Martxoan argitaratu zuen Diana J. Torres (Madril, 1981) ekintzaile eta artista feministak Coño Potens liburua, Txalaparta etxearen eskutik: aluen ahalmenari, prostatari eta isuriei buruzko lana. Urte askotako jardunaren fruitu, emakumeok geure gorputzez luzaroan ikasitako gezurrak deseraikitzeko saiakera da, geure buruak bestela programatzekoa, jakintza taldean partekatu eta eiakulazioaren maila politikoa deskubritzekoa.
Urtemugako opari bati esker jarri zen guztia martxan: izan ere, hori baino lehen, Diana J. Torresek pentsatzen baitzuen txiza zela larrua jotzen zuenetan hankartetik turrustan ateratzen zitzaiona. Izara ilunen sorta bat izan zuen mugarri. Hala ohartu zen likido hark beste zerbait behar zuela izan, marka zurixka laga zuelako oihalean eta usain oso apala zeriolako, gernuarena ez bezalakoa. Ezustekotik abiatuta eta jakin-minari tiraka, emakumeen sexualitatearen bueltako beste misterio bat deskorapilatzeko ikerketa-bide luzeari ekin zion madrildarrak. Orduz geroztik hamar urte joan dira, eta denbora luze horretan hala bere kasa nola beste emakume batzuekin bizipenak partekatuta bildutako jakintza guztia ekarri du plazara.
Abiatzerako, garbi uzten ditu bere helburuak Torresek: aludunek eduki badaukaten ahalmen bat argitara ematea du asmo, andreek ere badutela prostatarik, alegia, eta ondorioz, eiakulatzeko gaitasunik. Torresek ez du frustraziorik sortu nahi, ordea, eta esan badio: eiakulatzen ez baduzu ez du esan nahi zure orgasmoak eskasagoak direnik. Ezta ere, eiakulatzeak feministago edo ahaldunduago bilakatzen zaituenik. Gakoa da gaitasun hori hor dagoela jakitea. Batez ere, plazer politikoa dakar: batetik, Mendebaldeko kulturak emakumeen sexualitateari buruz dioena zalantzan jartzen du, hots: andreen sexua diskretua dela, txukuna, polita, atzemanezina, eta oroz gain emozionala, barruranzkoa. Gainera, andreok ere prostata baldin badaukagu, bi sexuen artean hain zurrun ezarritako aldeak areago lausotzen dira, eraikuntza kulturalaren zimenduak agerian jarriz.
Mendebaldea aipatzen du Torresek, eta ez da kasualitatea. Maindireen pasadizoaren ostean, 2005ean, informazio bila hasi eta lugorria baino ez zuen aurkitu irudika zitzakeen informazio-iturri fidagarrienetan, ikasitako logikak aginduko lituzkeen tokietara jo zuen-eta: sendagilearenera eta medikuntza-liburutegiko ginekologia atalera. Ezer gutxi aurkitu zuen. Medikuak, txiza behar zuela-eta, urologoarenera joateko iradoki zion. Bestalde, ginekologia-liburuetan egiaztatu zuenez, erreprodukziorako balio ez duten emakumeen sexu-organoak bigarren mailakotzat jotzen dira, osagarritzat. Hor ere, gauza handirik ez.
Amore emateko gogo-izpirik gabe, Torresek pentsatu zuen ikuspegi horrek ezin zuela unibertsala izan, ezinezkoa zela mundu zabaleko kultura guztiek europarraren bide beretik jo izana gai horri zegokionean, hau da, errepresioaren eta ukoaren bidetik. Kultura hinduan aurkitu zuen oasiaren lehen errekastoa: Ananga Rana izeneko testua. Bertan, kama-salila aipatzen da, pasio-ur edo bizitza-ur gisa itzul daitekeena: emakumeek zein gizonek sexu jardunean kanporatzen duten likidoa.
Honezkero, askok galdetuko zenioten zeuen buruari ea zelan demontre den posible andreek ere prostata edukitzea eta horren berri inon ez agertzea. Egia esatera, horri buruz badago zerbait idatzia, bestelako izenez esaten bazaio ere: Skeneren guruina (2004an onartu zuen emakumeen prostata izendapena Terminologia Anatomikoko Nazioarteko Batzordeak, baliokide gisa).
Beraz, ikerketarekin aurrera jarraitu eta Alexander Skene sendagile eskoziarraren berri izan zuen Torresek. Ginekologiaren aitzindari garrantzitsuenetakotzat hartzen da, eta 1888an aipatu zituen guruinaren bueltakoak, Treatise on diseases of women (Emakumeen gaixotasunei buruzko tratatua) obran. Behin baino gehiagotan dio gizonen prostataren antz handia zuela guruinak; hala ere, ez zuen bien arteko oinarrizko loturarik egin, eta bere abizena emanda, errotik ezberdin bihurtu zituen, ia-ia gaur eguneraino iritsi den ondarea sortuta.
Coño Potensek dakarrenez, Ernst Gräfenberg zientzialariak ere sakon jorratu zuen emakumeen eiakulazio eta prostataren gaia. 1950ean argitaratutako artikulu batean, kalapitarik ez sortzeko itzulinguru eta zehar-xendra linguistiko ugari baliatuta, gizon eta andreen barneko sexu-organoen arteko antzekotasunak azpimarratzen ditu, eta esaten du badagoela andreek larrua jotzean erruz kanporatzen duten likido bat, orgasmora heltzeko unean eta ondoren, eta ez dela gernua, eta ez dela lubrikaziorako aproposa ere, horrela balitz lehenago aterako litzatekeelako.
Prostata terminoa erabiltzearen aldekoa da Torres. Funtzio bertsuak eta antzeko kokapen eta neurriak izanda, zentzugabea deritzo bi izen erabiltzeari, andre eta gizonen gibela ezberdintzen ez den bezala: “Nire lanaren helburuetako bat da generoen teoria biologizista suntsitzea, hortaz, kontraesana litzateke geure prostatari beste izen bat ipintzea”. Era berean, eiakulazio hitza baztertzeko espermatozoideen presentzia jarri ohi da aitzakia, alegia, emakumeen isuri likidoan ez dagoela horrelakorik. Torresek horren aurka ere argudiatzen du: espermatozoideak ez dira prostatan sortzen, barrabiletan baizik, hortaz beren eiakulazioak garraiatu baino ez ditu egiten.
Azkenik, Klau Kinki ekintzailearen Anarcha Gland (Anarcha guruina) proiektuaz ere badihardu autoreak. Ekimen horren asmoa da beste izen batzuk proposatzea, andreen gorputzak ginekologiaren historia kolonialista latzetik askatzeko. Izan ere, Skeneren aitapontekoak, J. Marion Simsek, AEBetako andre esklabuei pairarazitako ehunka ebakuntzen bitartez ikasi zituen gerora zientzia bihurtutako hainbat gauza. Tartean, espekulua diseinatu zuen. Esklaboetako batzuei omen egitea du helburu Kinkiren ekarpenak, anarchagland.tumblr.com webgunean bildu duen moduan.
Emakumeen sexualitate eta plazerari lotuta iragan mendean gertatutako informazio-iraultza nagusienetako bat G puntua izan zen, Gräfenberg medikuaren omenez horrela izendatua. Torresek kritika gogorra egiten dio “aurkikuntza” horri, atzerapauso handia izan zelakoan. Arrazoiak: batetik, juxtu feministak aldarrikatzen hasiak zirenean klitoria zela andreei plazera ematen zien sexu organoetako gune nagusia, sexualitate falozentristari (zakila erdigunean ipintzen duenari) ikaragarri ondo etorri zitzaion bagina barruko orgasmoaren aukera agertzea, plazer egokiaren aukera bezala, gainera. Bestetik, jende askok denbora eta energia ugari xahutu du balizko puntu magiko horren bila. Zaila izango dute aurkitzea, ez baita puntu misteriotsu bat, ez bada organo zehatz bat. Bagina barruko balizko orgasmo hori lortu ezinak frustrazio handia sortu dio emakume askori, beste behin sentiaraziz ez zirela behar den modukoak, frigidoak zirela.
Desinformazioaren lugorriari, jakintza partekatu eta autokudeatua. Horixe da Torresen apustua. Hain zuzen, jakintza hedatzea lortu nahi du liburuarekin eta orain arte azaldutakoaz gain, bestelako datu erabilgarriak ere aipatzen ditu: osasun-arloko balizko arazoak, organoaren kokapenari buruzko argibide zehatzak, aurkitu eta estimulatzeko moduak, tailerretan jasotako testigantzak… MagnaFranse artistaren ilustrazio ederrak ere (magnafranse.tumblr.com) baditu obrak, eranskin modura.
Amaitzeko, andreen prostata eta eiakulazioari buruzko gune online bat sortzeko proposamena ere luzatzen du. Eraikitze-bidean dago webgune hori (yeswecum.org), baina aurrerantzean bertan aurkitu ahal izango dira liburuko bibliografia-erreferentzia asko, deskargatzeko gertu. Auzolanean eraiki nahi du Torresek, eta deia zabaldu du, gaiari buruzko xehetasunik duenak e-postaz bidal diezaion.
Zer dela-eta hasi zinen eiakulazio-tailerrak egiten? Zer-nolakoak dira?
Jakintza partekatzeko aukera paregabea dira tailerrak. Jendeak bertara jotzen du, aurrez ere gaiarekiko interesa baitzuten, informazioa jasotzeko, eta are garrantzitsuagoa dena, bere bizipenen berri emateko, bestelako datuak helarazteko, ikerketa-ildoak iradokitzeko, eta abar. Eiakulazioari buruz bildutako informazioa beste batzuekin konpartitzeko gogoa neukan, eta hortik sortu zen tailerrak egiteko ideia; azken batean, informazioa neuretzat bakarrik gordetzea ez zen oso etikoa izango, eta feminista ere ez. Pentsa, zuk zerbait dakizu, andre pila bati lagungarri gerta dakiokeena beren gorputz eta sexualitatean gertatzen diren zenbait gauza okertzat hartzeari uzteko, eta ez duzu horren berri ematen. Izugarria litzateke, ezta? Neure ikerketaren ondorio nahiko naturala izan zen tailerrak egiten hastea.
Irudi batzuk erakusten ditut eta nire ikerketaz hitz egiten dut. Ondoren, solasaldia egiten dut bertaratutakoekin. Gehien-gehienetan andreak izaten dira, baina sarritan gizonak ere etorri izan dira, bikotekidearekin.
Zer ikasi duzu tailerrei esker?
Ikasi dut informazioa edozein tokitan egon daitekeela eta arrasto txiki bat baino ez dela behar, zantzu bat, horri tiraka egia aurkitzeko. Baita ere, ikasi dut taldean gehiago elkartuko bagina aho-bilorik eta beldurrik gabe geure sexualitateaz hitz egiteko, askoz boteretuago egongo ginatekeela eta geure mundua oso bestelakoa litzatekeela. Nire ustez, sorginak erre zituztenean norbere ezagutzaren praktika osasungarri hori ere deuseztatu zuten.
Aluen eiakulazioa pornoterrorismo mota bat al da?
Pornoterrorismoa ulertzen badugu sistema patriarkal zapaltzailearen aurkako erantzun edo mendeku gisa, ba orduan bai. Hala ere, eiakulazioa bera bainoago, iruditzen zait mendeku onena zera dela, ahalmen hori existitzen dela jakitea, ohartzea badagoela eiakulazioa sortzen duen organo bat. Mendeku onena da informazio hori partekatzea eta ahalik eta gehien hedatzea.
Liburua aurkezteko bira handi bat egin duzu Espainiako Estatuan. Zelan joan da?
Niretzat liburu bat idaztea beti dago lotuta hartzaileekiko harreman zuzenarekin, bai behintzat ahal den heinean; izan ere, sekula ikusi ez ditudan pertsonek irakurtzen dituzte nire liburuak. Era berean, egin nuen bira hori –20 hiri inguru, hilabetean– bide aproposa izan zen saretuta gauden eta elkar-aliantza bat daukagun pertsona eta talde feministekin berriro topatzeko, geure arteko loturak sendotzeko. Esperientzia itzela izan zen eta indar asko eman zidan feminismoaren alde borrokan jarraitzeko. Argi geratu zait sare oso boteretsua garela, energiaz betea.
Seguru asko, bateren bat etorriko zitzaizun errezeloz, andreen prostataz eta eiakulazioaz ari zarelako. Zer esaten diezu eta zer esango zenieke?
Ba, egia esatera, ez dut horrelako jendearekin topo egin. Pornoterrorismo [Txalaparta, 2011] argitaratu nuenean bezala, etsaia ez zen sekula agertu nirekin bertatik bertara hitz egitera. Ez dira sekula tailer edo aurkezpenetara etortzen; uste dut, besterik gabe, ez daukatela zeresanik, edo dena delakoa esateko ausardia falta zaiela, bestela. Eta zer esango niekeen? Ba liburua irakurtzeko! Kar-kar-kar.
Performer lanetan ezagutu zintugun askok, baina azkenaldian bazter utzia duzu, ala?
Bai, performancea utzi dut. Ez dakit behin-behinean ala betiko. Oholtzan hamabi urte egin ostean nekatuta nago, ez nabil hasieran bezain gogotsu eta nahiago dut energia beste gauza batzuetarako baliatzea, adibidez, performance-tailerrak emateko. Komunikatzeko eta borrokatzeko tresna eraginkorra da performancea, eta horri buruz dauzkadan ezagupenak baliotsuak dira, nik jarduna utzi badut ere.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
Xumea, alaia eta energia handikoa da Olga Garate (Iruñea, 1964). Bizikletan ibiltzea dauka pasio eta familia da bere lehentasuna. Erizain laguntzailea da, eta lana “izugarri” gustuko duen arren, behin betiko lanerako ezintasuna eman diote, minbizi kronikoa... [+]
Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]
Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]
Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez,... [+]
Lehen aldiz, ikerketa bat egin dute tanpoiek metalak ote dituzten ikusteko. Izan ere, metal batzuk toxikoak dira, baina AEBetako, Europako eta Erresuma Batuko legediek ez dute horri buruzko araudirik.
Kirol ugari egin ditu Mercedes Ortega Barrenak (Bilbo, 1967); hala nola atletismoa, paddel surfa eta orain arrauna. Hondarribiko HS2 Surf Center eskolako Dragon Boat taldeko kidea da. Batik bat minbizia duten edo izan duten emakumez osaturiko taldea da. Barrenak nabarmendu du... [+]
Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]
Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]
Batzuentzat ikusezina eta sinesgaitza bada ere, fibromialgia existitzen da, eta berrehun sintoma baino gehiago daude gaitzari lotuta. Horietako batzuk jasaten ditu Edurne Iribarrenek (Otsagabia, Nafarroa, 1954) eta nabarmendu du eragin “handia” dutela egunerokoan:... [+]