Festen aitzakian, kirol txapelketa herrikoiak ugaritu egiten dira uda partean. Neska-mutilentzako txapelketa irekiak dira maiz, baina oraindik ere gizonezkoak dira parte hartzen duten gehiengo handia. Alba Sistiagak eta Garazi Lizarragak palan jokatzen dute urtean zehar, ia astero, eta Irungo Mosku auzoko pala txapelketan hartzen dute parte, uztaila-abuztuan. Iaz neska bakarrak izan ziren. Aurten, izena eman duten 48 lagunetatik, 5 dira emakumeak.
Mutil eta neskentzako txapelketetan, batik bat mutilek ematen dute izena.
Garazi Lizarraga: Bai, eta horrek berak izena emateko gogoa kendu dezake, nolabait. Gurpil zoroa da: zerrenda ikusten duzu eta denak mutilak dira, badirudi mutilen txapelketa dela, ez mistoa.
Alba Sistiaga: Eta neska bazara iruditzen zaizu ez zaudela maila berean, ez duzula maila emango, lotsagarri gera zaitezkeela...
G. L.: Ez gaude kirol mistoetara ohituta. Adin batetik aurrera mutilak mutilekin eta neskak neskekin banantzen gaituzte, eta hortik aurrera ez duzu aukerarik kirol mistoan jokatzeko, ez bada horrelako txapelketa herrikoietan, baina nola aurretik ez duzun landu mutilekin batera jolastea, kirol mistorako aukera agertzen denean ez duzu pauso hori ematen. Mutilak eta neskak ohituta egongo bagina elkarrekin jokatzera, beste modu batean hartuko genituzke horrelako txapelketak. Alegia, lanketa aurretik eman behar dela: txapelketa hauetan neskek normaltasunez eman dezaten izena, kirol mistoa haurtzaroan jorratzen hasi eta adinean aurrera egin ahala lantzen jarraitu beharko litzateke.
A. S.: Bai, gaitasun fisikoak muga direlako batzuetan, baina kirol modalitatearen arabera, ez beti. Pala txapelketan adibidez guk baino indar handiagoa dute mutilek, baina hainbatetan indarra baino garrantzitsuagoak dira teknika, trebezia, tantoa ikusteko modua…
Kirol mistoak zein ekarpen egin dezake?
A. S.: Esaterako, seguru nesken taldeek eta mutilenek ezberdin entrenatzen dutela, bada mistoetan bietatik jaso dezakezu, eta hori positiboa da. Kolektibo mugatu batekin bakarrik jokatu beharrean (kasu honetan, bakarrik mutilekin, edo bakarrik neskekin), denekin batera jokatzen badut, askoz aberasgarriagoa izango da, eta askoz gehiago ikasiko dut denengandik, zabalagoa izango da esperientzia.
G. L.: Bizitzan bezalaxe. Gure arteko harremanari egiten dio ekarpena.
Txapelketara neska gehiago animatuko lirateke, mutilentzako eta neskentzako kategoria bananduak egingo balira?
G. L.: Nik hasieran pentsatu nuen bi maila egitea egokia izan zitekeela, oso onak direnak eta ez hain onak direnak bereizteko eta bakoitza bere mailan aritzeko, eta saihesteko, nahiz eta ez den joera orokorra, bikote bat iristea eta zu “zanpatzea”, tantoak egiteko eta jokatzeko ere apenas aukerarik utzi gabe. Baina gero konturatu nintzen hori ghettoak sortzea dela eta txapelketa herrikoiak mistoa eta irekia izan behar duela, denak denekin aritzeko, guk ere nahi dugulako bikote onen aurka jokatu. Baina jokatu egin nahi dugu, eta horretarako, bikote on horiek maila jaitsi behar dute edo frontoian dena ez eman.
A. S.: Izan ere, jai batzuetako txapelketa herrikoia da, ez txapelketa profesionala, eta jende batek ez du oso garbi hori.
Gizonen kontua da oraindik lehiakortasuna?
A. S.: Tira, gu ere oso lehiakorrak gara, jakin arren maila berean ez gaudela.
Zein helburu jartzen diozue zuen buruari?
G. L.: Gure erronka da 10 tanto egitera iristea.
Lehiakortasuna ulertzeko modu ezberdinak daude?
G. L.: Uste dut baietz, gu lehiakorrak garen arren beste batzuek ezberdin bizi dutelako, hain lehiakor, hain muturreko, non ez dizuten tanto bat egiten ere uzten, matxakatzea lehenesten dute, jokatzearen aurretik. Eta guk ulertzen dugu lehiakortasunaren gainetik beste balore batzuk daudela; bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dugu. Muturreko lehia joera orokorra da: gaztetxeak antolatzen duen futbol txapelketan ere hartzen dugu parte, neska bakarrak gu biok gara, eta mutil askok hil ala bizikoa bailitzan jokatzen dute, izugarrizko astinduak ematen dizkiote baloiari. Telebistaren bidez kirol profesionalaren eredua jasotzen dugu eta eragin handia duela esango nuke, lehiakortasuna handia da edozein herriko txapelketa amateurretan.
A. S.: Gu azkenean jokatzera gatoz, txapelketan ez dugu izena eman gero pilota ez ukitzeko… Dena den, Moskuko pala txapelketaren kasuan, izaera herrikoia mantentzen du eta edonork eman dezake izena. Zergatik ez du jende berriak izena ematen? Hori da aztertu beharko litzatekeena.
Noren esku dago txapelketaren izaera herrikoia mantentzea?
G. L.: Parte hartzen dutenen eta parte hartuko duen jende berriaren esku. Kontziente izan behar dugu jai herrikoi batzuen barruko txapelketa dela, eta jai horien filosofia eta izaera bera mantendu nahi eta behar duela txapelketak berak ere. Eta batzuek profesionalak bailiran jokatzen badute, ba ez dute beste profil bateko jende berria apuntatzera animatzen…
A. S.: Baina gure esku dago horri buelta ematea. Guk izena eman dugun bezala, neska gehiagok izena ematen badute, edo beste profil bateko jendeak, izaera hori emango diogu txapelketari ere.
Bide horretan, aurtengo edizioan oharra gehitu dute txapelketako antolatzaileek. Hala dio oharrak: “Gogoratu txapelketa herrikoia dela, helburu bakarra denen artean ongi pasatzea eta elkar ezagutzea dela. Jokalari guztiek errespetuz jolastu beharko dute beste bikoteen kontra, ez da txapelketa lehiakorra (horrek ez du esan nahi partidu polit eta gogorrak ezin direnik jokatu, noski)”.
A. S.: Inportantea da hori azpimarratzea, izena ematen dutenek jakin dezaten zertan hartzen duten parte. Hala ere, txapelketaren zereginetik harago doan gaia da: heziketa eta aurreko lana da gakoa, kirolean bestelako baloreen kontzientzia gureganatzeko.
Txapelketa berreskuratu zenetik, hirugarren edizioa da aurtengoa. Lehenengoan hiru neskek hartu zenuten parte, iaz zuek baino ez. Nolako esperientzia izan duzue orain arte?
A. S.: Oso ondo pasatzen dugu. Lehiatzera ateratzen gara, gure buruarekin haserretzen gara... Kar, kar, kar. Gustura aritzen gara. Ez gaituzte ezberdin tratatzen emakume izateagatik. Batzuek maila jaisten dute guk maila apalagoa dugulako, baina ez emakumeak garelako.
G. L.: Eta beste batzuk sekulako indarrez aritzen dira eta indar horri ezin diogunez erantzun, kito. Zenbat eta tanteo hobea egin, hobeto datorkielako txapelketarako. Gu ez gaituzte inoiz zeron utzi, baina beste bikoteren bat bai. Hori herrikoia da?
A. S.: Bai, denetarik dago.
Zer egingo zenukete neska gehiago animatzeko?
A. S: Hasteko, neska askoz gutxiago dabiltza frontoietan. Heziketa ezberdina jaso dugu eta mutilak gehiago bideratu dira kirolera, neskak ez. Gure auzoko jaietan adibidez, neskak batez ere azoka antolatzen gaude, edo haur-jolasak gidatzen.
G. L.: Agian, ikastaroren bat antolatu beharko genuke urtean zehar neskak frontoira animatzeko, ez juxtu txapelketara animatzeko. Hasieratik landu beharko litzateke, sakoneko arazora jo: zergatik ez dugu inoiz neskarik ikusten palara jokatzen frontoi publikoetan, 61.000 biztanleko herri batean? Oso eremu maskulinoa da frontoia, oraindik ere. Neskak, txikitatik, frontoian mutilak ikusten ditu beti eta neskak beste eremu batzuetan, eta ez du planteatu ere egiten frontoira joatea, terreno arrotza du, ez du bere leku sentitzen, txikitatik joera jakin batzuk elikatzen goazelako. Horri eman behar zaio buelta.
A. S.: Telebistan pilotan emakume pilotari gehiago ikusteak lagunduko luke, adibidez, emakumeak frontoian ikusarazteko eta herritarrak animatzeko.
G. L.: Beste modu bat izan daiteke antolatzaile lanetan gu hastea, bi neska, eta nahiz eta egungo antolatzaileak gure sentsibilitate berdina duen eta hori bultzatzen duen, kanpokoentzat eragina izan dezake jasoko duten irudia gu izateak.
A. S.: Hori ez dut hain argi... Norberaren esku dago pausoa ematea eta niretzat adibidez ez da muga pertsona oso lehiakorrek ere parte hartzea. Ulertzen dut hainbatek beldur horiek izatea, baina beldur guztiak gainetik kentzera animatuko nituzke.
Sistiaga eta Lizarraga lehiakorrak dira, baina horren gainetik bi bikoteek jokatu ahal izatea eta beste bikoteak ere ongi pasatzea hobesten dute. Beldurrak uxatu eta txapelketan izena ematera animatu dituzte neskak.
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]
Orain arte desgaituak ez diren pertsonekin lehiatu da Uharteko Ipar Eski Taldeko Eneko Leyun eskiatzailea (Iruñea, 1998). 2024-2025 denboraldian, lehenengo aldiz parte hartu du Adimen Urritasuna duten Pertsonentzako Iraupeneko Eskiko Espainiako Txapelketan. Urrezko... [+]
Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]
Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]
Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei:... [+]
Iazko udan ere Alacant aldera hurbildu ginen eguraldi hobea aurkitu nahian eta, urtero bezala, egun batez, Benidorm erraldoian sartu ginen hango giroan murgildu, zerbait hartu eta seme-alabekin izozki edo gofre bat dastatzeko asmoz.
Hiri bitxia da, denetarik aurki dezakezu... [+]
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Gaztelueta C -Berango C gazteen futbol partidua bertan behera geratu zen Larunbatean. Jokatzen ari zirela Gaztelueta C taldeko gazte batek aurkariari "beltz zikin madarikatua" deitu zion. Gorengo erregional mailako Otxarkoaga-Iturrigorri partiduan ere... [+]
Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.
Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldea eta Athleticen arteko harremana nahaspilatuta dago azkenaldian. Iñigo Cabacas Herri Harmailako Iñigorekin hitz egiteko aukera izan dugu astelehenean.
Saskibaloi talde israeldarraren eta Baskoniaren arteko lehia bertan behera uztea exijitzeko manifestua aurkeztu du Palestinaren aldeko mugimenduak. Euskal Herriko 40 saskibaloi klub, talde zein Baskoniako zaletuen taldek, kirol munduko 91 pertsona ezagunek eta Gasteizko 65... [+]
Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]
Euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzera bidean urratsa eman du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak, Euskadiko Federazioa eskubide osoko kide izatea onartuta. “Lorpen historikoa da”, zioen Euskadikoak pasa den abenduaren 28an, baina zuhurtziaz mintzo zen,... [+]