“Dena da ETA” doktrinaren biktima da Iker Moreno Atarrabiko gaztea . Ekin erakundeko kide izateaz akusatuta, seguruenik 2016ko udaberrian epaituko dute, beste lau lagunekin batera. Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu dio. Bere torturen deskribapen zehatz eta beldurgarria ez zen oharkabean pasatu interneten.
2011ko urtarrilean atxilotu zuten eta 2012ko uztailean baldintzapeko askatasunean utzi. Orain Auzitegi Nazionalaren zain da. Ez da samurra bi pintxo lasai jatea berarekin elkarrizketa egin ondoren. Hainbatetan hari ere ez zaio erraz egiten hizketan jarraitzea. Torturak berari zer ekarri dion, horretaz mintzo da. Torturen salaketa jarri zuen eta, ohi bezala, artxibatu zen: “Ez da froga nahikorik”.
Lau urte eta erdi pasatu dira atxilotua eta torturatua izan zinenetik. Nola zaude orain?
Ordutik honakoa nire barruan aldatzen joan den zerbait izan da. Inkomunikazioa bukatu, abokatuarekin egon nintzen eta oso nekatua nengoen, baina barneko sentipena zen “hau gainditu dut, ez naute hil, ez dute nirekin bukatu”. Banuen garaipen sentipen bat. Espetxean emandako urte eta erdian ere ez nion garrantzi berezirik eman. Gurasoei, hala ere, bai esan nien poztu nintzela espetxera eraman nindutelako, espetxeak ematen zidalako segurtasun maila bat, banekin handik ez nindutela berriz galdeketetara eramango.
Atxiloketa aurreko hilabeteak ere gogorrak izan ziren, inguruko jende asko atxilotu zutelako eta poliziaren furgoiak etxe inguruan ibiltzen zirelako. Badakizu tortura hor dagoela. Jende askok egin izan du ihes torturaren beldur. Gero espetxea, eta horrek eskatzen dizula hartara egotea: “Hemen egon behar dut eta hemen zentratuko naiz”. Espetxetik atera ondoren ere jendeak esaten zidan ze ongi nengoen eta halakoak.
Urtebetera, aldiz, bat-batean hasi nintzen nire buruan oso erreakzio arraroak sumatzen: haserrealdi oso bortitzak, egoera batzuetatik berehala atera beharra, hainbat egoera ezin jasan… Psikologoarekin hasi nintzen eta ohartu nintzen gauza asko barruan nituela; gertatutakoari aurre egiteko baliatu nuen estrategiak agian balio izan zidan egoera batean, baina gerora ondorio batzuk ekarri zituen.
Atxilotu eta Madrilera gindoazela mozorroa jarri, postura mingarrietan bidaiatzera derrigortu, kolpatu, umiliatu eta denetik esaten zidaten: pederasta nintzela, ETAko kidea, ez dakit nor hil nuela… eta une batetik aurrera egoera hura ezin nuela onartu eta mutu eta gor gelditzea erabaki nuen: “Panpin bat zara, zure gorputza badute eta saia zaitez burua har ez dezaten”, esaten nion nire buruari. Ondorengo egunak oso gogorrak izan ziren eta haiek ni hiltzea ere desio izan nuen, nire gorpua arazo handi bat bilakatzea haientzat.
Gero, espetxetik ateratzerakoan eta egindako guztia kontatzen nuenean, banuen sentsazio arraroa, uste nuen nire buruaz arinkeriaz ari nintzela, hori guztia niri egin izan ez balidate bezala, film batean ikusi izan banu bezala. Banekien barrabaskeria horiek niri egin zizkidatela, baina ez nituen sentitzen, ez nintzen gai barrutik ateratzeko.
Iazko Sanferminen aurreko psikologo saio batean, hark eskatu zidan nik bera paretaren aurka jartzeko –gau oso bat izan ninduten horrela komisaldegian eta aluzinazioak ere izan nituen– eta ez nintzela gai erantzun nion. Orduan, paretaren kontra ni jartzeko eskatu zidan, jarri nintzen eta bat-batean dardara betean hasi nintzen eta negar batean; psikologoak atera behar izan ninduen paretatik. Aste oso batean giharrak ere minduta izan nituen ondoren, baina bere alde ona ere izan zuen, ohartu nintzen zer egin zidaten eta hori barruan nuela. Hau da, torturatu eta hiru urtera, torturatu nindutela lehenengo aldiz sentitzeak, egindakoa egin zidatela berresten lagundu zidan.
Zer aldatu du horrek zure bizitzan?
Uste baino gauza gehiago. Seguruenik ez da hori bakarrik: atxiloketa aurreko garaia, atxiloketa, lau urtez epaiketaren zain egotea… Barrutik ez zaude ongi eta hori onartu beharra duzu. Depresioa diagnostikatu zidaten. Badakit gertukoekin ditudan liskar asko lehen ez nituzkeela izango. Ez da hitz egiten horiez, baina egoera hauek uste baino ondorio gehiago dituzte.
Hitz egiten duzu halakoez antzeko egoeran izan direnekin?
Ez da erraza, baina konfiantza dudan batzuekin hitz egin dut. Donostiara kontzeptu-maparen dinamika egitera joan ginenean ere bai, eta eskertu nuen. Torturarekin uzten dizuten erruduntasun sentsazioa kentzea ez da erraza. Beraien helburuetako bat zu suntsitzea da, horretarako beste pertsona batzuk salatu behar dituzu eta ondoren pertsona horiekiko egindako salaketak zure gainera botatzen dituzu. Nik argi dut izen horiek ez nituela nik esan, beraiek jarri zizkidaten ahoan, ez nekien nori buruz ari ziren ere.
Baina gero epailearen aurrean ez zenuen poliziaren aurreko deklarazioa aitortu eta torturak salatu zenituen.
Bai, baina beti duzu halako sentsazioa bat: “Agian gehiago eutsi izan banio...”. Haien eskuetan hil nahi nuenean halakorik pentsatzea arinkeria da nire aldetik, baina gero horiek hor dabiltza bueltan norberaren baitan. Badakit nire aurkako salaketak ere egin zirela epailearen aurrean, baina nik jende horri ez diot ezer aurpegiratuko inoiz, badakit hori zer den.
Zure kontakizuna irakurtzean, oso hasieratik isiltzen zara eta torturak aurrera egin ahala, irudika daiteke zer datorkizun. “Hitz egin dezala, hitz egin dezala” esaten nion nire buruari irakurketan aurrera egin ahala, horrekin infernu hura amaituko zelakoan.
Bai, baina badakizu hitz eginda ere hura ez dela bukatzen, beti beste zerbait eskatzen dizute, hori oso garbi nuen. Bi talde aritu ziren ni torturatzen, lehenengoarekin egin nezakeen “antzerki” pixka bat, eutsi ahal nion pixka bat gehiago; bigarrenarekin ezinezkoa zen.
Lagunek, familiak… nola daramate hori guztia?
Ni ezin naiz kexatu, hasieratik laguntasun eta babes handia izan dut eta. Gaizki nengoela ohartu nintzenean, esan egin behar nuela erabaki nuen, “ez naiz ezkutatuko, ez naiz horregatik lotsatuko”. Horrek ekarri zizkidan ondorio batzuk, esate baterako, aitak ez zuen ikusten gaizki nengoela edo onartzea kostatzen zitzaion itxuraz ongi ikusten ninduen eta. Ni ere konturatzen nintzen aita sufritzen ari zela, ez zuelako ulertzen zergatik nengoen gaizki eta ezin zidalako lagundu. Egoera horiek sortu dituzte tira-bira batzuk, eta nik zera esan nion: “Aizu, nik onartzen badut arazoak ditudala, zuk ere onartzea nahi dut”.
Poliziak utzi zaitu bakean denbora honetan?
Oraingoz bai, baina esaten dute epaiketa hurbildu ahala izaten direla “bisitatxo” batzuk kalean. Lagun bat, adibidez, torturatzaileak Iruñeko kaleetan agurtu izan du. Nahiko lasai nago eta beldurra ere ez da berdina, azkenean badakizu ez duzula berdina biziko.
Eta entzuten duzunean “Espainian ez da torturatzen”, zer pentsatzen duzu.
Horrek baieztatzen du tortura tresna politikoa dela eta helburu politikoak dituela. Oso ongi lotua dago eta politikari eta epaileek badakite hori. Nik Grande-Marlaskari [Fernando, epailea] torturak kontatu nizkionean, antsietateak jota nengoen, negarrez, gaizki usaintzen nuen… hark bazekien egoera hori ezin dela antzeztu, baina goitik behera begiratzen ninduen, Jainkoa bailitzan, ezer esan gabe. Eta egoera horretan nengoela fiskala egurra ematen hasi zen.
Zuretzat lasaigarria litzateke zure torturatzaileak zigortuak izatea?
Hori ez da gertatuko. Gustatuko litzaidake iritzi publikoak jakitea nortzuk diren torturatzaile horiek, nork agintzen zien torturatzea, haiek epaiketa batean zer egiten duten aitortzea… Haiek espetxean egon edo ez, niri ez zait ezer aldatuko.
Nola sentitzen zara biktima gisa?
Kostatzen zait hor kokatzea eta nire burua biktima gisa ikustea. Estatuaren aldeko biktimak lobby gisa antolatu dira eta hartu dute botere maila bat; nik ez dut nire burua haiekin parekatu nahi. Baina biktimaren definizioa irakurrita, horixe naiz, biktima bat, eta alde horretatik nahiko nuke tortura sozialki eta politikoki onartzea. Dirurik ez dut nahi, baina ongi legoke tratamendu psikologikoa eta halakoetarako laguntzak eskaintzea.
Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.
Nazioarteko... [+]
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]
Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]
Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]
Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]
Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]
Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.