Udaberrian bakarkako zortzigarren diskoa aurkeztu zuen, eta udazkenean entzuleek zuzenean ikusteko aukera izango dute. Sortzaile emankorra izanagatik ere, musikari gisa askoz ezagunagoa da. Astebururo milaka lagunen aurrean aritzen den Fito & Fitipaldis taldeko kideak ganbera musikarako piezak konposatzen ditu.
Oso kontzertu gutxi eskaintzen ditu bere diskoekin. Donostiako Lugaritz kultura etxean eskaini zuen emanaldi bakan horietako bat, 2009an. Han bertan elkarrizketatu dugu, sargori zen udako goiz batean.
9 Ganbera pieza diskoa jarri eta film areto batean ikusten dut nire burua, garai bateko film baten aurrean.
Musika instrumentala entzuteko ohiturarik ez dago, normalean. Eta orduan horrelakoetan musika estilo hori berehala zinemarekin lotzeko joera izaten da. Bestalde, egia da film asko ikusten ditudala. Musikarik onena zineman egiten da gaur egun.
Film bateko eszenak, elkarrizketak... zeini erreparatzen diozun asma dezaket. Soinu bandan erreparatzea fijazioa izatera iritsi al daiteke?
Bere osotasunean ikusteko joera izaten dut. Filma oso ona ez denean, argazkian eta bestelakoetan erreparatzen hasten zarela esaten da. Filma ona denean ez diozu alor zehatzei erreparatzen. Soinu bandari, noski, musikari eta profesional bezala erreparatzen diot. Baina normalean literaturan, zineman... irakurlearen edota ikuslearen papera hartzen ahalegintzen naiz.
Zinema lan ildo interesgarria izan daiteke zuretzat.
Bai, noski.
Lan egiteko abiapuntua, ordea, oso desberdina litzateke.
Halaxe da. Nire disko bat egiteko garaian, etxean abiapuntu zehatzik gabe trantzean sartzen naiz. Enkargu edo proposamen bat jasotzean, hainbat baldintza bete behar dira. Horrelakoetan abiapuntua zein den argi izaten da, beraz, lan egiteko garaian oso desberdina da.
Zure emozioen isla izatera irits daiteke 9 Ganbera pieza disko berria?
Obra bakoitzaren atzetik autorea dago, saihestezina da hori. Rafa Berrio kantariak ezin hobeto deskribatu zuen hori. Bere hitzak nire eginez, disko hau hein handi batean fikzio autobiografikoa da.
Elkarren artean oso ezberdinak diren diskoak egiten dituzu.
Nire obran pentsatzen jartzen naiz, nire diskografian, eta lehen diskotik azken diskora arte ildo bat badagoela iruditzen zait. Egia da, lehen diskoa eta azkena oso ezberdinak dira, baina guztietan ezaugarri batzuk errepikatzen dira: melodiaren protagonismoa hor egon da beti, esaterako.
Eta bestetik disko bakoitzean kantuen artean erritmo eta harmonia aldaketa ezberdinak aurki daitezke. Ez ditut disko homogeneoak gustuko.
Zortzi disko egin dituzu baina interprete bezala ezagunagoa zara. Disko berriak kontrazalean “Joserra Senperenak sortua” dio. Zehaztea falta da disko honetako musikari guztien arregloak zerorrek egin dituzula.
Lehen diskoetan abiapuntua neronek jartzen nuen, eta musikari bakoitzak inprobisazioaren bitartez bere aletxoa jartzen zuen. Azken bi diskoetan musikariei partiturak eman eta hori jo dute. Musika klasikoan ohikoa da hori.
Musikari guztien lana zerorrek sortu eta partitutara pasa zenuen. Burutik paperera, pianoa tarteko?
Orain arte, disko guztietan eta jasotako enkargu guztietan, pianoa gertu izan dut beti. Disko honetan nire pianista izaera alde batera uzten ahalegindu naiz. Eta etxeko beste txoko batean paperaren aurrean jarri eta melodiak trantzean sortzen saiatzen nintzen. Behin melodia sortuta, pieza garatzen hasten nintzen: harmonizazioa, instrumentazioa...
Diskoaren aurkezpen ekitaldian Paul McCartneyk Beatles taldearen antologian kontatzen zuena aipagai izan nuen. Egun batean Yesterday kantuaren melodia buruan zuela esnatu zen. Erantsi zien harmonia eta Georges Martin ekoizleak egindako hari laukotearen moldaketa ondoren iritsi ziren.
Melodiak sortzeko berrikuntza hori dela eta, disko kuttuna izango al da zure diskografian?
Normala denez, nire azken disko hau onena da niretzat. Gehiago identifikatzen naiz disko honekin. Ausarta izan naizen irudipena izan dezaket, baina disko bat egin dudan aldiro sentipen bertsua izan dut. Aurrekoa bere garaian ere ausartena iruditu zitzaidan.
Sorkuntzaz eta interpretazioaz, eskarmentu handiko musikari baten eta anbizioa duen gazteago baten arteko solasaldi interesgarri bat badago Treme musika telesailean. Zaharrenak dio arrakasta izateko abestu eta sortu egin behar duela. Gazteak sortzea zein zaila den erantzuten dio. Eta zaharrak berehala erantzun: “Horrexegatik dago mundua interpreteez betea”.
Amy Winehouse kantarian oinarrituriko Amy film dokumentala ikusi berritan, bere adierazpen bat aipatu nahi dut: hark zioenez, sorkuntzari ekin zion buruan zuena ez zuelako beste inon topatzen.
Nik neuk, hogei urte nituenean, egin nezakeen musika oso txarra izan zitekeela pentsatzen nuen. 35 urterekin edo, Winehousek dioen antzeko zerbait burutik pasa zitzaidan. Eta horrela hasi nintzen, sorkuntzan. Beste artista edo taldeentzat lan egiten duen musikariaren ogibidea polita da, jarraituko dut hori egiten. Baina sorkuntzarik gabe, hankamotz sentituko nintzateke.
Fito & Fitipaldisen entzuleentzat harrigarria izango da taldeko pianistak ganbara piezak sortzen dituela jakitea.
Ulertzen dut hori. Nire ama hizkuntza pop musika da, maiz jo izan dut pop musikara eta horrela egingo dut etorkizunean. Errazen egiten zaidan estiloa da. Baina gaur egun musika garaikidea edo klasikoa buruan dut eta gainera musika hori grabatzeko aukera daukat.
Goazen hasierara, egin beharreko lehen galderara. Noiz hasi zinen 9 ganbera pieza sortzen?
10 Trio Piano, Biolin eta Akordeoirako aurreko diskoarekin lortu nuen emaitzarekin pozik geratu nintzen. Lan berrirako denbora behar nuen, ezer baino lehen. Hiruzpalau hilabete jarraian niretzat hartu nituenean 9 ganbera pieza sortzen hasi nintzen. Orkestra handi baterako zerbait idazteko gogoa banuen, eta hortik abiatu nintzen. Baina arrazoi ezberdinak tarteko, orkestra lan bat aurrera eramatea oso zaila izango zela eta, talde txikiago baterako konposaketa lanari ekin nion.
Industria dagoen moduan egonda, zein balio du zuretzat disko bat egiteak?
Nire belaunaldiko gehienek bezalaxe, nire lana formatu fisiko batean ikusi behar dut. Gaur egun izango dira musika hori zabaltzeko eta ezagutarazteko moduak, baina neu oraindik nire lana disko batean ikusi behar dudan horietakoa naiz. Jakin badakit disko hauek ez direla asko saltzen, baina Elkarrek apustua egin du eta alde horretatik zorionekoa naiz.
Zuzeneko gutxi eskaintzen dituzu. Sonic Youth-eko Kim Gordonek bere biografian dioena oso baliagarria da zure diskorako ere: berak dioenez, oholtza beste inon topatu ezin daitekeen edo beste inon espresatu ezin daitekeen horrekin bete behar den espazioa da.
Zuzenekoa musikan nabarmendu behar den beste alor garrantzitsu bat da. Diskoak sorkuntza lanaren ondorio dira. Zuzenekoa errepikatuko ez den une hori da. Oso zaila da zuzeneko on bat egitea. Normalean arazo tekniko asko izaten da, eta beharbada egun horretan musikaria burukominez igotzen da taula gainera.
Ez da gehienetan gertatzen, baina den-dena alde dagoenean, zuzenean sortzen den energia kolektibo hori sentitzea magikoa izatera irits daiteke.
Oholtza zure musikarekin bete daiteke, beraz.
Hori espero dut. Diskoa atera eta berehala zuzenekoak eskaintzeko asmoa genuen, baina udazkenerako utzi dugu. 9 ganbera pieza Donostiako Victoria Eugenian eta Tolosako Topic aretoan aurkeztuko dugu, azaroaren 20an eta abenduaren 18an hurrenez hurren.
Zinemaz hizketan hasi gara, eta aurtengo Donostiako Zinemaldian zure musika entzuteko aukera izango da.
Halaxe da. Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren bila eskainiko dute. Euskaraz egindako lehen luzemetraiari buruzko dokumentala da.
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Columbus Fundazioak antolatutako kontzertua, ‘RenHacer’ Musikaldiaren barruan.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
Zuzendaria: Ramón Tebar.
Bakarlaria: Joaquín Achúcarro.
Egitaraua: Guridi, Grieg eta Brahmsen lanak.
Lekua: Bilboko Euskalduna... [+]
Edizio asko dira orain arte; Espainiako Estatuko musika klasikoko jaialdirik zaharrena da. Behin amaituta, une egokia izan daiteke aurtengo edizioaren balantzea egiteko, baina baita jaialdiaren bizitza luzearen balantzea egiteko ere. Jaialdi bikaina da, oso. Baina hausnartu egin... [+]
Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.
Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]
Albenizen Iberia Suite monumentalaren bertsio berri bat egitea meritu handiko lana da, merkatuan dauden grabazio bikainak kontuan hartuta. Hori dela eta, Luis Fernando Pérezek Musika Hamabostaldiko errezitaldian egindako lanak sekulako miresmena sortu zidan.
Orkestra handien eta obra handien kontzertuen ondoren, ezin diegu arreta jarri gabe utzi musika-patxada handiagoko, sosegu handiagoko baina edertasun berdineko proposamenei.
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta... [+]
Musika Hamabostaldiak 85. edizioari hasiera eman dio, orkestra handi batekin eta inaugurazio baten mailako programarekin.
Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]
Durangoko Hitz liburu-dendan otu zitzaidan Saturraran operak merezi zuela kritika. Jose Julian Bakedanoren arrapostua batetik, liburu-dendako Gaizka Olabarriren berben ilusioa, horrenbeste urtean Hitz liburu-dendako ardura eraman izan duen Nekane Bereziartuak opera hori ikusteko... [+]