"Ziurgabetasuna aukera bihurtu behar dugu, elkarrekin gure hezkuntza sistema eraikitzeko"

  • Usurbilgo Udarregi ikastolak antolatuta, urriaren 4an ospatuko da Kilometroak jaia. Aitzakia baliatu eta LOMCE legeaz, ikasturteko erronkez, Nafarroako egoera berriaz, eredu pedagogikoaz eta beste hainbat kontuz aritu gara Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariarekin.

Etorkizunera begira mahai gainean dauden eztabaida nagusiak zerrendatu dizkigu Tellituk:
Etorkizunera begira mahai gainean dauden eztabaida nagusiak zerrendatu dizkigu Tellituk: "Euskaran ardazturiko eleaniztasuna bultzatzea; euskal curriculuma; irakasleriaren funtzioa, prestakuntza eta lan baldintzak; ikasleen errendimendua hobetzea; eta hezkuntza zerbitzu publikoaren definizioa".
Espainiako Gobernuaren LOMCE legea batetik, Eusko Jaurlaritzaren Heziberri plana bestetik. Nola hasi duzue ikasturtea?

Ziurgabetasuna da aurtengo ezaugarri nagusia, ikasturte hasieran behintzat. LOMCE indarrean dago eta aplikatu behar da, baina bistan da aukerak daudela legea bertan behera geratzeko edo gutxienez bere elementurik ezkorrenak ez aplikatzeko, eta Espainiako hauteskundeak ere berehala dira. Ziurgabetasun hori aukera bihurtu behar dugu, hezkuntza eta herri eragileek elkarrekin hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eta lan hori guztia lege bihurtzeko, ahal dugun parlamentuetan.

Baina LOMCE aplikatzen ari zarete?

LOMCE legearen zutabe nagusiak bi dira: batetik, eurek ezarritako curriculuma, eta arlo horretan guk euskal curriculuma lantzen dugu, Eki ikasmaterialen bidez. Bestetik, ebaluaketa probak daude; iaz proba pilotua bi ikastoletan planteatu zuen administrazioak eta bi ikastoletan uko egin zioten azterketa egiteari. Lehen Hezkuntzaren erdialdean ebaluaketa diagnostikoa egitea ongi iruditzen zaigu, baina ez dugu inolaz ere bat egiten LOMCEren planteamenduarekin, ebaluaketa diagnostiko batek guretzat izan behar dituen helburuak eta LOMCErenak ezberdinak direlako. Beraz, legearen gauza batzuk derrigor aplikatu beharko dira, baina arlo curricularrean, geletan eta gure egunerokoan ikastolen apustua euskal curriculuma da eta hala jarraituko dugu.

Espainiako hauteskundeak aipatu dituzu. Horien emaitza gakoa izango da LOMCEren ebaluaketa edo errebalidak behingoz bertan behera uzteko.

Bai eta badirudi gerta daitekeela, hori da gure esperantza, baina ezin jakin, ez daukat etorkizuna iragartzeko bola magikorik. Edozein kasutan, guk gure bidea jarraituko dugu, orain arte bezala lanean, LOMCE egon edo ez egon, lege hau gehiegi ari delako baldintzatzen gure herriko hezkuntza eragileen agenda.

Nafarroako Gobernua aldatu berri dute hauteskundeek, baita udal nafar ugaritako egoera ere. Nola eragingo die honek bertako ikastolei?

Esperantza handia daukagu gobernu berriarekin, aurrekoarekiko jarrera aldaketa sekulakoa da eta aldaketa batzuk ezinbestean emango direla uste dugu, eta espero dugu epe motzean izango dela. Adibidez, IkasElkar-en bitartez dugun materiala ez dadila debekatua egon Nafarroako ikastetxeetan, ez dezala jarraitu doakotasun programatik at, badakigulako zein argudio erabili zituen aurreko gobernuak horretarako, testuliburu horietan egiten zen Euskal Herriaren planteamendua hizpide. Aldi berean, zonifikazioa apurtu behar dela uste dugu, euskarak ofiziala izan behar du Nafarroako lurralde guztietan eta aukera eman behar da ikasketak euskaraz egiteko. Itxaropena daukagu egungo eremu ez-euskaldunean dauden ikastolek behar duten laguntza eta aitortza jasoko dutela. D eredu publikoa ez dagoen lekuetan, modu orekatu eta planifikatuan egin behar da euskarazko irakaskuntzaren zabalkuntza, herri eta hezkuntza eragile guztien artean.

Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak esan du publifikatzeko aukera emango diela eremu ez-euskalduneko ikastolei.

Gure planteamendua ez da hori, inondik inora. Gure ereduan sinesten dugu, uste dugu hezkuntza alorrean aukera ezberdinak daudela eta gurea egokia dela. Nafarroan egindako lana herri-lana izan da eta eredu hori oraindik ere oso garrantzitsua da euskal hezkuntza aurrera eramateko.

Ipar Euskal Herrian aldiz, zaharrak berri. Ziburuko Kaskarotenea ikastolak gutxienez eraikin berrian hasi du ikasturtea. Herritarren presioak lagunduko du Seaskaren egoera hobetzen?

Euskal Herriko eragile guztien elkartasuna eta inplikazioa beharrezkoa da. Apustu izugarria da Iparraldean egindakoa eta fruitu onak ematen ari da gainera, Baxoaren emaitzei erreparatzen badiegu adibidez. Euskarazko hezkuntza normalizatu nahi badugu, Seaska indartsu bat izatea funtsezkoa da eta horretarako guztien laguntza behar dugu. Dei berezia egin diegu erakundeei gai honetan askoz gehiago inplikatzeko, sarri aitortza eta elkartasuna adierazten entzuten diegulako instituzio publikoetako ordezkariei, baina azken urteotan, benetako laguntza oso eskasa izan da, ditugun premietatik oso urrun. Herritarrek badakigu erantzungo dutela, ikastolek ere elkartasun funtsaren bidez egingo dute, baina hirugarren hanka ere behar dugu, proiektua aurrera eramateko.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoan berriz, Eusko Jaurlaritzak prestatuko duen Euskal Eskolaren Legea izango da hurrengo erronka nagusietakoa, sare publikoaz gain sare kontzertatua ere legean txertatzeko xedez.

Ezinbesteko legea da, momentu honetan daukagun lege bakarrak [1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak] hezkuntza sistemaren erdia baino ez duelako arautzen, sare publikoa alegia, eta sistema osoa arautuko duen legea beharrezkoa da, osasungintzan, merkatugintzan eta beste hainbat esparrutan bezalatsu. Lege bat egiten denean epe ertain eta luzerako helburuak mahai gainean jartzen dira, horiek eztabaidatzeko aukera dute eragileek, eta horretarako une oso egokia dela uste dut. Eztabaida nagusiak zeintzuk diren badakigu: euskaran ardazturiko eleaniztasuna bultzatzea; euskal curriculuma; irakasleriaren funtzioa, prestakuntza eta lan baldintzak; ikasleen errendimendua hobetzea; eta hezkuntza zerbitzu publikoaren definizioa. Azken horrek sortuko du eztabaida gehien.

Hain juxtu, eskola publikoak dio eurak baino ez direla publiko, eta lehentasuna izan beharko luketela. Zuek aldiz, publikotasunaren kontzeptua birdefinitu behar dela.

Publikotasuna zerbitzuari lotuta ulertzen dugu guk, herriari ematen zaion zerbitzuari lotuta. Publikotasuna titulartasunari lotzea eredu jakobino eta atzerakoia iruditzen zaigu, Frantziatik eta Espainiatik datorrena, eta guk geure eredua landu behar dugu. Argi dugu zerbitzu publiko hori administrazioaren kontrolpean egongo litzatekeela, baina horren barruan eragileek kudeaketa modu ezberdinetarako aukera izan beharko lukete.

Denontzako legea eginez gero, kudeaketa horri begira sare publiko eta kontzertatuarentzako joko arauak berdindu beharko liratekeela dio eskola publikoak, eta behar bereziak dituzten haurrak (Euskal Herrira iritsi berriak direlako, ezgaitasunen bat dutelako…) modu orekatuagoan hartu beharko lituzketela ikastetxeek, gehientsuenak sare publikoan kontzentratzen direlako.

Bat gatoz horrekin. Zerbitzu publikoaren oinarri nagusietakoa gardentasuna izan behar da eta erabiltzen diren funts publiko guztiak non eta nola erabiltzen diren azaldu behar da. Eta ikasleen harrerari dagokionean, oraindik ere eztabaida sakon bat behar da horren inguruko planteamendua zein den jakiteko. Gaur egun ikusten dugu era oso desorekatuan egiten dela bai sare kontzertatuan, bai publikoan eta bai herrialdearen arabera. Administrazioak plangintza definitu behar du, baina herriaren apustua hori baldin bada, ezinbestean sartu behar gara eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu. Hizkuntzaren ikuspegitik ere, gainera, apustu inportantea da.

Eki testuliburuak aipatu dituzu lehen, zuen proiektu pedagogikoaren funtsa. Zeintzuk dira Ekiren oinarriak?

Ikasleak bizitzarako behar dituen gaitasunak eskuratzeko ikasmaterial berria eta berritzailea da. Eki akronimoak bere baitan biltzen ditu ezaugarri nagusiak: Euskal curriculumaren garapenean oinarritua, Konpetentzietan ardaztua, eta Integrazioaren pedagogia lagun (alegia, egoera-arazo bat konpontzeko eta bizitzan erabili ahal izateko baliabideak mugitzen ikastea). Azken urteotan hau izan da gure erronka nagusia, euskal curriculuma diseinatu eta ikasliburu bihurtzea. Aurten salto nabarmena emango dugu: Eki euskarri digitalean landuko dute 38-39 ikastolatan. Urteetarako erronka da eta hautu horrekin jarraituko dugu.

Eskola jangeletako catering sistema utzi eta ikastetxeak berak kudeatutako jangela batzuen berri izan dugu, ikasleei inguruko eta garaiko produktuak eskaintzea helburu. Ba al du horren gaineko lan-ildorik Ikastolen Elkarteak?

Printzipioz ikastola bakoitzak askatasuna du nahiago duen eredua erabakitzeko eta egia da elikadura burujabetzan oinarritutako proiektu oso interesgarriak dituztela martxan hainbat ikastolatan, ekoizle txikiekin lanean, eguneko produktuekin, jakiak bertan prestatuta… Aukera hauek lana eta ardura eskatzen dute, halako egitasmoak kudeatzea ez delako beti erraza, baina umeen heziketa integralaren barruan arlo hau kontuan hartzea funtsezkoa dela ere uste dugu, eta askoz osasuntsuagoa eta aberatsagoa dela. Ni lehendakari naizen ikastolan adibidez, Leioako Betiko Ikastolan, eredu horren alde egin dugu, nahiz eta ez den erraza egunero 700 laguni jaten ematea.

Ebaluazio hezigarria lantzen ari diren lau ikastolari buruzko erreportajea atera dugu duela gutxi Argian, ohiko notak alboratu eta ikasle eta irakasleak elkarrekin ebaluatzearen eta autoebaluatzearen inguruan. Ebaluazio modu berri baterantz egin nahiko zenukete?

Lau ikastola hauetan burututako proiektu pilotua emaitza oso onak ematen ari da. Ebaluazio diagnostikoek horrelako proiektuak martxan jartzeko balio digute, ikastolaren erradiografia eginez eta izan ditzakeen ahulguneak eta indarguneak antzemanez. Planarekin jarraitzeko eta beste ikastola batzuetara zabaltzeko asmoa daukagu, oso pozik gaudelako ikusitakoarekin.

Kilometroak jaia Usurbilen egingo da aurten eta hiru oinarri izango ditu ibilbideak: parekidea, integratzailea eta anitza izango da.

Batez ere prozesua da azpimarratzekoa, herriko eragileekin eta arlo jakin horietan dabiltzan erakundeekin auzolanean egin delako. Azken finean ikastolaren funtsa hori da, herriarekin bat egitea. Integrazioari eta mugikortasunari lotutako dekalogoa idatzi dute adibidez, elkarlanean, ibilbidea ere egokituz… Hurrengo edizioetarako erreferente izan nahi du.

Zein harreman izan nahi duzue administrazioarekin eta sare publikoarekin?

Ona. Elkarlanerako prest gaude beti, administrazioekin eta hezkuntza eragile guztiekin, zer esanik ez une hauetan, apustu nagusi batzuen aurrean baikaude. Legearen harira lehen aipatu dugu hainbat kontu ditugula eztabaidatzeke, eta horretara ipini behar gara lehenbailehen. Ezin gara aritu bakoitza bere aldetik, esaterako publikotasunaz pentsatzen duguna medioetan edo dena delakoan botatzen, eztabaida sakonerako fororik eta elkargunerik bilatu gabe. Gainera, elementu askotan bat egiten dugu eta beste batzuetan ezberdintasunak ditugu, baina denon iritziak eta marra gorriak partekatu beharko ditugu, hezkuntza sistema propioa eraiki nahi badugu.

Euskal Herri osorako sistema propioa, beraz, eskuragarria da? Zein da bidea?

Momentu hauetan, hein batean horretan ari gara, euskal curriculumaren bitartez, euskara ardatz duen planteamendu eleanitzaren bitartez… Egunerokoan, geletan horretan ari gara, baina egia da horri guztiari aitortza eta babesa emango dion marko legala lortzea dela orain behar duguna. Uste dugu Hego Euskal Herrian dauden bi gobernuek bat egin dezaketela horretan, Iparraldean zailagoa da… Eta esandakoa, egunerokoan gure ikasleek jasotzen dutena ez dago urrun Euskal Herri libre batean jasoko luketenarekiko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kilometroak
Zortzi ikastolari aitortza egin diete euskal kultura muga inguruetan bultzatzeko egindako lanarengatik

Ikastolen Elkarteak Beskoitzen egin du ekitaldia, bertako Ikastolaren etorkizuna jokoan baitago.


2022-10-03 | ARGIA
Kilometroak jai parte-hartzailea egin dute Ibarran

Kilometroak Ibarran ospatu dute urriaren 2an, "Irribarra" lemapean. Aurtengoaren berezitasuna izan da eremuak ez dituztela adinka bereizi eta ez dela kontzertuen gune bakar bat izendatu, eta jolas zein kirol aukera zabala izan dela. Horrekin, festa giro... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Eraldatuta dator Kilometroak jaia

Ohiko guneak goitik behera aldatu ditu Kilometroak jaiaren aurtengo edizioak, hitzaldiak ere antolatu dituzte urriaren 2 honetarako eta ezusteko bat baino gehiago prestatu dute. “Jai parte-hartzaileagoa” izango da, “aldarrikapenari toki handiagoa emango... [+]


2022-03-16 | Leire Artola Arin
Hamaika irribarre Ibarrako Kilometroak jaiaren bueltan

Infinitu irribarra egitasmoa aurkeztu dute aurtengo Kilometroak Ikastolen aldeko festaren berrikuntza gisa: irribarrez ateratako argazkiak webgunera igotzera animatu dituzte herritarrak, irribarreen mapa bat osatzeko. Ibarran ospatuko den jaiari atxikimendua emateaz gain,... [+]


2020-10-05 | Aiurri aldizkaria
Gipuzkoako Ikastolek hartu dute lekukoa

Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu du gaur eguerdian (urriak 4) Kilometroetako lekukoa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Zubimusu Ikastolako arduradunen eskuetatik. Gipuzkoako Ikastolen esku geratu da, beraz, 2021. urteko Kilometroak antolatzea... [+]


2020-05-20 | ARGIA
Ikastolen lau jai udazkenean izango dira eta Nafarroa Oinez ez da egingo

Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]


Pello Mari Otaño beka zabalik, Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko

Ikastolen Elkartearen Kilometroak egitasmoak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dute beka hau lehen aldiz. 3.000 euroko diru-saria jasoko du hautatua izango den ikerlariak. Apirilaren 2 arte dago aurkezteko epea.


Kilometroak txikia egingo dute Amasan, Villabonan eta Zizurkilen

Kilometroak 2020 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak txikia jaia izango da, eta igandean egingo dute, eskualdea girotzen hasteko.


2019-10-07 | ARGIA
Jai eredu baten azkena

Urriaren 6an izan da Ikastolen Elkarteak Gipuzkoan antolatzen duen Kilometroak jaiaren azkena, bai behintzat orain arteko moduan. Hurrengo urtekoa, Amasa-Villabonakoa, txikiagoa izango da eta parte-hartzea sustatuko dute.


Sortu, birziklatu, harremanak eraiki

Aurtengo Kilometroak jaia antolatzen ari den Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan, bigarren ikasturtea du Birsortu proiektuak. 5 urteko haurren esperimentazioa eta imajinazioa bultzatzea du xede, baita bizikidetzaren parte diren konplizitatea, negoziaketa eta liskarrak lantzea... [+]


2017-09-25 | Goiena
Kilometroak 2017, Oñati
“Txantxiku Ikastolak egun honetarako jarririko aurreikuspenak bete ez, gainditu egin dira”

Antolatzaileak oso pozik agertu dira igandean Oñatin Kilometroak Jaiak eman duenarekin: "Egun biribila izan da, bikaina". Eta bertaratu diren guztiei eta eguna arrakastatsua izan zedin lan egin duten boluntario guztiei esker ona adierazi diete.


Txantxiku ikastola
Hezkuntzaren zimenduak lekualdatzen

Ez zaio arrotza Kilometroen jaien prestaketa Oñatiko Txantxiku Ikastolari. 1989an egin zuten aurreneko aldiz, eta irailaren 24an bigarrenez hartuko du jaia herriak. Mende erdia bete du aurten ikastetxeak, eta berrikuntza pedagogikoaren zurrunbiloan iritsi da urtemugara.


2016-09-29 | ARGIA
Bost kilometro, bost gune eta mundu bat Bergaran Aranzadi ikastolarekin

Kilometroak'16  ospatuko dute igandean Bergaran, Aranzadi ikastolaren eskutik, Demasa lelopean. Gipuzkoako ikastolen jaialdiak 40. edizioa izango du aurtengoa.


Eguneraketa berriak daude