1980an iritsi zen Everest gailurrera lehen euskal espedizioa. 35. urteurrena bete den honetan, abentura hartan parte hartu eta aurretik prestaketa lanez arduratu zen Xabier Erro mendizalearekin (Lesaka, 1946) aritu gara solasean. Orduko kontuez eta mendizaletasunaz mintzatu zaigu.
Nola gogoratzen dituzu mendian emandako lehen urratsak?
Lesakan jaio nintzen, mendi artean, eta gogoan dut txikitan amarekin mendira nola joaten nintzen, Lesakatik Larrunera oinez, esaterako. Geroago, oilagorren garaian aitari laguntzen nion mendira asteburutan. Eta ikasle sasoian, irteerak egiten hasi nintzen lagunekin. Luis Maria Balde mendizalea ezagutu nuen lanean hasteaz batera, eta hark erakutsi zidan eskaladako oinarrizko teknika. Pirinioetan, Vignemaleko Pique Longue iparraldeko aurpegia elkarrekin eskalatu genuen, besteak beste.
Gerora ezagun egingo zen Xabier Erro mendizalearen hastapenak ziren.
Bai. Lan kontuengatik Mexikora joan nintzen garai hartan, eta Amerikan nengoela probestuz oporretan bertako mendi altu esanguratsuenak igotzeari ekin nion: Aconcagua, Chinborazo, Huascaran… 1976an ikurrina jarri genuen Aconcaguako gailurrean eta gertakizun hark oihartzuna izan zuen Euskal Herriko orduko hedabideetan.
Everesteko gailurrera igotzeko irrika bizia zen orduan Euskal Herrian…
1974an Everest igotzeko lehenengo euskal saiakera egin zen, Tximist espedizio sonatua tarteko. Cegasa enpresa izan zen babesle nagusia, hortik espedizioaren izena. Ni orduan Mexikon nengoen eta espedizio hartan ez nuen parte hartu, nahiz eta espedizio-kideekin harremana banuen, noski. Ez zuten gailurrera iristerik lortu, eta berehala bigarren saiakera egin nahi izan zen. Garai hartan, baina, ez zen gaur egun bezain erraza Everestera igo ahal izateko baimenak lortzea, eta urte batzuk itxaron behar izan genituen.
1980ra arte.
Hori da. Bigarren hartan ere Cegasa enpresa atzean egon arren, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak 8 milioi pezeta eman zituen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko udal askok diruz lagundu zuten espedizioa. Oraindik ere idatzita daukat koaderno batean udal bakoitzak eman zuen diru kopurua. Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere lagundu zuten diruz. Horrek eman zion benetako naziotasun izaera espedizioari. Aldaketa garaia zen eta sekulako ilusioa genuen alde horretatik ere.
Hortaz, garaipen politikoa ere izan zen nolabait, zuen balentria hura.
Zalantzarik gabe. Guk baino lehenago oso nazio gutxik zeukaten Everest igota, eta arrakasta itzela izan zen hura Euskal Herriarentzat. Oihartzun handia izan zuen albisteak, eta itzuli ginenean jasotako omenaldi eta gainerakoak ildo horretatik joan ziren. Gailurrean ikurrina jarri genuela-eta, Lorente eta Rosen espedizio-buruak komisariara deklaratzera deituak izan ziren behin etxera itzuli ostean, hortik atera kontuak!
Espedizioaren nondik norakoak aipatzen hasita, gainerako espedizio-kideak hara iritsi aurretik lan handia egitea egokitu zitzaizun.
Lan munduan esperientzia neukan eta dezente bidaiatua nintzen nire adinerako. Espedizioko beste guztiak iritsi baino bi hilabete lehenago joan ginen hara Kike de Pablo eta biok. Nepalen ez zegoen ezer, eta guztia hemendik eraman behar izan genuen. 12.000 kilo eraman genituen Bombayra hegazkinez eta handik Nepalera kamioiez, tramite guztiak egin eta gero. Kikek lagundu zidan lan honetan, nahiz eta lagundu baino tarteka lan gehiago ere eman zidan, ez baitzekien ingelesez! Kar, kar, kar. Beheko zein alturako sherpak aukeratu genituen eta martxoan besteak iritsi zirenerako lan zikina egina genuen eta kasik aklimatatuta geunden gu biok…
Lehenengo aldia zen zuretzat Himalaian.
Hala da. Pirinioak etxea bezala dira guretzat, gero Alpeak 1.000 metro garaiagoak dira eta errespetu handia zor zaie, Andeetan 6.000koak daude eta koska bat igotzen da zailtasuna… baina Himalaiara joan eta izotzez estalitako erraldoi haiek ikustea zirraragarria izan zen. 8.000koak bakarrik hartzen dira kontuan sarritan, baina altueraz apalagoak diren mendi asko eta asko daude Himalaian, zailak bezain interesgarriak.
Behin Everesteko Base Camp delakoan, helburu bakarra: gailurra.
Bidea ekipatzeari ekin genion, eta tartean inguruko beste zenbait mendi apalago igota aklimatazio prozesua egin genuen. Ondoren, talde txikitan banatu eta saiakerak egiteari ekin genion. Orduan ez zegoen eguraldiaren iragarpenak zehatzegi jakiterik, eta zailagoa zen guztia. Penba Tsering sherparen laguna egin nintzen, berak gailurrera igo nahi zuen bere curriculuma osatzeko eta elkarrekin igoko ginela esaten zidan. Lehenengo saiakera egin genuen, baina beste sherpa batek edema izan zuenean beherako bidea hartu genuen. Handik egun batzuetara, Martin Zabaletak gailurrera iristea lortu zuen egunean, Felipe Uriarte eta biok 7.500 metrora geunden, baina gailurra egiteko aukerari uko egin eta eurei jaisten laguntzea bilakatu zen lehentasun.
Taldea zegoen, beraz, norbanakoaren gainetik.
Zalantzarik gabe. Gailurra Martinek bakarrik zapaldu zuen arren, guztion garaipena izan zen hura. Espedizioaren helburua gailurra lortzea zen eta lortu genuen. Segurtasuna eta elkartasuna ziren gure espedizioaren ardatzak, beste ezeren gainetik. Taldeko kide batek gailurra jo zuenez, hantxe bukatu zen espedizioa.
Urtero elkartzen zarete espedizio hartako kideak
Takolo eta Gallardo izan ezik beste guztiak bizirik gaude oraindik, eta bai, urtero egiten dugu bilkura udaberri partean. Orduko kontuak berritzeko aukera ezin hobea da.
Gaur egungo mendizaletasuna abiaduran eta arintasunean oinarritzen da, neurri batean.
35 urte pasa dira eta gizartea aldatu den modu berean aldatu da mendizaletasuna ere. Teknologia, baliabideak, babesleak… Dena dira errekorrak eta horrelakoak. Gure espedizioaren helburua mendia egitea zen, baina etxean hasi eta buka. Gaur egun marka egitera bazoaz nekez izango duzu besteenganako elkartasuna. Everesten egoera lotsagarriak ikusi ditugu azken boladan, espedizio komertzialak tarteko. Neronek ere igoko nuke Everest gaur egun, ordaindu, lau sherpa hartu, bi aurretik eta bi atzetik, eta soka finkoa jarraituz goraino. Errespetua galdu zaio mendiari.
Mendizaleak ez al daude gaur egun, ordea, lehen baino prestatuago?
Baliteke, baina zalantzak dauzkat. Gure garaian mendizaleek ibilbide natural bat jarraitzen zuten, inguruko mendietatik Pirinioetara, ondoren Alpeetara, Andeetara, eta azkenean aukera izanez gero Himalaia. Gaur egun mendizale askok tarteko etapak ahaztu eta saltoa azkarregi ematen ez ote duten… Espedizio hartan parte hartu genuen guztiok, Felipe izan ezik (mendi gidaria zen) bestelako lanetan jarduten ginen, hau da, ez ginen mendizale profesionalak. Hala ere, ibilbide natural hori egindakoak ginen eta teknikoki oso ondo prestatuak.
Egindako irteera guztien artean, zailtasun teknikoagatik bereziki gogoratzen duzunik izango duzu…
1979an Fitz Roy eskalatzen saiatu ginen Martin Zabaleta eta biok. Ekaitzagatik ez genuen lortu. Mexikon 6. mailako eskalada bideak ireki genituen, Las Ventanas parajean. Aconcaguan ekialdeko ertza egindakoa naiz, baita integrala ere, hego eta ipar gailurrak lotuz. Pirinioetan, Diablo-Costerillou ertza (Balaitous mendian) lau aldiz egin dut, Salenques-Tempestades ertza (Aneton)… Oroitzapen asko dauzkat.
Zer nolako lotura daukazu gaur egun mendiarekin?
60 urte inguruko jendez osaturiko taldetxo baten ardura daukat, eta urtero egiten dugu irteeraren bat Argentinara, Perura, Nepalera… Mendiak eta Herriak taldean ere lagundu izan dut, baina gaur egun ez dut gogorik izaten ezagutzen ez dudan jendearekin mendira joateko. Lan hori egiteko gidari gazteak daude eta lekukoa eman behar zaie.
Mendian jazotako bitxikeria bat baino gehiago izango duzu…
Asko dauzkat, bai. Aconcaguara bidean txakur bat atzetik etorri zitzaigun behin eta gurekin egin zuen lo. Hankak berotzen zizkigun, kar, kar, kar. Gailurrera iritsi zen ez kranpoi ez beste ezeren beharrik gabe. Jaitsi ginenean, bertako militarrei eman genien txakurra, eta maskotatzat hartu zuten, Beltxa izena jarrita. Handik urte batzuetara, beste txakur batekin topo egin genuen Aconcaguan, hura ere arazorik gabe igo eta jaitsi zen. Eta hango mandazain batek esan zidan: “Igoko ez da ba, Aconcaguara, Beltxaren semea da-eta!”. Beltxaren istorioa kontatu nionean, sinestea kostatu zitzaion mandazainari…
Errok espedizio-lagun izan zituen Ramón Arrue (Azpeitia, 1948), Kike De Pablo (Zamora, 1952), Ricardo Gallardo (Donostia, 1940), Javier Garaioa (Iruñea, 1950), Emilio Hernando (Bilbo, 1953), Luis Mari Saenz Olazagoitia “Petxu” (Gasteiz, 1943), Joxe Urbieta “Takolo” (Azpeitia, 1941), Felipe Uriarte (Pasai Donibane, 1944), Juan Ignacio Lorente espedizio-burua (Gasteiz, 1939), Angel Vallejo Rosen idazkaria (Biarritz, 1942) eta tontorra zapaldu zuen Martin Zabaleta (Hernani, 1949).
Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.
Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]
Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]
2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]
Le Monde egunkaria ikerketa erreportaia argitaratzen hasi da StravaLeaks izenarekin. Zera da koxka: zenbait agintarik erabiltzen dituzten segurtasun agenteek, bizkartzainek alegia, Strava ari dira erabiltzen, eta horrekin bere ibilien bide geokokatuak ari dira... [+]
Joan den astean aipatu genuen StravaLeaks eskandalua, batzuek aplikazio horren "segurtasun zulotzat" aurkeztu arren ez zela hori: erabilera okerra da. Zure korrikaldi eta ibilerak pribatuak izan behar badira, ez partekatu Stravan edo ez erabili Strava, Instagramen... [+]
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek... [+]
Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]
Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]
Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.
1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]
Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]