Bi pertsona, bakoitza bere ordenagailuaren aurrean, ez dute elkar ezagutzen eta kosta egiten zaie elkarrizketa luze bat mantentzea. Euskara dute lotura, batek praktikatzea eta besteak ikasten ari denari laguntzea. Munduaren alde banatan daude baina Mintzanet proiektuak ezagutarazi eta batu ditu. Hurrengo astean berriro “elkartuko” dira, konfiantza gehiagorekin hartaz eta honetaz mintzapraktika egiteko.
Duela hainbat urte martxan jarri eta hain arrakastatsua izan den Mintzalagun proiektua (lekuaren arabera Berbalaguna, Berbalapiko, Mintzakide… deitua) abiapuntutzat hartuta sortu zen Mintzanet 2012. urtean. Zein berritasun ekarri zuen? Bada, mintzapraktika saioak internetez egitea, hau da, espazio fisiko berean egon beharrik gabe eta taldean batu beharrean –Mintzalagunan egin ohi den moduan– elkarrizketak bakarkakoak izatea.
Horri esker, Argentinan dagoen euskaldunak Portugaleten dagoenarekin hitz egin dezake eta Adunan dagoenak Uztaritzen dagoenarekin. Webcama eta ordenagailua edo mugikorra, eta “bidelagun” eta “bidelari” izateko gogoa besterik ez dute behar. Horrela bereizten dira Mintzaneteko erabiltzaileak: bidelariak euskara praktikatu nahi dutenak dira eta bidelagunak hauei laguntzen dietenak. Lehenengoei A2 edo B1 maila eskatzen zaie euskaraz elkarrizketa bermatu ahal izateko; bidelagunei dagokienez, “ez da gramatikarik edo hitzak nola idazten diren jakin behar”, dio Ainara Loiarte programako koordinatzaileak.
Erabiltzaileek emandako datuen bidez egiten dituzte bidelagun eta bidelari bikoteak: “Normalean bakoitzak aukeratutako ordua eta eguna hartzen dira kontuan, baita adina ere kasu gehienetan”.
Esan bezala, duela hiru urte sortu zen proiektua, Donostiako Udalak Maramara taldeari Mintzalagunen sareko bertsioa egiteko eskatu zionean. Ordutik 800 pertsona inguruk eman dute izena eta gaur egun 300 erabiltzaile inguru dira. “Iaz, esaterako 2.500 saio egin ziren Mintzaneten bidez eta zenbakiak hazten ari dira”, zehaztu du Loiartek.
Hauek dira gaur egun dituzten datuak: erabiltzaileen %65,26 dira EAEkoak (%37,01 Bizkaikoak, %6,49 Arabakoak eta %56,49 Gipuzkoakoak); %4,24 Nafarroakoak; %5,08 Ipar Euskal Herrikoak; %5,51 Espainiakoak eta %19,91 beste atzerrietakoak. Emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino, %59,32 lehenengoak eta %40,67 bigarrengoak.
Proiektuarekin bat egiteko arrazoiak hainbat izan daitezke baina astean behin gelditzeko astirik eza, ordutegi arraroa izatea, atzerrian edo inguru ez euskaldunean bizitzea edo etxetik aritzea erosoagoa iruditzea aipatu ditu Loiartek.
Arduradunek diotenez, “adinak ez du mugarik” eta Mintzaneten 17 eta 89 urte bitarteko pertsonek hartzen dute parte. Azken hilabeteetan adinekoen egoitzatan aurkitu dituzte bidelagunak: “Azpeitian proiektua aurkeztu genuenean bertako egoitzakoek esan ziguten ea zer irudituko litzaigukeen bi egoiliar parte hartzen hastea. Ideia ona iruditu zitzaigun eta aurrera jarraitu genuen”.
Ordutik beste hainbat lekutan jarri dute martxan egitasmoa: Donostiako Zorroaga, Berra eta Villa Sacramenton; Hernaniko Santa Maria Magdalenan, Errenteriako Jesusen Bihotzan eta Bergarako Mizpirualden. “Gure adinekoek euren denbora eskaini dezakete besteei euskara praktikatzen laguntzeko eta bide batez, eurentzat ere parte hartzea baikorra dela iruditzen zaigu, leiho zabal bat irekitzen baitzaie eta dauden lekutik mugitzeko beharrik gabe gainera”, azaldu du Loiartek.
Beste erakunde batzuekin ere baditu hitzarmenak Mintzanetek, hala nola, Euskal Herriko Unibertsitatea, Etxepare Institutua, Topagunea, AEK eta abarrekin. Hortik ere lortzen dituzte erabiltzaileak eta aurrerantzean bidelariak eta batik bat bidelagunak lortzea izango da haien helburua, jendea itxaron zerrendan baitago bidelagunen bat aurkitu zain.
Lantzen ari zen proiektu pedagogiko bati esker ezagutu zuen Mintzanet Maddalen Antuñano portugaletetarrak. “Proiektua euskararen irakaskuntzara bideratua zegoen eta ahozkotasunari garrantzia eman nahi nion”, dio. Egitasmoa ezagutzen joan ahala “oso interesgarria eta beharrezkoa” iruditu zitzaion euskara teknikari lanetan hasi berri den 23 urteko gazteari.
“Euskara praktikatu eta hobetu nahi duten pertsonei laguntzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Bidelariek duten motibazioa da egitasmo hau aurrera daramana eta Mintzaneten parte txiki bat izatea nahikoa da motibazio hori elikatzeko eta euskarari pixkanaka-pixkanaka indarra emateko”, dio. 2015eko martxoan hasi zenetik bidelari berarekin aritu da: “Hilean birritan konektatzen gara ordubeteko elkarrizketa izateko”.
Euskara praktikatzeko erraztasun asko ematen dituela iritzi eta aurrerapen handitzat du Mintzanet. “Hezkuntza formaletik at, hainbat gai jorratzeko aukera ematen du, ahozkotasuna bereziki landuz”, gaineratu du. Baina ez hori bakarrik, “euskara aitzakia izanik, harreman berriak sortzeko aukera ere ematen du”.
Argentinan, Buenos Aires probintziako Tandil herrian jaioa da Maria Cecilia Cenoz informatikaria. Aitona zuen euskalduna, Nafarroako Muskitz herrikoa, eta haren hizkuntza zelako hasi zen euskara ikasten Tandilgo euskal etxean. “Gero online kurtso batean jarraitu nuen eta azkenean Maizpide euskaltegian sei hilabete pasa ondoren 2. mailako azterketa gainditu nuen”.
Bere ikaskideekin egiten zuen euskaraz, baita euskal etxean ematen zituen klaseetan ere. Gaur egun Euskara munduan programako tutore da eta horrek eman dio euskaraz aritzeko aukera, “baina Mintzaneten parte hartzea desberdina da, webgune honetan nire euskara hobetzen dut bidelari eta bidelagunekin”.
2013an hartu zuen parte lehen aldiz proiektuan: “Nire asmoa bidelari izatea zen baina momentu hartan ez zegoen nire ordutegian bidelagunik, beraz, bidelagun izaten hasi nintzen. Lehenengo mintzakidea Lourdes Erquicia izan zen eta oraindik jarraitzen dugu saioak egiten”. Hiru bidelarirekin aritzen da, batekin astean bitan eta beste biekin astean behin. Eta hasieran ezin izan zuena lortu berri du: hilean behin bera izango da bidelari.
Eguneroko gaiez aparte, euskarari buruz hitz egiten dute. “Normalean Euskal Herriko jendeari arraroa iruditzen zaio nire eta diasporaren kasua”, dio. Eta aldi berean, hemengoarekiko jakin-mina asetzen du: “Horko jendearekin harremanetan jartzea oso interesgarria da guretzat Euskal Herriko berriak jasotzeko, eta gure arbasoen idiosinkrasia ezagutu eta nor garen jakiteko”. Bertakotu egiten ditu Mintzanetek: “Hor egotearen sentsazioa ematen dit. Ez dakit nola esan baina bi herriren artean bizi naiz. Txikitatik beti esaten dut euskalduna naizela eta orain gero eta gehiago, euskara hitz egiteagatik ez dago zalantzarik euskalduna sentitzen naizela”.
Nafarroako Zarrakaztelu herrikoa da Raul Alfaro eta herriko kooperatiban egiten du lan. Ez du zehaztasunez gogoratzen noiz hasi zen Mintzanet proiektuan baina ia hasiera izango zela dio, “orain dela bi urte eta erdi edo”.
“Irakasle bati esker ezagutu nuen proiektua. Nire herrian euskaltegirik ez dagoenez, Tafallan (etxetik ordu erdira autoz) hasi nintzen ikasten. Taldea desagertu zenez, Orbaibarren –urrunago– hasi nintzen eta hau ere desagertu zenez, autoikaskuntzarekin hasi nintzen”, azaldu du. Orbaibarren eta autoikaskuntzan irakasle bera izan zuen eta hark gomendatu zion Mintzaneten parte hartzea. “Euskaraz mintzatzeko oso aukera gutxi nuen herrian, horregatik animatu nintzen. Webcam-a espresuki erosi nuen”, dio.
Mintzanet interneten euskaraz aritzeko falta zen proiektua da berarentzat. “Euskara ikasteko kilometro asko egin ditut dirutza ordainduz. Orain, Mintzaneti esker, etxetik eta dohainik egin ahal dut”.
Hasieran astean bitan hitz egiten zuen bere bidelagunarekin eta gaur egun astean behin. Harekin duen harremana goraipatu du Alfarok: “Oso polita eta berezia da. Aurrez aurre ezagutzen dugu elkar eta oso hunkigarriak izan dira gure topaketak. Bi topaketa egin ditugu eta biak ederrak. Zaila da azaltzea zer sentitzen den, bizi behar da”.
Beste bide batzuetatik baina Alexander Ezeiza berak ere euskara ikasi behar izan du. Ikasi baino, berrikasi. 86 urte ditu eta hauetako ia 60 Amerikako Estatu Batuetan pasa ditu: “Joan nintzen 1945ean eta etorri nintzen 2004an, ia 2005ean”. Han euskaldunak baziren garai hartan, “ezagutu nuen Lapurdiko bat, Nevadan artzaina izana. Gure euskarak berdintsuak dira baina ez ginen oso ondo ulertzen. Eta nik batere irakurri gabe, ez aldizkaririk ez libururik, dena ahaztu nuen”, azaldu du.
Beizamakoa da jaiotzez baina egun Donostiako Zorroaga zentroan bizi da. Kaputxinoa zela lagun errenteriar bat egin zuen –Xalbador Zapirain– eta Ameriketatik itzultzean hartaz galdetu zuen. Hila zela esan zioten ordea. “Liburu asko idatzi zituela esan zidaten, liburutegian bilatu nituen eta denak irakurri euskara ikasteko”.
Gaur egun bera da ordenagailuaren aurrean jarri eta besteei laguntzen diena: “Hasi nintzen jendeari laguntzeko hitz egiten, aukera izateko euskaraz hitz egiteko. Eta nik ere bai”. Murgiakoa du bidelaria eta astean behin hitz egiten dute. “Hark euskaraz ederki egiten du, ze orain euskara ikasten dute eskoletan baina ez dute hitz egiten kalean eta etxean. Gure denboran dena euskaraz egiten genuen”.
“Eta euskaraz egiten badugu?” lelopean, hasi da dagoeneko, Mintzapraktikako izen-emate kanpaina Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Beraz, ikasturte osoan zehar, zaletasun ezberdinen bueltan euskara praktikatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.
1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.
11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.
Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.
AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.
Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]
85 gehiago gara. 85 izen-abizen. 85 etxe. 85 dira hemendik aurrera euskara ofiziala ez den eremuetan euskara ikasten ari diren lagunengana doan bidaliko ditugun aldizkariak. Ipar Euskal Herriko, Nafarroa erdiko eta Trebiñuko 85 pertsonak baliatu dute aukera –
Gau eskolatik plazara, plazatik oihan-zolara, oihan-zolatik mazeletara, mazeletatik mendi-kaskora, mendi-kaskotik uhinetara… euskara zabaltzen ari gara”. Azkaingo AEK-ko ikasleen bloga. Hori da ARGIAn sortu zaharra ez den blog berriaren aurkezpena. Azkaingo gau... [+]
"Milaka lagunek erakusten duten gogoari segika, EUSKARA hitza nabarmendu dugu kanpainaren euskarri grafikoetan, euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko", azaldu dute AEK-ko kideek, matrikulazio kanpainaren... [+]
Euskal kulturaren transmisioa izango du ardatz, eta 23. Korrika kulturalean aurkeztuko dute diziplina eta artista ugari uztartuko dituen proiektua. Halere, emaitzan baino, bidean jarri dute fokua: hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi gisa aurkeztu dute #badon.
Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.