Gipuzkoako sabaia da Aizkorriko mendilerroa, han daude probintziako gailur garaienak, tartean Euskal Herriko ezagunenetako batzuk. Paraje horixe aukeratu dugu artikulu hau, Ihesi sailak emango duen azkena, betetzeko. Proposatuko dizuegun erronka, osorik eginez gero, hamar orduko eta 40 kilometrotik gorako ibilbidea da. Norberaren esku guztia egitea, edo zati batekin konformatzea.
Oñatitik Arantzazura doan errepidea pikoa da oso. Artzaintzari egindako monumentua eta garai bateko Txopekua jatetxe historikoa atzean utzi –Uribarri auzoan, San Andres ermita ere bertan dago– eta bihurgune estu bat baino lehen dagoen Urteaga baserria pasako ditugu, Urteaga-gain edo Urtiagain izeneko muinora iritsi baino lehen. Aloña edo Gorgomenditik jaisten den gailurreria ebakitzen du muino edo lepo koxkor honek, eta beraz Aizkorriko gailurreria ertz batetik bestera zeharkatu nahi duen txangozale orok hemendik hasi beharko luke bere erasoa. Edozein kasutan, ohikoa da zeharkaldia pixka bat errazte aldera kotxez Arantzazura igo eta handik zuzenean Aloñara (1.244 m) igotzea.
Izan ere, Urtiagaindik abiatzen den xendak ez digu hankak berotzeko tarterik ere utziko; lehenengo metroetatik gorantz jotzen du etenik gabe, eta malda gogortzen joango da minutuek aurrera egin ahala. 700 metroko garaiera tartea dago Urtiagain eta gailurreriako lehenengo tontorraren, Aloñaren artean. Eta distantzia oso txikia. Jabondoko txaboletara Aloñako mendikatea iparraldetik saihestuz doan xenda utzi eta Belar gailurrerantz joko dugu, ertzetik beretik, sekulako malda gaindituz.
Behin Belar gailurrean arnasa berreskuratuta, burua jaso eta dagoeneko Aloñako gurutzea hautemango dugu parez pare, oraindik urrun, baina begien bistan dagoeneko. Belar gailurretik Aloñara dagoen tartea ere pikoa da oso, eta gailur nagusira gerturatu ahala malda zutitzen joango da gainera. Behin gailurra jota, ordea, paisaia ederraz gozatzeko aukera izango dugu eta horrek aurretik pasatako neke guztiak dezente arinduko ditu.
Aloñako gailurrean zenbait margo-ikur horirekin egingo dugu topo; Aizkorrirako zeharkaldia hor hasten dela iragartzen diguten seinaleak dira. Zenbait momentutan harritzarrak saihestu eta lasterbideak ere aurkituko ditugu, noski, aurrera egitea erraztuko digutenak. Norberak aukeratu ahal du txangoa zenbat zaildu. Kurtzezar gailurra da horren adibide: Botreaitzeko gailur nagusira bidean dagoen beste tontortxo bat baino ez da, askok bazterrera lagatzen dutena. Botreaitzeko gailurra (1.320 m), berriz, ez.
Poliki-poliki gora joango gara, paisaia geroz eta basatiagoan. Haitzezarteko leporako jaitsiera ez da makala, ezta ondorengo gailurra jotzeko igo beharreko malda ere. Gipuzkoa osoa gure oinetan dugula irudituko zaigu bidean aurrera egin ahala. Urola ibaia ere oinpean etengabe jaiotzen ari dela sumatuko dugu, Akaitz gailurra (1.312 m) utzi eta Urrabiatzako tontortxoa (1.265 m) pasata Arriurdin (1.274 m) aldera goazela. Poliki-poliki, txangoak gordetzen duen gailurrik ederrenetako batera inguratzen ari gara: Artzanburu. Aloñako mendilerrotik Aizkorriko zatira pasatzen ari gara ia oharkabean.
Biozkorniako lepoak banatzen ditu Aloña eta Aizkorriko mendilerroak. Historia oparoa biltzen duen igarobidea da, ez baita alperrik bertatik igarotzen Donostiatik Arantzazura doan ibilbide luzea, behin Ormaiztegi, Segura eta Zerain atzean utzita, besteak beste. Legazpi edo Brinkola aldetik Arantzazura joateko ere, hemendik igaroko da ezinbestean txangozalea. Amabirjin harria delako forma geologikoa eta lepoan bertan dagoen putzua atzean utzi eta Artzanburuko maldetara eramango gaituzte margo ikur horiek. Luze gabe joko dugu aipatu gailur magikoa (1.365 m). Ibilbidean estreinakoz, Urbiako zabaldia, Gipuzkoako txokorik berezienetakoa, begien bistan dugu.
Gailurreriak zorroztasuna galtzen du gune horretatik aurrera eta ez du atzera berreskuratuko Arbelaitzeko gailurrera iritsi arte. Bitartean, garrantzi txikiagoko tontor ugaritara igotzeko aukera izango dugu, baita eskuinaldeko goi-larreetatik aurrera egiteko aukera ere, harik eta Andraitzeko lepoko xenda historikoarekin bat egin eta izen bereko gailurra (1.432 m) jo arte.
Zegama aldetik Urbiara igotzeko makina bat aldiz jarraituko zuten Goierriko hamaika artzainek bide hau, oraindik ere artaldeak igo eta jaisteko erabiltzen dena. Dagoeneko udazkenean bete-betean sarturik gaudela kontuan hartuz, Urbian oraindik dauden artaldeei ez zaie Andraitzeko pasabidean barrena bailarara jaisteko denbora askorik geratzen... Iraun dezatela, etorkizunean ere, aspaldiko usadio zaharrek!
Artzanburuko gailurra atzean utzi dugunetik, begietan harturik dugu Arbelaitzeko tontorra (1.525 m), 1.500 metrotik gora zutitzen den gailurreriako lehenengoa. Ikusgarria da bertara igotzeko jarraituko dugun xenda, tarteka harkaitz artean galtzen dena. Eta are ikusgarriagoa, segidan bata bestearen atzetik tontorrak kateatzen goazen heinean jarraituko dugun ertz zorrotza. Iraule (1.515 m), Aitxuri (1.551 m), Aketegi (1.549 m) eta Aitzabal (1.512 m) gailurrak lotuko ditugu, harkaitz artean hegan goazen neurrian, tartean Gipuzkoako sabaia ere joko dugularik Aitxurin. Aizkorriko tontorra (1.531 m) da azken geltokia, mendilerroko gailurrik ezagunena eta Euskal Herriko mendirik bisitatuenetako bat.
Udazkenaren ondoren negua etorri ohi da, eta urtaro horretan erabat antzaldatuko du Aizkorrik bere itxura: Pirinioetako gailur handi horietako bat bailitzan, elurrak estaliko dizkio ertz eta isurialdeak. Makina bat mendizale eta eskiatzaileen paradisu bilakatuko da orduan, eta iparraldeko aurpegiak gordetzen dituen kanal famatuek dei egingo diete elur izoztuan euren trebetasuna erakustera ausartzen diren horiei.
Neguko kontuak izango dira horiek, baina. Guri, orain, Aizkorriko gailurra utzi eta txangoari jarraipena ematea dagokigu. Ibilbidea borobiltzeko, Aratz aldera joatea proposatzen da, horretarako Sancti Spirituko bidetik edo Kalbariokotik San Adrian aldera jaitsiz. Edonola, 500 metro inguruko garaiera galtzea tokatuko zaigu, ondoren 400 metro irabazteko.
Txangozaleak erabaki beharko du horren gisako ahalegina egiteko indarrik duen oraindik, segidan Urtiagainera itzuli beharko duela kontuan hartuz. Aratzera (1.444 m) igotzeko aukera eginez gero, erabat asebeteko gara. Aizkorri baino askoz mendizale gutxiago erakartzen dituen gailurra izanagatik, edertasun ikaragarria duen parajea da, are gehiago udazkenean, berau inguratzen duten basoak gorritzen hasten direnean.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiko margo-ikurrak segituz Aratzarte lepora jaitsiko gara segidan, Aratz mendiaren hegoaldeko aurpegia inguratu eta Askosaroiko txabolara iristeko. Txoko zirraragarria benetan. Belazea zeharkatu eta pagadian sartuko gara berriz ere. Portugaineko lepotik Askiola aldera joko dugu, basotik atera gabe ia. Gailur apal bat baino gehiago igotzeko aukera izango dugu bidean goazela, Burgalaitz (1.289 m), Pinpil (1.279 m) edo Peruaitz (1.222 m) kasu. Zerrenda nahi adina luza dezakegu, hainbat eta hainbat tontortxok osatzen baitute Aizkorri-Aratz parke naturala, zeharkatu dugun gailurreria nagusiak dituen tontorrik garaienez gain.
Txangoa ez da amaitu, ordea. Oraindik ez gara Urbiara iritsi, artzaintzaren eta euskal mendizaletasunaren txokorik kuttunenetako batera, alegia. San Adrian aldetik gatozela Kalparmuinotik pasako den bide nagusia jarraitu beharrean Oltza aldetik joatea ere posible izango dugu. Modu batera edo bestera, Urbiako ostatu famatura iritsi eta bertan indarrak berritzeko aukera paregabea izango dugu, ibilbidearen azken zatiari ekin aurretik.
Kilometroak falta dira oraindik Urtiagaineraino. Iferrutzeko lepoa igaro –tartean Enaitz gailurra igotzeko aukera– eta beherantz egingo du bideak, Eskistako aterpera lehenengo eta Duruko txaboletara ondoren. Arantzazuko bidea bazterrera utzi eta Aloñako gailurrak beheko aldetik saihesten dituen pista segituko dugu, ordu batzuk lehenago pasa dugun Belar muinora iritsi arte. Maldan behera aurretik egindakoa desegitea baino ez zaigu faltako Urtiagainera iristeko: nekatuta baina zoriontsu.
Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Irungo Landetxa auzoko pala txapelketa mistoan, hogei bikotetik bakarra da emakumeek osatua, 40 lagunetik bi baino ez dira emakumeak: Idoia Karrera eta Loiola Zuazu. Lehiaz, txapelketa misto eta ez mistoen arteko aldeez eta joko-mailaz mintzatu gara haiekin. "Emakumeok... [+]
Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka... [+]
Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera ere... [+]
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.