegietako zeharkaldia

Aurretik: Celsa Atlantic enpresak 352 lagun kaleratu zituen 2012an.
Ostean: Bi urteko auzibidea eta gero erabakia bertan behera utzi zuen epaileak. Egun, langileek kaleratze mehatxuekin jarraitzen dute.

“Laminaciones Arreguikoen (Celsa Atlantic) borrokak erakusten du, konbentzimenduz eta zintzotasunez langileen eskubideen defentsan jarduteak merezi duela”. ELA sindikatua harrotasunez mintzo da altzairugintzako Gasteizko lantegian bizi izandakoaz. Lehenagotik makina bat mobilizazio eginak bazeuden ere, 2012an 91 lagun kaleratu zituztenean hasi zen egiazko ezpata-dantza. Greba eta negoziazioen erdian enpresak enbidoa bota zuen: edo baldintzak onartu edo 356 lankideak kalera. Lantaldea zatitzen ere saiatu zen, asanblada ilegalak konbokatuz. 2012ko uztailaren 9a gorriz markatuta izango dute askok. Egun hartan “eskirol” hitzaren esanahi osoa ezagutu zuen hainbatek lantegi atarian arrautza gorringo artean.

Asko izan dira euren egoera salatzeko langileek abiatutako ekimenak, bada Bartzelonarainoko bidea oinez egin zuenik ere, Celsa Atlantic talde katalanaren nagusiekin hitz egiteko. Baina bide luzeena eta emankorrena auzitegietakoa izan da. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Espainiako Auzitegi Gorenak bata bestearen atzetik bota dituzte atzera enpresaren erabakiak eta errekurtsoak. Urriaren amaieran, bi urte eta erdiko zeharkaldiaren ostean, Laminaciones Arreguiko beharginak Betoño poligonoko eta Urbinako pabiloietara bueltatu dira lanera, pozik, baina etor daitekeenaren aurrean adi.

Inasa (Irurtzun): hutsune erraldoia

Aurretik: Baikap arrisku-kapital enpresak erosi zuen 2010ean eta aluminio lantegiaren desegite prozesua abiatu zuen.
Ostean: Langileek herri harresiarekin babestu zuten makinaria. Gaur egun itxita dago.

Plastiko eta egurrez egindako txabolatxo batean, hotzari salda beroa hartuz egiten diote aurre Inasako langileek lantegiaren atarian. 2013ko maiatzean gaude, greba eguna. Astebete lehenago “herri harresien” aldaera laborala praktikatu zuten langile eta herritar ugarik, makinak eraman ez zitzaten, baita lortu ere.

2010ean Baikap arrisku kapital enpresak bereganatu zuenetik, Inasa pixkanaka desegiteko prozesua abiatu zuen: soldata jaitsierak lehenik, Rajoyren lan erreforma aplikatzea ondoren, 155 lagunentzako behin betiko enplegua erregulatzeko espedientea… Azkenekoa izan zen makinak internet bidez enkantean jartzea. Langileen aburuz baina, lantegia berriz martxan jartzeko inbertitzaileak bazeuden: “denbora da eskatzen duguna”, zioten behin eta berriz. Baina 2013ko abuztuko egun erre batean, urruneko multinazional batek bidalitako hiru trailer sartu ziren pabilioian Guardia Zibilaren laguntzaz, eta makinak zeuden tokian hutsune erraldoia baino ez zuten utzi.

Muebles Salcedo (Viana): kooperatiba salbazio

Aurretik: Altzarigintza enpresak ateak itxi eta 132 lagun kalean utziko zituela iragarri zuen.
Ostean: Langileek kooperatiba sortu dute eta martxan da 50 laguneko bazkide taldearekin.

60ko hamarkada amaieran, Errioxako Torrecilla de Cameros herritik Nafarroako Vianarako bidea hartu zuten 144 familiak, Muebles Salcedok lekualdaketa derrigortuta. Ia mende erdi geroago, haien ondorengo asko enpresaren jabe dira.

2008tik 2012ra bitartean Muebles Salcedok fakturazioa 22 milioitik 3,8 milioira jaitsi zuen. Enpresak kiebra jo zuenean, 49 langilek hartzekodunen konkurtsoan lehiatu eta kooperatiba osatzea erabaki zuten. Ez zen batere erraza izan: nork bere poltsikotik dirua jarri behar izan zuen –langabezia-saria kapitalizatuz–, soldata %20 murriztu eta kobratu gabekoei uko egin zieten, hipotekak eskatu zituzten, kalefakzioa erabili beharrean neoprenozko jakak erabiltzen hasi ziren… Muebles Viana SCCL izatera igaro den enpresa aurrera eramateko, funtsezkoa izan da Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen laguntza, baita Oinarri finantza erakundearen 700.000 euroko bermea ere.

TS Fundiciones (Zestoa): elkartasunaren giltza

Aurretik: Birmoldaketa plan gogorra abiatu eta likidazio fasean geratu zenean, protesta eta itxialdiak bizkortu ziren.
Ostean: Gonvarri taldeak erosi du, langile-ohiak berriz hartzeko konpromisoak adostuta.

TS Fundiciones-eko langileen pazientzia 2014ko apirilaren 29an amaitu zen: “Atzetik puskatu beharko diagu atea… Sartu barrura ahal den bezala”, zioten urduri esterilak eskuan zituztela. Bi eguneko itxialdiarekin lortu zuten ordura arteko borrokaren tonua igo eta Eusko Jaurlaritzaren arreta nolabait bereganatzea.

Zestoako Arroan dagoen Sansinenea poligonoan bi urte lehenago hasi zen TSkoen gurutze-bidea, administrazio kontseilua aldatu zenean. 2014ko hasieran enpresa likidatu eta 156 langile kalean geratuko zirela iragarri zuen zuzendaritzak. Zestoako eta eskualdeko herritarren elkartasunaz, mobilizatzeko gaitasun eta indar handia erakutsi dute TSko langileek. Horren isla dira pabilioian entzerratu zirenean kanpoaldean bildu zen herritar multzo handia, edota epaitegian enpresa ez ixteko eskatuz aurkeztutako 4.000 sinadurak. 2015eko maiatzean Gonvarri taldearen Iraeta Wind filialak irabazi zuen hartzekodunen lehiaketa eta planta berriz martxan jartzeko 5 milioi eurotik gora inbertitzeko konpromisoa hartu zuen. Albiste horrek itxaropena ekarri du Urolara, Azpeitiko Corrugadosen itxiera traumatikoa oraindik ere oso gogoan baitu askok.

“… arnasa estutzen den momentuan / hartzen da lasai arnasa” zihoen bertsolariak TS Fundiciones-en irekiera ospatzeko Zestoako plazan antolatutako ekitaldian. Baina langileek “oinak lurrean” dituztela ere garbi geratu zen: “Jarraitzen dugu ziurgabetasun berarekin, badugu inbertitzaile bat, baina bide luzea dugu egiteko, bide zailena, irekiera fase honetan ez baikara denak sartuko. Familia askorentzat drama bat izango da, langabezia bukatzen ari zaigulako”, dio ia 20 urtez TSn lanean jardundako Miguel Romerok. TSko langileen Facebookeko orrialdean, 2015eko urrian idatzitako azken-ohar lakoniko bat irakur daiteke: “Gutako askori paroa oraintxe amaituko zaigu. Ikaragarria, baina hori da errealitatea. Pentsatu behar dugu subsidioa eskatzea…”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Sunsundegui likidatu eta ixtea proposatu diote epaileari, inbertitzaile baten “eskaintza bideragarririk” egon ezean

Inbertitzailerik agertu ezean, Iruñeko Merkataritza arloko lehen epaitegiari egin dio proposamena Molins eta Andres abokatu bulegoak, Altsasuko enpresaren hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak. Dumarey Belgikako taldeak fabrika erosteko saiakerak egin... [+]


“Hezkuntza Sailak bileran guri hitzez esandakoari uko egin zion gero”

Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleen astearteko greba egunak %75eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera

Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi... [+]


2025-03-24 | ARGIA
Negoziazioek huts eginda, hezkuntza sindikatuek bost greba egunetarako deia egin dute

Hezkuntza Sailarekin hainbat aldiz bildu dira hezkuntzako sindikatuak irakasleen lan baldintzak negoziatzeko. Hitzarmena berritzea, baina, ez dute lortu, eta martxoko eta apirileko bost greba egunetarako deialdia egin diete irakasleei. Lehenengoa astearte honetan izango da.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


BSHko lantokiko sarbidea itxi dute langileek euren etorkizuna negoziatu nahi dutela aldarrikatzeko

Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]


Apirilaren 9an administrazioko langileen grebara dei egin dute sindikatuek Nafarroan

Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]


2025-03-17 | Aiaraldea
Arabako Foru Aldundia inguratu dute “Aiaraldea eskualdearen etorkizunaren defentsan”

“Beste alde batera begiratzea” leporatu diete erakunde publikoei, eta baita eskualdeko borroka defendatzea ere. 


1.500 euroko gutxieneko soldataz hitz egiteko Confebask ez da mahaian eseri ere egingo

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak iragarri du gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 20ko bilerara ez dela joango, eta gehitu du gutxieneko soldataz eztabaidatzeko markoa Espainiako Mahaia dela. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAErako gutxieneko... [+]


2025-03-13 | Uriola.eus
Correoseko langileen eskubideak eta zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko eskatu dute

“Posta publikoa eta kalitatezkoa. Eskubideen aldeko Hitzarmen eta Akordio baten alde” aldarrikapenarekin, LAB, ESK eta ELA sindikatuek lan-baldintzak eta posta-zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko mobilizazioa egin zuten atzo, hilak 12, Bilboko Eliptika Plazan.


Bost greba egun berri iragarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


“Hitzarmen duin bat lortzeko” mobilizazioak iragarri dituzte ‘Diario de Noticias de Álava’ko langileek

Lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko kontzentrazioa egin zuten asteartean egunkariaren egoitzaren aurrean. Abenduaren 2tik sindaura greban daude langileak eta mobizlizazioak "areagotzea" erabaki dute orain.
 

 


Eguneraketa berriak daude