1983ko urriaren 16a. Joxean Lasa, Joxi Zabala eta Ramón Oñederra Kattuk elkarrekin afaldu zuten. Oñederrak ez zekien lagunak ez zituela gehiago ikusiko, gauerdi aldera bahitu zituen GALek eta egunetan torturatu ondoren Alacanten hil eta ehortzi zituzten. “Hurrengoa ni izango naiz”, esan zien ingurukoei.
Bera ere jarraitzen zutela ohartua zen 23 urteko Oñederra gazteak lagunen desagerpenaren berri jakin ondoren. Abenduaren 19ko arratsaldean hil zuten tiroz tabernari lanetan ari zen Baionako Kaietenea ostatuan. GALek bere gain hartu zuen lehen hilketa zen.
Azkoitiko Kale Nagusian bizi dira bere gurasoak, Pruden Oñederra eta Arantza Bergara. 32 urte pasatu dira semea galdu zutenetik: “Galantak pasa ditugu. Min hori ez da behin ere pasatzen”, dio aitak begiak umelduta. “Eta gainera, ez dute pasatzen laga, beti dago zerbait, terroristak direla eta halakoekin”, gehitzen du amak.
Herriko xake taldean aritzen zen Ramón gaztea Ipar Euskal Herrira ihes egin aurretik eta hil zutenetik urtero egiten diote omenaldia herrian. Mina ez da baretzen, baina omenaldia ukendu goxoa da urtero, ez dute esaten haiek, baina nabari zaie hartaz jardutean: “Urtero egin izan da xake txapelketa eta guk banatu ohi ditugu sariak”, dio aitak harro.
Ez da erraza etengabe semearekiko sentimenduak gogora ekartzea, baina buruak samur egiten dio atzera aitari: “Hil ondoren Azkoitiara ekarri behar genuen gorpua, bide nagusitik herriz herri. Hala izan zen mugara arte eta jende askok egin zion azken agurra semeari, baita Donibane Lohizunen bidera aterata Monzonen [Telesforo] emazteak ere [Josefa Munoa]. Mugara iritsi, aldiz, eta Guardia Zibilak bahitu zuen gorpua eta Azkoitiraino ekarri”.
GALek hartu zuen bere gain hilketa, Espainiako Justiziak ekin zion auzia ikertzeari, baina ezertara iritsi gabe. 1995ean ireki zen Oñederra auzia Auzitegi Nazionalean eta Baltasar Garzón epaileak bideratu zuen. Espainiako segurtasuneko hiru goi kargu egon ziren inputatuak, beste askoren artean: Enrique Rodriguez Galindo, Andrés Cassinello eta Emilio Alonso Manglado. Baita Intxaurrondoko kuarteleko Felipe Bayo eta Enrique Dorado guardia zibilak ere. Lehen hirurak 2002an utzi zituen auzitik kanpo Auzitegi Nazionalak eta urtebete ondoren auzia artxibatu zen, epailearen aburuz inoren aurkako froga sendorik ez zegoelako.
Rodriguez Galindo, Bayo eta Dorado Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik epaituak izan ziren eta 75 eta 71 urteko espetxe zigorrak jaso zituzten. Osasun arrazoiak argudiatuta, Guardia Zibileko Galindo generalak lau urte egin zituen espetxean, beste bi guardia zibilek sei.
Ospe handiko auzia izan zen Oñederra auzia horrexegatik guztiagatik, eta bereziki saio honetan Baltasar Garzón saiatu zelako frogatzen GALeko X ospetsua PSOEko buruzagi Felipe González izan zela: Espainiako Gobernu buru ohia auziperatu nahi izan zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen saio hori eta beste inputazio guztiekin jarrai zezala agindu zion.
Semeaz jardutean begiak dir-dir egiten dio Prudeni hainbatetan. Baina Arantza eta Prudenen etxeko egon-gelan isilune astuna sortzen da batzuetan. Izan zenuten esperantzarik? “Hasi ziren ikertzen, baina ezer ez –zehazten du etsipen keinuz aitak–, Ramón hil zutenak Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilak ziren, baina jende handiegia zen hori. PP hor dagoen bitartean ez da ezer argituko, eta PSOEk ere ez zuen inongo interesik izan. Haiek izan ziren eta!”.
Lasa eta Zabalaren itzala ere hainbatetan izan da elkarrizketan, Prudenek semea haiekin dagoen argazkia atera du. Eta haiei buruzko filma?: “Guk ez genuen ikusi –argitzen du Arantzak–, esan ziguten ez okurritzeko ikustera joatea”.
“Semeak zazpi bala zulo zituela esan zen, baina 10 zirela esan zidan auzitegiko medikuak” –zehazten du Prudenek–. Intxaurrondora Alemaniako munizioa ekarri zutela irakurrita nuen Interviun. Epaiketan berretsi zen erabilitako balak alemanak zirela.
Izan dute herritar askoren sostengua eta, ezagun da, estimatzen dute. Aitak urteetan Maxixatzen herriko aldizkariak edo beste argitalpen batzuek omenaldiaz argitaratu orrialdeak erakusten dizkit froga gisa. Ondo bilduta ditu guztiak, album eta poltsetan gordeta. Bere historia zaletasunak laguntzen dio horretara. “Baina badakizu, denbora asko pasatu da –dio amak–, eta pixkanaka ahaztu ere egiten da, lausotu. Eta hala ere, omenaldia egiten da herrian eta jende asko joaten da”.
Instituzioen aldetik inor gutxi hurbildu zaie hamarkada hauetan. “Semea hil zutenean, orduan lehendakari zen Carlos Garaikoetxeak idazki bat bidali zigun, bere izenean doluminak emanez. Hil zutenean, aldiz, udalean agintzen zuen EAJk ez zuen utzi gorpua udaletxean jar zezaten”.
Zuentzat zer litzateke justizia egitea? “Behintzat jakitea nor izan zen”, bota du amak blaust. “Eta jakiteaz gain epaitzea”, gaineratzen du aitak. “González izan zen”, bukatzen du amak ttinko. Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak ere ETAren biktimak ez direnen ezagutzan urratsak eman dituztela ere utzi dut mahai-gainean: “Bai, guri ere iritsi zaizkigu gonbidapen eta paperak. Hor dabiltza”.
Justiziarako esperantza gutxi, baina nahi dute. Doinurik igo gabe, baina erraietatik atera zaio amari: “23 urteko semea galdu eta gero besterik gabe hala lagatzea… horrek mina ematen du gero!”. Aitari ere barrutik egin dio jauzi: “Gainera, ezin dira ETAren biktimak eta beste biktimak konparatu, esaten dute. Baina, sufrimendu desberdina al dute ala?”. Amak: “Min egiten du horrek, areago zahartzen zarenean. Gaztetan errazagoa zen dena eramatea, orain zailago. Orain edozein gauzak gehiago afektatzen du”.
Bukatu dira galderak. Haien jarduna ez, ordea, “birbilobak ere izan ditugu”, eta alaitzen zaie aurpegia. Eta kontu kontari jarraitzen dute. Tristezia latzetik irribarre sendora urrats batean. “Es lo que hay” utzi du amak airean.
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]
Ostiralean egingo dute ekitaldia 12:00etan, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean. Erail zutenetik Angel Gogoan plataformak behin baino gehiagotan jarri ditu oroigarriak, baina behin eta berriz eraso eta erretiratu izan dituzte. Gobernu taldearen proposamena da oraingoan eta... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
2008an Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zutenean Ibai Azkonak pairatu zituen torturak aitortu ditu Nafarroako Gobernuak. Euskalerria Irratian, pauso honek suposatzen duena azaldu du Azkonak.
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz Ziburun eta bere heriotzaren nondik norakoak ez dira argitu gaur arte. Lizartzako Igarolabekoa baserrian egin diote oroimen ekitaldia eta desagerpena argitzea eskatu du familiak aurten ere.
Motibazio politikoko lehen hamabi biktimarentzat aitortza eta erreparazio ekitaldia egin da maiatzaren 30ean Iruñeko Baluarte aretoan. Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du Gobernuak.
Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".
Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.
Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.