EHZ

Kartel-buru handien lehiatik at

  • Euskal Herria Zuzenean festibalak hogeigarren urteurrena du aurten, eta ospakizunarekin batera norabide berri bat iragarri dute: izen handiko musikarien norgehiagokatik aldendu eta talde berriak ezagutzeko aukera eskainiko diote publikoari. Uztailaren 3tik 5era bitarterako egitarau betea prest dute Lekornen, “20 urte, urtero sortzen” lelopean.

Aurten festibalaren eskaintza osoa Lekorneko gazteluaren aitzinera eraman dute:
Aurten festibalaren eskaintza osoa Lekorneko gazteluaren aitzinera eraman dute: "Ez da gehiago bereizketarik izanen kontzertu, konferentzia eta ikus-entzunezkoen artean".Pierre Balacey / EHZ

Baliteke inork pentsatu izana EHZren kartela pobreagoa dela aurten, azken urteetakoekin erkatuta. Horrela uler daiteke edo ez, baina talde entzutetsuen ausentzia espresuki hartutako erabakia da. Hogeigarren urteurrenaren karira, festibala birpentsatu eta proiektua berritzeko tartea hartu baitu antolakuntzak, haien oinarrietara eta baliabideetara hobeto egokitzeko.

“Proiektuari buelta eman eta aurrerapauso bat egin nahi izan dugu”, azaldu du Pauline Guelle EHZ elkarteko lehendakariak. Irailean festibaleko laguntzaileekin bildu zirenean jarri zuten mahai gainean proposamena: festibala eremuz txikitu eta aurrerantzean afixa-buru handirik ez ekartzea. Azken urteetan festibala nola handitu den ikusita, eta batez ere ekonomikoki haien baloreekin –“internazionalisa, antikapitalista, euskararen eta euskal kulturgintzaren aldekoa, bertako produktuekin konprometitua, justizia sozialaren aldekoa…”– gehiago bat ez zetorrela ikusita erabaki dituzte aipatu aldaketak. “Bilboko BBK Live edo Biarritzeko BIG Festivalen pareko festibaletatik ezberdindu nahi izan dugu, eta gure publikoari esan ez garela panorama komertzial horren lehian sartzen”. 

EHZk beste eredu bat proposatzen duela dio, festibaleko laguntzaileen lanean oinarritzen dena eta sorkuntza artistikoaren sostengua, ikusgarritasuna eta sentsibilizazioa xede dituena. 

Proiektu berritua

Kontzertu eredua aldatu eta aurkikuntza musikalaren aldeko apustua egiteaz gain, festibalaren gunea txikitu eta eskaintza osoa Lekorneko gazteluaren aitzinera eraman dute. “Ez da gehiago bereizketarik izanen kontzertu, konferentzia eta ikus-entzunezkoen artean”, azaldu du Guellek. Sorkuntza-diziplinen arteko mugak hautsi eta publikoa elkarrengandik hurbilago egotea lortu nahi dute horrela.

Egitaraua osatzerakoan aurten lehentasuna eman diete talde militanteei eta kalitatezko musika egiten dutenei. “Horregatik gure kartelean ez da izen ikaragarria duen talderik, baina kalitate handia dago”, adierazi du Guellek. Egitaraua musika kontzertuek mamitu arren, izango da besterik, eta kale-animazio, antzerki eta dantza saiorik ez da faltako. 

Hausnarketa politiko eta kulturala sustatzen jarraitzeko, ondorengo gaien inguruko konferentziak prestatu dituzte: emakumeak eta sorkuntza, Kurdistango egoera, espetxearen eraginak norbanakotik kolektibora, Greziako aldaketa-aukerak bide instituzionalean eta Afrika eta Euskal Herriko deskolonizazio prozesuen mahai-ingurua. 

Hogei urtez

“Arrosako esku kolpez, Idauzeko esku hartzez, Heletako esku lanez, Lekorneko esku zartez, izan naiz 20 urtez”. Horrela jaso dute EHZren ibilbidea antolatzaileek urteurrena ospatzeko idatzi duten abestietako batean. Hasieratik Ipar Euskal Herriko barnealdeko herrietan egin da festibala, kostaldeko eskaintza zabalagoa orekatzeko asmotan; 1996an Arrosan jaio eta bertan zortzi urtez izan zen, hurrengo bost urtez Idauze-Mendin, lau urtez Heletan eta 2012tik Lekornen egiten dute.

Urtez urte iparraldean festibal aitzindaria bilakatu dela argi dio elkarteko lehendakariak. Arrakastaren gakoak urteetan zehar lan taldeen eta populuen arteko zubi lanean eta bereziki, baloreen inguruan beti mantendutako eztabaidan antzematen ditu Guellek. Haren hitzetan, “EHZ betidanik esperimentazio gune izan da, non gazteek gizarte ‘ideala’ esperimentatzen ahal duten”. Uneoro egoera sozialari eta ideia berriei adi egoteak eman die indarra festibalarekin aurrera egiteko.

Kontzientziazioa erroan

Guellek uste du EHZk oinarrian dituen ideiak gizarteratzean eta kontzientziazioan ekarpen handia egin duela bi hamarkada hauetan, eta funtsean, hori dela festibalaren erroa. “Beti bete izan du alor anitzetako militanteen topaleku-funtzioa eta era berean, festibalean ikusitakoan sakontzeko eta Euskal Herriaren eraikuntzan lan egiteko bultzada gisa balio izan du”.

Bide guztia ez da leuna izan ordea, eta izan da festibala kinkan jarri duen oztoporik: “Hastapenetan abertzaleen arteko zatiketa izan zen, Heletan ekaitza izan genuen gero, ekonomikoki zailtasunak ukan ditugu, eta bestetik, antolakuntzako zenbait kide preso eramanak izan dira”.

Festibalaz gaindi

EHZ elkartearen jarduna ez da festibaleko hiru egunetara mugatzen. Horren erakusgarri da EHrZ lehiaketa; kultura gutxitu edo hizkuntza minorizatuetako taldeei leku egiten dion topaketa. Iaz 15 naziotako 90 taldek eman zuten izena eta horietatik 11k jo zuten festibalean. Orain arte, bertako taldeak bultzatzea izan da EHrZen lehentasunetako bat, baina aurten, atzerriko musikariei ere dei egin diete.

Bestetik, urte guztian proiektuaren oinarriak zabaltzen jarraitzeko ekintzen artean, EHZinemaldia ere antolatu dute aurten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat tokitan, film emanaldi eta eztabaidak uztartuta. Hogeigarren urteurrenaren harira, hainbat film labur egin berri dituzte eta irail-azaroa bitartean, Uztaritzetik hasita Gaztetxe tourra egin zuten. Bi hamarkada hauetako ibilbideak utzi dituenak artxiboan jasotzeko bi urteko lana ere izan dute esku artean.

Lekornen, Baionatik kilometro gutxira, izanen da zita uztailaren 3tik 5era. Norabide berriari engaiamenduz helduta, atzera barik, aurrera begira eginen dute festibalaren 20. edizioa: “Inongo nostalgiarik gabe, proiektu berri batekin ospatuko dugu urteurrena”. 


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 05
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
Badator EHZ: aurtengo berrikuntzak, informazio praktikoa, ordutegiak, erasoen aurkako protokoloa...

Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.

ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
“Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea”

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


2023-07-03 | Ilargi Manzanares
EHZk Irisarri agurtu du

12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.


Irisarrin antolaturiko azken EHZ izanen da aurtengoa

27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".


Eguneraketa berriak daude