"Obeditu ala lehertu": Europako oligarkiak ez du barkatu nahi

  • Greziako gobernu ezkertiarrak ez zeukan kartarik Europako establishment neoliberalari enbido moduan erantzundako Oxi hari eusteko. Une erabakiorrean, François Hollandek gozo, Angela Merkelek gogor, infernua erakutsi diote Tsiprasi: estatuaren porrota, kiebra, kataklismoa. Burua makurtuta ere ez da segurua greziarrak salbatuko direnik.  


2015eko uztailaren 23an
Jasper Junienek Bloomberg agentziarako egindako argazkian, Euklid Tsakalotos eta Alexis Tsipras uztailaren 13 goizean Europako buruzagiekin ituna sinatu ostean bilkuratik irteten. Ordu batzuk beranduago ERT telebista publiko greziarrean mintzatu zen Tsipr
Jasper Junienek Bloomberg agentziarako egindako argazkian, Euklid Tsakalotos eta Alexis Tsipras uztailaren 13 goizean Europako buruzagiekin ituna sinatu ostean bilkuratik irteten. Ordu batzuk beranduago ERT telebista publiko greziarrean mintzatu zen Tsipras: "Kapitain batek ontzia daramanean ekaitzaren erdian, egoera denik eta bortitzena dela ere, egin dezakeen okerrena da eskifaia abandonatzea. (...) Nire erantzukizunak oso-osorik onartzen ditut, okerrak eta huts egiteak ere bai, eta nire gain hartzen dut sinesten ez dudan baina aplikatzera derrigortuta nagoen testu bat sinatu izana. (...) Kontrolik gabeko ordain eteteak ekarriko zuen banku sistema suntsitzea, deposituak desagertzea, eta diru berria inprimatu beharra, berehala debaluatuko zena. 800 euro kobratzen dituen erretretadunak 800 drakma eskuratuko zituen, eta hilabeterako ordez hiru egunetarako baizik ez zitzaion iritsiko".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Errenditzeak ez dizue balioko. Ez esatera ausartu zineten. Orain denari bai esateak ez zaituzte salbatuko. Bost urtez austerizidioz miseriara eraman ostean, itun itxurako inposaketaz bonbardatu du Europako establishmentak Grezia. Europako ezker osoak bizi du haren larruan XXI. mendeko katarsi handi hau, kalamitate berriak iragartzen dituena.

Ez itxaron Keynesi: aspaldi hil zen. Alexis Tsiprasek eta Syrizak ez omen zuten programa sozialista bat aurkezten, soilik betidanik sozialdemokratek defenditu izan dituzten politiken antzeko zerbait, Krugman eta Stiglitz Nobel saridunek bermatzeko modukoa. Barack Obama bera ari zela bultzaka Washingtondik norabide berean. Baina “Niet” entzun da Bruselastik.

Greziako populuaren %62k gaitzetsi duela bost urtez porrota baizik erakutsi ez duen errezeta neoliberala. Kontuz ibiltzeko geopolitikarekin, Europaren ekialdeko mugaldearekin, Turkiarekin, ultraeskuindarren mehatxuarekin... Niet, erantzun du Europako nomenklaturak. Edo obeditzen duzue itsu-itsuan eta orduan ere ez da segurua salbatuko zaretenik, edo hondora zoazte, suntsiketara.

The Guardianek negoziaketetan zeukan korrespontsal Ian Traynorrek kontatu zuen Merkel, Hollande eta Tsipras aurrez aurre geratu ziren azken bilkura-estualdiaren giroa azaltzeko Europako goi funtzionario batek alderatu ziola bañera tortura saio batekin. 

Bost urte lehenago, 2010ean, antzeko zelada bat egin zioten New Yorken Jose Luis Rodriguez Zapaterori, Juan Jose Millas idazle ezagunak El enigma Zapatero-n kontatu duenez. AEBetako banku eta inbertsio funts nagusiekin bildu zen, Espainiarentzako laguntza eske. “Bilera hartan ikusi zen lehendakari konstituzional bat erruki eske de factozko Gobernu bati. Jakina da harez geroztik (lehenagotik ere bai, egia esan) Zapatero hasi zela ordura arte sinesten zuenaren justu alderantzizkoa egiten”.

Bañera-n torturatzen duten atxilotuari gertatzen omen zaion bezalatsu, agian Tsiprasek eta Tsakalotosek  sinetsiko zuten borreroei denetan amen sinatzearekin arinduko zitzaiela patua. Gurutze-bide oinazetsuaren geldialdia baizik ez zen, ordea. 

Argiak uztailaren 12ko azalaren tituluetan ipini zuen: “Greziaren ezetzak Europa berritzea eskatzen du”. Hura baikortasunetik sinetsi zuenak orain gauza bera sinetsi beharko du hamabost egun beranduago ezkortasunetik. Europar Batasunaren diseinu ekonomikoa, politikoa eta soziala errotik aldatu beharra erakusten du lokatzetan abandonatutako Greziak.

Eta hala ere, Greziari zorraren zati bat barkatu beharko zaio, beste hainbat herrialderi behin baino gehiagotan (Alemaniari barne) egin bezala. Erreferendumean “Oxi” defenditu zutenen argudio hura geroztik berretsi dute baita austeritate formula neoliberalaren propagandistek ere. Nazioarteko Diru Funtsak berak, horra.

Baina argudioak balio du derrigorrezko Grexita defenditzen dutenentzako ere. Alemanian herritar askok (gehienek?) diotenez, pagatu ezingo dutenez, zertarako eduki bazkide? Greziarrek beren borrero nagusitzat daukaten Wolfgang Schaüblek erreparorik gabe aldarrikatu du eurotik kanporatzea aldi baterako soluzio moduan.  

Non da B plan sinesgarria?

Yanis Varufakis finantza ministroak aitortu du publikoki hirugarren memorandum edo erreskatea hitzartzeaz at Atenasko gobernuak ez zeukala B planik. Ura pasa eta gero gutxienekoa da Varufakisek noiz abisatu zuen eta zenbat egin zuen. Euroaren inguruan dagoen makineria erraldoitik irteteko operazio konplexuak lan talde zabala eskatzen zuen, antolaketa serioa, eta ez da egon. Edo Syrizaren zuzendaritzak baloratu zuen ez zegoela B plan errealista batentzako tarterik.

Nork dauka, ordea, gaur Europan horrelakok B planik? Greziako Zorraren Egiaren batzordeko burua den Eric Toussaintek azaldu ditu bere ustez izan behar lituzkeen lerro nagusiak, baina hortik herrialde oso bateko egitura guztiak eurotik at bestelako moneta berri batean artikulatzera mendia dago.

Europako ezkerreko alderdi, sindikatu eta pertsonalitateetatik nork egingo luke apustu Toussaintek edo Varufakisek aipatu alternatiben alde? Zenbat gehiagok, isilean bederen, aitortuko dute ados datozela Dimitris Mardas ministroarekin esan duenean eurotik irten eta drakmara itzultzea proposatu dutenak ilargian bizi direla?    

Greziarrek kartarik ez jokorako eta etsaiak jakin. Baina Europan inork gutxi dauka autoritate morala aurpegiratzeko Syrizako agintariei B plana antolatu ez izana, hirugarren erreskate leunago bat lortzeko apustua jokatu izana Europako aginte faktikoak hain urrun iritsiko ez ziren itxaropenean.  Hamarkada luzeotako ortodoxia neoliberalaren ostean zer besterik egiten du, alternatiba teorikoak aipatzez gain, Europako ezker politiko eta sindikalak?

Sare sozialak bai egon dira sutan #ThisIsACoup garrasika. Ez ordea kaleak. Europako instituzioek osatutako amaraunaren sendoak eta oligarkiak neoliberalismozko hamarkadotan hartu duen indar bortitzak aurrez aurre alternatibarik edukiko balin badute, haiek zulatu nahi dituztenek akademiko keynestarren artikuluak baino zerbait zorrotzagoa erakutsi beharko dute.

Horra Grezia hiru hamarkadatako miseriara kondenatua. Alemaniatik entzun da: zorraren zatirik barkatzerik ezin da aipatu, aldiz, zorra luzatzea ba omen da arintzeko modua. Ondoko hiru belaunaldiak preso harturik? Lehenago sutuko dira bazterrak. Ez dugu ikasi Adolf Hitler agintera eraman zuen Versaillesko itunaz geroztik.

Tsiprasi dimisioa ematean hau idatzi dio Nadia Valvani ministroak: “Alexis, nik baino hobeto dakizu gerra batean etsaia askoz indartsuagoa dela ikusitakoan errenditzea onartzen dela, zeure indarrak bildu eta porrotera eraman zaituzten baldintzak aldatzeko asmoz. Baina errenditze hau hain da izugarria ezen ez baitigu gure indarrak berrantolatzeko aukerarik emango. Gure sinadurak okerragotzen du burua jasotzen hasi behar zuen jende txiroaren egoera, hobi gaineko harri handi bat gertatuko da, urte luzetarako askapenerako edozein ahalmen hondatuko duena”.

Uda nahasia Grezian, udazken trumoitsua Europan. Are murrizketa gehiago iragarri dira uztailean Britainia Handian. Ez dira gutxiago izanen Frantzian eta Espainian, zer esan Portugalen, Italian eta Irlandan. Nork bere burua salbatu nahian, denetan indartuz autoritarismoa eta eskuin muturra. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EB Grezia estutzen
2020-07-16 | Mikel Eizagirre
Yanis Varoufakis
“Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da”

Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]


Itaka

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]


2017-01-25 | Zabaldi
Nazioartea
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuak

Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.


2016-10-13 | ARGIA
Tsipras: “Ez dugu etsiko zorra berregituratzea lortu arte”

Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.


‘Osasun Grexitik ez!’ diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko

Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]


Atenasko porrotetik Parisko sarraskietara, garai konplikatuak Europako ezkerrentzat

Ezkerraren itxaropen zaharberrituekin ekin urte berriari eta alde guztietako kontserbadore eta inmobilistek aldarrikatutako Zibilizazioen Talkaren edizio odoltsuekin burutu, horra zein izan den 2015 honen patua. Disney World edo Port Aventurako txirrista erraldoietako batean... [+]


2016-01-20 | Jon Torner Zabala
Davos 2016
Zer gai izango dute hizpide agintari politikoek eta enpresariek?

Robotak, terrorismoa, migrazioak edota desoreka sozialak izango dituzte hizpide Davoseko (Suitza) eski estazioan bildu diren agintari politikoek, enpresariek eta Leonardo DiCaprio bezalako hainbat pertsona famatuk. Urtarrilaren 23ra bitartean egingo den Munduko Ekonomia Foroak... [+]


‘OXI’-2015: Europako oligarkiak Grezia umiliatu eta mixeriara kondenatu duen urtea

Greziarrek sinetsi zuten Europar Batasunean bazela bestelako politika baterako zirrikitua, botoetan garaipena ezkerrari emanik Syrizak eta Alexis Tsiprasek moztu ahal izango zutela hamarkada luzetako neoliberalismoak eta etxeko ustelkeriak ekarritako odolustea. Gero... [+]


Europako Parlamentuaren sariari uko egin dio Greziako klinika autogestionatu batek

Greziako Metropolitan Community Clinic in Ellinikok errefusatu egin du Europako Parlamentuak emandako Urteko Europako Herritarra saria. Ellinikon aurkitzen den osasun zentroak asistentzia sanitarioaren hedadura galdu duten pertsonak artatzen ditu.


Tsiprasek Grezia gobernatzen jarraituko du

Syriza ezkerreko koalizioak irabazi ditu berriro hauteskundeak Grezian. Demokrazia Berria alderdi kortserbadorea bigarren izan da. Abstentzio oso handia egon da, %45 ingurukoa.


Greziar hauteskundeetan inkestek berdinketa aurreikusten dute

Igandean hauteskundeak izango dira Grezian. Vaigelis Meimarakis Demokrazia Berriaren hautagaia, eta Alexis Tsipras Syrizako buruzagiaren arteko berdinketa aurreikusten dute. ANT1 telebista kate pribatuko estatistikek %31,6ko indarra ematen diete bi alderdiei. Abstentzio handia... [+]


Europarako ‘B Planaz’ biltzarra egingo da Varoufakis, Lafontaine eta Melenchonen bultzadaz

Parisen Alderdi Komunistaren egunkariaren inguruan urtero antolatzen den Fête de l'Hummanité ekitalditik zabaldu da deialdia: Europako ezkerrak B plan bat antolatu eta indartu beharra dauka Europar Batasuna Greziarekin egiten ari dena berriro gerta ez dadin eta... [+]


Schäublek greziarren aurretik alemanak ere zukutu zituen

25 urteko tartearekin, Europa astindu duten bi gertakizun nagusitan protagonista izan da Wolfgang Schäuble ministro alemana. 1990eko hamarkadan Eki Alemania kapitalismoan murgilarazteko operazioa kudeatu zuen. Uda honetan Greziako herritarrei erreferendum itxaropentsu baten... [+]


Oskar Lafontaine
“Ezker europarrak B plana eduki behar du Greziaren antzeko egoeretarako”

Europako ezkerrak moneta sistema malguago baten aldeko apustua egin beharko lukeela eta "B plana" garatu beharko lukeela uste du Oskar Lafontaine Alemaniako ezkerreko Die Linke alderdiko presidente ohiak. Gako hauek krisi ekonomikotik irteteko ezinbestekoak liratekeela... [+]


Greziako hamalau aireportu Alemaniaren esku geldituko dira

Asteartean sinatutako ebazpenaren arabera, Fraport enpresa alemanak kudeatuko ditu Greziako hamalau aireportu, tartean Salonika hirikoa. Syriza eta Greziar Independenteen Gobernuak erreskate plana sinatu zutenetik lehen pribatizazioa izango da.1.200 milioi euroko balioa izango... [+]


Eguneraketa berriak daude